Bigarren Mundu Gerratik hona egondako bizi esperantzaren jaitsiera handiena eragin du pandemiak

  • 27 herrialdetan, herritarrak bizi diren urte kopurua urtebete baino gehiago murriztu da. Koronabirusa ez ezik, beste faktore batzuek ere eragin dute hilkortasun-tasa handitzea: pobreziak, egiturazko arrazakeriak eta beste gaixotasun batzuen tratamenduen atzerapenak.


2021eko irailaren 29an - 09:12
Azken eguneraketa: 11:14
Argazkia: Bicanski, Pixnio.

Koronabirusaren pandemiak Bigarren Mundu Gerratik ona egondako bizi esperantzaren jaitsiera handiena eragin du mendebaldeko Europan. International Journal of Epidemiology aldizkariak publikatu berri duen ikerketan, 29 herrialdetako datuak aztertu dituzte, eta 27tan ikusi dute populazioa bizi den urte kopurua nabarmen jaitsi dela 2019-2020 urteen artean, 2015 eta 2019 bitarteko datuekin alderatuta.

Emakumeen bizi esperantza urtebete baino gehiago laburtu da zortzi herrialdetan: Espainiako Estatuan, urte eta erdikoa izan da galera. Gizonezkoen kasuan, berriz, hamaika herrialdetan egon da urtebete baino gehiagoko bizi esperantzaren murrizketa. Lituanian, AEBetan, Bulgarian eta Polonian, gainera, kopuru hori urte eta erdi baino gehiagokoa izan da: lehen bi herrialdeetan, galera 1,7 urtekoa eta 2,2 urtekoa izan da, hurrenez hurren.

Bizi esperantzaren murrizketan gehien eragin duen faktorea populazio nagusienean egondako hilkortasun-tasa altua izan da. Koronabirusaren ondorioz, 60 urtetik gorako biztanleriaren artean egon dira zendu gehien, eta horrek irauli ditu estatistikak. Bereziki, Polonian, AEBetan eta Espainian jaitsi da gehien adin tarte horretako bizi esperantza, 1,4 urtez murriztu baita.

80 urtetik gorakoen hilkortasun-tasa altuak emakumezkoen bizi esperantzari eragin dio gehienbat (emakumeak, bataz-bestean, gizonezkoak baino gehiago bizi dira). Halere, orokorrean, gizonezkoen artean nabaritu da bizi-esperantzaren jaitsiera handiena, Espainia, Eslovenia eta Irlandaren kasuak kenduta.

Nabarmentzekoa da 60 urtetik beherako biztanleen artean jazotako murrizketa ere garrantzitsua izan dela aztertutako hainbat eskualdetan. Horrela, kolektibo honen bizi-esperantza gehien murriztu den herrialdeetan —AEB, Lituania eta Bulgaria— egon dira bizi esperantzaren jaitsiera orokor handienak. 

Pobrezia eta arrazakeria, hiltzaile

Hain zuzen, herrialde horietan koronabirusa ez den beste faktore batzuek eragin dute hilkortasun-tasa handitzea. Ekialdeko Europan, 60 eta 79 urte arteko biztanleriaren galerak izan dira bizi esperantzaren murrizketa baldintzatu dutenak. Ikerketaren arabera, joera horrek erakusten du ekialdeko herrialdeetan mendebaldeko Europarekin alderatuta osasungintza arloan dagoen atzerapena, gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko baliabide falta handia baitago “komorbidotasun eta zaurgarritasun handiagoak agertzen diren adin horietan”.

Bizi-esperantza jaitsi den beste herrialde batzuetan ere antzeko joerak ikus daitezke populazioaren parte batzuetan. Brasil eta Mexikoren kasuan, agerian gelditu da pobreziak eragin nabarmena izan duela hilkortasun-tasan. Era berean, AEBetan, beltzen eta latinoen komunitateek jasan dituzte pandemiaren eragin larrienak: gainontzeko biztanleriarekin alderatuta, hilkortasun-tasa hiru aldiz handiagoa izan baita biztanle hauengan, bereziki lan egiteko adinean zeuden gazteen artean. Txostenak laburbildu duenez, “lanerako adinean dagoen jendearen artean osasun-sistemara heltzeko parekidetasun ezak eta egiturazko arrazakeriak hilkortasun-tasa altu horiek azaltzen lagundu dezakete”.

Tratamenduen atzerapenak

Osasun-sistemaren antolakuntzari egozten zaio, baita ere, koronabirusak gaixotuta hil ez diren kolektiboen hilkortasun altua. Izan ere, pandemia bitartean egondako berrogeialdiek istripuz hil diren pertsonen kasuan murriztea eragin dute; halere, “minbizia edota eritasun kardiobaskularrak tratatzeko atzerapenek” hilkortasun-tasa hori handitu dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude