Goizean hasi diren lanuzteak oso esanguratsuak izan dira irakaskuntzan eta lan munduan oro har, baina oraindik ez dago lanuztearen datu zehatzik. Edozein modutan, Iruñeko erdialdean goizaldean argi ikusten zen ez ohiko eguna zela eta eguerdiko manifestazioak baietsi du hori: 15.000 bat lagun batu dira hiri buruzagiko kaleetan.
Palestinarekiko elkartasun giroak gora egin du goizetik eguerdira, eta azkenean eztanda egin du Iruñeko Golem Zinemetatik abiatu den manifestazioa jendetsuan: antolatzaileen arabera, 15.000 pertsona bildu dira bertan. Hiru orduko lanuztera deitu duten UGT, CCOO, LAB, Steilas, CGT, Solidari, ESK eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere sostengua eman dio manifestazioari. Antoniutti parkean amaitu da manifestazioa.
11:00etatik aurrera ezohiko hainbat zeinu ikus zitezkeen Iruñeko erdialdean eta, batez ere, Alde Zaharrean, horietatik nagusiena ikasle kopurua kaleetan atzera aurrera. 11:30ean, ELAk deituta, ehunka lagun bildu dira PSNren egoitzaren aurrean, Sarasate pasealekuan. Bertan ordu laurden egon ondoren Nafarroako Legebiltzarreko atarira joan dira, aurrean eseri eta trafikoa moztu dute.
Nafarroako ELAko koordinatzaile Imanol Pascual bildutakoei zuzendu zaie, eta hitzaldian eskatu die Espainiako eta Nafarroako instituzioei moztu ditzatela harreman guztiak Israelekin. Aldi berean, salatu du Espainian UGTk eta CCOOk deialdia egin dutela Pedro Sánchez presidentea babesteko, eta ELA ez dagoela horretarako prest eta horregatik egin dutela aparteko deialdia gaur. ELAk salatu du “beste behin ere” sektore publikoko zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla eta horrek grebarako eskubidea urratzen duela.
Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak Udaletxeko plazan egin du elkarretaratzea eguerdian. Ehunka pertsona bildu dira bertan eta ondoren Antoniuttirantz abiatu dira, handik Golemetara joateko.
Jendetza Golemetarantz
Sarasate pasealekutik Golemetara abiatu da kazetari hau, eta berehala ikusi du bilkura bateratua oso jendetsua izango zela: alde guztietatik ikusten zen jendea Donibane auzorantz, horietako batzuk zutabeak. Palestinarekin Elkartasuna elkartekoak, esate batera, Antoniuttin geratu dira eta handik Golemetara jo dute Barañaingo etorbidea lepo eginda.
Era guztietako jendea ikusten zen abiatzen Golemetarantz, horietako asko gazteak. Bereziki ikusi dira gazteak eta ikasleak manifestazioan, horietako asko ikastetxeetan egindako pankarten atzean. Traktore batek eta kamioi batek ireki dute manifestazioa, eta azken honek zeraman pankartan salatzen zuen “Gosea arma gisa erabiltzea gerra krimena” dela.
Palestinar emakumeek eta umeek irekitzen zuten manifestazioa Palestinako bandera erraldoiarekin, eta atzean sindikatu deitzaileen ordezkariak pankartarekin: “Stop Genozidio. Langileak Palestinarekin”. Manifestazioaren amaieran horietako emakume bat zuzendu zaie manifestazioan bildutakoei Antoniutti parkean.
Abiatu da manifestazioa Baiona etorbidean barrena, baina Europako plazan istiluak egon dira Poliziaren eta gazte taldeen artean. ARGIAk bertan ziren lekukoen aldetik jaso duen testigantzaren arabera, gazteak Israelen aurkako eranskinak jarri dituzte Burger King batean eta terraza bateko aulkiak jaurti dituzte haren aurka. Ondoren Espainiako Poliziak gazteen aurka oldartu da, eta gazteek hondakin-ontziak atera dituzte errepidera. Istiluak ez dira orokortu eta manifestazioak bere bidea egin du, gisa honetako mobilizazioetan diren ohiko oihuekin, nabarmenenak genozidioaren aurkakoak eta Israeli boikota egitearen aldekoak, “Boikot Israel, Palestina askatu” edo “Netanyahu hiltzaile”, esate baterako.
Manifestazioaren amaieran jendetzari zuzendu zaion emakume palestinarrak esan du hogeitaka urte daramatzala bizitzen Nafarroan eta sentitzen duela herrialdearen elkartasuna: “Bada ordua gerra eta genozidioa gelditzeko, eta Palestina munduko beste edozein herrialde moduan askatasunean bizi dadin. Eta Gazan, senti dezatela beraiekin gaudela”. Gaurko mobilizazioa Palestinaren aldekoa dela azpimarratu du, “baina ez hori bakarrik, mundu justu eta hobeago baten aldeko aldarria” ere badela azpimarratu du.
Sindikatuen txanda izan da ondoren eta pozez adierazi dute borroka egunak Nafarroan izan duen arrakasta: “Langile klaseak Palestinarekiko elkartasun ahotsa altxatu du”. Gaur egun, palestinarren aurkako genozidioa ez duela inork zalantzan jartzen, “ez badira Israel bera edo hari sostengua ematen diotenak”. Palestinako herriarentzat konponbide integrala eskatzen dutela adierazi dute, palestinarrak askatasunen bizi daitezen. Patronalari eta era guztietako instituzioei eskatu diete Israelekin harremanak apurtzeko. Parte hartzaileei zorionak eman ondoren, bozgorailuetatik arabiarrez kantatutako Internazionala-k eman dio amaiera ekitaldiari, eta gogoratu dute arratsaldeko manifestazioa 19:00etan aterako dela Gazteluko plazatik.
Ez da samurra mobilizazio egunen konparaziotan sartzea, baina kazetari honek esango luke 2008-2012ko krisi ekonomikoan izandako mobilizazioetatik ez dela horrelako manifestazio handirik ikusi Iruñean lanuzte edo greba egun batean eguerdian egindako mobilizazioan. Greba feministetan egindako elkarretaratzeak ere oso jendetsuak izan ziren, baina seguruenik, ez gaurkoa bestekoa. Tira, inpresioak dira.
Eta bitxia izan da, halaber, Nafarroako Gobernuaren erreakzioa, asteazkeneko ohiko gobernu bileraren ondoren, Begoña Alfaro lehendakariordeak gobernuaren poza agertu baitu “Nafarroako herritarrek Gazan gertatzen ari den krimenari emandako erantzunagatik”.
Eguneko beset irudi batzuk:
Urriaren 15ean Palestinaren aldeko eguna da Hego Euskal Herrian, eta hainbat sindikatuk eta mugimendu herritarrek mobilizazioak, lanuzteak eta grebak deitu dituzte. ARGIAk bat egin du Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin. Hemen aurkituko dituzue egunaren jarraipena eta... [+]
Hiru edo lau orduko lanuzteen arteko hautaketan ito baino, sentsazio orokortua hauxe izan da: jendetza mobilizatu da eguerdian. Itxuraz, aspaldiko gehiena. LABen esanetan, 110.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazioetan... [+]
Antolatzaileek diotenez 15.000 pertsona bildu dira Iruñean, eguerdiko manifestazioan.
Gutxitan hartzen duen itxura izan du asteazken goiz-eguerdi honetan Donostiako Boulevardak. 20.000 lagun baino gehiagok egin dute bat urriaren 15erako eragile ugarik antolatutako deialdiekin. Denek, ñabardurak izan arren, batera adierazi diote elkartasuna Palestinari... [+]
Palestinaren askapena eta Israeli boikot egitea babestu dituzte, eta patronalari eta erakundeei horretan eragiteko deia zabaldu diete.
Milaka eta milaka pertsonak parte hartu dute Palestinaren aldeko Gasteizko manifestazio nagusian. Sindikatu deitzaileak oso pozik agertu dira manifestazioak, lanuzteek eta grebak Araban izan duten jarraipenarekin. Nazioarteko zein Euskal Herriko patronalari eta instituzioei... [+]
Sindikatuek egindako lehen balorazioaren arabera, industriako enpresa handi askotako langileek bat egin dute lanuztearekin, zenbait kasutan jarraipena "erabatekoa" izan da gainera. Aldiz, beste sektoreetan, komertzioan eta enpresa txikietan kasu, eragina ez da... [+]
Hezkuntzak egun osoko greba bizi du Hego Euskal Herrian eta jarraipen zabala izaten ari dela adierazi diote ARGIAri langileen eta ikasleen ordezkariek. Jarraipenaren datuak, elkarretaratzeak, zabaldu dituzten mezuak eta deialdi berezituaren arrazoiak jaso ditugu. “Beste... [+]
Italiako Poliziak hogei bat lagun atxilotu ditu astearte iluntzean Udine hirian, Italiako selekzioak Israelen aurka jokatu duen futbol partidaren atarian, palestinar herriaren aldeko manifestazioa amaitu osteko liskarretan.
Palestinako herriarekin elkartasunez, ARGIAko lantaldeak aho batez erabaki du bat egitea urriaren 15erako Hego Euskal Herrian deitutako lanuzte eta greba deialdiekin. Hedabide honetako kazetariek greba aktiboa egingo dute eta Palestinarekin loturiko informazioei jarraipen... [+]
Urriaren 15erako deialdi ugari egin dituzte Hego Euskal Herrian.
Aurten bigarrenez, Iparraldea Palestinarekin sareak "palestinarrak haien erresistentzian sustengatzeko eta Israel zein bere konplizeen kontra borrokatzera deitzeko eguna" antolatu du azaroaren 15ean Makean (Lapurdi). Halaber, dei egin dute azaroaren 8an Israelekin... [+]
EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.