Bilbo, “elkartasun intenazionalistaren” agerleku

  • Palestinaren askapena eta Israeli boikot egitea babestu dituzte, eta patronalari eta erakundeei horretan eragiteko deia zabaldu diete.

Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2025eko urriaren 15ean - 15:32
Azken eguneraketa: 17:08
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Goizean goizetik nabari zen giro beroa Bilboko erdigunean, baina eguerdia hurbildu ahala eztanda egin du. "Israel boikot, Palestina askatu" aldarria izan da gaur Bilboko soinu banda. LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, Etxalde eta Hiru sindikatuek Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu dituzten manifestazioetan jendetsuena izan da, zantzu guztien arabera, Bilbokoa; hamarnaka mila lagunek hartu dute Bilboko Kale Nagusia. Horrez gain, ELAk ere egin du mobilizazioa, bere aldetik: Bilboko PSEren egoitza parean bildu dira, sindikatuaren arabera mila militante inguru, eta Sabin Etxera egin dute manifestazioa. Bi mobilizazioek aldarrikatu dute su-etena gauzatzea eta Palestinaren askatasuna; Israeli boikot egitera deitu dute, eta alderdiei horretan esku hartzeko deia zabaldu diete.

“Elkartasun internazionalista ariketa erraldoia” izan da gaur Bilboko kaleetan, horrela definitu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak manifestazioaren hastapenetan. Bilboko Jesusen Bihotzean hasi da manifestazioa, 12:30ean, eta udaletxerainoko bidea egin du, aldarri eta ekintza artean. Zutabe ugarik osatu dute manifestazioa, eta aurrera joan ahala are jendetsuagoa bihurtu da. Ordu eta erdiko ibilbidean, Palestina askatzeko eta Israeli boikot egiteko aldarriak izan dira nagusi. Aranburuk Confebaski zuzendu dio mezua. Enpresei presioa egiteko eskatu dio, Israelekiko harremanak errebisatu eta eten ditzaten: “Genozidioaren eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin”.

Horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza pasatu berritan, Zara arropa denda parean dendak genozidioan duen konplizitatea salatu dute. "Israel hiltzaile, Zara laguntzaile" garrasiak entzun dira, eta genozidioarekin aberasten diren enpresen izenak zeramatzan pankarta zabaldu dute: CAF, ZARA, AXA, Siemens, Coca Cola, Carrefour, MacDonalds eta beste zenbait izen irakurri zitezkeen. Momentu horretan, pintaketak egin dituzte dendaren erakusleihoetan, eta pertsiana itxi du saltokiak.

“Israel ezin da zigorgabe irten honetatik, genozidioa egin du”, adierazi du Iñigo Garduño EAEko CCOOko idazkariak. Hain zuzen ere, Palestinaren askapenaren eta Israeli boikota egitearen aldeko aldarriez gain, euskal erakundeei egindako interpelazioa ozen entzun da. Patronalei eta erakundeei mezu zuzena bidali diete, eta Israel epaitzearen alde presioa egiteko eskatu dute.

Amaierako ekitaldian, Haizea Arbide Aza STEILASeko kideak eta Amets Ladislao Etxaldeko kideak hartu dute hitza. Gogorarazi dute egun osoan mobilizazioak izango direla, baita urriaren 25ean ere, Gure haurrak ere badira plataformak antolatuta, Bilbon. Gazako langileen bizi-baldintzak ziurtatuta ez dauden moduan, Zisjordaniakoak ere “prekaritate makurrenera” kondenatuta daudela gogorarazi dute. Azken aldarri horri keinu eginez, Internazionala abesten amaitu dute, arabierazko bertsioa jarri dute bozgorailuetatik, eta ukabilak goian amaitu da manifestazioa.

ELA, gobernuari zuzenean

Jesusen Bihotzeko manifestazio jendetsua baino ordubete lehenago, kontzentrazioa egin du ELAk Bilboko PSEren egoitzaren parean. Mitxel Lakuntzak, gainontzeko sindikatuek egin moduan, Israeli boikot egitera eta harremanak moztera deitu du. PSEren egoitzaren aurrean bildu dira, Espainiako Gobernuan, Nafarroakoan eta Eusko Jaurlaritzan agintean daudelako, eta erakundeen “hipokrisia” egotzi die, genozidioa ez salatzeagatik.

Era berean, erakundeei zein erakundeetatik kanpo dauden alderdiei presioa egiteko deia zabaldu die, erakundeen politikan eragiteko duten boterea baliatzeko. Lakuntzak ere Israel epaitzearen beharra azpimarratu du: “Israelek eta Netanyahuk epaitegietan bukatu behar dute, eta euskal erakundeek horretan parte aktiboa izan behar dute”.

Kontzentrazioaren ondoren, Sabin Etxera egin dute manifestazioa.

Argazkia: Maria Ortega Zubiate / ARGIA CC-BY-SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude