Goizean hasi diren lanuzteak oso esanguratsuak izan dira irakaskuntzan eta lan munduan oro har, baina oraindik ez dago lanuztearen datu zehatzik. Edozein modutan, Iruñeko erdialdean goizaldean argi ikusten zen ez ohiko eguna zela eta eguerdiko manifestazioak baietsi du hori: 15.000 bat lagun batu dira hiri buruzagiko kaleetan.
Palestinarekiko elkartasun giroak gora egin du goizetik eguerdira, eta azkenean eztanda egin du Iruñeko Golem Zinemetatik abiatu den manifestazioa jendetsuan: antolatzaileen arabera, 15.000 pertsona bildu dira bertan. Hiru orduko lanuztera deitu duten UGT, CCOO, LAB, Steilas, CGT, Solidari, ESK eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere sostengua eman dio manifestazioari. Antoniutti parkean amaitu da manifestazioa.
11:00etatik aurrera ezohiko hainbat zeinu ikus zitezkeen Iruñeko erdialdean eta, batez ere, Alde Zaharrean, horietatik nagusiena ikasle kopurua kaleetan atzera aurrera. 11:30ean, ELAk deituta, ehunka lagun bildu dira PSNren egoitzaren aurrean, Sarasate pasealekuan. Bertan ordu laurden egon ondoren Nafarroako Legebiltzarreko atarira joan dira, aurrean eseri eta trafikoa moztu dute.
Nafarroako ELAko koordinatzaile Imanol Pascual bildutakoei zuzendu zaie, eta hitzaldian eskatu die Espainiako eta Nafarroako instituzioei moztu ditzatela harreman guztiak Israelekin. Aldi berean, salatu du Espainian UGTk eta CCOOk deialdia egin dutela Pedro Sánchez presidentea babesteko, eta ELA ez dagoela horretarako prest eta horregatik egin dutela aparteko deialdia gaur. ELAk salatu du “beste behin ere” sektore publikoko zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla eta horrek grebarako eskubidea urratzen duela.
Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak Udaletxeko plazan egin du elkarretaratzea eguerdian. Ehunka pertsona bildu dira bertan eta ondoren Antoniuttirantz abiatu dira, handik Golemetara joateko.
Jendetza Golemetarantz
Sarasate pasealekutik Golemetara abiatu da kazetari hau, eta berehala ikusi du bilkura bateratua oso jendetsua izango zela: alde guztietatik ikusten zen jendea Donibane auzorantz, horietako batzuk zutabeak. Palestinarekin Elkartasuna elkartekoak, esate batera, Antoniuttin geratu dira eta handik Golemetara jo dute Barañaingo etorbidea lepo eginda.
Era guztietako jendea ikusten zen abiatzen Golemetarantz, horietako asko gazteak. Bereziki ikusi dira gazteak eta ikasleak manifestazioan, horietako asko ikastetxeetan egindako pankarten atzean. Traktore batek eta kamioi batek ireki dute manifestazioa, eta azken honek zeraman pankartan salatzen zuen “Gosea arma gisa erabiltzea gerra krimena” dela.
Palestinar emakumeek eta umeek irekitzen zuten manifestazioa Palestinako bandera erraldoiarekin, eta atzean sindikatu deitzaileen ordezkariak pankartarekin: “Stop Genozidio. Langileak Palestinarekin”. Manifestazioaren amaieran horietako emakume bat zuzendu zaie manifestazioan bildutakoei Antoniutti parkean.
Abiatu da manifestazioa Baiona etorbidean barrena, baina Europako plazan istiluak egon dira Poliziaren eta gazte taldeen artean. ARGIAk bertan ziren lekukoen aldetik jaso duen testigantzaren arabera, gazteak Israelen aurkako eranskinak jarri dituzte Burger King batean eta terraza bateko aulkiak jaurti dituzte haren aurka. Ondoren Espainiako Poliziak gazteen aurka oldartu da, eta gazteek hondakin-ontziak atera dituzte errepidera. Istiluak ez dira orokortu eta manifestazioak bere bidea egin du, gisa honetako mobilizazioetan diren ohiko oihuekin, nabarmenenak genozidioaren aurkakoak eta Israeli boikota egitearen aldekoak, “Boikot Israel, Palestina askatu” edo “Netanyahu hiltzaile”, esate baterako.
Manifestazioaren amaieran jendetzari zuzendu zaion emakume palestinarrak esan du hogeitaka urte daramatzala bizitzen Nafarroan eta sentitzen duela herrialdearen elkartasuna: “Bada ordua gerra eta genozidioa gelditzeko, eta Palestina munduko beste edozein herrialde moduan askatasunean bizi dadin. Eta Gazan, senti dezatela beraiekin gaudela”. Gaurko mobilizazioa Palestinaren aldekoa dela azpimarratu du, “baina ez hori bakarrik, mundu justu eta hobeago baten aldeko aldarria” ere badela azpimarratu du.
Sindikatuen txanda izan da ondoren eta pozez adierazi dute borroka egunak Nafarroan izan duen arrakasta: “Langile klaseak Palestinarekiko elkartasun ahotsa altxatu du”. Gaur egun, palestinarren aurkako genozidioa ez duela inork zalantzan jartzen, “ez badira Israel bera edo hari sostengua ematen diotenak”. Palestinako herriarentzat konponbide integrala eskatzen dutela adierazi dute, palestinarrak askatasunen bizi daitezen. Patronalari eta era guztietako instituzioei eskatu diete Israelekin harremanak apurtzeko. Parte hartzaileei zorionak eman ondoren, bozgorailuetatik arabiarrez kantatutako Internazionala-k eman dio amaiera ekitaldiari, eta gogoratu dute arratsaldeko manifestazioa 19:00etan aterako dela Gazteluko plazatik.
Ez da samurra mobilizazio egunen konparaziotan sartzea, baina kazetari honek esango luke 2008-2012ko krisi ekonomikoan izandako mobilizazioetatik ez dela horrelako manifestazio handirik ikusi Iruñean lanuzte edo greba egun batean eguerdian egindako mobilizazioan. Greba feministetan egindako elkarretaratzeak ere oso jendetsuak izan ziren, baina seguruenik, ez gaurkoa bestekoa. Tira, inpresioak dira.
Eta bitxia izan da, halaber, Nafarroako Gobernuaren erreakzioa, asteazkeneko ohiko gobernu bileraren ondoren, Begoña Alfaro lehendakariordeak gobernuaren poza agertu baitu “Nafarroako herritarrek Gazan gertatzen ari den krimenari emandako erantzunagatik”.
Eguneko beset irudi batzuk: