Donostian ere Palestinaren aldeko egun handia

  • Gutxitan hartzen duen itxura izan du asteazken goiz-eguerdi honetan Donostiako Boulevardak. 20.000 lagun baino gehiagok egin dute bat urriaren 15erako eragile ugarik antolatutako deialdiekin. Denek, ñabardurak izan arren, batera adierazi diote elkartasuna Palestinari eta Israeli boikota eskatu. Arratsaldean mobilizazio gehiago izango dira: 18:00etan Pio XII-n Palestinarekin Elkartasunak eta 19:30ean Boulevardean eltze-jotzea, Gernika Palestinaren eskutik.

Manifestazioa Euskal Herrian bizi diren palestinarrek ireki dute. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko urriaren 15ean - 16:17
Azken eguneraketa: 17:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Borroka egun honetan, euskal langileria eskertu nahi nuke. Eskerrak, Israelgo Estatuaren basakeria genozida salatu eta nire herriaren sufrimendua elikatzen duten enpresa eta patronal guztiak interpelatzeko asmoz egin duzuen lanuzte orokorragatik".

Hala hasi da Euskal Herrian bizi den Jehad palestinarra eguerdiko manifestazio nagusiaren osteko hitzartzean, diaspora palestinarraren izenean. Palestinan egoera "jasanezina" dela gogoratu du: "Egunero hiltzen gaituzten bonbak erortzen ikusten ditugu, familiak lekualdatzen eta oinarrizko eskubideak suntsitzen dizkigute, hala nola, ur edangarria, jakiak, arreta medikoa, saneamendua, hezkuntza edota lanerako eskubidea bera". Eskubide horien ukapena gerra-arma gisa erabiltzen ari direla salatu du, nazioarteko agintari gehienak beste aldera begira dauden bitartean. "Ez dugu justiziarik gabeko bakerik nahi", adierazi du eta sionismoaren zigorgabetasunari aurre egiteko beharra azpimarratu. Gazan suntsitu duten guztia berreraiki, errudunak epaitu eta herri palestinarrarentzat justizia soziala eta askatasun nazionala eskatu ditu.

Askatasunaren Hiribidea alderik alde eta bi norabideetan okupatu du manifestazioak. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Boulevardetik ateratako manifestazio batek, Askatasunaren Hiribideko bi erreiak hartuta, ibilbide osoa egin ostean, azkenak ateratzen nola ari diren ikustea oso gutxitan gertatzen den zerbait da. Azken aldiz, kazetari honek 2018ko M8 greba feministan ikusi zuen, eta orduko hartan aurrealdeak amaierarekin bat egin zuen. Gaur gutxigatik ez da gertatu. Gauzak honela, azken urteetako Donostiako manifestaziorik handienetakoen multzoan sartu da Palestinaren aldekoa, zalantzarik gabe. Pena da ETBk helikopteroak edo droneak kontu garrantzitsuetarako bakarrik ateratzen dituela. Antolatzaileek adierazi dute adin guztietako 18.000 lagunek hartu dutela parte manifestazioan. Horren aurretik, hiru zutabe antolatu dituzte sindikatuek, eta denak oso jendetsuak izan dira: Sagueskoa, Amarakoa eta Antiguakoa. Azken honetan Ikamak ikasle asko atera ditu kalera eta milaka lagunek egin dute Boulevarderako bidea.

Manifestazio nagusiaren aurreko Antiguako zutabea. Joseba Parron San Sebastian / Irutxuloko Hitza

“Genozidioarekin negoziorik ez, Israelekin harreman oro eten!”. Horixe izan da ondorengo bederatzi sindikatuek deitutako manifestazioan gehien errepikatu den ideia: LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta Hiru. Langile klaseak Palestinako herriarekin duen elkartasuna adierazi nahi izan dute mobilizazio egun honetan, Israel gizateriaren aurka egiten ari den genozidioa eta krimenak salatzearekin batera. Amaierako hitzartzean, Zisjordaniako lurralde palestinarraren etengabeko kolonizazioa eta haren larritasunak ere gogoan izan dituzte, baita horrek Palestinako langileen lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorioak ere. Azkenik, Gazako genozidioari amaiera emango dion ebazpen integrala eskatu dute, eta patronalari eta bertako zein nazioarteko erakundeei eskatu diete bertan behera uzteko Israelgo Estatuarekin harreman komertzial oro. 
 

McDonaldsek okupazioarekin duen konplizitatea salatu dute. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Manifestazio honen aurretik Ikasle Abertzaleek deitutakoa atera da Israel Suntsitu lelopean. Milaka batzuk bildu ditu deialdiak eta Alde Zaharrean barrena egin dute ibilbidea. BDS mugimenduak bere aurkako boikota eskatzen duen McDonalds multinazionalari margo gorria jaurti diote, apartheidarekin duen konplizitatea seinalatzeko. “Milaka ikaslek Euskal Herriko kaleak hartu ditugu Israelgo Estatu sionistaren suntsipena aldarrikatu eta palestinar erresistentziari babesa adierazteko. Mendebaldeko agintarien hipokrisia seinalatu eta Israelen boikota bultzatu behar dugu”, nabarmendu dute Trinitate enparantzan egindako azken hitzartzean, Irutxuloko Hitzako Beñat Parrak jaso duenez. Netanyahuren irudi handi bati su eman diote bertan.

Netanyahuren irudi bati su eman diote Ikasle Abertzaleek Trinitate Enparantzan milaka lagunen aurrean. Ikasle Abertzaleak

Horren aurretik, ELAk bere aldetik 11:30ean elkarretaratzea eta errepidean eserialdia egin du Jaurlaritzaren aurrean. 250 bat kide bildu dira eta protestaldian ez atzera ez aurrera geratu den ibilgailu bakarra turismoaren ikur den txu-txu trena izan da, zenbait turistarekin. Amaierako hitzartzean Israeli boikot egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute eta euskal alderdi politikoei galdetu diete ea noraino joateko prest dauden (Pedro Sanchezi babesa kentzeraino?) Israelekin harreman oro eten dezaten instituzioek. Israel ezin dela zigorrik gabe utzi eta euskal instituzioek nazioarteko salaketekin bat egiteko eskatu diete.

Arratsaldean mobilizazio gehiago izango dira: 18:00etan Pio XII-n Palestinarekin Elkartasunak eta 19:30ean Boulevardean eltze-jotzea, Gernika Palestinaren eskutik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarekin elkartasuna
Eguneraketa berriak daude