Osasunaz ari ote gara?

  • Koronabirus pandemiaren eztandarekin irudi lezake osasuna dela egungo egoeran gai nagusia; ez da nire ustea, desiragarria balitzait ere. Ez naiz ariko hemen eguneroko berri eta mezu uholdeaz –pandemiaz, konfinamenduaz, edo gainontzeko neurriez– gai horiek garrantzi handikoak izanagatik ere, baizik eta, itxura guztien gainetik, beti bazterrean geratzen den oinarrizko gaixotasunaren, zaintzaren eta osasunaren inguruko kudeaketa pertsonal eta kolektiboari buruz.


2020ko martxoaren 31n - 08:41

Nire lehen eta ezinbesteko erreferentzia 1975ean argitaratutako liburu bat da, Ivan Illich-en Medical Nemesis (Némesis médica, Némésis médicale). Cuernavaca hiriko (Mexiko) CIDOC institutuko zuzendari izan zen Ivan Illich, eta 1966tik aurrera informazio handia batu eta landu zuen jendarte industrialaren egiturazko instituzioei buruz (eskola, osasuna, garraioa, etab.). Nemesis liburua hitz hauekin hasten da: “Osasungintza instituzionalizatua osasunaren aurkako mehatxu larria bilakatu da”. Egun, erokeriatzat hartuko genukeen esaldia, eta esaten duena, edozein eztabaida-forutik kanpo uzteko modukoa. Baina, harrigarriki, liburua arrakastatsua izan zen bere garaian, eta hainbat hizkuntzatara ekarria.

Dozena bat urte geroago, Illichek berak nolabaiteko autokritika egin zuen, are harrigarriagoa, kezkagarriagoa: “Lurralde garatuetan, osasun perfektuaren obsesioa bilakatu da eragile patogenorik nagusia”. Ez medikuen interbentzioa, lehenago salatu bezala, baizik eta “osasun  perfektuaren obsesioa”. Gaizki al dago, bada, osasuna zaintzea?  Ez al du izan behar osasuna zaindu beharreko gure lehen kezka?... Bistakoa denez, “perfektua” hitza da gakoa esaldian.

"Hilezkortasun fisikoaren bilaketa bihurtu da, honezkero,
gehiengoaren “arrazoizko” fantasia, eta ez garai batean bezala alkimista zoro bakanen eldarnioa"

Baieztapen eskandalagarri haietara itzuliz –eta beste behin entzuteko gonbitea luzatuz–, hasi gaitezen industrializazioarekin. Industrializazioaren garapenak ezinezko bilakatu du beste edozein bizimodu. Horri aurre egiten dioten apurrak desertura erretiratzen ziren antigoaleko eremiten gisa tratatzen ditugu: gure konbertsioa eta berehalako apokalipsia aldarrikatzen duten adur txarreko txori gisa, alegia. Dena da egun “industria”: nekazaritza eta bidaia, sexualitatea eta artea. Eta industriaz ari garenean, merkataritza-jarduera kapitalistez ari gara: ezerk ez du deus balio, merkantzia ez bada (“truke-balioa”). Eta hor sartzen dira zaintza pertsonal eta komunitario guztiak, gaixotzeak, zahartzeak eta hiltzeak berak eskatzen dizkigutenak. Gu guztiontzat ezinbestekoa den (azken?) industria horren izena “Osasun Sistema” da, eta osasunaren medikalizazioa da, agian, industrializazio prozesu orokorraren alderdirik eraginkorrena, gure barne mamienean ukitzen baikaitu, zaurgarrienean, giza kondizioaren muinean berean –gure izate hilkorrean, alegia.

Hilezkortasun fisikoaren bilaketa bihurtu da, honezkero, gehiengoaren “arrazoizko” fantasia, eta ez garai batean bezala alkimista zoro bakanen eldarnioa. “Zorionerako eskubidearekin” gertatu bezala –AEBetako Arkadia berriko konstituzioan onartua–, berehala aldarrikatuko dugu hilezkortasuna oinarrizko eskubide moduan, konstituzio berriek onartu beharrekoa. Urrunetik begiratuko diegu hil ondorengo eternitateko gure arbasoen fantasiei.

Hiru motatako iatrogenesi –medikuen interbentzioek berezko zituzten ondorio kaltegarriak– bereizten zituen Illichek 70etako gogoetan: interbentzio klinikoek zuzenean eragindako kalteak edo “iatrogenesi klinikoa”; bigarrenari “iatrogenesi soziala” deitu zion, zeinak jendarte gaixotu bat hauspotzen duen, paziente bilakatzearen ondoriozko demandak gero eta gehiago elikatuz; eta azkenik, “egiturazko iatrogenesia”, zeinak lortzen duen jendeak berezko kalteberatasunari –eritasunari eta heriotzari barne– aurre egiteko dituen moduak eta arteak zapuztea.

"Ez al daude hipokondriakoenen artean “Medizina ofiziala” zalantzan jartzen duten asko etengabeko “terapia alternatiboetan” dantzan? Horretaz ari zen Illich hain zuzen ere 80ko hamarkadaren amaierarako “agente patogeno berri” batez ari zenean: modu asko dago kalteberatasuna, giza izaeraren hilkortasuna edo gorputz izatearen ukazioa indartzeko"

Zer adierazi nahi zuen Illichek –modernitatearen kritikorik sakonenak eta koherenteenak Giorgio Agambenen esanetan– hamabi urte geroago bota zuen esaldi txundigarri harekin, “gorputz sano baten obsesioa bilakatu da egungo eragile patogenorik nagusia” zioenean? Kontuok aurrera nola egin duten ikusita, iruditzen zait errazagoa zaigula egunotan hura ulertzea. Illichen lehenengo baieztapenei jarraitu zioten hamarkadetan asko izan ziren aurrez aurreko fronteak sortzen saiatu zirenak, osasunaren eta gainontzeko egiturazko instituzioen arloetan. Ohikoa zen “Medikuntza Alternatiboei” buruz aritzea, “Medikuntza Instituzionalaren” aurrean, baina industrializazioaren bulldozerrak berehala suntsitu zituen amets haiek, beste hainbat alegiazko fronte bezala. Eta medikalizazioari aurre egiten saiatzen ginenok ere nahiko erraz eman genuen amore, eta ezinbestean onartu eta probestu harekin zetozen onurak: gaitz hilkorren aurkako tratamendu arrakastatsuak, (bizi iraupenaren) bizi-itxaropenaren handitzea, etab. “Osasun-sistema alternatiboak” berehala bilakatu ziren “sistema osagarriak”, “benetako medikuntza zientifikoaren” nahi gabeko zenbait ondorio tratatzeko gai, edo estresa arintzeko bederen, luxu horiek ordaindu ahal zutenentzat –pobreentzat, hor zeuden zabor-janaria eta anbulatorioetako kontsultak.

Ez al daude hipokondriakoenen artean “Medizina ofiziala” zalantzan jartzen duten asko etengabeko “terapia alternatiboetan” dantzan? Horretaz arizen Illich hain zuzen ere 80ko hamarkadaren amaierarako “agente patogeno berri” batez ari zenean: modu asko dago kalteberatasuna, giza izaeraren hilkortasuna edo gorputz izatearen ukazioa indartzeko. Eta horregatik da agian hain adierazgarria, hainbeste alerta larrik jo eta gero –hondamendi ekologikoarena, errefuxiatuena edo datorren sistema ekonomiko eutsiezinarena, besteak beste–, pandemia bat izatea Mendebaldea Errealitatearekin kontaktu zuzenean jarri duena. Mendebalde hori Txinan hasten da egun, biopolitika irmoena eta gupidagabeena gauzatzeko gai dena.

Galdera hauek aireratzea da, beharbada, ateraldirik inozoena. Harrigarria izan liteke Ivan Illichen proposamenak gogoraraztea datorkigun paniko orokorreko egoeraren aurrean, baina ez dago, nire ustean, kontu premiazkoagorik: salbuespeneko egoera apokaliptiko baten baitan gauden honetan, osasunaz eta eritasunaz mugarik gabe eztabaidatzea baino ez zaigu gelditzen.

 

Juan Gorostidi Berrondo

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude