ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 08a

Osakidetzak pandemiari buruz datu gutxiago emango du, kutsatu kopurua handitzen ari bada ere

  • Osakidetzak ostiraletik aurrera ez du jarriko bere webgunean orain arte Covid-19ri buruzko datu guztiak eskaintzen zituen eguneroko buletina. Besteak beste, kutsadura maila neurtzeko R0 erreprodukzio tasaren berririk ez dugu izango aste oso batez. Asteburuetan ere ez du informaziorik eskainiko EAEko Osasun Sailak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2020ko uztailaren 16a

Nekane Murgak EAEko koronabirus kutsatu kopuruaren inguruko kezka publikoki agertu duen egun berean, Osakidetzak abisua paratu du bere webgunean, egoera epidemiologikoari buruzko eguneroko datu gutxiago eskainiko dituela esanez: “Informazioa era laburtuan emango da, ezinbesteko informazioa mantenduz”, azaldu du.

Hala, orain arte egunero bere webgunean argitaratzen zuen Covid-19aren inguruko buletin osatua kenduko du eta soilik astean behin eskaini. Buletin horrek, besteak beste, koronabirusaren erreprodukzio tasaren (R0) berri ematen zuen egunez egun. Hain justu, tasa hori “1” zenbakiaren gainetik dago Ordiziako agerraldia gertatu zenez geroztik, kutsatuen kasuak ugaritzen ari baitira –R0=1 baina gehiago denean, esan nahi du pandemia ez dagoela egonkortuta eta oraintxe bertan 1,54ean dago–

Osasun Sailak aurreko eguneko laburpen bat baino ez du eskainiko uztailaren 17tik aurrera: egindako PCR froga kopurua, positiboak eta horien banaketa lurraldeka eta udalerrika, baita “sexu eta  adinaren araberako banaketa ere”. Murgak Radio Euskadin egindako elkarrizketan nabarmendu du gazteen arteko kutsadurak sortzen diela kezka gehien: "Kontrolatzeko zailak izan daitezke".

Horrez gain, ospitaleratzeen eta ZIUra sartu dituzten kasuen berri ere egunero emango dute. Aldiz, asteburuetan ez da informaziorik eskainiko eta bi egun horietako datuak astelehenera eramango dira.

“Albiste txarra”

Ez da lehen aldia osasun arloko arduradunek informazioa emateko modua eta irizpideak aldatzen dituztela, eta hala gertatu den bakoitzean nahasmen handia sartu izan da, datuak irakurtzeko zailtasunak eragiten baititu horrek askoren ustez.

Osakidetzaren iragarpenaren ondoren, Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlari eta koronabirusaren bilakaera ondoen ezagutzen duen Euskal Herriko adituetako batek “albiste txarra” dela adierazi du Twitterren. “Informazio publikoa murriztu egingo da, egoeraren kontzientzia hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa den unean”, idatzi du.

Mayorren ustez, Covid-19arekin identifikatutako gaixoei jartzen zaien izena dena dela ere, momentu honetan “nabarmentzekoa da kurba norantz doan EAEn: eta oraintxe bertan itxura oso txarra dauka”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Osakidetza

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude