1936ko biktimak eta kolpistak berdintzeko UPNren saiakera atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

  • Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak atzera bota du UPNk aurkeztutako mozioa, 1936ko Gerran Errepublikaren kontrolpean zeuden lurraldeetan izandako biktimak Oroibidea memoriaren datu-basean sartzea eskatzen zuena. Mozioak PP eta Voxen babesa jaso du, baina gainerako alderdi guztiak kontra azaldu dira.

Iñaki Iriarte, UPNren parlamentaria eta mozioaren aurkezlea. Irudia: Nafarroako Parlamentua

2024ko maiatzaren 08an - 11:14
Azken eguneraketa: 2024-05-09 10:21:20

Memoria historikoa berrikusi eta 1936ko Gerrako irabazleen errelatoa berriz ere inposatzeko ahaleginetan ari da eskuina Espainiako Estatuan, eta testuinguru horretan UPNk mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan Oroibidea memoriaren datu-basean Errepublikaren kontrolpeko lurraldeetan izandako biktimak ere gehitzeko.

Talde politiko horren ustez ez dago justifikaturik "indar errepublikarrek eta haien aliatuek eragindako biktimak gerra zibilaren eta frankismoaren artxibo digitaletik kanpo uztea". Proposamenak, zaku berean sartzen ditu 1936an matxinada abiatu zuten kolpistak eta ideia ezkertiarrak izateagatik fusilatu eta gutxienez 40 urtetan bide-bazterretan abandonaturik izan ziren biktima errepublikarrak.

Proposamenak, zaku berean sartzen ditu 1936an matxinada abiatu zuten kolpistak eta ideia ezkertiarrak izateagatik fusilatu eta gutxienez 40 urtetan bide-bazterretan abandonaturik izan ziren biktima errepublikarrak

Mozioak ez du aurrera egin, PP eta Voxen babesa izan arren, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeak kontra azaldu direlako.

PSNko kide Inma Juríoren ustez "duintasunaren kontrako atentatu bat" litzateke hori egitea. EH Bilduko Arantxa Izurdiagak, berriz, gogorarazi du alde errepublikarreko biktimak ahanzturan izan diren bitartean, frankistakoak omenduak eta beatifikatuak izan direla, kasu askotan: "Bai, irabazleak eta zapalduak egon ziren", berretsi du. Contigo-Zurekin-eko Miguel Garridoren aburuz frankismoa "zuritzea" baino ez da mozio horren helburua. Diario de Noticias-en laburbildu ditu talde politikoen interbentzioak.

Ildo beretik hitz egin du Geroa Baiko Mikel Asiainek, eta Oroibidearen helburuak errepresioa eta ahanztura instituzionala jasan zutenen erreparazioa dela gogorarazi du. Datu basean 23.000 pertsonen izenak ageri dira eta webgunean kontsultatu daitezke biktima haiei buruzko informazio eta dokumentu ugari.

1936ko hildakoak gogoratzeko erakusketa abian

Nafarroako Memoriaren Institutuak erakusketa ibiltari bati hasiera eman dio Lodosan asteartea arratsaldean, Ana Ollo Nafarroako lehendakariordea bertan zela, 1936ko hobi komunak erretratatu eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan hildako biktimak gogoratzeko. 3.526* izena du erakusketak, eta lurraldean fusilatutako pertsona kopuruari erreferentzia egiten dio.

Erakusketaren irudiak. Eskuineko argazkian, Eloko teileriko hobia. Argazkia: Ángel Sánchez Garro / Nafarroako Memoriaren Institutua

Nafarroan, fusilatuen gorpuzkinak lurperatu zituzten 200 hobi baino gehiago daudela uste da, eta horietatik 39ren inguruko argazkiak erakusten dira mostra horretan, Ángel Sanchez Garro argazkilariaren eskutik

Irudikatutako hobi horietan 671 pertsona fusilatu zituzten "inolako lege-prozedurarik gabe, 1936ko uztailean matxinatuek sortu nahi izan zuten ordena berriaren izenean", dio Memoriaren Institutuaren oharrak. Hortaz, fusilatutako guztien bosten bat ordezkatzen dute argazki horiek.

Baina "estatistika soil eta hotzetik" harago, argazki horiek erakutsi nahi dute biktimak eta senideak "isiltasunera eta ikusezintasunera murriztu" nahi izan zituen "estrategia krudel horren aurrean", familiek eta gizarteak lortu dutela erresistentziaren bidez izenak ez ahaztea eta baita kasu askotan gorputzak berreskuratzea ere.

Erakusketa maiatzaren 17ra arte egongo da ikusgai Lodosako kultur etxean eta ondoren herriz herri ibiliko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Eneko Etxeberria
“Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama.


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Eguneraketa berriak daude