Krisi ekologikoak euskararentzat ekarriko dituen erronken eta aukeren inguruko hausnarketa proposatzen du Joanes Igeregi Santamaria sopeloztarrak. Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara? izena daramaten berbaldietan, Sukar Horia taldeko kideak iraganari erreparatuz, besteak beste, bioaniztasunaren, ekologiaren eta hizkuntza zein kultura txikien biziraupenari buruzko lotura egiten du.
Zein da honen guztiaren abiapuntua?
Iaz egin nuen Euskararen Jabekuntza, Kudeaketa eta Hizkuntza-praktikak XXI. Mendean masterraren amaierako lanetik dator. Intuizioa neukan krisi ekologikoak gizarte antolamenduan eragina izan zezakeela, beraz, euskararengan ere bai, edozein gizarte antolamenduk eragiten dielako bertan bizi diren hizkuntzei. Horregaz batera, krisi ekologikoagaz lotutako kolapsoaren aukera ere aipatzen da askotan, eta hortik sortu zen hitz jokoa, hau da, euskara etor daitezkeen gizarte aldaketa horien ondorioz kolapsatu daitekeen edo euskara egokituko ote den krisi ekologikoagaz etorriko den gizarte berrira.
Beraz, krisi ekologikoak euskararen desagerpena ekar dezakeela uste duzu?
Bai; edo hori, edo egoera berri horretara egokitzea, azkeneko milaka urteetan egin duen bezala. Euskarak egokitzeko etengabeko ariketa bat egin behar izan du: gure lurraldeko gizartea eraldatzen joan da eta euskarak aldaketa horietara egokitzen jakin behar izan du; euskal kultura birsortzen joan da, gizarte eredu berri horietan irauteko. Iruditzen zait etorkizunean ere horrelako bidea egin beharko duela etorriko diren gizarte aldaketetan bizirauteko. Lortu ezean, orduan etorriko lirateke euskararentzako arriskua, lehenago ere gertatu izan den bezala.
Beraz, berritu ala hil arteko kontua da?
Azken finean, hizkuntza batek erantzun behar die gizartearen momentuko beharrei, eta euskalduntzen gabiltzan belaunaldi askok hizkuntzarekiko atxikimendurik ez daukate, beraien eguneroko bizitzako funtzio zentral batzuk betetzen ez dituelako; eskolan eman diegu hizkuntza, baina eskolatik kanpo gaztelaniaz bizi dira. Beraz, euskal komunitateak pentsatu beharra dauka hizkuntzak zein funtzio bete behar dituen bere herritarrak euskaraz bizi daitezen.
Zentzu horretan bidea egiten ari garela uste duzu?
Iruditzen zait azken 50 urteetan euskarak izugarrizko ibilbidea egin duela etorri diren gizarte eraldaketetara egokitzeko. Batez ere, 60. hamarkadako euskalgintza prozesuan jartzen da fokua, sasoi horretan gizarte aldaketa oso handiak gertatu zirelako Euskal Herrian: landa eremuetatik hirietarako migrazio prozesu masiboa eman zen, eta jende gehienaren bizimodua asko aldatu zen belaunaldi gutxitan. Orduan, euskara landa eremuetan bizi zen, baina prozesu nahiko arrakastatsua egin zuen hiriguneetara salto egiteko, eta pasatu zen behiakaz eta txakurrakaz berba egiteko pentsatzen zen hizkuntza bat izatetik, lantegietan, bankuetan, unibertsitatean edo hedabideetan erabiltzeko hizkuntza bat izatera. Egokitze ariketa horretan impasse batean gaude orain, azken urteotako globalizazio masiboak izugarrizko erronkak ekarri baitizkio euskarari, eta horiei erantzuten asmatu beharko dugu ere. Jende askok ziklo baten amaieran gaudela esaten du; zalantza barik, euskalgintzak lorpen handiak izan ditu azken hamarkadetan, baina alarma batzuk ere pizten dabiltza.
Zeintzuk bidetik uste duzu eman beharko litezkeela aldaketa horiek?
Sozializatzeko bideak izugarri aldatu dira azken 20 urteetan. Nire mundualdi laburrean uste dut gure aitita-amonen bizitza osoan beste aldatu dela sozializatzeko modua. Txikitan, lagunakaz nola erlazionatzen ginen eta gaur gazteak nola duten egiteko modua era bat ezberdinak dira; plazatik mugikorrera pasatu gara. Hor bidegurutze zaila daukagula iruditzen zait: batetik, uste dut ingurune digitalean eta teknologia berrien munduan euskara ezinbestean egon behar dela, baina, bestetik, gerta daiteke hamarkada gutxira, egokitze-prozesu horretan ahaleginetan gabiltzala, agertokia berriro goitik behera aldatzea eta munduak antz gehiago edukitzea orain dela 40 urteko munduagaz gaurkoagaz baino; ez dut esan nahi denboran atzera egingo dugunik, baina izan daiteke zentzu batzuetan etorkizuneko munduak gure iraganagaz antzekotasun gehiago izatea, orainaldiagaz baino.
Gaur egun, aurreikuspenak egitea ez da batere erraza, baina zein da zure ikuspuntua?
Ez nuke esango txarrera goazenik, baina bai kontsumo gutxiagoko gizarte batera goazela, energia eta material gutxiago izango duen mundu batera, hain zuzen, eta horrek hainbat kontutan sinplifikazioa ekarriko duela eta modu lokalago batean biziko garela. Hori txarrera joatea da? Agian asteburu-pasa Berlinera joatea amesten duen pertsona batentzat bai, baina ez dut uste bizimodu txarragoa eragingo duenik halabeharrez. Modu lokalago batean bizitzea euskararentzako mesedegarria ere izan daitekeela uste dut, komunikabide lokalek eta tokiko kulturgintzak ere indar gehiago izango luketen bizimodu bat izango litzatekeelako. Azken hamarkadetan, mundu globalago batera joan gara, gero eta interkonexio eta mugikortasun handiagoagaz, baina horren eraginez inoizko hizkuntza eta kultura aniztasun galerarik handiena ere izan dugu; beraz, uste dut lokalago bizitzeak euskarari ere mesede egin diezaiokeela. Globalizazio horretan atzera egiteak ekarri dezake kultura eta hizkuntza txiki horiei arnas hartzeko aukera bat ematea.
Iraganeko gizarteei begirada ere proposatzen duzu horretarako, ezta?
Gure inguruko kolapsoei erreparatuz, nabarmenena Erromatar Inperioaren erorketa da. Orduan, latinak hartzen zuen ingurutik 40 hizkuntza azaldu ziren; beraz, krisi ekologikoaren ondorioz etorri daitekeen desazkunde horregaz gertatuko denaren ideia bat egin dezakegu. Edonola ere, iruditzen zait kultur aniztasun handiagoko mundu batera goazela, baina horrek ez du esan nahi euskararen biziraupena bermatuta dagoenik. Horregatik, iruditzen zait gaur egun oinarriak jarri behar ditugula euskarak bere erreprodukzioa bermatuta izan dezan. Hala ere, krisi ekologikoak B aurpegia ere badauka eta euskararen biziraupena bermatzen duten baliabide asko arriskuan egon daitezke. Adibidez, gutako asko eskoletan edo euskaltegietan euskaldundu gara, baina ez dakigu horrek etorkizuna bermatuta izango ote duen; izan ere, ongizate-estatua bezala ezagutzen dugunaren baliabideak geroz eta urriagoak dira, eta bizimodu sinpleago batera jotzeak suposatu dezake hezkuntzan urte gutxiago ematea edo euskararentzako baliabide gutxiago egotea.
Guatemalan eman dituzu hainbat urte Garabide elkarteagaz hizkuntzen inguruan lan egiten. Nola ikusi duzu hango errealitatea?
Deigarria egin zitzaidan hemen XX. mendearen hasiera gertatutako prozesuaren oso antzekoa bizitzen ari direla gaur egun. Orain arten, Guatemalakoa gizartea oso tradizionala eta nekazaria izan da, baina mundu hori desagertzen ari da umeen eskolaratzeagaz batera: ikasketak egiten dituzten gazteak hirietara joaten dira landa inguruan egin ezin ditzaketen lanpostuen bila, eta, horren ondorioz, euren hizkuntzen erreprodukzioa desagertzen ari da. Komunitate askotan ikusi dut aitona-amonak maia hizkuntzan elebakarrak zirela; haien seme-alabak elebidunak, gaztelera eta maia zekitela, eta hirugarren belaunaldiko gazteek gaztelera bakarrik zekitela. Zentzu horretan, esan daiteke telebistak eta eskolak lortu dutela 500 urteko kolonizazioak lortu ez duena, eta hor ikus daiteke globalizazio-prozesuak zer nolako indarra eta eragina duen. Guatemalako kasua hurbiletik ezagutzen dut, baina Latinoamerika osoan antzeko zerbait gertatzen ari da. Adibidez, Evo Moralesen agintaldian, Boliviako hainbat hizkuntza galdu dira, eta ez dut uste Moralesen gobernua indigenista izanik euren errua edo asmoa hori denik.
Sukar Horia elkarteko kidea zara ere. Komentatzen duzunaren inguruan zein da zuen planteamendua?
Gure helburua da ikusaraztea krisi ekologikoak zer-nolako eragina eta lotura duen gizarteko beste dimentsio batzuetan. Pentsatzen dugu krisi ekologikoari irtenbidea bilatzea ez dela nahikoa, hori justua eta parekidea ere izan beharko delako; beraz, iruditzen zaigu oso lotuta dagoela klase sozialen arteko gatazkagaz. Adibidez, horrelako krisi bat dagoenean, ikusten dugu emakumeek beti hartzen dutela euren gain zaintzaren lana, eta horrek krisi ekologikoa feminismoagaz ere lotzen du. Hitzaldian ere aipatzen dugu lotura bat dagoela kultur aniztasunaren eta naturagaz harremanak izateko dugun ohituraren artean; garrantzitsua da ekologismoak bat egitea gizarte eraldaketa bultzatu gura duten bestelako mugimenduakaz, ekologismoagaz zuzenean lotuta egon ez arren: etxebizitza edo langile sindikatuak, mugimendu feminista, auzo elkarteak... Krisi ekologikoari irtenbide justu eta parekide bat eman behar badiogu, askapen mugimendu ezberdinen arteko loturaren bitartez izango da, ezin baitugu bakoitzak gure borroka modu isolatuan egin.
Zuk hizkuntza eta kultura txikituak eta ekologismoa bateratzen dituzu; zein da zure hipotesia?
Ikusi da munduko toki berdinetan biltzen dela biodibertsitate eta hizkuntza aniztasunik handiena; ez dagoena argi da kultura indigenek daukaten biodibertsitatea mantentzeko gaitasunagatik edo biodibertsitate oparoaren ondorioz ematen den edo ez hainbeste kultura ezberdinen biziraupena. Bestela esanda, egin dudan ikerketa txiki honetan ikusi ahal izan dut oro har egitura dominatzaileak eta bereziki inperio handiak sortu diren lekuetan bai biodibertsitatea, bai kultura aniztasuna ere suntsitu direla; beraz, hor dominazioaren logika komun bat ikus daiteke, eta askapenaren logika komun bategaz egin beharko diogu aurre horri.
IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.
Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]
Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]
Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.
Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]
Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Lizarrako Udalak udarako antolatu dituen bost musika ikuskizunetan eta beste horrenbeste film emanaldietan bat bera ere ez da euskaraz izanen; datorren astean hasiko diren festen egitarauan haurrentzako ekitaldi bat dago euskaraz programatua, justu, erraldoi eta buruhandien... [+]
Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]