Non dago ezker abertzalea?


2024ko martxoaren 11n - 09:58
Azken eguneraketa: 2024-03-13 11:44:27

Euskal Herrian eta Europan bizi den euskal herritar bat naiz.

Europako egoera geopolitikoa kontuan hartuta, nahiz eta 2014ean hasitako gatazka izan, Mendebaldeko hedabide ofizialek Ukrainako guda deitzen duten gerra 2022ko otsailean hasi zen, eta dagoeneko hirugarren urtean sartu berri da. Jakina da, hasieratik NATO gerra horretan sartuta dagoela eta, gainera, sustatzen ari dela.

Gerra horren hasiera hasieratik, NATOko, AEBetako, Erresuma Batuko zein Europar Batasuneko agintariek adierazten zutenean zenbait ekintza egin behar ez zituztela, epe motzera egiten zituzten. Estrategia hori etenik gabe erabili dute. Horrela, adibide gisa, hasierako hainbat adierazpenetan, Leopard tankeak ez zituztela Ukrainara bidaliko esan zuten; aldiz, muga hori gainditu eta bidali zituzten. F16 hegazkinak ez zituztela Ukrainara bidali behar esan zuten; berriro ere muga hori gainditu zuten eta bidali zituzten… Horrela makina bat aldiz.

Duela egun gutxi, Frantziako Errepublikako lehendakaria den Emmanuel Macronek, Municheko 2024ko otsaileko segurtasun konferentzia egin berria zenean, Ukrainara tropak bidaltzearen eta hedatzearen balizko beharraz hitz egin du, eta argudiatu du Errusiak ezin duela Ukrainako gerra irabazi. Horrela, nahiz eta NATO osatzen duten beste herrialdeetako agintariek berehala ezetz esan –eta Macronek berak horren inguruan egin duen hirugarren agerraldian esandakoari indarra kendu nahi izan dion–, mahai gainean “bonba” utzi du. Horrek, de facto, gerra ireki bat eragingo luke, NATO versus Errusia, eta modu horretan Euskal Herria nahitaez barne egongo litzateke. Aurrekariak, egunez egun egiten dituzten adierazpen gerrazaleen gorakada eta aipatutako estrategia ikusita, hemendik aurrera edozein gauza pasa ahal dela pentsa daiteke. Beraz, Euskal Herria ere egoera oso larri baterantz doala ondorioztatu daiteke. Gerra batek Europa mailan eztanda egingo balu gureak egin du.

Bai ala bai, EH Bilduk antimilitarismoaren bandera erakutsi behar du eta bakearen sustatzaile sutsu bilakatu

Eragile atlantistak, hedabideez baliatuz eta ezer gutxi zehaztu gabe, Errusiak Europako herrialderen bat inbaditzeko asmoa duela behin eta berriro esaten ari dira. Hori aprobetxatuta, estatuek diote gastu militarrak BPGarekiko %2ra gutxienez igo behar dutela, armen industria indartuko dutela eta, hori gutxi balitz bezala, Europar Batasuneko herrialde batzuetako agintariak, Alemaniakoak barne, derrigorrezko soldaduskaren mamua zabaltzen ari dira, besteak beste. Badirudi otsoa datorrela, berriro ere beldurraz baliatzen ari dira horri aurre egiteko eta martxan zegoen gerra ekonomiaren gizarte eredua areagotzen.

Euskal Herrira etorrita, gogoratu behar da, alde batetik, 1986ko martxoaren 12an, Euskal Herriak NATOn sartzeari ezezko borobila eman ziola, egin den erreferendum bakarrean. Bestetik, EH Bildu osatzen duten zenbait alderdi politikok eta Euskal Herriko gazteriak izan zituzten aurrekari antimilitaristak azpimarratzea garrantzitsua da.

Aurreko guztia kontuan hartuta, EH Bildu koalizioak, 2024 urteko martxoan, horren guztiaren inguruan zer esana duela aitortu behar du, Euskal Herrian gizarte eragile garrantzitsuenetako bat den heinean; are gehiago, bere burua politikoki ezkerrean kokatzen badu eta, ondorioz, herritarron eskubideak erdigunean kokatzen eta defendatzen baditu. Euskal Herriko gizartearen etorkizuna arriskuan jarriko lukeen Europako egoera geopolitiko arriskutsu eta larria ikusita, orain eta ez beranduago, EH Bilduk, ezinbestean, gaiari heldu behar dio. Horregatik, Europan dagoen gatazkaren egoera mahai gainean jarri eta plazaratu egin behar du. Hala nola gertatzen ari denaren informazioa gizartean zabaldu behar du. Bestalde, eztabaida zintzoa sortu eta bultzatu behar du, NATOren eta inbertsio funtsen menpe dauden hedabideetatik at. Bai ala bai, antimilitarismoaren bandera erakutsi behar du eta bakearen sustatzaile sutsu bilakatu. Ezin da ukatu horretan EH Bilduren ardura.

Nahiz eta gaia Euskal Herritarrentzat “nuklearra” izan, zoritxarrez, EH Bilduk ez dio eman gaiari merezi duen garrantzia; alde batera utzi duela dirudi. Euskal gizartearekiko arduraz eta zintzo jokatuz gero, eragiteko eta bultzatzeko garaia ailegatu da.

Beraz, horren guztiaren inguruan EH Bilduk duen ardura kontuan hartuta –alde batetik, EH Bildu EAE gobernatzeko eta gidatzeko nahian dagoelako eta, bestetik, erkidegoko hauteskundeak apirilean eta Europakoak ekainean izango direlako–, ondorengoa eskatzen dizuet:

Beste aldera ez begiratzea, kalkulu elektoralistak alde batera uztea eta ezinbestean, esandakoaren sustatzaile bilakatzea eta erronka horri heltzea. Finean, euskal komunitatearen eta bere herritarren eskubide naturalen benetako defendatzaile prestua izatea.

Hori egin ezean, argi geldituko litzateke EH Bilduk euskal herritarren, jende arruntaren, zein euskal langileriaren interesak defendatzen ez dituela. Eta horren ordez, beste interes batzuen defentsan edota beste batzuen interesak defendatzeko dagoela adieraziko luke.

Benetako gidaritza martxan jartzeko unea orain da!

Ez galdu aukera, hobe berandu inoiz ez baino.

Rafa Beloki Zapirain

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude