1977ko Amnistia Legea indargabetzeko edo zuzentzeko eskatu dio Espainiako Estatuari Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak ostegun honetan. Iraganean egindako giza eskubideen urraketak argitzeko helburuarekin proposatu dute neurria.
Batzordeak “larritasuna” adierazi du Espainiak 1977ko Amnistia Legea mantentzeko duen jarreraren aurrean: “Legeak iraganeko giza eskubideen urraketak aztertzea galarazten du, batez ere tortura delituak, behartutako desagertzeak eta exekuzio sumarioak”.
Desagertutako pertsonen bilaketan, lurpetik ateratzean eta identifikazioan dauden hutsuneengatik eta gabeziengatik kezkatuta agertu dira Batzordeko adituak. Lan hauek familien esku uzten dituztela salatu dute, eskualde batetik bestera biktimen artean desberberdintasunak eraginez.
Adituek artxiboetarako sarbidean zailtasunak daudela ere kritikatu dute, batez ere artxibo militarretara, eta horrek ikerketetarako oztopo gehiago dakartzala nabarmendu dute.
Ikerketak aktiboki bultzatzeko eskaria egin dio Batzordeak Espainiari, iraganeko giza eskubideen urraketa guztiak aztertzeko: “Estatuak bermatu behar du ikerketa bidez erantzuleak topatzea, hauek epaitzea eta dagozkien zigorrak ezartzea”.