Musukoaren xarmagarria


2021eko otsailaren 18an - 10:07

Nork esango zigun, duela urtebete edo, aurpegiaren beheko erdia estaltzeko –ezpainak, sudurra, kokotsa– erabiltzen dugun tanga moduko hori, niqab arabiar saudiaren antzera begietarako zirrikitu bat baino uzten ez duena, edozein mendebaldar dezenterentzat kuestionaezina eta saihestezina bihurtuko zenik?

Badira erresistentziak oraindik, jakina; batzuek diote ez dagoela zientifikoki frogatuta birusen transmisioa eragozteko duen eraginkortasuna, edo arazo larriak eragiten dituela osasunaren beste zenbait esparrutan. Zenbait ikerketa serio ere egin dira, alarma batzuk pizteko gai izan direnak (esate baterako, orain gutxiko Corona children studies "Co-Ki": First results of a Germany-wide registry on mouth and nose covering (mask) in children. Edo ARGIAk argitaratutako Ez jarri maskararik haurrei, umeen beldur diren helduek jar dezatela zioen elkarrizketa). Batzuek –denok ezagutzen ditugu, ez dut hemen hitz madarikatua erabiliko– gogoratzen dizkigute OMEren zalantzak eta beste zenbait arrazoi, baina bistakoa da hori guztia baztertu beharrekoa dela arrazoi sinple batengatik: niqab-aren edo burka-ren derrigortasuna ez delako “zientifikoki egiaztatu” behar den zerbait. Beste esparru bateko kontuaz ari gara afera horretan.

Lizunkeria

Gai honen gakoa 2020ko martxoko Byung-Chul Han filosofo korear- alemaniar ospetsuaren hitzek eman zidaten, Europan musukoak modu masiboan ekoizteko eta banatzeko baliabiderik ez genuela egiaztatzen ari zenean. Honela zioen Hanek, mendebaldeko hizkuntza handi guztietara itzulia eta egunkari nagusietan argitaratua izan zen artikuluan: “Europako herrialdeetan ia inork ez du maskararik erabiltzen. Batzuek bai, baina horiek asiarrak dira. Europan bizi diren nire herrikideak kexu dira arraro begiratzen dietelako eramaten dituztenean. Horren atzean, desberdintasun kultural bat dago. Europan, aurpegia agerian eramateko ohiturak berarekin dakarren indibidualismoa da nagusi. Maskaratuta dabiltzan bakarrak kriminalak dira. Baina orain, Koreako irudiak ikusita, hainbeste ohitu naiz pertsona maskaratuak ikustera, ezen Europako herrikideen aurpegi biluzia ia lizuna iruditzen baitzait. Nik ere musukoa eraman nahi nuke, baina hemen ez daude” (La emergencia viral y el mundo de mañana. Byung-Chul Han, el filósofo surcoreano que piensa desde Berlín, zioen El País egunkariak 2020ko martxoko 22an ). Hanentzat, beraz, “kulturala” da dugun arazoa: aurpegia agerian eramatea gure indibidualismoari dago atxikia. “Indibidualismoak jo gabeko ekialdetar gisa”, ia lizunak egiten zaizkio europarron musu estalkigabeak.

Hilabete gutxi batzuetako kanpaina bortitzak eta zigor-neurriak –salaketak, isunak, kaleratzeak, kartzelaratzeak...– nahikoak izan dira “mendebaldeko indibidualistak eta ekialdeko kolektibistak” bereizten zituen kultura-amildegia desagerrarazteko: dagoeneko, guretzat ere, lizuna bihurtzen ari da estalirik gabeko musua.

Lizunak ziren, nire amaren garaian, belaunak agerian uzten zituzten neskak, edo, bainujantzia soinean, “larrugorritan” itsasoan bainu bat hartzera ausarten ziren emakumeak. Lizunkeria hutsa da, egun ere, oin biluziak erakustea Txinan –ez zen lizuna, aldiz, neskatxen oinak estu lotzea, Maok debekatu zuen arte, bazterren batean oraino jarraitzen badu ere ohitura zaharrak–. Lotsatzen gara jendaurrean gure genitalak ageriaz, eta lizuntzat dugu hori nahita egiten duena (antzinako Grezian izan ziren filosofo ero batzuk larrua jo eta kaka eta pixa denen aurrean egiten omen zutenak: “zakurrak” –zinikoak– izendatuak izan ziren horrexegatik). Misiolari europarrek Amazoniako tribu bat aurkitzen zutenean hartzen zuten lehen lana haien lotsak estaltzea zen, hura baitzen kristauentzat Infernuko Etsaiaren eskuetan zeudelako seinalerik argiena –hamarkadak pasa zituzten, sarraskitzen zituzten bitartean, salbai haiek arimarik ote zuten ala ez erabaki beharreko eztabaida teologiko sakonetan–. Lotsatu egiten gaitu biluztasunak, eta erabat aztoratzen besteen begien aurrean lizun geratzeak –behin baino gehiagotan egin dut amets kalean biluzik nabilela, eta ez da batere sentsazio atsegina izan–.

"Han-entzat, beraz, “kulturala” da dugun arazoa: aurpegia agerian eramatea gure indibidualismoari dago atxikia. “Indibidualismoak jo gabeko ekialdetar gisa”, ia lizunak egiten zaizkio europarron musu estalkigabeak"

Baina ar bortxatzaileak ez du lizuntzat bere zakil hanpatua erakustea, eta, bere balentria amaitutakoan, ondo jantzi eta bere andrea eta haurrak samurki musukatuko ditu, agian. Arma falikoak ere –sastakaia, pistola edo kanoia– ez dira lizunak etsaia akabatzeko erabiltzen direnean, gure aurrekontu publiko humanitarioek erakusten duten eran: ez ditugu lizuntzat geure gorputza eta haren luzapen teknikoak, aginte-arma gisa erabiltzen ditugunean. Egia da nekeza egiten zaigula gisa horretako mugak zehatz-mehatz marraztea, eta gero eta gehiago erabiltzen dugu “obszeno” hitza, edo “gordina”, goseak akabatzen dituen haurrez aritzerakoan, haur bortxatuez, sabela labanaz ebaki eta eraildako ama umedunez… Antzeko zerbait sentitu omen zuen Henry Dunant bankari suitzarrak 1859ko ekainaren 24an Solferinon suertatu eta berrogei mila soldadu odoletan hil urren abandonatuak topatu zituenean, Austriako, Frantziako eta Piemonteko armaden arteko bataila izan berritan. Haren erreakziotik sortu zen Gurutze Gorria, gerrak gorputzez gorputz borrokatzen ziren sasoi haietan. Gerora, beste modu batera sarraskitzen da jendea, eta nahikoa izan zen bonba bakarra Hiroshiman 100.000tik gora gorpu uzteko, eta beste hainbeste larriki zauritzeko. Ez dut uste egun soldadu estatubatuar batek Las Vegaseko bunker batetik droneak zuzentzen dituenean, Play Station jokoan ariko balitz bezala, Afganistango eztei edo bataio baten ospakizunetan dagoen jendea birrintzeko, lizunkeriatan dabilelako inpresioa izango duenik. Jendearen eta haren oihuen, odolaren eta erraien entzun ikusezinak edozein sentimendu indargabetzeko gai da, harrotasunarena ez bada. Gero eta gordinago egiten zaigu hiltegi batean animaliak akabatzen ikustea, ez ordea platerean okela egosia ikustea –gero eta farmazia itxura handiagoa hartzen ari dira gure harategiak–.

Geure gorputzera itzuliz, lizunak egiten zaizkigu erraien antza izanda azalean ageriko direnak: zakilak, aluak, ezpainak, titiburu hanpatuak… Denok dugu gure eta gainontzekoen gorputzekiko harreman zaila, eta horrek behartzen gaitu distantzia egokiaren bilatzera. Are gehiago parte erotikotzat ditugun horiekikoa, denok baitakigu haien pertzepzioak edo erabiltzeak gure alderik sakon, kezkagarri eta kontrolatzen zailekin jartzen gaituztela kontaktuan: gure alderik aberekoienarekin. Horregatik, jendearen ohituren diziplinatzearekin obsesionaturikoentzat, zorrotz arautu beharreko eta etengabeko liskar-eremu bihurtu dira, betidanik. Egia da, baita ere, orain mende batzuetako jendarte diziplinarioetatik beste aldarte bat erakusten eta sustatzen duen kontrol eredu sozial batera igaro garela, non xaxatuak garen kontsumo konpultsibora, eta, horren baitan, merkantzia moduan agertzen diren gorputz hiper-erotizatuen exibiziora eta gozamenera. Azalean geratzea litzateke pentsatzea bi eredu horiek kontrajarriak daudela, modu ordezkatu edo osagarrian aktibatzen baitira.

Arnasa

Bizirik irauteko ditugun organorik nagusien artean, birikak lirateke “lizunenak”, haiek baitira kanpoaldearekin harreman zuzena duten bakarrak. Beste laurek (bihotza, gibela, giltzurrunak eta pankrea-barea, “bost organoen” txinatar tradizioan, baina horretan ez da ezberdina anatomia-fisiologia modernoa) ez dute kontaktu zuzenik airearekin edo larruarekin; eta ez da harrigarria larru-azala eta birikak sistema organiko berekoak kontsideratzea tradizio hartan. Arnasa gelditzen bada, berehala hiltzen gara, baina bera da, gainontzeko funtzio bitalen artean, modu automatikoan funtzionatzeaz gain, modu boluntarioan ere molda litekeen bakarra. Bera da, era berean, funtsezko funtzio organikorik malgu eta “emozionalena”, gure lehentasun metabolikoetara egokitzeaz gain, gure aldartearekin ere moldatzen baita. Nerbio-sistema autonomoak funtzio metaboliko horiek erregulatzen ditu –lo edo eri garenean, esaterako, desintoxikazioa lehenetsiz–, eta guk uste baino sotilagoa da: berak lehenesten du, adibidez, ezkerreko ala eskuineko sudur-zulotik arnasa hartzea, minutu gutxiren tartez txandakatuz, eta modu horretan garuneko hemisferio bati ala besteari lehentasuna ematen dio, norbera konturatzen ez bada ere. Beldurrak gure arnasketa inhibitzen edo azkartzen du, eta gauza bera gainerako emozioek. Horregatik, arnasketaren edozein asaldurak edozeinen egoera orokorra erakusten eta baldintzatzen du, eta ez soilik organikoki edo emozionalki, baita gure funtzio kognitibo edo mental guztien gaineko eragin zuzenez ere.

"Irizpide arrazionalak ezar litzaketen azterlanak ez dira iritsiko, eta “herritar arduratsuen” eta “soziopata negazionisten” arteko borroka groteskoak bere horretan jarraituko du"

Norbere arnasketa eta besteena behatu duen edonork daki gure arnas ahalmena egoeraren arabera eraldatzen dela: ez dugu modu berean arnasa hartzen giro lasai eta zabalean edo ingurune toxiko batean. Toraxa eta abdomena bereizten eta lotzen dituen diafragma dugu bularra, eta sabela bereizten eta elkartzen duen arnas muskulu nagusia. Arnasketa bezala, bera ere nerbio-sistema autonomoak erregulatua da, eta, hura bezala, nahita ere kontrola liteke. Zoritxarrez eta horren kontzientziarik gabe, diafragma kronikoki blokeatuta daramagu gehienetan, esna gaudenean batik bat. Blokeo horrek neketsuagoa bihurtzen du arnasketa, esfortzu handiagoa eskatzen baitu bularraldeari eragiteak diafragma bere horretan lanean uzteak baino, eta, pixkanaka, oszilazio txiki batera murrizten da gehienon arnasketa, toraxaren goiko eta azaleko zatira, alegia. Haren ondorioa: apatia, kongestio eta nahasmen-sentsazio lauso ala agerikoa, emozionala nahiz mentala, grisa deritzoguna, gero eta nabarmenagoa den bizitasunaren galtzeari eta krispazioari lotua, gero eta gogorragoak bihurtuz geure aurpegiak, grisagoak, hauskaragoak.

Esan bezala, hori begien bistakoa da edozein behatzailerentzat, “zientifikoki” soberan frogatua, baina ez gaitezen nahastu oraingoan, musukoaz ari garenean. Nola izan hain gupidagabe, eta inor kutsadura hilgarrira kondenatu, salbatu ahal badugu ahoa eta sudurra estaliz, zirujauak bere lanean egiten duen moduan? Ez al gara kokatzen, neurri indiskriminatu horren aurka gaudenok –aire zabalean ere eta inor gabe ondoan, maskaratuak ibiltzeari uko eginez edo urkoa besarkatuz–, hainbeste infekzio hilgarri erditze lanetan saihestu ahal zituen eskuak garbitzeari uko egiten zioten emagin edo sendagile haien lekuan? Bai, hor kokatuko ginateke maskaratze orokorra aldeko eta kontrako alderdien arteko balantzea eskatuko lukeen zehaztasunez eta koherentziaz hartutako neurria izango balitz... Baina irizpide arrazionalak ezar litzaketen azterlanak ez dira iritsiko, eta “herritar arduratsuen” eta “soziopata negazionisten” arteko borroka groteskoak bere horretan jarraituko du, oso puntu gordinak –lizunak– ari baikara haztatzen. Kontu hau, halere, ez da horretara mugatzen. Estalki berria fetitxe liluragarri gisa izan baita ezarria, eta Erlijio Zientifikoaren apez berriek, populazioaren kontrolean tematurik dabiltzan guztien laguntzarekin, ez diote errazki uko egingo estalki xarmagarri horri.

Musukoa luzerako, betirako ez bada

Musukoa, musu hitzak gehitu dion samurtasun goxo horrekin – “Emoixtaxu muxutxue, maittie…”– geratzeko iritsi da. Marka indartsuegia da, edozein botere-sistemak hari uko egin ahal diezaion: aurpegi estali horiek guztiak, mehatxu erreal ala fantasmala etengabe gogorarazten digutenak, bestearekiko automatikoki alertan jartzen gaituztenak –ez hurbildu!, ez ukitu!– eta, horrekin batera, salbuespen-egoera orokor eta normalizatu bati bide emanez obedientzia itsua eta irrazionala justifikatzen dutenak, ez dira egun batetik bestera desagertzeko ezarri.

"Bere funtzionaltasun politiko handiagatik, alegia, ez da azterketa zorrotzik egingo edozein egoeratan eta nonahi musukoaren erabileraren alde onak eta txarrak baloratzeko"

Gainera –eta hor dago, agian, haren onarpenerako ezaugarririk eraginkorrena–, musukoa jartzen dugunean, automatikoki ipintzen dugu geure burua herritar arduratsu eta solidarioen artean: errugabeen aldean, alegia. Eta, kontrara, behar bezala erabiltzen ez dugunean, makurrekin, zikoitzekin eta arduragabeekin lerrokatzen gara –baina, tira, badakigu ia inork ez duela hori behar bezala egiten: nork aldatzen du, zintzo, bere musukoa hainbat orduero, edo iragazki garestiak erabiltzen, musukoen eraginkortasuna areagotzeko?–. Maskaren apologisten uneoroko mezuek –eta ahaztu inongo leku publikoan ahotsa izateaz zeure burua haien artean nabarmen ipini nahi ez baduzu– modu naturalez lotzen dute haren erabilera duintasunarekin, gutxieneko erantzukizunarekin, elkartasunarekin: “Egoera ezin larriago honetatik ateratzea gutako bakoitzaren erantzukizunaren mende dago” da mantra sakratua.

Bat-batean, modu magikoan eta automatikoki berdinduak geratzen gara amildegira garamatzan sistema zoroaren eragileak eta gainontzeko guztiak, eta azken hauen artean, baita aurrerabidearen izenean beren bizimodutik erauziak izan eta zabortegiren baten erdian bizitzera egunero kondenatzen diren milioika lagunak ere. Beno, azken hau ez da guztiz zehatza. Kutsadura hilgarrien, infekzio eta gose kronikoen infernuan bizitzera kondenatuak direnek askoz ere erantzukizun larriagoa dute hondamendian, gure burbuila immunizatua, “birusik gabea”, arriskuan jartzen baitute existitze hutsarekin: artean hilda ez egotearen delitu barkaezinaren errudun dira.

Azken arrazoi horiengatik besterik ez bada ere, egungo fetitxe nagusiaren funtzionaltasun politiko handiagatik, alegia, ez da azterketa zorrotzik egingo edozein egoeratan eta nonahi musukoaren erabileraren alde onak eta txarrak baloratzeko. Ikerketarik egiten ez diren bezala une historiko eta zibilizazio bakoitzean zehazteko zer den gisakoa eta zer lizuna. Erabaki bortxatu horien funtzionaltasunaren pisuak bilakatzen ditu “zentzu arrunteko”, modu automatikoan. Mozala tresna eraginkorregia da, lizunegia, botere ikaragarriz amildegian behera bultza eta egoerari “aurre egiteko osasun-neurriak” ezartzea ezinbesteko bihurtu duten guztientzat.

Nahiago nuke nire pertzepzioa erabat okerra izan, eta esandako guztian erratua egotea!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude