Militantzia


2020ko martxoaren 26an - 23:27
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

MILITANTZIA

"Martxoak 26" mugimenduko

nire adiskideei

Duela bi urte eskas elkartu ginen

zerbait egiteko

ezer gutxi izan arren

aberri domestikoaren alde

gaixoa hain zegoen izorratuta

 

hastapenean erru epel bat sentitzen genuen

hotzeria iragartzen duen sukar heze moduko bat

zeren noski norberak bere atsekabe-teoria aldarrikatzen zuen

gaizki-ulertze komunitarioa nolabait ere ulertzeko

 

berez gutxi ziren beren sumina edo nostalgia ezpata-zorrotik atera zutenak

eta etorkizunak bere bionbo lainotsuen atzean mantentzen zituen hondamendiak

soldatak txikiak ziren baina aldiz iragarpenak izugarri handiak

halere biltegizainak eta jostunak garai hartan jada hain ziren ergelak non ez baitzuten bermetzat

                   iragarpenik onartzen

 

krisi garratzetan eta hekatonbe gozoetan beti gertatu ohi denez

bereganatzaileek absentziak bereganatzen zituzten

alegia ez-egitez axolagabekeriaz zurigarriz

gainezka zeuzkaten beren kontzientziak eta barrakoiak

eta ondorioz askok ez zeukaten gosea zerekin hil

eta gosea torturatzera mugatzen ziren

 

bai pozik hasi ginela duela bi urte

asko elkartzen zer gutxi ginen jakiteko

eta aho batez onartzen munduaren eta bizitzaren desordena

eta zin egiten bibliaren gainean edo hobe behin-behineko araudiaren gainean

inoiz ez ginela ahaleginduko bizitza eta mundua guztiz ordenatzen

anabasa poliki-poliki antola zedin saiatuko ginela soilik

eta gizakiak bere zigorrak merezi zitzan baina baita bere sariak ere

eta batez ere ez zezan jaso sari edo zigorrik inoiz ez bazen haien hartzekodun egin

 

bat-batean hiltzen hasi ziren gure anaiak eta gure arrebak

eta lehenengo larritasun-okadan ohartu ginen ez geundela prest horrela besterik gabe bizitza

                   lapur ziezaguten

heriotza jada ez zen eremu desmilitarizaturen batean napalmez eta coca colaz erretako haur

                   vietnamdar bat

heriotza harrezkero zera zen negu bat hemen bonba bat hemen min bat hemen fusilamendu bat

                   bizkarretik tristura mugiezin doi-doi ikusgai bat berrehun zigarretaren kearen artean

 

ehun mila eztarritan ehun mila korapilo genituela

arratsalde batez lagunak eta maitaleak eramaten hasi ginen

la tejara del nortera el buceora

ahanztura ezaren kanposantu santura

eta orduan akabo festa eta festaren aldaera guztiak

milimetroz milimetro pentsatu behar izan genuen eginbeharraren lurralde zabala

 

argi dago herri bat ez dela hasten herri izaten harik eta singular bakoitzak bere pluralaren premia

                   sentitzen duen arte

eta hain zuzen ere pluralaren premiak eraman gintuen elkartzera eta elkarren aurpegiak eta elkarren

                   beldurrak eta elkarren ausardia ikustera

 

emaitza ez zen oso ugaria

baina bai nahikoa

ez da egia kemena palakadaka biltzen denik

kemena koilarakada txikietan jasotzen da

eta halere aski da

eta halere aski da nahiz eta sobera ez izan

 

baldomero zaharrak esaten zuen bezala

semeari berealdiko jipoia eman ondoren

metodo hau aproposa da guztiz

baina soilik bizirauleentzat

 

aitzitik ikasi genuen ezen militantzia

kondairek eta diskurtsoek hainbestetan indar-husturiko hitz hori

egoera zibila bezain gauza normala zela

eta tiranos temblad bezain kolektiboa

konturatu ginen ezen militantziak tradizioen alfabeto horrek

ez zuela ordea tradizionaletik maitasunak baino gehiago

 

jakina ez da hurraka hasteko modukoa

ez da oraindik unea garaipena ospatzeko

are gutxiago plaza erdian usoak askatzeko

edo itxaropenak eta kanpandorreak zarataka jartzeko

ezta tango malenkoniatsuengatik hosannak txistukatzeko ere

berez asko falta da bizitzeko eta hiltzeko

asko ikasteko eta desikasteko

 

historia beti bezala bihozkada bertutetsuz beteta dago

baina aldiz historiaren behe-auzo miseriazkoak

gainezka daude etsipen-simaurtegiz erresumin-kakategiz

borrokatzen direnak kalumniatzeko zepo ideologikoz

besteren adoreagatiko bekaizkeria zekenez

egia estaltzeko esaten diren egia-itxurako gezurrez

 

duela bi urte eskas elkartu ginen

zerbait egiteko

ezer gutxi izan arren

aberri domestikoaren alde

gaixoa hain zegoen

izorratuta

 

eta azkenean zerbait ikasi badugu

ulertu dugu gorrotoak ez duela askorik balio

baina are gutxiago balio duela barkamenak

 

beraz jakin bezate

zintzoek

erdipurdikoek

eta gaiztoek

ezen hemendik aurrera elkarrekin ibiltzen, hazten, bilatzen eta are kantatzen badugu

horrek ez duela inolaz ere esan nahi

barkatzen hasi garenik

 

elefante

memoria bat ere

bada militantzia.

 

 

1973ko apirila

MARIO BENEDETTI

(Itzulpena: Aiora Jaka Irizar)

 

** Poema hau Militantzia eredu zahar-berriak agertoki ezezagunetan Larrun monografikoan 251. alearen parte da.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Poesia
Beñat Arrutik irabazi du Donostia Kultura VII. poesia lehiaketa

Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko du, ekainean, Arrutiren estreinako literatur lana: Arkeologia haragitan.


2024-03-17 | Castillo Suárez
Autoatseginkeriaz

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen... [+]


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


2023-06-12 | Jakoba Errekondo
Ereiaroan izarren nekazaritza eta izar-ihintza

1966an Andima Ibiñagabeitia Idoiaga handiak Unai eta Alor-kantak itzulpena argitaratu zuen (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Virgilio (K.a. 70-19) latindar poeta ospetsuenetarikoaren idazlanak osorik bilduz. Izugarrizko saioa egin zuen itzultzaileak kultura klasikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude