Militantzia eredu zahar-berriak agertoki ezezagunetan

  • Hainbat lurralde, borroka eremu eta adineko militante taldea elkartu dugu Altsasuko Gaztetxean, herrigintzaren militantzia eta antolaketa ereduez taldean hausnartzeko: Jon Hidalgo, Ainara Kaltzakorta, Maia Ansa, Jon Mintegiaga eta Loretxu Berguniain. Zer militantzia ereduetatik gatoz? Zer jarraikortasun eta haustura antzematen ditugu? Zer militantzia eredu ari dira indartzen eta ahultzen egun, onerako zein txarrerako, euskal herrigintzan? Zeintzuk indartu beharko genituzke aurrera begira? Zer erronka politiko eta sozialei erantzun behar die herrigintzak egun eta etorkizunean? Nork bere sentsibilitate eta aktibismotik ekarpena egitea da proposamena, baina inor ezeren ordezkari izan gabe, ‘librean’ arituz. Aniztasuna nahasteko saiakera egin dugu, baina, esan gabe doa, kanpo geratu diren begiradak mahaiaren bueltan daudenak baino gehiago dira. Testura kolektibo eta borroka gehiagoren hausnarketak ekarriz aberastuko dugu solasaldiaren kontakizuna, osatuagoa izan dadin.


2020ko martxoaren 26an - 19:13
Joseba Larratxe, 'Josevisky'

2014an Joxemi Zumalabe Fundazioak Dabilen harriari goroldiorik ez (DHGE) liburua argitaratu zuen, militantzia ereduen inguruko hausnarketa mamitsua. 2012an eta 2013an Euskal Herri osoko hainbat mugimendurekin egindako hausnarketa saio kolektiboak dira lanaren oinarria. Saio haietatik ondorio nagusi bat nabarmentzen du DHGEk: “Militantzia politikoa aldaketa garaian dago”. Lau urteren ostean, 2018ko irailean, Iraultza Txikien Akanpada (ITA) ospatu zen Gipuzkoako Zubieta herrian. “Jendarte likidoak, militantzia likidoak?”, galdetzen zuen hausnarketa saioetako batek. Hurbildutako militante kopuru handiak kezka bizirik jarraitzen duela ulertarazi zuen. Bilgune Feministako ordezkariak herrigintza aldaketa aro sakonean murgildua zegoela bota zuen bertan, hori dela eta, militantzia ereduen inguruko hausnarketa egiten ari zirela propio.

Mudatze hori arnas luzekoa dela, indarrean jarraitzen duela eta erronka zahar-berriak dituela da erreportaje honetarako premisa. Baina auzitan jarri nahi izan dugu gure solaskideekin: “Bada aldaketa garaia?”, galdetu diegu. Baiezkoa nagusitu da erantzunetan, baina ñabardura garrantzitsuez lagunduta: militantzia ereduez hitz egin behar dugu, pluralean, lehen bezala orain ere praktikak anitzak baitira; hausturak ez ezik jarraikortasunak ere badira; garai batean gutxiengoak edota minorizatuak ziren eredu batzuk hegemonikoagoak dira orain, eta alderantziz; aldaketa berezkoa eta etengabea da, azken urteetan indartsuagoa izanagatik.

SOLASKIDEAK. Jon Hidalgo, Ainara Kaltzakorta, Maia Ansa, Jon Mintegiaga (Loretxu Bergunian ez dago argazkian). Argazkia: Eneritz Arzallus

Jon Hidalgo Gereñu

Errekaleor auzo okupatuko eta
Hala Bedi hedabide
independenteko militantea

Ainara Kaltzakorta Urresti

Zubietako erraustegiaren aurkako borroka ekologistan militantea

Maia Ansa
Diez de Ure

Mugimendu feminista
autonomoko militantea

Jon Mintegiaga Oiarbide, 'Minde'

Ezker abertzaleko militantea
 hainbat antolakundetan

Loretxu Bergunian

Borroka antikapitalista eta komunitarioko militantea

Donostia, 28 urte. Intxaurrondon bizi zela Segin aritu zen. Urte batzuk Txilen bizitzen eman ostean, bost urte dira Errekaleorrera heldu zela. Kurdistanen izan zen 2019an, eta bertako eredu militanteek arrastoa utzi diote. Auzoan bertan, Hala Bedi-n eta “Gasteizko beste mugimendu batzuetan” militatzen du. Ondarroa, 26 urte. 14-15 urterekin herriko Gaztetxean hasi zen militatzen. Donostiako campusean ikasle mugimenduan, asanbladetan eta mugimendu feministan parte hartu zuen. Ikasketak amaituta Donostian jarraitu du, nagusiki erraustegiaren aurkako mugimenduan, GIpuzkoa Zutik moduko ekimenetan eta Firestone proiektu autogestionatuan inplikatua. Iruñea, 29 urte. “Gazte-gaztetan” auzoko Gazte Asanbladan ibili zen eta ondoren urte batzuk kanpoan eman zituen. Bueltatzean Gaztetxeetan eta mugimendu feministan murgildu zen. Farrukas kolektiboko kide izan da. Egun feminismo autonomoan du bere militantziaren zutoina.

Ibarra, 40 urte.   Herriko Gaztetxean hasi zuen bere militantzia, Ikasle Abertzaleak eta Jarrai antolakundeetan aritu zen ondoren. 23 urterekin espetxeratu zuten ETArekin kolaboratzeagatik. Behin kalean Herrira mugimenduan militatu zuen, elkartea ilegalizatu eta beste kide batzuekin batera berriz ere espetxeratu zuten arte. Egun Sortuko militantea da.

Makea, 38 urte. Autogestioaren inguruko ekimenetan hasi zuen bere militantzia, herriko Gaztetxean edo Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalean. Denbora bat eman zuen Euskal Herritik kanpora. Aranon bizitzen hasi zenetik okupazio mugimenduan dabil batik bat, ikuspegi autonomoan oinarrituta.

 

Baiezko ñabartuarekin, lehengo galderaren segida mahaikideei: “Zeintzuk dira aldaketen motiboak?”. Hotz dago giroa oraindik, joango da epelduz, baina isiltasunen artean hitzak heltzen doaz. Ezker abertzalearen estrategia aldaketak haren bueltako herri mugimenduetan eta herrigintzan oro har eragin handia izan duela azpimarratu du Bergunianek, 50 urteko borrokarekiko aitortza doinuan eta egungo jarrerekiko oso kritiko. Ziklo aldaketa horrek paradigma osoaren ordezkatzea ekarri duela dio Kaltzakortak: “Modernitatearen paradigma bat zegoen, influentzia handia zuena –etsai argia, garaipen egunaren iruditeria, gu indartsu eta sendoak...–, eta zikloa amaitzean postmodernitatea sartu da –likidotasuna, egia sendoen hauskortasuna, niaren protagonismoa...–. Ziklo politikoaren itxierarekin datoz ere norabide orokorren eta proiektu bateragarrien iruditegi eza, zein hainbat mugimenduren elkarrengandiko urruntzea”. Mintegiagak ezker abertzalearen estrategia aldaketari onuretatik begiratu dio: “Frankismoaren bueltan sortutako borroka epe berriak espazio asko ireki zituen, momentu batetik aurrera espazio horiek ixten ari ziren, eta bukatutzat eman denean berriz ere ireki dira batzuk. Herri mugimenduen loratze bat egon da ondoren, oso mugimendu ezberdinak”. Errepresio itogarriaren leuntzeak ere ahalbidetu du loraldia, bere ustean.

"Modernitatearen paradigma bat zegoen, influentzia handia zuena –etsai argia, garaipen egunaren iruditeria, gu indartsu eta sendoak...–, eta zikloa amaitzean postmodernitatea sartu da –likidotasuna, egia sendoen hauskortasuna, niaren protagonismoa...–"

Pentsionisten mugimendua, mugimendu feminista, errefuxiatuen aldekoa, etxegabetzeen aurkakoa, ekonomia sozial eraldatzailea, agroekologia eta kontsumo taldeak, ildo sozialista bultzatzen dutenak, apustu etxeen aurkakoak, komunitarioak, erabakitze eskubidearen edo independentziaren aldekoak, okupak... Azken urteetan mugimendu berri ugari sortu da, aspalditik lanean ari ziren batzuk nabarmen indartu dira. Militantzia ulertu eta praktikatzeko moduetan eragin dute, mudatzeen ondorio zein kausa dira aldi berean.

Aldaketen zergatiak ez ditugu soilik geure artean bilatu behar. Euskal Herriko gatazka armatuaren amaierak mundu mailako krisi ekonomikoarekin bat egin zuela gogoratu dugu, eta horrek baldintza berriak sortu zituela: amaitu da ongizate estatuaren paradigma Mendebaldean. Kolapso energetiko eta klimatikoa aukera erreal gisa eta ez oso urrutiko sentitzeak mugimendu ekologista (zahar) berriak hauspotu ditu. Herrialde Katalanetako borroka sozial eta politikoetara hurbildu da euskaldun asko ikasteko gogoz. Mundu mailako ezkerren porrotek, lorpenek eta borroka modu berriek ere izan dute eraginik euskal herrigintzan: plazetako mugimenduak, Abya Yalako (Latinoamerika) mugimendu herritarren zein ezkerreko gobernuen esperientziak, Greziako ikasgaiak, azken urteotako matxinadak kontinente guztietako herrialdeetan...

Konpromisoa: nola ulertu, nondik sustatu

Militantzian ematen ari diren aldaketak zeintzuk diren zehaztu nahian hasi gara. Bilgunek hiru behintzat azpimarratu zituen ITAko hitzaldian: iraultzaren paradigma aldatu da, eta ez dago estrategia bateratu bakar eta heroikorik; bizitza ereduak asko aldatu dira eta horrek militantzia ulertu eta praktikatzeko orduan eragina du; komunikatzeko moduak eta abiadura erabat aldatu dira.  Altsasuko solaskideen lehenbiziko hitzek sakrifizioa vs plazera ustezko dikotomiara garamatzate. Kurioski, DHGE liburuak hor kokatu zuen ere aldaketa nagusia: “Gure militantzia bi poloen artean marrazten ari garela iruditzen zaigu. Sakrifizioarekin lotura handia zuen eredua indarra galtzen ari da. Konpromisoa, pozarekin, alaitasunarekin, asetasunarekin, norbere identitate pertsonalarekin kontrajartzeari uko egiteko joera nabarmentzen da”.

"Oso ondo
ikusia zena orain
gaizki ikusia da: ‘Baina zuk zergatik behar duzu
hainbeste militatu,
zer arazo pertsonal ari zara ezkutatzen?’”

Konpromisoak lausotu egin direla dio Hidalgok, “egoera lasaitzearen” ondorio litzatekeena maila batean. Borroka armatuak eta bere iruditeriak –bizitza literalki arriskatzen duten militanteen existentziak, presoak, errepresioak...– konpromiso maila handiak eta sakrifizio oso eskuzabalak elikatu ditu urteetan herrigintzan, baita ezker abertzaletik kanpo ere. Baina beharra bertute bihurtu da askotan, eta militante sakrifikatuaren eredua oso maskulinizatua egon da. “Militante estereotipo horri, gizon, indartsu, ahuleziarik erakusten ez duena, feminismoak egin dio kristoren ekarpena” dio Hidalgok. Hariari heldu dio Ansak: “Duela bospasei urte, militantzia eredu klasiko hori esplizituki zalantzan jartzea gaizki ikusita zegoen. Azken urteetan zenbait gauza politizatzea lortu da: zurruntasuna eta malgutasunaren arteko oreka, proiektua-taldea-nia hirukia, zaintzaren lanketa...”. Eredu hori eraldatzea lortu den zalantza du, halere: “Diskurtsoan bai, baina erlazionatzeko eta boterea  praktikatzeko moduetan zenbait dinamika ez dira asko aldatu”.

Hariari kontrako muturretik heldu diote mahaiaren bestaldetik. Militanteen artean plazeraren gehiegizko goratzea ere badagoela kritikatu du Bergunianek: “Zaindu zure burua, asteburuan mendira joan behar duzu... oso ondo ikusia zena orain gaizki ikusia  da: ‘Baina zuk zergatik behar duzu hainbeste militatu, zer arazo pertsonal ari zara ezkutatzen?’, esaten dizute”. Irribarre ulerkorrak jaso ditu solaskideen artean. Militantzia ahalik eta asegarriena behar duela bai, baina sakrifizioa ere aldarrikatu du Hidalgok: “Nik militantea sakrifizioarekin lotzen dut. Konpromisoak mailakatu gabe eta besteei ezer exijitu gabe. Baina militante sentitzen garenok besteentzako ari garela egiten izan behar dugu presente. Justizia kondizioetara heltzeko gehiago ematen dutenak dira militanteak”.

Konpromisoa lausotu da? Edo eraldatu? Solaskideetako batzuek erritmoak gutxitu izana zalantzan jartzen dute, beste batzuek badute beherakadaren sentsazioa. Gutxitzeaz baino “eraldaketaz” mintzatu zen Bilguneko ordezkaria ITAn. Antzeko bidetik jo zuten Ernaiko bozeramaileek urtarrilaren 5ean Naiz-i eman zioten elkarrizketan: “Askotan esaten da konpromiso falta ikusten dela belaunaldi berrietan, baina uste dut militatzeko beste modu bat dagoela. Lehen konpromisoa 24 orduko bilerak egitea zen, eta orain belaunaldi berriek esparru guztietan militatzen dute; kirol taldean, naturaltasunez militatzen dute sare sozialetan.... Horrekin ez diot garrantzirik kendu nahi taldean militatzeari”. Langile klasearen eta sozialismoaren bueltan sortu diren gazte mugimenduen testu eta moduetan, konpromisoa eta diziplina goratzeko joera dago.

Argazkia: Eneritz Arzallus

Nondik piztu konpromisoa? Hausnarketa arrazionalari zentralitatea ematen dion kultura politiko batetik gatoz. Horri uko egin gabe, bestelako elementuak pisu handiagoa hartzen ari direla nabarmena da. “Intuizioa” eta “zapalkuntzen esperientzia” aipatu zituzten Ernaiko kideek elkarrizketan; “Gorputzetik pasatzen diren gauzak beste modu batera eramaten dira militantziara” ,dio Bergunianek; “Nire buru mendebaldar honek ziurtasun arrazionalak eskatzen dizkit, baina askoz emozionalagoa da ematera eramango zaituena”, Hidalgok. Orain horren onarpen handiagoa dago eta horrek indar gehiago aska ditzake, baina ziurrenik erregaia beti izan da praktikan emozionalagoa –Galeanoren hitza maileguan hartuta, ‘sentipentsalariak’ garela onartzetik: pentsatzen dugunak eragina du gorputzean, bizi dugunak pentsamenduan–.

“Guraso zuriek esaten digute: pentsatzen dut, beraz banaiz. Baina barruan daramagun ama beltzak –poetak–  ametsetan xuxurlatzen digu: sentitzen dut, beraz aske izan naiteke” (Audre Lorde)

 

Militantzia hauspotuko duen zaintza

Zaintza zeharka agertu da jada hainbat aldiz elkarrizketan. 60 urteren bueltan zebilen emakumezko militante antiarrazista eta feminista bati hitzaldi batean aditutakoa ekarri dugu hizpidera. Kideen zaintzaren beharra zenbaitetan aldarrikatu eta gero, amaitu zuen: “Ea, zaintza zaintza zaintza... bai, zaindu behar dugu elkar, zaindu behar dira pertsonak... baina zaindu behar ditugu gure antolakundeak ere! ‘Ez noa kartelak jartzeko hitzordura ez dudalako gogorik, eta zaindu beharra dut’ modukoak aditzeaz gogaitua nago!”. Barreak piztu dira.

“Askotan zaintza aitzakia gisa erabilia da”, dio Ansak kontakizunari lotuta. Konpromiso eza askatasunez mozorrotua. “Feminismotik zaintzaren irakurketa kolektiboa da, beste hori da indibidualista”, hausnartu du Kaltzakortak, “Elkarren zaintza komunitatea egiteko”, osatu Bergunianek. “Nik ere badut mutil alfa planta egiteko joera, gai naiz, gai naiz...”, jarraitu du autokritika zirtolarian, mahaikideengandik konplizitate keinuak jasoz. “Autozaintza garrantzitsua da”, jarraitu du Hidalgok: “Norberak izan behar du kontziente noraino eman nahi duen militantzian. Garai batez uzteko edo... beti ere zaintza kolektiboa bermatuz”. Baiezkoa orokorra da. Ez baitira gauza berbera norbanakoaren zaintza eta zaintza indibidualista.

Militantzia ereduen inguruan Joxemi Zumalabe Fundazioak antolatutako kontraste saioa (2013). Argazkia: Joxemi Zumalabe

Arnas luzeko militantziak eraikitzeko ezinbestekoa da zaintza. “Injustizien aurkako borroka batez ari bagara, bizi osorako borroka da, fase ezberdinak dituena. Eta konpromisoak benetakoak badira, une batzuetan sufritzea tokatuko da, barruko zein kanpoko faktoreengatik”, gogoetatu du Mintegiagak. Adostasunak bildu ditu ideiak. Herrigintzan “azken urteetako ekarpen politenetakoa” arrail horretan egin dela uste du, bi ekimen oso ezberdin aipatuz: Joxemi Zumalabe eta Harrera Elkartea. Zaintza bada ere bizitzaren fase ezberdinetan sortzen diren beharrei eta baldintzapenei tokia egitea, militantzia gaztetasunera mugatzea nahi ez bada: ordutegiei, kezkei, soldatapeko lanaren baldintzapenei, haurren, zaharren edo ezinduen zaintzei... Militantziaren eta konpromisoaren ulerkera bera eraldatzeak lagundu egingo liguke bizitzaren eta militantziaren arteko banaketa artifiziala auzitan jartzen, borroka aberastearekin batera. Joxemi Zumalabek DHGEen proposatu duen bezala: “Espazioen eta denboren fragmentazio horretan, militantzia eremu oro josten duen esparru gisa birpentsatu genezake: lan esparrua militantzia esparru bihurtuz, militantzia esparrua arlo erlazionala asetzeko esparru eginez, etxetik barrurako eremua militantzia eremu eginez. Horrenbeste aipatu izan den 24 orduko militantzia, bizi eredu moduan ulertu beharko genuke, eta ez horrenbeste disposizio moduan. Borrokaz bizi leloa edukiz betez”.

“Askotan pentsatzen dut gu, iraultzaileok, sistema kapitalistaren modukoak garela. Gizon eta emakumeengandik beren onena ateratzen dugu, eta ondoren lasai-lasai geratzen gara beren egunak abandonuan eta bakardadean nola amaitzen diren ikusita” (Emma Goldman)

 

Egunerokotasunaren epika isila

Epikan arreta jartzen zuen borroka iruditegi baten aldean, egunerokotasunean kokatzen duen beste batek hartu al du pisu gehiago herrigintzan egun? Batetik, garaipen egunari eta gertakari zehatzei loturiko iraultzaren epika, masa borrokari, konfrontazioz erdiesten dena, kanpoan eta goian dagoen boterea garaituz eta eskuratuz lortzen dena; bestetik, eraldaketa geldo akumulatiboei eta prozesuei loturiko iraultzaren egunerokotasuna, alternatibak txikitik eraikiz eta bizitza esparru oro politizatuz hezurmamitzen doana, boterea auzitan jartzen duena.

Baiezkoak orokorrak dira mahaian, eta galderak hausnarketa berriak sortuko ditu. Modernitatetik postmodernitaterako igarobidea ikusten du hemen ere Kaltzakortak: “Orain garaipen handiaren ideia ez dago, sakrifizioa eta epika ulertzeko moduak aldatu dira”. Hausnarrean dago Mintegiaga: “Bagenuen nolabaiteko uste bat: noizbait, nonbait, norbaitzuek gauza batzuk konponduko zituztela edo behintzat baldintza egoki batzuk jarri. Baina heldu da une bat non gutako bakoitzak atera beharko ditugun babak heltzetik”.

"Beste modu batean bizitzea nahi izan behar dugu. Mentalitateen eraldaketa hori
 oso geldoa da, pazientzia iraultzailea
eskatzen du”

Bigarren borroka eta militantzia mota horietako batzuen ikusgarritasuna txikiagoa da, eta horrek ez du zertan gabezia izan behar: “Ez da propaganda lehenesten. Edo, bi ordez lau gurasodun familia sortu baduzu, ez duzu ikusgarri egin nahi, bizi nahi duzu”, dio Bergunianek. Arnas luzeko begirada gehitzen dio horri Hidalgok, mentalitateak jarriz erdigunean: “Jendarte kapitalista heteropatriarkalaren ilunak barnean ditugu. Irteera ez da boterea lortzea hortik agintzeko jendeari nola bizi. Beste modu batean bizitzea nahi izan behar dugu. Eraldaketa hori oso geldoa da, pazientzia iraultzailea eskatzen du, edo indigena”.

Argiak eta itzalak, bietatik dituzte termino egokiagoen faltan epikarena eta egunerokotasunarena izendatu ditugun bi paradigmek. Nola hauspotu ondoen bakoitzaren argiak, nola argaldu itzalak?: konfrontazioa eta alternatiben eraikitzea uztartuz; egunerokotasuneko lanean oinarritua dagoen eta aseko gaituen epika bat elikatuz; Botere Handiaren aurka borrokatuz eta aldi berean gure arteko botereak auzitan jarriz; txikitasuna oinarri baina handitzeari uko egin gabe... Paradigma berriak aurrekoak aberasteko erabili, ez blokean ordezkatzeko. Hausturak eta jarraikortasunak uztartu mutur batetik besterako pendulu mugimenduak ekiditeko.

Ez dugu Neguko Jauregia okupatuko. Ez goaz Bastilla okupatzera. Ez bilatu epikarik. Zeruak hartzea baino lurra lantzea da gurea. Ez espero epopeiarik. Heroi ahalguztidunaren balentriak baino, herritar xumeen auzolana dugu oinarri. Ez dago mitorik. Mirarietan baino eguneroko erabakietan sinesten dugu. Ez gaude fokuen argipean. Ez dugu mikrofonorik parean. Ez dugu alfonbrarik oinazpian. Baina gure txikitik gauzak aldatzen ari gara, emeki, ahoz aho, herriz herri, eskutik eskura. Nork bere gurutzada partikularra abiatu ordez, hautu komunak eginez. Taldean (...) Harrokeriarik gabe harro gaude. Izan nahi duguna egiteagatik, harro” (Errigora ekimena, 2020)

 

Eremu ezezagunetan barna

“Euskal herrigintza ez al da zuriegia, arazo sozioekonomiko larririk ez dutenek osatua, politizazio modu jakin batzuei mugatuegia?”, kezka bota dugu mahai gainera. “Sortzen ditugu konfort eremu batzuk, eta irekitzea edo lekua uztea asko kostatzen zaigu” dio Ansak. Autokonplazentzia ahoskatu du, gehienetan ez dugula nahi, eta nahi dugunean ezjakintasun handia dugula. Elkarrizketak beste intentsitate bat hartu du, hautematen da kezka teorikoak ez ezik bizipenak eta gorputzak zeharkatzen dituela gaiak. Orain urte batzuk eztabaida hauek teorikoagoak ziren, egun praktika eta saiakera zehatzetan errotuagoak daudela ematen du. Papergabeekin batera okupatzeko saiakera egin zuen batak; behar gorritik eta ez atxikimendu politikotik heldu diren pertsonekin bizita eta militantzia espazioa konpartitzen ari da bestea; hori bultzatu nahian ari da bere ondokoa. Gaia eremu askotan “puri-purian” dagoela dio hurrengoak, hezkuntzan edo Salda Badago jardunaldi feministetan sortu diren eztabaidak gogoratuz.

Konbentzimendua transmititu dute solaskideek, baina baita ezintasuna ere; talkak, noraeza eta itsuskeriak agertu dira, baina baita horiek iraultzeko saiakerak ere. Irekirik dauden borrokak dira, zauri irekiak daude, horregatik nahiago dute proiektu zehatzak ez aipatzea: “Nahasten da politizatutako jendea eta behar hutsetik datorrena, oso zaila da eta talkak sortzen dira. Oso interesgarriak dira, auzitan jartzen baitu nor den azpiratua. Denak gara desjabetuak, baina ez gara gu klase zapalduena”, gogoetatu du mintzakideetako batek. “Minimo batzuk ezarri ziren bertan bizi ahal izateko. Horietako bat asanbladetara etortzea zen. Arazoak orduan, ikusten duzu gure erritmoak eta moduak ez direla guztionak, orain ari gara pentsatzen afarien edo bazkarien bitartez egitea”, ezinegonez azaldu hurrengoak. “Egon da saiakerarik tradizio politiko oso ezberdineko edo gabeko pertsonak sartzeko. Esperientzia txarrak izan dira eta ondorio klasista eta arrazista batzuk izan ditu, berriz ere gaiari heldu eta buelta ematen saiatzen ari gara”, hirugarrenak.

“Gure mugimendu zuri klase ertainekoetatik Euskal Herria behetik eta ezkerretik eraldatu?”
Iraultza Txikien Akanpadako eztabaida saioa (2018). Argazkia: Erlantz aAnda

“Babestu beharra dugu proiektua eraldatzailea izan dadin, baina zabaldu beharra dugu bestela eraldatzailea izateari utziko diogulako”. Sentipenen sintesi ona izan daiteke. Nola egin? Nork bere behin-behineko erantzunak bota ditu mahaira. Haien bizipenetatik eta feminismoaren ekarpenetatik, “talka onartuta” da errepikatuena. Paternalismoak ekidinez. Ustezko ‘ez politizatuekin’ borroka egiteak gure buruak birpolitizatzeko ematen digun aukera aprobetxatuz (galdu ez dituzten ohitura komunitarioetatik, esaterako). Botere espazio herritarrak eta instituzionalak irabaziz. Gure agenda, lehentasun, metodologia, ordutegi... “zuri-payoak” auzitan jarriz. Pazientziaz, eta epe laburreko emaitzarik itxaron gabe –‘besteekin’ behar den pazientzia aipatzea ohikoa da, eta zein zaila egiten den. Lagunduko luke, akaso, kontuan hartzeak zer gutxi kostatzen zaigun gure buruekin pazientzia izatea ustezko politizatuoi. Gure espazio eta antolakundeetan eraso matxistak, arrazakeria, inposatzeak, diktadurak eta diktadoreak,  jarrera kontsumistak edo kontserbadoreak egonik ere, nola horiek ez diguten zalantzan jartzen gu iraultzaren bandokoak garenik (ez bada iraultzaren abangoardiakoak)–.

"Gure agenda, lehentasun, metodologia, ordutegi... 'zuri-payoak' auzitan jarri behar ditugu”

“Feminismoan bezala, pribilegiatuak atzean”, diote Ansak eta Kaltzakortak. Feminismoan antolatutako emakumeek ez digute uzten gizonoi lehen lerroa hartzen borroka antipatriarkalean. Baina baztertuen aldeko edo kapitalismoaren aurkako mugimendu herritarrak ez daude baztertuenez osatuak. Despribilegiatzea proposatu du Bergunianek: “Aita galdu nuen, herentzia nuen eta ez dut hartu. 500 euro badituzu bat-batean gorputzez bizi duzu zer den prekarioa izatea. Eta hala ere sare bat dut, indartsuagoa naiz. Despribilegiatzen ikasi behar dugu, bizipenetik egiteko”.

‘Besteak’ ez dira soilik migranteak edo azal zuria ez dutenak. Zer jarrera agertu ditu euskal herrigintza ‘politizatuak’ bere parametro ideologiko edo emozionaletatik urrun politizatzen eta antolatzen hasten diren herritar eta mugimendu ‘zuriekiko’? 15Ma, Jaka Horiak, Fridays for future aipatu ditugu adibide bezala, oso izaera eta bilakaera ezberdineko mugimenduak baina aipatu elementua dutenak komunean. Salbuespenekin bada ere, nagusikeria, mespretxua, gutxiespena edo ezikusiarena egitea ahoskatu dituzte mahaikideek. Jendarte osoarekin egin nahi bada aldaketa, ordea, horrelakoak aukera eta erronka bezala bizi beharko genituzke akaso –idealizazioetan erori gabe–.

Abya Yalako herrigintzak esperientzia luzea du pertsona ‘politizatuak’ eta ‘politizatu gabeak’ nahasten dituzten eta baztertuenak protagonista dituzten mugimendu komunitario erradikaletan, landa eremuan zein hirietan. Brasilgo Lurrik Gabeko Nekazarien mugimendua (MST) da ezagunenetakoa. Prozesua eta antolaketa eredua dira politizazio eta eraldatze prozesuaren ardatzak, eta formazioan edo hezkuntzan arreta handia jartzen dute. Hona hiri handi bateko aldirietan bizi zen emakume baten testigantza, MSTra batu eta bi urtera: “Orain badakit gai naizela. MSTkoak etorri ziren okupaziora gonbidatuz. Nik uste nuen MSTkoak terrorista batzuk zirela, hori zioten komunikabideek. Baina behar larria nuen, eta batu nintzen. Denbora honetan, kanpamendua defendatu dugu erasoen aurrean, ardurak izan ditut hezkuntzan, osasun arloan, segurtasunean... Lehen uste nuen ez nintzela ezertarako gai, ez ginela. Orain badakit banaizela, eta elkartuz gero bagarela”.

 

Agertoki gordinei erantzuteko gutasun berriak

Berandu da, hiru orduko kalaka doa eta aurpegi batzuei nekea nabari zaie, amaitzera jo behar dugu. Tartean formazioaren garrantziaz eta nolakotasunaz aritu gara, herrigintzako profesionalen hazkundeak edo liberazioek dakartzaten ondorioez, edo militantzia digitalaren erronkez eta arriskuez, baina ez da espazio nahikorik esandakoak aletzeko. Gako asko jorratzeko astirik gabe geratu gara halaber, lidergo motak edo antolakuntzaren dimentsioa kasu. Etorkizuneko erronkez hausnartuz amaitu nahi dugu, baina erronka horiek jendartea iraultzeko gaitasunak handitzea dutenez xede, hizketakideei galdetu diegu: jendartearen zer eboluzio irudikatzen duzue?

Egoerak okerrera egiten jarraituko du, solaskideen arabera. Sozialki, ekonomikoki zein maila nazionalean injustiziak, inposatzeak eta erasoaldiak sakondu egingo direla hurrengo urteetan. Zeintzuk dira agertoki horien aurrean herrigintzak dituen erronkak? ITAn Bilgune Feministak seinalatu zituenak jarri ditugu mahai gainean hausnarketa hauspotzeko: testuinguruaren aldakortasunari erantzunez, militantzia eta antolakunde ereduak etengabe azalberritzen asmatu; elkarren artean artikulatzeko “gugintza berri bat” garatu; zabalduta ere erradikaltasunik ez galdu.

"Besarkada" Artea Sarean (2019). Argazkia: Ecuador Etxea

Kaltzakortak erradikaltasuna mantentzearen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako iraganeko borrokekin lotura eta errelatoaren bataila ez galtzearena. Ezberdinekin lan egiteko prestutasuna  eta mugimendu zabalak aipatu ditu Mintegiagak. Herrigintzan nagusi diren lehentasunak auzitan jarri, baztertu edo bigarren mailan jartzearen alde egin du Ansak, beste batzuen behar eta desioei tokia egiteko. Elkartasuna eta kolektibotasuna berpiztu behar dela uste du Bergunianek, gurea eraikitzea eta etsaiarena oztopatzea lotuz. Umiltasuna, etika eta jendartearekiko eta kideekiko maitasuna proposatu du Hidalgok: “Alternatibarik ez dugu eta gure eztabaidetan murgilduta gaude, baina inori ez zaizkio inporta”.

Bilgunek proposaturiko gugintza horren beharra dezente zabaldu da azken urteetan, Euskal Herrian eta munduan. Sarrionandiatik Angela Davisera eta Rakel Gutiérrezera. Manifestu Komunistak bete zuen papera beteko duen manifestu berri bat aldarrikatzen dute askok; Cinzia Arruzzak, Tithi Bhattacharya eta Nancy Fraser-en %99rentzako feminismoa manifestuak helburu horri erantzun nahi dio. Euskal herriko hainbat familia politikoren ahotsetan entzuten dira horren aldeko mezuak, nor bere ikuspegitik arrazoituta. Gehiengoena eta erradikala izango dena aldi berean; egungo eta oinarrizko beharrei erantzungo diena iraultzei uko egin gabe; oraindik ditugun eskubide apurrak –borrokan irabaziak– defendatuko dituena, harago amesten jarraituz; aniztasuna eta batasuna uztartuko dituena.

"Erronkei erantzun ezean, beldurraren eta ziurgabetasunaren aurrean eskuinera begiratzen jarraituko dugu erantzun eta segurtasun bila”

“Gu berri bat sortzea klabea da aipatutako ardura guztiei irtenbidea emateko. Uste dut hemen gaudenak ados egon gintezkeela”, dio Kaltzakortak. “Kontua da nola, estrategia eta bitarteko ezberdinak planteatzen ditugu bakoitzak”, heldu dio kezkari Ansak. Ardatza komunitatea izan behar duela dio Bergunianek, erdigunean desjabetuak eta kanpoan “euskal kapitalistak” ikusten dituela. Mintegiagak feminismoaren edo pentsionisten eredua aipatu du, baina “txapela” eskainiko liokeen “mugimendu politiko” baten beharra dagoela deritzo. “Porrot batetik gatoz. Ez dugu horizonte iraultzaile konpartiturik, zentzu horretan gaude galduak. Oinarrira joan behar dugu eta mezua sinplifikatu langile masa zapaldu zabalekin konektatzeko”, hausnartu du Hidalgok.

Horizonte iraultzaile konpartitua edo gutasun berri hori gorputzetik, emozioetatik, sinesmenetik bultzatu daiteke neurri handi batean. Baina helduleku errealak, alternatiba sinesgarriak behar dira ere, sinesmena sineskeria ez bihurtzeko. Aldi berean, Kurdistanen esan ohi den gisan, “posible dela pentsatzeak egiten du posible”. Batera edo bestera erdietsi, gutasun sendo eta ilusionagarri batek militantzia asegarriagoak eta konprometituagoak ekarriko lituzke.

Datorrena aurreikustea gero eta zailagoa da. Ziurgabetasun garaiak bizi ditugu. 2008ko krisia eta eraso neoliberala gutxik aurreikusi zuten. Berdin koronabirusaren krisia ere, eta uneotan zer ondorio sanitario, ekonomiko, sozial edo politiko ekarriko dituen irudikatzea ere gaitza egiten da. Zer agertoki ezezagun sortuko dituzte koronabirusak, krisi ekonomiko berriek, kolapso energetikoak edo klimatikoak? Baina Parisko Komuna, Chiapas, 60-70 hamarkadetako Euskal Herriaren suspertze matxinoa, sobieten iraultza edo emakumeena ere inork ez zituen aurreikusi. Gaur borroka egiteko prest ez dagoen jende asko krisia gordinagoa denean batu daitekeela uste dute mahaikideek.

Taldeak elkar agurtu du, Hidalgo eta biok hausnarrean goaz Gasteizko bidean. Agian muturreko agertoki horiek heltzen direnerako ahalik eta prestatuen egotea da herrigintzaren eta militanteen zereginetako bat: gugintza olioztatua izatea, guztiontzako alternatiba sinesgarrien ereduak martxan, kaltetuenekin zubiak eraikiak, gure buruak eraldatuagoak. Bestela, beldurraren eta ziurgabetasunaren aurrean, eskuinera begiratzen jarraituko dugu erantzun eta segurtasun bila.

** Erreportaje hau Larrun monografikoaren parte da, Artea Sarearen Utopikoak baina inperfektuak eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko Miseriaren aurrean elkartasuna antolatu ekarpen idatziekin, eta Mario Benedettiren Militantzia poemarekin batera (poema osoa estekan).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agur Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude