Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak

  • Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra ezagutzeko sarbide aproposa da liburua.


2022ko otsailaren 01an - 23:34
Azken eguneraketa: 2022-02-02 00:51:25
Maryse Condé idazle guadalupearra (argazkia: blakes.fr).

Emmanuel Macron berandu zebilen egun hartan. “Beti interesatu izan zait Afrika eta bera [Maryse Condé] da Afrika zer den erakutsi didan idazleetako bat. Hunkitzen naute egin dituen borrokek eta, batez ere, bultzatzen duen sukar moduko horrek, indiziplina horrek, etengabe lekuz kanpo egote horrek”. Bitxia behintzat bada 2020ko maiatzean Frantziako presidenteak esandako hitz horiek berriz irakurtzea.

Errepublikako Merituaren Ordenaren gurutzearekin aitortu zuten duela bi urte Condéren ibilbidea, baina saria ematean ere, argi geratu zen ez dela horrelako tituluak jasotzen dituzten beste idazle asko bezalakoa. Ez da Frantziako mundu literarioarekin guztiz ondo konpontzen. Beharbada Guadalupen jaioa delako. Agian Guadaluperen independentzia babestu izan duelako. Segur aski beste gauza askorengatik ere bai.

Kontua da Macron berandu zebilela egun hartan. Bi urte lehenago Nobel sari alternatiboa jaso zuen Condék –Nobel ofizialetan izandako sexu-abusuen eskandaluengatik 2018an ez zuten saririk eman– eta horren ondoren sentitu zen Eliseoa behartua idazleari errekonozimenduren bat egitera.

Mundua zeharkatu duen bizitza

Idazleak etxean jaso zuen kultura, dena den, erabat frantsesa izan zen Joxe Mari Berasategi itzultzaileak Bihotza negar eta irri liburuaren sarreran azaldu duen moduan: Pointe-à-Pitreko (Guadalupeko hiri nagusia) burges txikien ikastetxeetan formatu zen eta bere patuak Pariseko goi-eskoletara bideratua zirudien. Baina behin Parisera joanda, ingeles letretan murgildu zen, eta garai hartako diskurtso anti-kolonialisten berri izan zuen. Lehen pausoa, bere jatorri guadalupearraz eta afrikarraz kontzientzia hartzeko.

1959an, Mamadou Condé aktore afrikarrarekin ezkondu ondoren kontinente beltzera joan zen bizitzera. Sustraietara itzulera izan behar zuen, baina gauzak ez ziren errazak izan ordutik aurrera ere: lau umeren ama zen senarragandik bereizi zenean eta hamabi urtean Ginean, Boli Kostan, Ghanan eta Senegalen bizi izan zen. Herrialde batetik bestera bizi izan da gero ere: Londres, Paris, Estatu Batuak eta, noski, Guadalupe. 2021ean egin zioten elkarrizketa batean esan zuen azkenik aurkitua zuela lasaitasun pixka bat. 84 urterekin.

Aurrena bizi, gero idatzi

Ibilbide hori ikusita, gutxi harrituko dira Condéren idazle-ibilbidea ze adinekin hasi zen ikusita. 40 urte beteak zituen lehen liburua argitaratu zuenerako. Baina hortik aurrera, ez du denborarik galdu, denetarik idatzi du: nobelak, saiakerak, antzezlanak, kontakizun biografikoak, gazteentzako liburuak... Nobelagile gisa lortu du mundu osoan sona, hala ere. Estilo oso pertsonalez aritu da bere eleberrietan kolonialismoaz, esklabotzaz, arrazakeriaz eta komunitate poskolonialetako izuaz.

Berasategiren itzulpenari esker orain euskaraz irakur dezakegun liburua hamazazpi narraziok osatzen dute, bakoitza gertakari nagusi baten ingurukoa. Denak lotzen dituen hari mehe bat ere bada, hala ere, itzultzailearen esanetan. Idazleak haurtzaroan eta nerabezaroan izan zuen transformazioaren kronika osatzen dute jarraian irakurrita. Garai hartan bizi izandakoak gogoetagai bihurtzen ditu: alienazioa, arrazak, arkeria, bortxaketa eta esplotazioa aipatu ditu, besteak beste, Berasategik.

Urrun geratu zaio gaur egungo Condéri liburu honetako gaztea. Adinean oso aurrera egina, gaur egun ezin du bere kabuz irakurri, ezta idatzi ere, baina audio-liburuak entzuten ditu eta belaunaldi berrietako idazleek argitaratzen dutena ere ezagutzen du –Leïla Slimani, Alice Zeniter eta Édouard Louis aipatu izan ditu adibidez–. Liburuak sortzen ere jarraitzen du, nobelak ez baitira derrigorrez teklatu baten aurrean eserita idazten. Aski da kontatzen duzun istorioa transkribatuko duen norbait. Richard Philcox senarrak bete du funtzio hori Condéren liburu berrienetan. 2021ean argitaratu zuen azkena, L'Évangile du nouveau monde.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude