Macronen diskurtsoa: poliziaren arrazakeriaz ez du hitz egin, arazoa pil-pilean egon arren

  • Ekainaren 14ko 20:00etan hartu du hitza Frantziako Estatuko presidenteak, koronabirusaren izurritearen testuinguruan egindako laugarren diskurtsoa plazaratzeko. Deskonfinamenduaren fase berriaz zehaztasunak emateaz gain, izurritearen biharamunaren "aro berria" zer-nolakoa izanen den zehaztu du, orokortasunean hitz eginez eta xehetasun gutxi emanez.


2020ko ekainaren 15an - 10:35
Frantziako Estatuko presidentearen diskurtsoa, ekainaren 14ean

Poliziaz hitz egin du, arrazakeriaz ere, baina ez poliziaren arrazakeriaz. Zehazki, polizia eta jendarmeek "Nazioaren aitortza eta botere publikoaren sostengua" behar dituztela erran du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. "Ordena errepublikarrik gabe ez dago ez segurtasunik ezta askatasunik ere. Ordenu hori poliziek eta jendarmeek dute segurtatzen”. Azken hauek egunerokoan hartu arriskuak aipatu baditu, Frantziako auzo txiroetako biztanleek poliziaren parean egunerokoan bizi diskriminazioak zein beldurrak ez ditu aipatu. Poliziaren datu ofizialei segi, iaz hemeretzi herritarrek bizia galdu zuten Frantziako poliziaren eskutan. 1977tik 2019ra, 676 herritar hil dituzte Frantziako poliziek edo jendarmeek, Basta komunikabide independentearen kontaketari segi.

AEBetan bezala, Frantziako Estatuan ere pil-pilean da poliziaren indarkeriaren eta arrazakeriaren gaia eta horri buruzko Macronen adierazpenak itxoinak ziren azken egunetan. Arrazakeriaren kontrako manifestazio historikoa egin zuten ekainaren 13an Parisen, La Vérité pour Adama kolektiboak deiturik. Hamar milaka lagun atera ziren karrikara, 120.000 antolatzaileen arabera:

https://twitter.com/laveritepradama/status/1271915541767356419?s=20

2016an poliziak hildako Adama Traoreri dagokionez justizia eta egia exijitzeko eta orokorki, Poliziaren baitan dagoen arrazakeria salatzeko sekulako lana egiten ari da Adama zenaren arreba bozeramaile duen kolektiboa.

Frantziako Estatuan 60-70eko hamarkadaz geroztik errealitate den arrazakeriaren gaia aktualitatean da azken asteetan, AEBetako George Floyd afro-amerikarraren hilketa salatzeko piztu mugimenduak akuilaturik. Haserre eta eskaera sozial horri buruzko aipamenik egin ez izanak asko erran nahi du.

Arrazakeriari dagokionez ere, Macronen adierazpenek ez dituzte arrazakeriaren kontra borrokan dabiltzanak ase. Alderantziz, militante askok haserrea plazaratu zuten sare sozialetan. "Borroka noblea" dela erranik, "separatista batzuk errekuperatzeko" arriskuaz hitz egin zuen, betiko "komunitarismoaren" mamua inarrosiz. La Vérité Pour Adama kolektiboak antolatu protestak "komunitarismotzat" jo izana deitoratu dute askok, argi utziz bide beretik segituko dutela arrazakeriaren aurkako borroka egiteko.

Kolonialismoaren eta esklabotasunaren aurpegiak diren estatuak kentzen dabiltzanen aurka ere kokatu da Frantziako presidentea: "Errepublikak ez du bere historiaren aztarna eta izen bakar bat ere ezabatuko. Errepublikak ez du estatuen buloirik kenduko".

Hori horrela, "arrazakeriari, antisemitismoari eta diskriminazioei dagokionez, gogorrak izango gara eta erabaki ausart berriak hartuko ditugu" esaldi orokorra plazaratu arren, ez ditu diskriminazio hau pairatzen dabiltzan herritarrak asebete. Argi gelditu da azken asteetan zabalduz doan herritar mobilizaziorik ez duela nahi presidenteak eta arrazakeriaren kontrako borroka Estatuak bideratutakoa izatea nahi duela  eta hori "Errepublikaren batasunaren" izenean. Baina kontua da, egiturazko zapalkuntza den heinean, botere publikoak ez duela ikusten eta zapalduen mugimenduari esker dela azken asteetan arazoa mahai gaineratzera lortu.

“Aro berria” ekologikoa eta solidarioa

Koronabirusaren izurritearen biharamunari buruzko zehaztapenak ere eman ditu ekainaren 14ko diskurtsoan: Aro berria "ekologikoa" eta "solidarioa" izango da. Zehaztasunetan ez bada sartu ere, argi utzi du aro berrirako beharrezkoak diren aldaketak –kolektiboak zein norbanakoarenak– bideratu beharko direla. Orain artekoa kontuan hartzen delarik –tartean, krisiari aurre egiteko miliarrak hegazkingintzari banatu izana– doi bat sinesgaitzak dira adierazpen hauek. Batez ere, diskurtso berean koronabirusari aurre egiteko politikak ondoko erranen bidez deskribatu dituelako: "Osasuna ekonomiaren gainetik kokatu dugu" eta "erabakiak kolektiboki hartu ditugu". Alta, krisi sanitarioa hasiz geroztik, ekonomia lehenetsi izana eta erabakiak modu autoritarioan hartu izana deitoratua izan zaio Frantziako Gobernuari behin baino gehiagotan.

Krisiari eta Estatuaren defizitari aurre egiteko estrategiari dagokionez, zergak ez direla emendatuko segurtatzeaz gain, "gehiago lan egin" beharko dela argi utzi du. Hori horrela, aro berriaren osagaiak liberalismoari eta eskaintzaren logikari segi aurreikusten direla dirudi –"solidariotik" gutxi duela dirudi–.

Hainbat eragilerekin egindako gogoetaren ondotik, ondoko asteetan emanen ditu "aro berriari" buruzko zehaztapen gehiago. Uztailean eginen du ondoko hiltzaldia Macronek.

Ikastetxeak 22tik goiti, denei irekirik

Deskonfinamenduaren etapa berriari buruzko hainbat elementu plazaratzeko diskurtsoa zuen oinarrian ekainaren 14koa. Horra hor hainbat aldaketa: ikastetxe guztiak ikasle guztiei irekiko dira ekainaren 22an eta neurri berezirik gabe. Zaharren egoitzetan ere bisitak egiten ahal dira astelehen honetatik aitzina. Nahiz eta koronabirusa beti hor izan, tonu baikorrean mintzatu da Macron, "birusaren kontrako lehen garaipentzat" joz gaur egungo egoera sanitarioa.

Mayotte eta Guyana itsasoz haraindiko departamenduez gain, beste departamendu guztiak dira gune berde sailkaturik, hots, deskonfinamendua aurrera eramateko egoeran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeria
Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Udaltzainek bi lagun zauritu dituzte tiroz Barakaldon; horietako bat larri dago

Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian izan da tiroketa, udaltzainak zulo bat estaltzera joan direnean.


Eguneraketa berriak daude