San Salvadorko bihotzean dago Saloi Urdina, El Salvadorko Asanblea Legegilea. Hantxe jarri du hitzordua, uztailaren 29an, Claudia Ortiz Vamos alderdiko diputatuak (San Salvador, 1987). Bigarren legegintzaldia du Saloi Urdinean, eta bietan egokitu zaio oposizioko eserleku apurrak betetzea. Bukelek konstituzioa aldatu aurretik egin du elkarrizketa, ARGIArekin, eta kritiko baina itxaropentsu ageri da. Konstituzio aldaketa eta boterearen betikotzearen ostean izandako hitz trukean, aldiz, ezkor dago Ortiz. Egun horretako plenoko bere irudi batek gurutzatu du mundua: kongresuko bere eserlekuan ageri da Ortiz, “Herriak soilik salba dezake herria” kartela eskuetan.
El Salvadorko Asanblea Legegileari begiratuta, 60 diputatutik 57 dira gobernuarenak. Oposizioan beste bi kide badaude ere, jarrera eskuin kontserbadorea dute, eta gizarte mugimenduetan zure izena aipatzen da oposizioko kide bakar gisa. Zelan daramazu oposizioa egitearean presioa?
Erronka handia da. Oposizioa ezinbestekoa da edozein herrialdetako demokraziarako, baina gu oposizioa egiten ari garen baldintzak ez dira normalak. Salbuespen egoeran gaude: berme judizial oinarrizkoenak desagertu dira, legezko bihurtu da herritarrak zelatatzea, jendearen komunikazioak kontrolatzea. Gobernuak instituzio guztien erabateko kontrola du. Gainera, Asanblea Legegilean aurkezten dugun ezein proposamen ez dute eztabaidarako onartzen.
Horri denari gehitu behar zaio gure zilegitasuna deuseztatzeko sortzen dituzten narratiben aurka egin behar dugun borroka. Komunikazio makinaria oso bat daukate horretarako, youtuber hutsalenetik edo sare sozialetako kontuetatik hasi eta egunkari ofizialeraino –Diario El Salvador– heltzen dena. Egunkari horretan editorialak argitaratu dituzte esanez gu pandillen aliatuak garela. Epaitegietara eraman ditugu eta epaileak esan digu toleranteak izan behar dugula besteen iritzi politikoekin. Horiek dira El Salvadorren oposizioa egitearen zenbait adibide.
Zelan ikusten duzu herrialdea?
Bukelek ez daki zelan kudeatu estatua, gai bakarra baino ez du. Langilearen Egunean manifestazio batean geunden, eta almendra saltzaile bati galdetu nion ea non bizi zen, eta pandillen indarkeria bortitzenetakoa jasan duen eremukoa zelan esan zidan. Ea giroa zelan zegoen galdetu nion eta esan zidan askoz lasaiago zegoela dena. "Kalean lasaiago sentitzen gara, baina nire buruan atsekabea dago, dirua ez zaidalako iristen familia mantentzeko", erantzun zidan. Eta horrek laburtzen du herrialdearen egoera: seguruago sentitu zaitezke bizitzaren zenbait aspektutan, eta hori ondo dago; baina hauskor sentitu zaitezke beste zenbaitetan. Eta indarkeria landu da, baina indarkeriaren sustraia ez da landu; are, sakontzen ari dira, pobrezia, bazterkeria gehiago dagoelako. Azken bizpahiru urteetan salvadortarrek otordu gutxiago egiten dituzte, inflazio gehiena elikagaiek baitaukate.
Segurtasuna aipatu duzu, eta hain zuzen ere, horixe da gobernuaren aldarri nagusia; horren izenean dago salbuespen egoera 2022tik. Giza eskubideen defendatzaile askok aurpegiratu diote Bukeleri segurtasunaren izenean giza eskubideak urratzea.
Ofizialismoak dio El Salvadorko gizarteak bi aukera dituela bakarrik: seguru sentitzen jarraitu krimenik gabeko kaleetan, gobernuari botere eta baliabide guztiak eta horien erabilera ematen dizkion bitartean; edo iraganera itzuli, pandillen presentzia eta heriotza. Bi horien artean aukeratzea ezinezkoa da. Kontakizun hori desegin behar dugu, faltsua delako, eta salvadortarrek bizi izan duten tragediarekin jolasten duelako.
Ez dugu aukeratu behar segurtasunaren, demokraziaren, botereari mugak jartzearen eta giza eskubideen artean; are, horretarako denerako eskubidea dugu. Bai, kalean segurtasuna sentitzea aurrerapausoa da komunitate askotan, baina horri bi kontu lotzen zaizkio: batetik, hori nola lortu den, eta ikerketa eta pieza periodistiko askok erakutsi dute gobernuaren eta krimen antolatuko taldeen arteko tratuen ondorio dela; eta, bestetik, sistema judizialean aldaketa batzuk egin direla, eta pertsona errugabe bati pandillekin zerikusia duten zenbait delitu egozten dizkiote, eta ordutik aurrera pertsona horrek ez du eskubiderik. Ezagutzen ditugu kasuak jendea desagertu egin dena estatuaren zaintzapean egonda, beste zenbait hil egin dira, eta beste batzuk hilzorian ateratzen dituzte kartzelatik, lehen ez zituzten gaixotasunekin, kartzelan beharrean kalean hil daitezen. Tortura salaketak ere egon dira. Eta beste batzuk, zuzenean, ez dituzte askatzen, ezta epailearen aginduz ere.
Arrisku potentzial bat da edozein salvadortarrentzat, eta areagotzen ari da. Hasieran komunitateetako jendea, jende pobrea, hartzen zuten eta sartzen zuten kartzelan; errugabeak ziren, baina kartzelara sartzen zituzten. Orain koxka bat igo da, eta konstituzioaren bermeak desagertu dira: indarkeria hori ez da bakarrik pandillei lotutako kasuetan ezartzen, ustelkeria salatzen dutenei edo ingurugiroaren defentsan ari direnei ere ezarri diete. Ez da kasualitatea iritzi inkestek esatea salvadortarren %60 beldur dela bere iritzia publikoki adierazteko.
"Indarkeria landu da, baina indarkeriaren sustraia ez da landu; are, sakontzen ari dira, pobrezia, bazterkeria gehiago dagoelako"
San Salvadorren egindako elkarrizketatik aldaketa nabarmenak egon dira herrialdean: uztailaren 31n konstituzioaren erreforma onartu zuen kongresuak, eta ondorioz, presidentea nahi beste aldiz aurkeztu daiteke hauteskundeetara, sei urteko agintaldirako. Zelan hartu zenuen aldaketa?
El Salvadorren 2025eko uztailaren 31 gogoratuko dugu demokraziarentzako zorigaiztoko egun bat izan zelako. Gertatu dena oso larria da, eta oraindik demokrazian sinisten dugunon misioa da gurea dena berreskuratzea: subiranotasuna, gobernua erabakitzeko eskubidea, gure iritzia aske eta beldurrik barik adierazteko eskubidea, duin bizitzeko eskubidea. Horrela, etorkizun bat eraiki ahal izango dugu justizia, bakea, gardentasuna eta boterearen mugak izango dituena.
“Herriak soilik salba dezake herria” ez dira berba hutsak, urgentziazko dei bat da kendu diguten dena berreskuratze bidean jendea aktibatzeko.
Salatu duzu gardentasun falta nabaria dela. Azken aurrekontuetan, Osasun Ministerioak izan duenaren aurrekontu bikoitza izan du Presidentetzak.
Diru publikoaren erabilera desegokia ari dira egiten. Ekainean Ogasun Ministerioak jakinarazi zuen ohikoa baino diru gehiago jaso zuela, eta Presidentetzako arlo zenbaitetara bideratuko zuela; horren erdia baino ez zuten bidali Osasun Ministeriora. El Salvadorko osasun sistema kontributiboa da, langileen %20-30ek baino ez du asegurua; Osasun Ministerioak gainontzeko denak artatzen ditu, zaurgarrienak, asegururik ez dutenak. Ministerio hori da txartoen baloratuta dagoenetako bat, jendeak esan digu oso eskasa dela, eta jendeak ez du hori merezi. Nik nire buruari galdetzen diot: nork dauka premia handiagoa diru horretarako, Presidentetzak, entitate txiki batek, ala Osasun Ministerioak?
"Honen guztiaren soluzioa kalitate hobeko hezkuntza batetik hasten da. Herrialdearen etorkizuna kalitatezko hezkuntza publikoa da"
Bien bitartean, salvadortarrak pobretzen ari dira: 2018tik izandako pobrezia datu altuenak daude. Bi milioi salvadortarretik gora pobrezian daude.
Gobernuaren sei urte hauek eta gero, argi dago politika egiteko modu horrek ez diola herriari mesede egiten: desberdintasunak areagotzen ditu, pobrezia areagotzen du, oinarrizko zerbitzu publikoei kalte egiten die, eta herrialdeak ekonomikoki hazteko, garapen orekatuagoa eta jasangarriagoa bilatzeko zuen gaitasuna gutxitu du.
Gobernuak atzerriko inbertsioa erakartzeko duen proposamena da enpresa horien zergak gutxitzea: datozen atzerriko enpresek %10eko zerga ordainduko dute, legeak %20 eta %30 arteko zergak ezartzen dituenean. Atzerriko enpresei esaten die hemen baldintza guztiak dituztela, ez dutela zergarik ordaindu behar eta dena erraza izango dela, baina ez dago horretarako baldintza errealik: enpleguaren prekarizazioa eta jendearen pobretzea ekarri ditu. Gainera, Nazioarteko Diru Funtsak esan du herrialdearen fiskalitatea egoera jasangaitzean dagoela. Beraz, egoera horretatik lortutako salbuespenak oso zalantzagarriak dira, eta etorkizunean arazo larriak sortu ditzazke herrialdean.
Pobrezia hezkuntza ereduak sortzen duela esan izan duzu sarri.
Herrialdean dauden arazoak aztertzen baditugu, beti heltzen gara ondorio berera: honen guztiaren soluzioa kalitate hobeko hezkuntza batetik hasten da, horrek lagundu gaitzake konpontzen gizarte mailan ditugun arazoak, baita ekonomia eta kanpoko inbertsio mailan ditugunak ere. Eta, noski, demokrazia indartuko luke, herritarrak hobeto prestatuta badaude gaitasuna izango dutelako agintariei kontuak exijitzeko. Historikoki bi gezur esan dizkigute El Salvadorren, eta guk aldatu nahi ditugu: batetik, esan digute estatuak bere betebeharra betetzen duela eskola bat jartzen badizu etxetik gertu, nahiz eta eskola horretan ez egon oinarrizko azpiegiturarik, eta irakasle bakar batek 50 ume izan bere ardurapean; eta bestetik, esan digute onargarria dela hezkuntza publikoa pribatua baino kalitate ez eskasagokoa, askoz eskasagokoa izatea. Guk sinismen horiek gezurtatu nahi ditugu, ez dira egia. Herrialdearen etorkizuna kalitatezko hezkuntza publikoa da.
Bukeleren beste neurri arantzatsu bat izan da meatzaritza metalikoa debekatzen zuen legea bertan behera uztea. Zerorri meatzaritzaren aurka azaldu zara sarritan. Zer espero daiteke zentzu horretan?
Legea deuseztatzearen larriena ez da izan meatzaritza baimendu dutela, izan da ziztu bizian onartu zutela eta ez zutela azaldu ze interes zegoen horren atzean. Inposatu egin zuten, gizarteak aho batez babesten bazuen ere meatzaritza debekatzea. Orduan, pentsatu behar dugu horren atzean ze interes garrantzitsu dagoen. Ze etorkizun izan dezake meatzaritzak? Ez dakit, horretan ere ez dira gardenak izan. Esaten dute lege honek baimenduko duela lur azpia esploratzea, eta hori kezkagarria da. Izan ere, meatzaritzako interesa duten lurraldeak ur iturri garrantzitsuen alboan daude, eta gurea estres hidriko handiko herrialdea da; baita fenomeno natural edo klimatikoekiko oso zaurgarria dena ere. Arriskua handia da, eta ez da zentzuduna meatzaritza baimentzea. Oso zilegi da arduratuta egotea, gure ur iturri nagusietako bat kutsatzen bada, hemen ez genuke ur nahikorik izango. Kalte horiek, gainera, ezin dira konpondu.
Oposizioan zaudeten bi alderdiak zarete kontserbadoreak, non eta ezkerrak indar handia izan duen herrialde batean. Zer egin du hain gaizki FMLN gerrillari ohien alderdiak bi legegintzalditan boterean egotetik diputatu bakar bat ere ez izatera pasatzeko?
Lehenik eta behin, argitu nahiko nuke gure ideologia demokristau eta soziokristauaren artean dagoela. Egoera politikora etorrita, guk ARENA eta FMLN alderdietatik urruntzea erabaki genuen, bi alderdi tradizional horiek boterea erabili zuten eraren erreakzio gisa sortu baikinen. Botere gehiegikeria egon zen, diru publikoaren xahuketa, eta ez zuten lortu 1992an jaiotako demokrazia indartzea. Hemen inoiz ez da egon politika gardenik: ez dira kontuak aurkeztu, botereari ez zaio mugarik jarri. Beraiek agindu zuten era da gaur egungo erregimen autoritarioaren sortzaile zuzena. Zer egin zuten txarto? Bada, hori: jendeari, herriari traizio egitea, koherente ez izatea diskurtsoaren eta praktikaren artean Gu kontziente gara ezin dugula trantsizio demokratiko berri bat martxan jarri, etorkizunera salto egin iraganeko elementuekin, alderdi horiek izan duten politika moldearekin. Eta guk, hain justu, koherentzia bilatu nahi dugu, eta jendartean dauden borrokak laguntzea, uste baitugu herrialdeak hori behar duela aurrera egiteko. El Salvadorko trantsizio demokratikoa katalizatzen duen alderdia izan nahi dugu, eta boterera helduta ongizate estatu baterako oinarriak jartzea herrialdean.