Erdialdeko Amerikako erpurutxoa esaten diote El Salvadorri, eskualdeko herrialderik txikiena da-eta, nabarmen. Baina txikia izanda ere, ezaguna da mundu osoan, mesias gisa heldu zen presidente polemikoak, Nayib Bukelek, ematen duen pauso bakoitzak baitu oihartzuna nazioartean. Segurtasun politikek lortu diote ospea eta babesa, herrialdeak eranmuineraino sartuta zuen pandilla kriminalen bortizkeria geldiaraztea lortu baitu. Baina oro ez da urre: indarkeria banda kriminaletatik estatura pasatu da, eta beldurra zabaldu da herrialdean. Atxiloketa masiboak, heriotzak eta botere gehiegikeriak salatu dituzte herrialdean. Pobrezia gora eta baliabideak behera dabiltzanean, herrialdeak lur azpian ustez aurkitu du aberastasuna, urrea; eta herrialde osoa zulatu nahi du, literalki.
Lerrook bertatik bertara egindako kronika dira, El Salvadorrera, munduan preso tasa handiena duen herrialdera, aurtengo uztailean egindako bisita baten kontakizuna.
Nayib Bukeleren bulegotik 500 metro eskasera, tentsioa nabari da San Salvadorko Bigarren Instantziako Zentro Judizialean. Epaiketa eguna da, eta jendearen joan-etorria handia da: kazetariak, kaleko saltzaileak, poliziak ari dira batetik bestera. Edozein epaiketa izan zitekeen, baina zerbaitek bereizten du besteengandik: bertakoak baino, nazioartekoak dira gehiago kazetariak; nazioarteko behatzaileen ingelesezko berbeta entzuten da korridoreetan; poliziek bi begi baino gehiagoren premia dute gaur. Izan ere, epaitegiko ateez bestalde gerra garaiko (1980-1992) ustezko krimen bat ari dira epaitzen, bigarrenez; 2024an absolbitu zituzten akusatuak, El Salvadorko gerrari lotuta sententzia jaso duen lehen kasua bihurtuta. Ez da, beraz, edozein epaiketa, ezta epaituak ere edozein epaitu; El Salvadorko Santa Marta komunitateko bost lider ekologista dira –Santa Martako bostak bezala egin dira famatu–. Eta meatzaritza metalikoa debekatzen zuen legea bertan behera uztearen aurka altxatu direnean, 1989an emakume bat hiltzea leporatuta, 36na urteko espetxe zigorra eskatu diete.
Uztaileko goiz hartan ez zen erabakirik hartu. Irailera atzeratu zuten ebazpena, eta orduan hartutako erabakiak 2024koa berretsi zuen: bost akusatuak absolbitu egin zituzten. Liderren inguruko jendeak, talde ekologistek eta giza eskubideen aldeko elkarteek diote aukera logiko bakarra zela, epaiketa "asmatutakoa" zela. "Oso agerikoa zen fiskaltzak ez zuela frogarik akusazioa mantentzeko, lekuko bat baino ez zuten bere burua gezurtatu zuena", azaldu du izena gordetzeko eskatu duen analista politiko salvadortar batek –LARRUNaren papereko edizioan baino ez dira bere izena eta argazkia agertuko, bere segurtasuna mantentzeko–. Epaiketa bukatu zen, baina bere oihartzunak El Salvadorko Gobernuari itzal egin diola dio analistak, El Salvadorko egoera politikoak hartu duen biraren adierazle: "Epaiketa horrek ikusarazi du El Salvadorko errealitatea". Eta zein da errealitate hori? "Diktadura" batena, eta diktadore batena: Nayib Bukelerena.
Nayib Bukelek 2019an lortu zuen boterera heltzea, gehiengo oso zabalez: botoen %53 lortu zuen. Herrialdeko departamentu guztietan izan zen garaile, batez ere El Salvadorko departamenturik garrantzitsuenetakoan: atzerrian, lau salvadortartik baten bizilekuan –botoen %80 lortu zuen–. Gobernura heldu zenetik, hiru zutabe izan zituen alde, analista politikoak dioenez: "Oraindik mantentzen duen gizarte babesa, armadaren eta Polizia Nazional Zibilaren babesa, eta bere inguruan sortu zuen irudia, kontu handiz eta milioi askorekin lortua". Hiru horiek eutsi zuten duela sei urteko hartan, eta oraindik ere eusten dute boterean, horrela dio adituak.
Etxe presidentziala zapaldu zuen momentutik nabari zitzaion, ordea, "bokazio autoritarioa", aipatu analistaren esanetan, eta ez da hori uste duen bakarra. Uztailaren 31n hartutako erabakiak berretsi ditu bere hitzak, kongresuak konstituzioaren erreforma onartu baitzion, hauteskunde presidentzialetara nahi beste aurkeztu ahal izateko: orain arte, konstituzioak berrautaketa bera debekatzen zuen. Erreformak beste zenbait neurri ere barnebiltzen zituen, "argi eta garbi autoritarismoa bultzatzen dutenak", adituaren hitzetan: hauteskunde presidentzialetako bigarren itzulia deuseztatzea, alegia, gehiengo sinplez hautatzea presidentea; eta hauteskunde presidentzialak, kongresukoak eta Erdialdeko Amerikako Parlamentukoak batera egitea, besteak beste. "Lehen ez zen horrela, ustez, presidentzialetan bozkatutako joera bera bozkatzen delako gainontzekoetan ere, eta ez eragiteko banatuta egiten ziren", dio adituak. Beraz, datorren hauteskundeak, guztiak, 2027an izango dira; eta presidentearen agintaldia bost urtetik seira luzatu du: "Praktikoki, beste sei urtean presidente izango dela ziurtatu du", azaldu du analistak.
Presidentearen berrautaketa baimentzeko konstituzioa bera aldatu behar izan da, orain artekoak sei artikulutan debekatzen baitzuen presidente batek agintaldi bakarra baino gehiago izatea. Baina Bukele, dagoeneko, bi aldiz aukeratu dute: 2019an eta 2024an. Aipatu behar da azken horietan ustelkeria leporatu diotela Bukeleri, Serranok ere horixe dio, salatu baitu ez zutela behatzaileen lana errespetatu, eta gardentasunik ez zela izan.
Edonola ere, ustelkeria izan edo ez izan, konstituzioaren aurkakoak izan ziren 2024ko hauteskundeak; baina, botere judizialaren bermearekin, aurrera egin zuten. Horretarako, 2021eko kongresuko hauteskundeak izan ziren gakoa. Orduko hartan gehiengoa lortu zuen Bukelek kongresuan, eta kongresu berriko lehen sesioan Konstituzio Auzitegiko magistratuak eta fiskal orokorra ordezkatzea onartu zioten. Eta magistratu berri horiek "misio berezi" bat zuten, Omar Serranoren hitzetan: "Berrautaketa posible egitea". Horrela, bada, "argudio surrealistak" erabilita, Bukeleren hautagaitza ontzat eman zuten, eta gauza bera egin zuen Hauteskunde Auzitegi Gorenak ere. "Argudiatu zuen beraiek ez zutela berriro presidente bihurtu, hautagai izatea baino ez zutela onartu: presidente izatea edo ez herriak onartuko zuen", dio analista politikoak.
"Bukele hiru zutabek eusten dute: gizarte babesak, armadaren eta Poliziaren babesak eta sortu duen irudiak"
Argudio “surrealistak” aipatu ditu analista politikoak. Izan ere, hauteskundeak baino sei hilabete aurretik karguari uko egin zion, argudiatuta konstituzioko artikulu batek zioela ezin zela presidente aurkeztu gutxienez hauteskundeak baino sei hilabete aurretik presidente izan zen inor. Kargua bere idazkari pertsonalaren esku utzi zuen, inork bere izenik ezagutzen ez badu ere, eta berriz aurkeztu zen handik sei hilabetera. "Maximiliano Hernández Martínez-ek egin zuen gauza bera egin zuen", gehitu du adituak. Hernández Martinez jeneralak 1935ean estatu kolpea eman zuen, eta diktadura ezarri zuen 1944ra arte. Bukeleri gauza bera leporatzen diote ez gutxik.
Izan ere, hiztegi klasikoak dio diktadorea dela estatuko hiru botereak beregain dituena: botere legegilea, betearazlea eta judiziala. Nayib Bukelek legegilea eskuetan duela argi dago, 2019tik hona egindako hauteskunde guztietan gehiengo zabala lortu baitu. Betearazlea ere, indar polizialak, Bukeleren alde dago, elkarrizketatuak aurreratu bezala. Are, 2020an militarrek kongresua hartu zuten, arratsalde batez estatu kolpearen alarmak piztuta; Bukele presidentearen aginduz izan zen, kongresuak diru mailegu bat onartu ziezaion eraman zituen militarrak –orduko hartan oraindik gutxiengoa zuen kongresuan–. Eta hirugarrena, judiziala, bereganatu egin du. Konstituzio Auzitegiko magistratuen eta fiskal orokorraren aldaketa dira horren adibide, baita 2021ean botere judizial osoan egin zuen garbiketa ere: 168 epaile berri izendatu zituen, lehendik zeuden 60 urtetik gorako guztiak erretiratzera behartuta. Aurretik, bere ildoa jarraitzen ez zuten epaileei mehatxu egina zien akusatuekin "parez pare" jarriko zituela, ziegetan.
Konstituzioa konstituzio eta ustelkeria ustelkeria, Bukeleren aldeko mugimendua handia da El Salvadorren, babes zabala du jendartean. "Lehen hemen ezin ginen sartu, orain lasai eta libre gabiltza" esaldia uneoro errepikatzen da herrialdeko hiri, komunitate eta auzoetan. Datuek erakusten dute indarkeriaren beherakada erreala dela, arestian herrialdea gobernatzen zuten pandilla kriminalen fenomenoa hutsala dela egun. 2015ean, esaterako, pandillei lotutako indarkeriaren gorakada handia egon zen: 100.000 biztanleko 105 hilketa; 2024an, 1,9koa da datua. Hori goraipatu diote bere jarraitzaileek: segurtasunak lortu dio boterea eta babesa Bukeleri.
Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, herrialdea egiturazko indarkerian murgilduta egon da bere historia garaikide osoan. XX. mendearen zati handiena 1980ko hamarkadan gerrak eztanda egin arte, erregimen diktatorial militarretan murgilduta egon zen herrialdea, 1930eko hamarkadan komunisten eta indigenen aurkako sarraskia egin zutenetik. Gero heldu zen gerra zibila, odoltsua eta bortitza; errepresioari eta baldintza sozioekonomiko txarrei erantzun ziena. 75.000 hildako, 15.000 desagertu eta milioitik gora migratzaile eragin eta gero bake akordioak sinatu zituzten, baina egoera sozioekonomikoa ukitu barik, azaldu du Serranok: "Eta orduan bihurtu ginen beste indarkeria mota baterako lur emankor".
Izan ere, gerrako hotsak oraindik entzuten zirela, pandillen presentzia nabaritzen hasi zen. Bake akordioen hurrengo urtean, 1993an, jada kaleratu zuten txosten bat horretaz ohartarazten, ARGIAk kontsultatutako aditua idazketaren parte izan zen, eta lau kausa argi kaleratu zituzten. Lehenengo eta behin, pandilletako kideen %99 etxe pobreetatik zetozen, pobrezia El Salvadorreko terminoetan ulertuta, "ez Europako pobreak", dio elkarrizketatuak. Horri gehitzen zitzaion etxe horiek pobre izateaz gain desegituratuta zeudela: "Pandillako kide horiek osabarekin, amabitxiarekin edo dena delakoarekin hazi ziren, ez gurasoekin, gerra garaian migrazioa izugarri hazi baitzen; orduan El Salvadorko esportazio nagusia esku lana izan zen". Bi faktore horiek bultzatzen zituzten pandillaren parte izatera, eta behin kide izatera helduta, pandillak ukatu zien ikasteko edo lan egiteko aukera. Horrela, bada, herrialdeak errealitate bortitz batekin egin zuen topo: herrialdeko biztanleen herena inguru ziren pandillako kide izateko adin tartekoak, eta ez zuten etorkizunerako bermerik ez itxaropenik.
Egoera sozioekonomikoak landatutako haziak bide egin zuen, herrialdeko arazo nagusi bihurtu zen arte. 30 urteko gobernuen kezka nagusia izan da, egon dira politika gogorrak, izan dira ezkutuko tratuak, diskurtso gogor eta bigunak. "Jendea nekatuta zegoen etxean preso bizitzeaz, indarkeria etengabe pairatzeaz. Behin eta berriro salatzen zuten, baina agintariek ez zuten ezer egiten", azaldu du analistak. Orduan agertu zen Bukele, eta jendearen min hura irakurtzen jakin zuen. Huraxe hartu, eta bere politiken ardatz bilakatu zuen. "Bukelek etsai bat behar zuen, eta pandillak aukeratu zituen". Hortik aurrera gertatukoa ezaguna du munduak.
Herrialdea egiturazko indarkerian murgilduta egon da XX. mendean: diktadura militarretatik gerra zibilera. Eta baldintza sozioekonomiko kaxkarrak konpondu barik, bake akordioak sinatu berritan hasi ziren 'pandillak' indartzen.
Latinoamerikako herrialderik seguruena dela aldarrikatu izan du sarri presidenteak, 40.000 presori ostatu eman asmoz sortutako megakartzela segurtasunaren eredu jarrita. Adierazpena polemikoa izan da, Bukelerenak izan ohi diren moduan, eta aldeko zein kontrako iritziak ugariak izan dira. Gaiaz galdetuta, zalantza egin du Serranok: "Herrialderik seguruena izatearena oso subjektiboa da. Hemengo segurtasun kontzeptua ez da Europakoa. Bizi ditugun gerra eta indarkeria garaietan, segurtasuna da etxean seguru egotea. Harresiak, alanbreak; ahal bada, bizkartzaina". Alegia, segurtasuna ez dela ongizatea.
Eta zifretan ikusten da aipatutako faktoreak, gazteak indarkeriara bultzatzen dituztenak, ez direla aldatu. "Gobernuaren lehen bost urteetan pobrezia eta pobre kopurua areagotu egin dira", dio analistak, eta datuek bere berbak berresten dituzte. 2018tik hona izandako pobrezia datu altuenak daude herrialdean, biztanleriaren %26,6. "Herrialdea zorpetuta dago, ekonomia bera dago geldialdian, mundu mailako ekonomia bezalaxe", gehitu du.
Egoeraren larritasunak gobernuaren "zilegitasuna" kolokan jarri dezakeela aurreikusi du, eta, horri aurre egiteko, gobernuak herrialdea hiru sektore ekonomikotan banatzea proposatu du: turismoa eta lurraren lanketa hegoaldean; hirigintza eta merkataritza erdialdean eta meatzaritza iparraldean. Hiruekiko zalantzak ditu elkarrizketatuak. Turismoak herrialdeari onurak ekarriko dizkion ez du argi. "El Salvadorko Cancún hitz eman zuen Bukelek, eta kostaldeko komunitateak garapen horren protagonista izango zirela esan zuen. Orain, komunitate horietako jendea botatzen ari dira, hotel handiak eraiki ditzaten".
2018tik hona izandako pobrezia datu altuenak daude herrialdean, biztanleriaren %26,6.
Hirigintzaren gorakadari ere kezkaz begiratzen dio. Urbanizazio eta etxebizitza dorre berriak iragarri dituzte. Pisu horiek, ordea, ez dira salvadortarrentzat; ezin dituzte ordaindu. "Ni bizi naizen eremuan apartamentuak eraikitzen ari dira, eta afixak dio: 'Apartamentuak 200.000 dolarretan'. Hemen inork ezin du horrelakorik ordaindu, soilik atzerritarrek edo AEBetara joandako salvadortarrek". Konparaziorako, azpimarratu behar da salvadortarren batez besteko soldata ez dela heltzen 400 dolarrera.
Eta hirugarren negozio planak, meatzaritzarenak, herrialdea zatitu duen eztabaida sortu du.
Iazko abenduan baimendu zuten meatzaritza metalikoa herrialdean. 2017tik zegoen debekatuta, herrialdean ikusi gabeko fronte komuna eratuta. Alderdi guztiek bozkatu zuten meatzaritza metalikoa debekatuko zuen legearen alde, 84 diputatutik –lehen 84 ziren, gaur egun 60– 69k bozkatu zuten legearen alde. Gizarte mailan ere babes zabala izan zuen; Eliza katolikoak ere kanpaina egin zuen meatzaritzaren aurka –salvadortarren erdia katolikoak dira, beste %39 beste adar batzuetako kristaua–. Eta horretarako arrazoi nagusia zen ur eskasia.
Izan ere, UCA unibertsitateko ikerketa baten arabera, ur gabezi altua dago El Salvadorren. Etxeen %74k soilik dute ura; landa eremuan %32koa baino ez da ehunekoa, eta hor daude kokatuta meatzaritza intereseko lurrak. Azken urteetan okerrera egin du uraren egoerak, erabilera industrialak eta etxeetara bideratzen den kopuruaren eskariak gora egin dutelako, eta urak kutsatuta itzultzen direlako ibaietara. Eta meatzaritza metalikoa baimenduta, kutsadura are gehiago izatea espero dute.
El Salvador Erdialdeko Amerikako urrezko gerrikoa delakoan dago kokatuta; alegia, herrialdearen iparraldearen lur azpia urrezko eremu batek gurutzatzen du. 2017ko legea bertan behera uztean, Bukelek argudiatu zuen lur azpian "altxor" bat jarri diela Jainkoak: bere kalkuluen arabera, urrea izan dezakeen eremuaren %4 ikertuta, bertan dagoen urreak Barne Produktu Gordinaren %380ko balioa du.
Etxeen %74k dute ura; landa eremuan, %32k. Meatzaritza metalikoa baimenduta, urrea ateratzeko ur kantitate handiak eta zianuroa beharko dituzte, berez urria eta kalitate txarrekoa den ura okerrago utzita.
Ingurugiroaren defentsan ari diren elkarteek salatu dute, ordea, gobernuak ez duela egin azterketarik ikertzeko meatzaritzak zelan eragingo liokeen ingurugiroari. Legeak zehazten du estatuak duela eskumena meatzaritzako lurrak esploratzeko eta ustiatzeko; estatuko enpresa edota enpresa pribatu bidez. Merkurioaren erabilera debekatu du; dena den, adituek azaldu dute bertako urrea ateratzeko era bakarra ur kopuru handiak eta zianuroa erabiltzea dela, eta horrek arrisku handia eragiten duela euria egiten duenean –bataz beste, bi egunetik behin–, kutsadura ibaietara eta lakuetara eramatekoa. Alegia, berez urria eta kalitate txarrekoa den ura are okerrago uztekoa. "Apur batzuk aberastuko dira, baina asko eta asko kaltetuko ditu", dio Serranok.
Testuinguru horretan kokatzen dira hasieran aipatutako bost epaituak, Santa Martako bostak. Bost horiek ondo ezagutzen dute Bukeleren gobernuak martxan jarri duen makinaria. 2022tik salbuespen egoeran da herrialdea, oinarrizko eskubideak murriztuta. Ia lau urte beranduago, 85.000 salvadortarretik gora sartu ditu kartzelan, berriz kalerik ez zapaltzeko promesarekin; dagoeneko 400 pertsonatik gora hil dira espetxean. Kartzelan dauden dozenaka mila horiek ez dute epaiketarik izan, eta aurtengo abuztuan onartutako lege moldaketa batek ahalbidetzen du fiskaltzak atxilotuen aurkako akusazioak aurkezteko epea 2027ra arte luzatzea: alegia, preso prebentibo izatea bost urtez. Horri gehitu behar zaio epaiketak bi urtera arte luzatzea baimendu dutela, eta epaiketak berriz zabaldu daitezkeela, denbora tartea ad infinitum luzatuta.
Kartzelan dauden horiek pandillako kide izatea argudiatuta daude bertan, baina pandillako kide izatetik oso urrun dagoen jendea espetxeratu dutela jakina da. Ruth López abokatua da horren adibide ezagunena. López giza eskubideen aldeko Cristosal erakundeko kide da, ustelkeriaren aurkako sailaren burua; hain zuzen ere, ustelkeria leporatuta atxilotu zuten maiatzean, eta uztailetik komunikazio guztiak moztuta ditu. "Autokratek bi gauzari diote beldurra: antolatuta dagoen jendeari, ez direlako masa akritiko eta autokraten jarraitzaile; eta pentsatzen duen jendeari, egoera aztertu eta horren inguruan hitz egiten duelako", dio adituak. Bada, zaku horretan sartu dituzte López, Santa Martako bostak eta ehundaka kazetari, giza eskubideen eta ingurugiroaren defendatzaile.
Estatuaren makinariak jarraipen zabala egiten die oposizioko kideak izan daitezkeenei, elkarrizketatuak dioenez. "Hedabideetan agertzen direnen pausoak jarraitzen dituzte, sare sozialetan esandakoak jasotzen dituzte. Gero, manifestazioetan edo hitzaldietan badabiltza, argazkiak ateratzen dituzte. Eta, azkenik, poliziaren patruila bat heltzen da jarraitzen ari diren pertsonaren etxera, beragatik galdezka". Jarraipen horrek beldurra zabaldu du jendearengan, horixe dio analistak: "Jendeak ez du hitz egin nahi. Kaleetan, erakundeetan, jendartean beldurra arnasten da". Eta horixe diote inkestek ere, hamar salvadortarretik seik onartu baitute beldur direla beren iritzia publikoki adierazteko, UCA unibertsitatearen azken inkestaren arabera. Eta beldur horrek eragiten du, ezinbestean, presidenteak hartutako erabakiekiko ahots kritiko publikoen falta: "Oposizio politikoa zatituta dago, faktore askogatik: protagonistak izateagatik, sektarismoagatik, baina baita beldurragatik ere. Batuko balira eta zarata handiagoa aterako balukete gaitzerdi, baina banatuta salbuespen egoera baino ez dute jasango".
Oposizioa isilarazteko korrontearen barruan kokatu dute analista askok Bukeleren azken legea: agente atzerritarrak arautzen dituena. Irailetik aurrera, nazioarteko diru funtsak jasotzen dituzten El Salvadorko erakundeek erregistro batean eman beharko dute izena, gardentasunaren izenean, eta gobernuko funtzionarioen esku egongo da baimena ematea. Behin baimena emanda, ordea, diru funts horien %30 zerga gisa ordaindu beharko diote gobernuari. Nazioarteko zenbait erakundek legea oposizioa are gehiago mugatzeko neurritzat hartu dute, euren artean HRW Human Rights Watchek: “Gizarte zibileko erakundeak atzerritar gisa jotzea estigmatizatzailea da. Erakunde horiei zerga itogarriak jartzeak eta gobernuko erregistroari sekulako boterea emateak ez du gardentasunean laguntzen; disidentzia zapaldu baino ez du egiten”.
Herrialdea salbuespen egoeran dagoenetik, 85.000 pertsonatik gora sartu dituzte kartzelan, epaiketarik barik: horietatik 400dik gora hil dira espetxean
Gobernuarekin bereziki kritikoak diren ahotsei eragingo die lege berriak, horrela aurreikusi du HRWk, nazioarteko funtsak jasotzen dituzten gizarte zibileko erakunde askok demokrazia eta gardentasunaren eta giza eskubideen defentsan egiten baitute lan. "Ez dago zalantzarik, Agente Atzerritarren Legearen helburua da ustelkeria, giza eskubideen urraketak eta pandillen eta gobernuaren arteko tratuak salatzen dituztenak isilaraztea".
El Salvadorrek ondo ezagutzen ditu autoritarismoa, diktadura, eta erbestea; bere historia modernoa ardatz horien baitan eraiki dute unean uneko agintariek. Ordura arteko politika tradizionalarekin apurtu eta herrialdean logika berriak sortzeko promesarekin heldu zen Nayib Bukele gobernura duela sei urte, eta formak berriak bai baina aje zaharrak izatea aurpegiratu diote askok, horien artean ARGIAk elkarrizketatu duen analista politikoak. "Politika tradizionalaren bizio zaharminduenak ikusi zitzaizkion 2024ko hauteskundeetan". Eta etorriko direnei begira, ez du itxaropen larregirik analistak; ez behintzat, oposizioan eta disidentzian kokatzen direnei begira. "Helduko da momentua El Salvadorri buruz bakarrik kanpotik hitz egin ahalko dena", atzerritik, alegia.