Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, UEUk elkarlanean antolaturiko jardunaldia eginen dute Donostian. Gai hau lantzeko bosgarren edizioa dute aurtengoa.
"Nazioarteko esperientzien berri izateko, garapen soziekonomiko endogenorako ereduak ezagutzeko, arkitektoen betaurrekoak janzteko eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzeko saioa izango da oraingoa". Horra nola aurkeztu duten urtarrilaren 23an eginen duten "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz" jardunaldia. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmoz, garrantzia handikoa dute gogoeta egun hau antolatzaileek. Hala nola, Iraitz Lazkano UEMAko zuzendariak ondokoa zehaztu du: "Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen".
Goiz honetan burutu dute prentsaurrekoa antolatzaileek, hau da, Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta UEUk. Zehaztu dutenez, topaketa urtarrilaren 23an eginen dute Donostiako San Telmo Museoan. Matrikula ueu.eus webgunean egin daiteke, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da UEUren Youtubeko kanaletik.
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Kepa Sarasola UEUko zuzendariak: "Argi geratzen baita indarrak batuz emaitzak lortzen direla". Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru diputatuak dionaz ere, arnasguneak "babestu ez ezik, hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak garatzeko eta zabaltzeko beharra" bada, eta "ahalegin partekatu horretan" Gipuzkoak lurralde gisa duen konpromisoa berretsi du.
Horra egunaren egitaraua:
09:00-09:15: Agurra eta jardunaldiaren hasiera.
09:15-10:45: Gaeltacht-en garapen politika. Bilakaera eta ikasgaiak.
Conchúr Ó Giollagáin (University of the Highlands and Islands).
Elkarrizketatzailea: Paul Bilbao (Kontseilua)
10:45-11:30: Lurgune euskaldunen garapena eskualde eskalan.
Joseba Garmendia. (Iñaki Arregi bekaren irabazlea).
Eztabaida gidatua: Imanol Esnaola (Gaindegia)
11:30-12:00 Atsedena
12:00-12:45: Arnasguneen garapen jasangarria arkitekturaren ikuspegitik.
Nora Erdozia (arkitektoa) eta Arritxu Zelaia (hizkuntza aholkularia)
12:45-14:15: Mahai ingurua, Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak.
Gonbidatuak:
• Iratxe Arriola (Ea)
• Olatz Peon (Tolosa)
• Oier Oiarbide (Gabiria)
• Joseba Otondo (Baztan)
Moderatzailea: Iker Salaberria (Kontseilua)
14:15-14:30 Ondorioak.
Soziolinguistika Klusterrak asteazkenean argitaratu du 2021eko ikerketaren txostena. Neurtu dute euskararen kaleko erabilera egonkor dagoela, eta azken neurketan bezala zortzitik batek hitz egiten duela (%12,6). Eremu euskaldunenetan jaitsi egin da. Proposatu dute hazkundea... [+]
Euskararen aldeko “olatu berri eta berritu bat” altxatzera deitu du, elkarlana oinarri. Administrazio publikoei eskatu die euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten hizkuntza politikak garatzeko.
Filosofia, ekonomia, historia, matematika eta beste hainbat arlori lotutako bideo pedagogikoak zabalduko ditu Ikusgela proiektuak, euskaraz eta modu askean partekatzeko. Jakintza “narratiba berrietara” egokitzea helburu, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak... [+]
Paskual Rekalde euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du maiatzaren 23an bere sorterrian, Amaiurren. Hizkuntzalari hau 2020ko uztailaren 17an izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak, baina pandemia dela-eta urtebete atzeratu dute sarrera-hitzaldia. Bere hitzaldian,... [+]
Seaskak salaketa jarria du Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra eta berau aztertu dute maiatzaren 23an Pauen, presazko auzian. Datorren astean ebatziko du Administrazio Auzitegiak.