Marx eta Zasulitxen ‘Errusiako gutunak’ liburua itzuli du Jone Gartziak

  • Gutun-truke formatuko beste liburu bat kaleratu du Katakrak argitaletxeak: 'Errusiako gutunak'. Trukaketa bakarra dago, dena dela. Vera Zasulitxek landa-eremuaren inguruan gogoeta eskatu zion Karl Marxi, labur, eta Marxen erantzuna ere halakoxea izan zen, laburra. Baina erantzun horretarako bidea, majoa. 


2025eko urriaren 17an - 07:00
Katakrakeko editore Hedoi Etxarte eta itzultzaile Jone Gartzia Gerra, 'Errusiako gutunak' liburua aurkezten, Donostian. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

XIX. mendeko emakume marxista eta iraultzaile errusiarra izan zen Vera Zasulitx (1849-1919). Suitzako erbestetik, 1881ean, gutuna igorri zion erbestean zegoen Karl Marx filosofo eta iraultzaile komunistari, ordurako agureari –bi urte geroago hil zen–. Zasulitxek landa-komunaren eta jardun iraultzailearen inguruan galdetu zion Marxi.

Honela hasten da: "Jakin badakizu Kapitala-k ospe handia duela Errusian (...) Baina, segur aski ez duzu jakingo zer eragin duen Errusiako nekazaritzaren eta gure landa-komunaren inguruko eztabaidetan. Inork baino hobeto dakizu zein premiazkoa den auzi hau". Funtsean, Zasulitxek Marxi galdetzen dio ea posible den garai hartako Errusiako periferian, nobleziaren boteretik aparte samar, etxaldeak eta landa-komunak beste gizarte batean haztea edo ez. Edo komeni ote den burgesiak bere proiektua bukaeraraino eramatea, baita landa-eremuan ere, eta horren ondoren borrokatzea langilearen askapena. 

Marxek denbora hartu zuen erantzuteko. Gogoetatu zuen. Baina erantzunean ez zen askorik luzatu: orrialde bakar batean sartu zitzaion. Eskaneaturik ikusgai dago liburuan. 

Lau zirriborro ondroso idatzi zituen Marxek, hainbat gogoetarekin, erantzunera iristeko bidean. Ez ziren noizbait argitaratzeko idatziak izan; bistakoa da hori, jatorrizko paperak gainetik zuzenduta, markatuta eta abar daudelako. Zirriborro horiek aurkitu egin zituzten, eta 1925ean publikatu, frantsesez. Gero, 1985ean, zuzenketekin argitaratu zen, ezabapen eta marrapen gabe. Dena dela, jatorrizkora jo dute Katakrak argitaletxeak eta Jone Gartzia Gerra itzultzaileak.

Nor zen Zasulitx?

Argitaletxearen ohar ohi baino luzeago batekin abiatzen da Errusiako gutunak (Katakrak, 2025) liburua. Hala dela aitortu du Hedoi Etxarte editoreak ostegun goizean Donostiako Liburutegi Zaharrean egin den aurkezpenean. Fundamentalki, Vera Zasulitx nor zen ezagutzera emateko asmoa du ohar horrek. 

XIX. mendearen bigarren erdiko Errusian "korronte iraultzaile nagusia" egon zela oroitu du Etxartek, Europaren gehiengoan burgesiaren aginteak egon ziren bitartean, Errusian ez zelako egon. "Oso erregimen zapaltzailea zegoen Errusian, eta ez zegoen inolako zantzurik hori aldatzeko; testuinguru horretan, iraultza egiten hasi zen jendeak bere buruari populista adiera ipini zion, herriarengana gerturatu nahi zuelako", azaldu du Etxartek. Mugimendua oso zabala bazen ere, bi alderantz egin zuen lan Etxarteren esanetan: analfabetoak zirenei irakurtzen eta idazten irakasten, eta ekintza erradikalak egiten. Zasulitx bi aldeetara mugitu zen.

Tartean, bere biografian aipatzen den moduan, Trepov deituriko jeneral bati tiro egiteagatik da ezaguna. Epaiketa egin zioten, eta tribunal herrikoi batek absolbitu egin zuen. Horixe izan zen, Etxartek adierazi duenez, tribunal herrikoi batek halako kasu bat epaitzen zuen azken aldia. Zasulitx, gero, erbesteratu egin zen Suitzan.


Eguneraketa berriak daude