Lau haurretatik bat “elikadura-pobrezia larrian” bizi da munduan, UNICEFen arabera

  • 181 milioi haur inguru bizi dira egoera larrian eta gobernuz kanpoko erakundeak dio hilgarria izan daitekeen desnutrizio-motaren bat jasateko %50 aukera gehiago dutela. Desberdintasunak, gatazkak eta krisi klimatikoa dira arrazoi nagusiak.


2024ko ekainaren 10an - 09:46
Azken eguneraketa: 15:05

Munduan dauden lau haurretatik bat “elikadura-pobrezia larrian” bizi da UNICEFek jasotako datuen arabera. Haur hauek zero eta bi elikagai-talde artean kontsumitzen dituzte egunero –UNICEFen arabera, zortzi elikagai-talde daude: zerealak, amaren esnea, esnekiak, A bitamina asko duten fruitu eta barazkiak, haragia, beste fruitu eta barazkiak, lekaleak eta arrautzak – eta bost haurretik lau amaren esnearekin edota esnekiekin soilik elikatzen dira gobernuz kanpoko erakundeak dioenez. Haur horien artean, guztira 181 milioi haur inguru dira egoera larrian bizi direnak eta haur horiek %50 aukera gehiago dute desnutrizio-motaren bat jasateko. Catherine Russell UNICEFeko zuzendari exekutiboaren arabera, “elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurrek ondorio negatibo atzeraezinak izan ditzakete biziraupenerako, hazkunderako eta garunaren garapenerako”.

Herrialdeak oraindik COVID19aren pandemiaren eraginetik suspertzen ari direla, UNICEFek ohartarazi duenez, desberdintasunen, gatazken eta krisi klimatikoaren ondorioz “elikagaien prezioa eta bizitzaren kostua inoiz ez bezalako mailetara igo” dira. UNICEFen arabera, elikadura-pobrezia larrian bizi diren 64 milioi haur Hegoaldeko Asian bizi dira, eta 59 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan. Gazako Zerrendako liskarrek elikadura eta osasun-sistemaren kolapsoa eragin dute, eta 2023ko abendutik 2024ko apirilera bitartean egindako bost datu bilketek egiaztatu zuten Zerrendan hamar haurretatik bederatzi elikadura-pobrezia larrian bizi direla.

 

“Elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurrek ondorio negatibo atzeraezinak izan ditzakete haien biziraupenerako, hazkunderako eta garunaren garapenerako”
Catherine Russell
UNICEFeko zuzendari exekutiboa

 

Elikadura-pobrezia larriagotzen duten faktoreak

Elikadura-pobrezia larrian bizi diren haurren familiek ez dute elikagai egokiak eskuratzeko baliabiderik ez aukerarik. Erakundeak azpimarratu du familiek elikadura osasuntsua ahalbidetzeko ezintasuna dutela eta haurrek “edari azukredunak eta elikagai ultra prozesatuak, merkeagoak eta osasungarriak ez direnak” kontsumitzen dituzte. Elikagai horiek “estrategia komertzial indartsuekin” zabaltzen direlako horiek normalizatzearen arriskua aipatu dute. UNICEFek gobernuei, giza eta garapen-erakundeei, emaileei, gizarte zibilari eta elikagaien eta edarien industriari ekintzarako deia egin die, haurren elikadura-pobreziarekin bukatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Errenta baxua, suizidiorako arrisku faktore
Ikerketen arabera, errenta baxua dutenen pertsonen suizidio-tasa errenta ertaina edo altua dutenen bikoitza da. Nafarroako Osasun Sareak nabarmendu du baldintza sozioekonomikoetan arreta jarri behar dela. 

Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Eguneraketa berriak daude