Koronabirusa eta konspirazio teoriak pentsaera biktimistaren aroan

  • Zuri ere iritsiko zitzaizun telefonora koronabirusa AEBek zabaldu dutela dioen artikulu edo bideoren bat. Horrelako konspirazio teoriek diotena egia edo faltsua den galdetzetik harago, mota horretako mezuen zabalpena ez da oso sintoma ona gauzak beste era batekoak izatea nahi luketenentzat.


2020ko martxoaren 23an - 13:57
Koronabirusa mundu osoko pandemia bihurtu denetik, asko ugaritu dira haren jatorriari buruzko konspirazio teoriak.

Daniele Giglioliren Critica della vittima (Biktimaren kritika) izango da azken urteetan irakurri dudan saiakerarik interesgarrienetako bat. Premisa ez oso politikoki zuzen batetik abiatzen da: biktima bihurtu dela gure garaiko heroia, bizi garen munduan biktima izateak prestigioa ematen duelako, entzuna izatea exijitzen du eta aktibatzen du identitatea, eskubideak eta autoestimua sortzeko makineria oso indartsu bat. “Edozein kritikaren aurka inmunizatzen du”, gaineratzen du Gigliolik; eta ez hori bakarrik: “Inozentzia ziurtatzen du edozein arrazoizko dudatik harago. (...) Biktimak ez du egin, egin diote; ez du ekiten, jasaten du”.

Pentsaera biktimista bizitzaren alor askotan nola agertzen den aztertzen duen liburu hau lagungarria izan daiteke konprenitzeko zergatik ari diren ugaritzen azken egunetan koronabirusaren krisiarekin loturiko konspirazio teoriak. Irakurleak segur aski dagoeneko jaso ditu lauzpabost artikulu –tartean Noam Chomskyren analisi gisa zabaldu den fake bat– eta agian baita bideoren bat ere, nahiko ongi editatua portzierto, esaten dutenak gertatzen ari denaren atzean multinazional farmazeutikoak, Bill Gates edo AEBetako zerbitzu sekretuak daudela. Are gehiago, dena hedabideek sortu dutela dioen teoriarik ere azaldu da, gaur egun hipotesi haluzinatuak zabaltzeko bideak edonoren eskura daudelako.

Teoria horiek egiazkoak diren edo faltsuak, ez da oso debate interesgarria. Inportanteagoa da akaso, haien hedapenak zer esaten duen mota horretako informazioak zabaltzen dituztenei buruz eta, orokorrago, gure gizarteaz eta hau aldatu nahi duten eragileez.

Gigliolik konspirazio-teorien fenomenoa geruzaka aztertzen du. Azaleko esplikazioa lehenbizi: mundua oso gauza konplexua bihurtu da eta hura modu arrazionalean esplikatzeko asmoa zuten filosofiak eta ideologiak aspaldidanik daude krisian; zer esanik ez historia esplikatu baino, transformatu nahi duten mugimenduak. Ez dago iparrorratzik. Ahulenek ezin dute hori jasan eta errua norena den galdetzen dute. “Obsesio konspiratiboa arrazionalizazio faltsua da”, dio Gigliolik. “Eta geratzen den bakarra da ‘nork mintzen nau?’ galdetzen duenaz barre egitea edo errukitzea, ziklopeek Polifemorekin egin zuten bezala. Inork ez dizu minik egiten, utziguzu lo egiten”.

Baina hori azalean geratzea litzateke, tipula konspiranoikoaren barruko geruzak, mamitsuenak direnak, alde batera utzita. Biktimaren kritika liburuaren egileak dio ez dugula guztiz baztertu behar konplotean sinesten duen pertsona hori. “Polifemok, egindako akatsak gorabehera, arrazoi pixka bat zeukan: norbaitek zerbait iltzatu zion begian”. Konspirazio teoriak arrazionalitate distortsionatu baten erakusgarri diren arren, horrelako kontakizunetan badago oraindik gizakiok historia aldarazteko eduki dezakegun gaitasunaren kondar bat, jarrera galtzaile eta biktimista gisa azaleratua –horrelako teoria guztiek funtsean, zera esaten baitute: herritar arruntok ez dugula ezer egiteko aukerarik, jainko ahalguztiduna ordezkatu duten botere erraldoi eta ikusezinek egiten digutela–.

“Konplotaren maniakoek eta biktimen bozeramaileek ezkutatzen dutena agertzen dute, baieztatzen dute ukatzen dutena, adi-adi begiratzen dute ikusi ezin duten arren: beraien errendizioan badago borrokaren arrasto bat; uko egiten dutenean, desioaren lorratz bat uzten dute; oker dagoen urguiluan erakusten dute zilegi den urguiluaren seinale distiratsua. Alderantziz irakurrita, beraien falazia egiaren hizkera da”, dio Gigliolik. Beste era batera esateko: koronabirusa nazioarteko agentzia sekretu batek mundua dominatzeko zabaldu duela dioen pertsona hori sintoma gisa hartu beharko genuke. Geroz eta antidemokratikoagoa den gizarte-eredu batek emititzen dituen seinaleak sinetsi nahi ez dituen norbait da. Arazoa da, ez daukala tresnarik eszeptizismo hori energia eraldatzaile bihurtzeko.

Eta hori gertatzea ez da konspiranoikoaren derrota bakarrik. Mota horretako esplikazio deliranteak entzutean nagusikeriaz barre egiten duten kazetari, intelektual edo akademikoak, jende formatu, kritiko eta aurrerakoi guztiak, ongi begiratzen badu, bere burua ikus dezake porrot horren ispiluan.

Inguratzen gaituzten fenomenoen azalpen zehatz, sinesgarri eta arrazionalek zein bide motza egiten duten ikusteko balio behar luke, beste gauza askoren artean, bizitzen ari garen salbuespenezko egoera honek. Baita hori aldatzen has dadin zerbait egiteko ere. Gigliolik “egitearen eskubidea” kontrajartzen dio biktimaren “jasatearen bidezko izatea”-ri. Datorren krisiari aurre egiteko gakoetako bat izan daiteke: egiten digute-tik egiten dugu-ra pasatzea, azken egunetan antolatzen ari diren zaintza taldeek erakutsi duten bideari jarraituz. Komunitatean ekinez bere bizimodua hobetzen dela ikusten duenak sinetsi dezake gauzak beste modu batera izan daitezkeela. Ehundura komunitarioa da konplotaren paranoirarentzat antidotorik onena. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude