Konpromisoa

  • Edozein ekosistematan bioaniztasuna gauza arriskutsu baino ezinbesteko aberastasun modura ikusten dugun bezala, mundua begiratzen dugunean hizkuntza aniztasuna ez dugu gatazka iturri arriskutsu modura ikusi behar, kontrakoa baizik, globalizazio neoliberalak eragiten duen uniformizazio linguistiko kaltegarriaren aurreko osasun seinale gisa interpretatu behar dugu hizkuntza aniztasuna munduan. Horregatik euskararen alde egitea, eraldaketaren eta demokraziaren alde egitea da.


2016ko azaroaren 29an - 08:08

Izan ere, hizkuntza bat galtzen den bakoitzean -eta Unsecok mende honetan milaka gal daitezkeela dio- kultura bat, herri bat desagertzen da munduan. Modu horretan ahultzen doa gure munduaren kultur ADNa, munduaren nortasun anitz eta aberatsa. Munduko kolore eta usainak galtzen ari dira globalizazioaren eraginez, mundua gero eta ele bakarragoa, gero eta grisagoa bilakatuz, ordezkapen prozesu amaigabean.

Munduan hizkuntzak etengabeko kontaktuan bizi dira, hizkuntza horiek erabiltzen dituzten kulturak eta herriak bezalaxe, eta zer esanik ez teknologia berriek mundua txikiagotu eta txikitu duten une honetan. Testuinguru horretan, ez dugu ahaztu behar herrien arteko kontaktu motak -demokratikoa ala menpekoa- zehaztuko duela kontaktuan dauden hizkuntzen arteko harremana, gatazkatsua ala berdintasunezkoa. Hizkuntza ukipena gatazkatsua bada, herrien arteko harremana antidemokratikoa delako da.

Gainera, ohartu behar dugu globalizazioaren eraginez, estatuez gain, nazioarteko korporazio eta multinazionalek Euskal Herria gero eta okupatuagoa dutela, baita linguistikoki ere. Okupazio horren ondorioz, lehendik jasan behar genituen gaztelera eta frantsesaren inposizioaz gain, dagoeneko ingelesarena ere jasaten hasiak gara, euskararen kaltean beti.  Hizkuntza kolonizazio indartsu honek Euskal Herriaren ohiko menpekotasun politikoaz gain, menpekotasun ekonomikoa, kulturala eta linguistikoa areagotuko ditu. Horregatik guztiarengatik izan behar du zentrala euskararen aldeko borrokak baita eraldaketa sozialaren aldeko borrokan ere.

Munduan eman diren prozesu linguistikoen azterketek argi eta garbi erakutsi dute Estatua izateak ez duela bere horretan hizkuntzaren etorkizuna bermatzen. Irlandako Estatua da horren lekuko. Baina ere berean, azterketa soziolinguistikoek azpimarratu dute Estaturik gabe hizkuntza minorizatu batek aurrera egitea ezinezkoa dela. Gauzak horrela, Euskal Herri euskalduna sortzeko ezinbestekoa da Euskal Estatuaz jabetzea, independentzia eta soberania eskuratzea. Honengatik guztiarengatik, euskara, gure askapen nazionalerako prozesuaren elementu zentraletako bat izan behar duela pentsatzen dugu.

Euskal Errepublikan ez diogu inori bere hizkuntz alboratzea eskatuko, kontrakoa, babestuko ditugu beste hizkuntzak Euskal Herria aske batean. Eta bide batez, euskaraz ikasi dezaten dei egiteaz gain, erraztasun guztiak jarriko dizkiegu euskara ikas dezaten, euskara izango baita Euskal Herri osoan integraziorako biderik eraginkorrena. Etorkizunean  Euskal Herria, herri mestizoa izango da, gero eta mestizoagoa, pluralagoa, kolore, jatorri eta fede guztietakoa, baina euskara izango da lurraldeen gainetik, kulturen gainetik, sinesmen guztien gainetik, euskal komunitatean guztiok elkartuko gaituen elementu zentrala.

Baina euskaraz bizitzeko gure nahiak, bi oztopo nagusi ditu. Batetik, inposatu dizkiguten frantziar eta espainiar konstituzioek euskarari ofizialtasuna ukatzen diotela. Eta, bestetik, gure lurraldearen okupazio linguistiko-kultural horrek eragiten duen hizkuntza menpekotasunak, gure hizkuntza portaera txarrak, ohitura kaltegarriak  indartzen dituela euskararen erabileraren eta kalitatearen kaltean.

Errealitate horrek, euskararen normalizazio alorrean, ezinbestean, bai lege arrotzekiko eta baita inposaturiko ohitura txarren aurrean ere, modu desobedientean jokatzera behartzen gaitu, hau da, euskaraz aritzea, kasu askotan, desobedientea izatea delako. Alde bakarrez jokatu behar dugu, herri erresistentzia eta hizkuntzaren inguruko desobedientzia zibila antolatuz eta konfrontazioari uko egin gabe, hori izango baita muga legalak eta hizkuntza erabilera ohitura txarrak modu eraikitzailean gainditzeko bide bakarra.

Eta horretarako, Lurralde Askearen filosofiarekin bat egiten dugunok, euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu eta sozializatu behar dugu, egunero, non nahi eta noiz nahi, euskaraz arituz, libre izanez. Euskararen jalgi hadi mundura!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude