Konfinamenduak zein galera eta onura ekarri ditu nafarren osasun fisiko eta emozionalean?

  • Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuak egindako txostenaren arabera, nafarren %51k adierazi du osasun arazoren bat okertu zaiola konfinamenduan eta %36k adierazi du estresa jasaten duela. Elikadura ohiturak hobetu dituzte herritarrek konfinamendu garaian: %21ek adierazi du orain fruta eta barazki gehiago jaten duela. Familiaren eta auzoaren babesari orain garrantzia handiagoa ematen diote herritarrek, eta txikiagoa lagunei, 1.200 pertsonari telefonoz egindako inkestaren arabera.


2020ko maiatzaren 06an - 08:38

Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuak egindako azterlana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak maiatzaren 5ean. Txosten honek kanpoan ariketa fisikoa egiten hastea gomendatu du, baina "arduraz" jokatuz.

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, txosten hau apirilean egin dute, lau alditan eta konfinamenduko "fase gogorrena eta epidemiaren gailurra zen garaian" egindakoa da. Guztira 18 urtez gorako 1.200 pertsonari egin diote galdeketa telefonoz: apirileko aste bakoitzean 300 pertsonari.

Hauek dira, laburrean, konfinamenduak nafarren osasun eta bizi ohituretan izan dituen aldaketei buruz atera dituen ondorioak:

Osasun fisiko eta emozionalean galera ekarri du eta pantailen dependentzia handitu

Orokorrean herritarrek norberaren osasunaz duten ikuspegia okertu egin du konfinamenduak: estresa, gaizki sentizea, ariketa fisikoa gutxitu izana... dira herritarrek aipatu dituzten adierazleak.

Galdeketari erantzun dioten herritarren %8k adierazi du bizkarreko minak ugaritu zaizkiola, eta %6ari buruko minak.

Ezinegon emozionalen artean, lo egiteko zailtasunak dituztela adierazi dute galdekatutako herritarren %16k, urduritasuna %10ek, beldurra %8k eta nekea %7k. Estres sentsazioa ere handitu da konfinamenduarekin: horren aurretik herritarren %22k adierazten zuen estres maila ertain edo altua zutela, eta konfinamendu garaian %36ra igo da herritar kopuru hori.

Galdeketa bete duen herritarren %11k adierazi du aisialdi moduan on-line jolasen erabilera handitu duela.

Ondorio moduan, bere buruaren osasunaz herritarrek duten pertzepzioa okertu egin da koronabirus garaian. Honen aurretik, herritarrek beren buruari ematen zioten osasun egoeraren puntuazioa,  0tik 100erako baremazioan, 84 puntutan zegoen, bataz beste. Apirilaren azken astean, galdeketa honi erantzunez, herritarrek bataz beste 80 puntu eman dizkiote beren osasun egoerari. Galdetutako herritarren %51k adierazi du ondoeza edo osasun arazoren bat okertu zaiola konfinamenduarekin.

Elikadura ohitura hobeak eta elkar zaintza estuagoa

Osasunean eragin positiboa duten alor hauei eutsi diete herritarrek, ordea, konfinamenduan: elikadura ohitura hobeak hartu dituzte etxeek, alkoholaren kontsumoa gutxitu dute, etxeko bizikidetza estimatu dute herritarrek eta gizarteko eta familiako elkartasuna indartu ditu jendeak.

Galdeketa bete duten herritarren %21k fruta eta barazki gehiago jateari ekin dio eta %10ak opilgintza industrial gutxiago jaten du orain. Pertsona hauen %18k adierazi dute alkoholaren kontsumoa gutxitu duela.

Herritarrek orain familiaren eta auzoaren babesa gehiago baloratzen dute: herritarren %8 gehiagok jotzen du garai honetan "oso garrantzitsutzat" familiaren babesa, konfinamendu aurretik baino. Auzoaren eta herriaren babesari ere orain garrantzia handiagoa ematen zaio: herritarren %3 gehiagok baloratzen du, lehen baino. Aldiz, txosten honen arabera, gutxitu egin da "lagun" eta "ingurukoen" babesari ematen zaion garrantzia maila: herritarren %3 gutxiagok jo du hau "oso garrantzitsu" gisa. María José Pérez Jarauta Osasun Komunitarioaren buruak irakurketa hau egin du azken datu horri buruz: "pertzepzio ezberdina izaten dugula on-line bidez eta aurrez aurre ditugun harremanei buruz".

Galderei erantzun dieten herritarren %29k positiboki baloratu du konfinamenduak familia harremanak indartu izana eta %19k adierazi du indartu egin direla gizartean zituen harremanak. Baina galdekatutakoen %57k ez zioten inolako alde positiborik ikusten konfinamenduari, apirileko azken astean.

Ariketa fisikoa asko gutxitu da

Etxetik kanpo ariketa fisikoa egitea debekatu du Espainiako Gobernuak konfinamendu garaian eta honek ekarri du herritarrek askoz ariketa fisiko gutxiago egitea. Galdeketa lau alditan egin dute, eta lehen aldian herritarren %39k murriztua zuen ariketa fisikoa egiteko ohitura, hirugarren aldian %40 eta laugarren aldian %34.

Ariketa fisikoaren onurak osasunerako

Orain etxetik kanpo ariketa fisikoa egitea baimenduta dagoenez, hori egitera dei egin die herritarrei Osasun Publikoko Institutuak, horrek hobetu ditzakeelako konfinamenduak okertutako osasun egoerak: adibidez, lo hobeto egiten laguntzen du, baita urduritasuna eta antsietatea gutxitzen ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude