Konfinamendua: bi aste, hasteko

  • Konfinamendua hasi besterik ez da egin. Martxoaren 15ean sartu zen indarrean, eta, oraingoz, bi aste iraungo  duela adierazi du Espainiako Gobernuak. Baina luzatuko dela espero behar da: gutxienez bi aste beharko baitira jakiteko konfinamenduak emaitzarik duen edo ez. Alegia, bi aste hauek pasatu ondoren hasiko direla emaitzak ikusten. Eta emaitza onak badakartza, ez da eteteko momentua izango, jarraitzekoa baizik: COVID-19a ez da desagertuko hamabost egunen buruan.


2020ko martxoaren 16an - 12:11
(Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Oso azkar zabaltzen da koronabirusa. Datuak ikusi besterik ez dago: martxoaren 2an, hamabi kasu ziren Euskal Herrian; martxoaren 9an, 161; atzo 870 ziren, eta gaur, eguna bukatzerako, ez dira milatik aparte ibiliko. 23 pertsona hil dira. Dagoeneko alferrikakoa da birusak gaixotutakoen kontaktuak identifikatzea eta horiek bakartuta birusaren hedapena geldiarazten saiatzea. Honezkero onartzeko garaian gaude birusa hemen dagoela, eta zabaltzen jarraituko duela. Euste fasea bukatu da, eta beste neurri batzuk hartzeko garaia da.

Intzidentzia tasak ere erakusten du hori. Araban, 10.000 biztanleko 12,3 dira gaitza harrapatu dutenak —Europako intzidentzia tasa altuenetako bat—; Nafarroan, 3,6; Bizkaian, 1,4; Gipuzkoan, 0,9. Ipar Euskal Herriko datuak ez daude bereizita, eta ezinezkoa da estatistikoki lantzea.

Hazkundearen kurba da beste seinale bat. Araban dago gaixo gehien, baina Nafarroa hazkunde antzekoa izaten ari da, lau eguneko atzerapenarekin; eta Bizkaia ere bai, sei eguneko atzerapenarekin. Gipuzkoan hazkunde kurba hori ez da oraindik hasi goraka nabarmentzen; izan liteke bederatzi-hamar eguneko atzerapena izatea Arabaren aldean. Horrek esan nahi du konfinamenduak eta harreman sozialak gutxitzeak funtzionatuko ez balute Arabako gaixo kopurura iritsiko direla hiru herrialde horiek, astebete edo hamar egun geroago. Intzidentzia tasak txikiagoak izango dituzte, hori bai, Arabak baino biztanle gehiago dituztelako.

Eta horrek guztiak esan nahi du hau hasiera besterik ez dela; gaitza harrapatu dutenen kurba horrek gora egiten jarraituko duela datozen egunetan. Konfinamendua hasi bada ere. Horregatik, itxialdiaren aurreneko egunetan —beharbada hamar-hamabost egunez— iritsiko diren datuak ez dira onak izango. Konfinamendua ezarri aurreko asteetan kutsatu direnen eta inkubatzen egon direnen kasuak agertuko baitira egun hauetan —bi astez inkubatzen da birusa—. Oraingoz goraka jarraituko du kurbak, beraz.

Konfinamenduaren aurreneko emaitzak hamabost egun horien bukaeran hasiko dira ikusten. Baina martxoaren 29a ez da bukaera izango. Epidemiologoek argi esan dute: konfinamendua bi aste barru eteten bada, berriz hasierara itzultzea bezala izango da. Erreferentzia gisa balio du: Txinak ia bi hilabete egin ditu, eta hemen baino neurri zorrotzagoekin. Erreferentzia gisa balioko du: Italian Euskal Herrian baino astebete lehenago hasi ziren.

Ez da hurrengo egunetan etor daitezkeen datu txarrengatik etsiak jotzeko garaia. Ekinaldi luze baten hasiera da hau. Indarrak hartzeko eta datuak interpretatzen ikasteko momentua da. Elkar zaintzekoa eta norbere burua zaintzekoa. Elkar animatzekoa eta norbere burua animatzekoa. Euskal Herria salbuespen egoera batean dagoela ahaztu gabe, botere publikoek egin ditzaketen askatasun murrizketak zaintzekoa eta gizartean bazterkeria edo indarkeria egoerak bizi dituztenentzako neurriak hartzekoa.

Itxialdi honek emaitzarik emango badu, administrazioen, enpresen jabeen eta herritarren erantzukizunagatik emango du. Ez da zilborrari begiratzeko garaia: ez zilbor politikoari ez zilbor ekonomikoari, ez zilbor indibidualari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude