"Kirol munduko sexu erasotzaileak biktima, familia eta kluba denboraz prestatzen ditu"

  • Kataluniako Viceko Unibertsitateko kirol karreran irakasle da Montse Martín. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, hitzaldia eskaini du Donostian apirilaren 6an. Europa mailako ikerketa bat egiten ari da, beste bost herrialdetako unibertsitate eta kirol eragilerekin batera. Hauxe du ikerketak izenburu: Kirolean adin txikikoen aurkako indarkeria ezberdinen prebalentzia eta ezaugarriak. Artikulu honetan jaso ditugu ikerketaren emaitzak. Baina zenbakiez harago, erasotzailearen ekiteko modua azaldu zuen Montse Martík: biktima prestatzen duela denbora oso luzean, familia ere bai, kluba ere bai eta isolatu egiten duela, erasoa isildu dezan.

     


2022ko maiatzaren 04an - 06:00

Europako ikerketan galderak erantzunez parte hartu duten 10.306 kirolariei, jasandako indarkeria kopuruez eta motez galdetu ostean, eskatu diete hautatzeko jasan duten indarkeria gertakari larriena, gehien markatu dituena, eta berau sakon azaltzeko. Hortik atera dituzte datu hauek, EHUk antolatutako hitzaldian Montse Martík azaldu zuenez:

Erasotzaileen perfila gizonezkoa eta eremua kluba

Erasoen %50ean erasotzailea gizon bat izan da, eta berak bakarrik burutu du erasoa. Erasoen %30etan gizonak eta emakumeak elkarrekin izan dira erasotzaileak eta erasoen %20an emakumezko bat izan da erasotzailea, eta berak bakarrik burutu du erasoa.

Eta eremuei begira, nabarmen, kluba da indarkeria mota guztiak gehien pairatzen diren eremua. Martík horregatik esan du “prebentzio lanik handiena kirol klubetan egin behar” dela.

Gizartean dagoen iruditegia hautsiz, Europako ikerketa honen datuen arabera, mutilek indarkeria gehiago jasaten dute kirolean neskek baino, baita sexu indarkeria ere. Artikulu honetan aztertu ditugu datu horiek xehe.

Montse Martí: "Erasotzaileak denboraz prestatzen ditu biktima, haren familia eta kluba"

Martík azaldu du erasotzaileak bere biktima prestatu egiten duela: “Indarkeria sexuala ez da aldagelara sartu, bortxatu eta alde egitea. Prozesu oso luzea du eta horrela ziurtatzen dute biktimak ez duela hitz egingo. Gure ikerketako kasu hauek denek oso heldutan kontatu zuten umetan gertatu zitzaiena, eta inork ezin izan zuen epaitegira jo, kasua dagoeneko preskribatuta baitzegoen”. Erasotzaileak biktimaren autoestiman eragiten duen lanketa psikologikoa egiten duela azaldu du: batzuetan losintxen bidez "bakar eta berezi" sentiaraziz, bestetan hutsaren pare sentiaraziz, edo besteengandik aislatuz, ez dezaten ihesbiderik izan.

Familia ere preparatu egiten du erasotzaileak, biktimak adin txikikoak direnez, horrela lortzen baitute familiak konfiantza jar dezan erasotzailearengan. Kirolariek azaldu dute askotan sexu erasoak gurasoen etxean bertan jasan dituztela kirol munduko pertsona horrengandik. Familak ez ote zuen susmorik galdetuta, “ez, ez, asko maite zuten gainera, entrenatzaile handia zen haientzat” erantzun dute askok.

Kirol ingurunea ere preparatu egiten du erasotzaileak. Adin txikikoren batek salatzen badu, klubak ez duela sinesten azaldu du Martík eta entrenatzailea sinestu ohi dutela, eta emaitza onak ekarri baditu eta karisma badu, are gehiago. “Nola da posible klubek ez ezer jakitea, egiten diren gauzak eginda?" galdera airera bota du, klubek jakiten ote duten edo bestaldera begiratzen duten iradokiz. Baina bestalde, "erasotzaileak erraminta asko ditu egiten dituen gauzei beste zerbaiten itxura emateko”, gehitu du.

Biktimek Martíri aipatu dioten ezaugarrietako bat da erasotzaileak lehia giro muturrekoa sortzen duela taldean, kirolarien artean jeloskortasuna sustatzen duela, oso giro toxikoa, eraso egiten duenerako biktima taldekideengandik erabat aislatuta egon dadin eta oharkabean pasa dadin egiten duena. “Hautatua sentitzearen gaia ere askotan errepikatzen da biktimen artean” dio Martík.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adingabekoen eskubideak
2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusu kasuak atzemateko protokolo berriak eskatu ditu Gasteizko Legebiltzarrak

Neurri eta gomendioak biltzen dituen txosten bat aurkeztu du Legebiltzarreko batzordeak; esaterako, Osakidetzan, ikastetxeetan eta Ertzaintzan protokoloak berrikusteko eta eguneratzeko premia.


Indarkeria sufritzen duten hamar adingabeetatik zortzi neskak dira

Save the Children erakundeak adigabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Datuok soilik “icebergaren punta” direla azpimarratu dute, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.


2023-09-24 | Estitxu Eizagirre
Entrenatu gaitezen indarkeria ez erabiltzen

Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik... [+]


Eguneraketa berriak daude