Entrenatu gaitezen indarkeria ez erabiltzen

  • Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik eza, umiliazioak, diskriminazioa, behartutako muxuak, bortxaketak... Zenbat gaztetxok utzi du kirola testuingurua segurua eta adeitsua ez zitzaiolako? Irailaren 1etik aurrera Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban indarrean den legeak kirol taldeetako partaide denen begirada trebatu nahi du, kiroleko indarkeriari ez-ikusia egiteari utzi diezaiogun guztiok. Indarkeriazko jarrerak desaktibatzeko entrenamendu ordu asko beharko dira oraindik, hau bide luze baten hasiera baino ez da. Esfortzuak merezi du, ordea, gaztetxoen osasuna eta kirolarekin izango duten harremana baitago jokoan.


2023ko irailaren 20an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kuota bera ordainduta, hainbat herritako futbol klubetan A taldeko gaztetxoek astero entrenamendu egun bat gehiago izango dute gainerako taldeetakoek baino. Egiturazko diskriminazioak hain lasai onartzen ditugu kirolean. Imaginatzen astero eskola egun bat gutxiago balute gelako nota onenak ateratzen ez dituzten ikasleek? Hain ditugu barneratuta kirol munduko indarkeriak, beste eremuetan onartuko ez genituzkeenak kirolean normaltzat hartzen baititugu. Ikasturte honetan, kirol taldeetako kide guztiek erremintak dituzte eskura gaiari buelta batzuk emateko, indarkeria egoerak ikusteko begiradak trebatzeko eta errespetuzko testuinguru segurua lantzen saiatzeko.

"Zure seme edo alabaren partidak, lehiaketak, entrenamenduak ikustera zoazenean, animatu egiten duzu, edo kritikaren bat egiten duzu entrenatzaile, jokalari edo epaileez?" Gurasoei galdera hori planteatzen die kirol taldeen esku dagoen protokoloak.

Izan ere, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko Lege Organikoa atera zuen 2021ean Espainiako Gobernuak. Pixkanaka ari da garatzen gizarteko hainbat alorretan, eta irailaren 1etik aurrera indarrean dago Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, kirol eta aisialdi esparruan. Lege Organikoak 47. eta 48. artikuluetan arautzen du eremu hau, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, beste hainbat aditu eta erakunderekin batera, lege horretan oinarrituta protokolo bat prestatu dute kirol taldeen eskura jartzeko, eta formazioa eta aholkularitza ematen ari dira adin txikiko pertsonekin esku hartzen duten eragile guztiei: kirol taldeetako entrenatzaileak, medikuak, arbitroak...

Itsaso Nabaskues Laserasekin bildu gara, bera da protokoloa lantzen aritu den teknikarietako bat. Kirola egiteko testuinguru segurua izatea oso garrantzitsua dela azaldu du: "Kirola oso ona da garapen integralerako, sozializaziorako, gorputz eta bururako. Ezinbestekoa da haurrei testuinguru seguru eta positiboa eskaintzea, bereziki hasierako adinetan, kirola bizitza osoan zehar egiteko aukera izan dezaten". Izan ere, Nabaskuesen ustez, kiroleko mikroindarkeriek izan dezaketen ondorio larriena da haur eta gaztetxoek kirola uztea: "Egoera zail edo indarkeria egoera bat bizi izan badugu esparru batean, seguraski ez dugu itzuli nahiko. Hori ondorio larria da, hasierako adinetan finkatzen direlako kirol ohiturak helduarora begira".

Espainiako selekzionatzaile Ignacio Quereda jokalariari belarritik tiraka. Atximurkak egin ohi zizkien masailetan jokalariei eta tratu umiliagarria eman izan zien karguan egon zen 27 urteetan (2015 arte izan zen). "Ea zaintzen zaren... lodi zaude!" moduko esaldiak botatzen zizkien.
"Kirolean ematen diren indarkeriak oso naturalizatuta ditugu"

Bizitzako beste eremuetan bezala, kirol esparruan ere indarkeria egoerak ematen dira. Gai honen inguruan dauden ikerketen berri emateko, iaz Montse Martí adituaren hitzaldia antolatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak (hemen irakurgai kronika). Martík azaldu zuenez, bizitzako beste esparruetan indarkeria gehiago ematen da kirolean baino, baina hala ere ez da txikia kirolean ematen den kopurua: 1.472 pertsonak parte hartu zuten ikerketak agerian jarri zuenez, horietatik %78ak kirolean gutxienez indarkeria egoera bat bizi izan zuen. Ikerketa beraren arabera, indarkeria ohikoena (%70) psikologikoa da. Eta errendimenduzko kirolean dabiltzanek jasaten dituzte gehiago. Nabaskuesen hitzetan, "ikerketa hau ezagutu ostean, lege hau erabat beharrezkoa da. Ezinbestekoa da indarkeriaren gaia kirol esparruan ere lantzea".

Zer datorkizu burura kiroleko indarkeriaz pentsatzean? Fisikoari buruzko iruzkinak egitea edo lesionatuta egonda jokatzera behartzea normaltzat al dauzkazu? Kirol taldeen eskura dagoen oinarrizko protokoloa idazterakoan, teknikariek indarkeria mota anitzak hartu dituzte kontuan: psikologikoa, fisikoa, sexuala ukituzkoa, sexuala ez ukituzkoa, eta utzikeria. Esparru horietako bakoitzean, mikroindarkeriatik hasi eta bortizkeria handienetarako jokabideak zerrendatzen ditu protokoloak:

Protokoloa lantzen aritu den Nabaskues teknikariak adierazi duenez, "Kirol esparruan, oihu egiten duen entrenatzaile bat ongi ikusia dago, diziplina eta fundamentua duela ematen du. Kirolean mikroindarkeria asko daude naturalizatuta eta barneratuta, eta horiek ez genituzke beste testuinguru batean onartuko".

Protokoloak badakartza galdera batzuk ere, kirol taldeetako eragile bakoitzak bere buruari egin ahal dizkionak, galdera hauen bidez indarkeria egoerak detektatzen ikas dezagun, eta ezikusia egiteari uzteko. Izan ere, indarkeriari aurre egiteko eragile guztiak dira parte aktibo protokoloan: entrenatzaile, kirol zuzendari, mediku, arbitro, guraso eta kirola egiten duten adin txikiko haur eta gazteak:

Protokoloa kaxoian geratzeko arriskua

Gaia lehen lerroan jarri dute Luis Rubialesek Espainiako Futbol Federazioko lehendakari zela Jenni Hermoso jokalariari emandako musu behartuak eta Angelique Cauchy tenislariak Frantziako legebiltzarrean emandako testigantzak. Aldiz, inor ez zaizu tabernan mintzatuko ikasturte honetan kirol talde denetan indarrean jarri den lege honetaz eta protokoloez. Kirol taldeetako zuzendaritzek eta entrenatzaileek email bidez jaso dute administraziotik honen berri, eta horietako askok jaso du dagoeneko gaiari buruzko berariazko formazioa.

Baina Nabaskuesek azpimarratu duenez, kirolariek eta familiek jakitea da gakoa, indarkeria egoerarik bizi badute jakin dezaten kirol taldeek legez prebentzioa eta gatazken ebazpena landu behar dituztela, eta horretarako hainbat erreminta badituztela: protokoloa, formazio saioak eta aholkularitza, hain zuzen. Gurasoek eta adin txikiko kirolariek honen berri jakin ezean, protokoloak arrisku handia du kaxoian geratzeko, eta gauzek dauden moduan jarraitzeko. Nabaskues: "Abiapuntu gisa kirol taldeei eskatzen ari garena da protokoloak sare sozialetan zabaltzea, webgunean jartzea, gurasoen whatsap taldean zabaltzea, klubaren egoitzan laburpen taula jartzea, haurrei jakinaraztea edozein indarkeria kasu bizi badute kirol talde barruan norengana jo dezaketen...". Nabaskuesek argi du begiraleei ikastaro bat emanda eta protokoloa zabalduta soilik ez dela indarkeria gaindituko: "Ez da erraza izango, kirol munduan errotazio handia ematen delako. Kontziente gara abiatu baizik ez garela egin, eta administraziotik ere lanean jarraitu beharko dugula honek benetako eragina izan dezan".

Nabaskuesek kirol taldeak motibatu nahi ditu gai honetan jarrera aktiboa izatera: "Elkartea osatzen duten pertsonen ikuspegia ezinbestekoa da: gai honekiko sentsibilizazioa, talde bakoitzak gai honi ematen dion garrantzia... Badakigu kirol talde txikietan beste zeregin bat gehitzen zaiola eguneroko errealitateari eta badakigu lankarga bat ekartzen duela, ahalegin bat. Baina benetan uste dugu administrazioak tresnak eskaintzen jarraituko duela eta denen parte-hartzea ezinbestekoa dela honekin aurrera egiteko. Kontziente gara kirol talde asko bolondresen lanari esker ateratzen dela aurrera eta formazio ikastaro hauek dohainik dira eta on-line. Ahalik errazen egiten saiatu gara, alde ekonomikotik eta edozein momentutan etxetik konektatu ahal izateko moduan".

Nola jokatu

Legeak hala eskatuta, kirol taldeek bere kideetako bat "babes ordezkari" izendatu behar dute, eta berea izango da detekzioa sustatzearen, arazoak bideratzen saiatzearen eta protokoloa betetzearen ardura. Horregatik, indarkeria egoeraren bat sumatzen duenak, harengana jotzea du lehenengo pausoa. Hala ere, Nabaskuesek argi utzi nahi izan du babes ordezkaria ez dela gatazketan epaile izango: "Bere ardura da halako egoera baten berri duenean, protokoloan zehaztutako urratsak ematea eta dagokion pertsonari komunikatzea. Administrazio publikooi falta zaigu zehaztea kasu horien ikerketa nola burutuko den eta zer erakundek izango duen horretarako ahalmena".

Kirol taldeek "babes ordezkari" ardurarako kide egokia aukeratzea funtsezkoa da: "Haurrentzako gertuko pertsona izan behar du, enpatikoa, bestela ez zaizkio beraien bizipenak kontatzera joango". Babes ordezkariari ikastaro bat emanda ez dela aski dio Nabaskuesek, eta norabide horretan administrazioak epe luzerako lana egin behar duela: "Figura honentzako etengabeko formazioa ezinbestekoa da. Ez da edozein gai, eta ongi etorriko litzateke babes ordezkariak aurrez aurre elkartzeko espazio bat sortzea, begirada eta esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko".

Arrazoiak arrazoi babes ordezkariarekin egoera askatzen ez den kasuetarako, gurasoek eta adin txikiko kirolariek badituzte gai honetan trebatutako aholkularitza zerbitzu publiko hauek ere: Zeure Taldekoak Gara eta Zeuk Esan.

Oraingoz zigorrik ez

Lege Organiko honek oraindik ez du garatuta zigorren atala eta kirol taldeen eskura jarri den protokoloan ere ez dira zehazten indarkeria egoera bakoitzaren aurrean zer ondorio jarri: "Protokoloan jasotzen den jarraibidea da 'babes ordezkariak' indarkeria egoera baten berri badu, Zure Taldekoak Gara zerbitzura jo behar duela eta han aholkatuko diotela nola jokatu", Nabaskuesek azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzari lotua dagoen erakunde hau gaian oso jantzia dagoela esan du, eta erremintak edo neurriak proposatzen dizkiela kirol taldeei: "Adibidez, erasoa gauzatu ahal izan duen pertsona horri laguntzarako norbait jartzea gainbegiratzeko nolako ekintzak egiten dituen, edo aste batzuez kasua argitu arte ez etortzera gonbidatzea, edo...".

Protokoloa garatu zuen teknikari taldea orain monitorizazio sistema garatzen ari da. Nabaskuesen hitzetan, "monitorizazio sistema ebaluatzeko modua da". Eusko Jaurlaritzak plataforma bat irekiko du, eta bertan kirol talde bakoitzeko babes ordezkariak urtero hainbat datu sartu beharko ditu, adibidez, zer prebentzio ekintza aurrera eraman dituzten, beraien taldean zer indarkeria kasu egon diren... "Jarraipena egitea da helburua".

Legean zigorren atala garatu gabe badago ere, administrazioak hainbat gauza egin ditzakeela nabarmendu du Nabaskuesek: "Esaterako, bere diru-laguntza lerroetan jaso dezake kirol taldeek formazioa egin izana egiaztatu beharko dutela". Kirol taldeek ere gauza asko egin ditzaketela ohartarazi du: "Beraien estatutuetan idatzi dezakete zer jokabide onartuko diren, edo zer pertsona mota nahi dituzten: kirol taldeek aukeratu dezakete zer langile, zer figura mota nahi dituzten beraien taldean".

Zigorren logikan kateatu baino lehen, adin txikiko haur eta gazteekin gaia lantzea izan daiteke taldeek egin dezaketen beste urrats eraginkor bat, ordura arte normalizatuta dauden indarkeria jarrerak zein diren kontziente egiteko, eta aurrerantzean jokabide horiei zilegitasunik ez emateko. Nabaskues: "Ezinbestekoa da haur eta gazte kirolariei gai honen inguruan hitz egitea. Gaia azaltzea, aurkeztea zehazki zein diren onartuko ez ditugun indarkeria egoerak, eta beraiek ere parte bihurtzea egoera horiek ez onartzeko. Haurrek egunerokotasunean gauza asko ikusten dituzte eta badute zeresana". Ez al da bada kirol bat ikastearen parte kiroltasunez jokatzen ikastea?

Errendimenduko kirolean indarkeria gehiago
Andrew Geddes entrenatzailea 18 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, 12 eta 17 urte bitarteko lau tenislari bortxatzea egotzita. Argazkia: Le Parisien / Alexandre Oudart

Europa mailan egindako ikerketa batek (Kirolean adin txikikoen aurkako indarkeria ezberdinen prebalentzia eta ezaugarriak) erakutsi du kirol mailan gora egin ahala indarkeria kopuruek gora egiten dutela. Zergatik ote? Nabaskuesen ustez, "emaitzaren gaineko presioarekin du zerikusia, badirudi emaitza lortzeko denak balio duela eta tentsio asko sortzen den testuingurua da. Bestalde, entrenatzailearekin ordu asko pasatzen dira. Beldurrak ere handiagoak dira kirolariarentzat: zerbait esaten badu ez diotela jokatzeko deituko, adibidez”.

Honen guztiaren adibide da Frantziako Estatuan 600 kirolarik salatu dituztela sexu erasoak: tenislariak, patinatzaileak, judolariak, atletak... Duela 20 urtekoak dira lehen salaketak, baina asko egungoak dira, 2020-2021 denboraldikoak 107. Horietatik %70 emakumezkoek jasan zituzten eta %84 adin txikikoak ziren erasoak pairatu zituztenean.

Azken asteotan Frantziako legebiltzarrak komisio bat sortu du gaia aztertzeko eta Angelique Cauchy tenislariak bertan kontatu du auzitegietan jada salatua duena: 12 urte zituela, bi urtean 400 bider bortxatu zuen bere entrenatzaile Andrew Geddes-ek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2025-10-01 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Jaio. Kirola. Hil

Abuztuaren erdian hasi zen eskubaloira entrenatzen seme zaharrena; irailetik aurrera, astean lau entrenamendu ditu (hiru tekniko, bat fisikoa) eta asteburuetan partida. 15 urte ditu. Erdikoak, eskola-kirolaz gain, futbola eta eskubaloia. 9 urte ditu. Etxeko agendan, leku gehiena... [+]


Rakel Mateo
"Ez dut saiatu ez izanaz damutu nahi"

Ideia bat argi duenean, oztopoak oztopo aurrera doa Rakel Mateo triatleta (Mungia, Bizkaia, 1975). 2001ean lan istripu bat izan ostean, ezkerreko hanka txikituta geratu zitzaion. Horren ondorioz, kirol egokitua deskubritu zuen eta hiru Paralinpiar Jokotan parte hartu du. 


Protestak piztu dira Marokon
"Ez dugu Munduko Koparik nahi; osasuna eta hezkuntza hobea nahi ditugu"

Deialdiak eta asanbladak sare sozialen bidez eginda, protesta jendetsuak ari dira izaten Marokon, hala nola Rabat hiriburuan eta Casablanca eta Tanger hirietan. "Egiturazko erreformak" eskatzen dizkiote gobernuari.


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
"Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu"

Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Eskola kirola
Ziaboga, korronte nagusiak eraman ez dezan

Aurrerantzean, Gipuzkoako klub batean jokatu nahi duen 8-12 urteko umeak ez du derrigorrez Eskola Kirolean parte hartu beharrik izango, EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Multikirol ereduaren kontrako errekurtsoa jarri duen familiaren hitzetan, ez da bidezkoa erakundeek... [+]


2025-09-23 | Jon Torner Zabala
Israel futbol txapelketetatik kanporatu ala ez bozkatuko du UEFAk

UEFA Europako futbol erakunde nagusiak Israelgo selekzioa eta klubak hark antolatzen dituen txapelketetatik kanporatu ala ez erabakitzeko bozketa egingo du, hainbat hedabidek publikatu duenez, nahiz eta jakinarazpen ofizialik ez dagoen.


Israelen zuritzea eta ezkutatzea Gasteizko txakur txapelketan

Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]


2025-09-18 | ARGIA
Euskal Selekzioak eta Palestinak futbol partida jokatuko dute San Mamesen, azaroaren 15ean

Palestinako Futbol Elkartea eta Euskadiko Futbol Federakundea "lankidetzan" ari dira partida jokatu ahal izateko eta Espainiako Gobernuak oniritzia eman dio egitasmoari, Ser irrati kateak aurreratu duenez. Palestinako arduradunen esanetan, Israelek 355 futbol jokalari... [+]


2025-09-15 | Jon Torner Zabala
Palestinarekin elkartasuna
Espainiako Vueltaren ez-amaiera nahasia, egunotan bizi izandakoen bidetik

Espainiako Vueltak zeresan handiagoa eman du aurten Palestinaren aldeko ekintzengatik, ziklisten arteko lehiagatik baino. Bosgarren etapan –taldekako erlojuz kontrakoan– dozena erdi ekintzailek Israel Premier Tech taldeko txirrindulariak geratu zituztenetik,... [+]


Boikotaren beste garaipen bat: Sestaoko Open Basque Country xake txapelketan ez dute israeldarrek parte hartuko

Israelgo zazpi jokalariek uko egin diote Sestaoko xake txapelketan jokatzeari, beren parte hartzearen aurka antolatutako protesten ondoren. Antolakuntzak aurretik eskatu zien parte ez hartzeko edota Israelgo banderarik ez erabiltzeko.


2025-09-10 | Axier Lopez
Ausardia

Osasuna futbol taldeak bat egin berri du AHTren aldeko enpresarien plataformarekin. Baina, "kirola eta politika ez dira nahastu behar" 'koinatuen' esaldirik gogokoena Bilbon gertatutakoaz besterik ez dugu entzun. 23 hilabetez jarraian estatu genozida batek... [+]


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Bigarren aldiz moztu dute Espainiako Vuelta Israelen parte-hartzea salatzeko

Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.


Nafarroako lau pilotari ijitori omenaldia egin diete Iruñeko Mañuetako pilotalekuan

Flamenco On Fire jaialdian ospatu dute ijito komunitatearen, flamenkoaren eta pilotaren arteko harremana. Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta pilotalekuan antolatu dute jaialdia, eta bertan omenaldia egin diete lau pilotari ijitori.


Eguneraketa berriak daude
Barraskilo bat Amanita Muscaria baten gainean
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren udazkeneko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Izara formatu berritzailean, landareak lantzeko jakintza praktikoa, lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak eta poster eder bat deskubrituko dituzu urtaro bakoitzean. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!