2023-10-06 12:01

TikTok enpresari 345 milioi euroko isuna ezarri dio Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak, adin-txikikoen pribatutasuna behar bezala ez babesteagatik.

ByteDance enpresa txinatarraren TikTok aplikazioak adingabeen datuak nola erabiltzen dituen aztertu du Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak. Aurkitu dutenez, 2020ko uztailetik abendura bitartean adin-txikikoek sortutako kontuak modu lehenetsian “kontu publiko” gisa konfiguratuta zeuden. Horren ondorioz edonork ikus zitzakeen gaztetxoek argitaratutako edukiak, TikTokeko kontua izan zein ez. Arazo honek 13 urtetik beherakoei bereziki eragiten diela nabarmendu dute, TikToken erabilera adin horretatik gorakoentzat dela jarri arren, jakina baita gazteagoek ere erabiltzen dutela.

Datuen babeserako agentziak azpimarratu du TikTokek diseinu engainagarriak erabili zituela adingabeak edukiak publiko egitera bultzatzeko, kontua sortzeko momentuan eta bideoak argitaratzean. Horrez gain, adingabeei ez zitzaiela informazioa behar besteko gardentasunez ematen diote.

TikTokek gurasoei aukera ematen die adingabearen kontua kontrolatzeko: gehienezko denbora ezarri, eduki, bilaketa eta pribatutasun baldintzak zorroztu… Ezaugarri honekin lotuta bi arazo aurkitu dituzte. Batetik, ez dela egiaztatzen kontrola hartzen duen kontua gurasoa edo arduradun legala den. Bestetik, 16 urtetik gorakoei mezu zuzenak gaitzeko aukera dagoela, adingabeak desgaituta badauzka ere. Azken aukera horri ez diote zentzurik aurkitzen eta adingabearen eskubideen aurkakoa dela diote.

Honegatik guztiagatik, TikToki 345 milioi euroko isuna jartzea erabaki dute, eta hiru hilabete eman dizkiote zuzenketak egiteko.

Artikuluaren irudi nagusia: Solen Feyissa / CC BY-SA 2.0

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.