Kezkaturik eta baliabiderik gabe irekiko dituzte Ipar Euskal Herriko ikastetxeak

  • Maiatzaren 11tik aurrera irekiko dituzte ikastetxeen ateak, progresiboki eta nahi duten familientzat. Seaskako lau kolegioetako zuzendariek ikastetxeen ateak irekitzeko “baliabide eskasak” salatu dituzte gutun bidez. Konfinamenduak eta deskonfinamenduaren antolaketak euskararen erabilpena kaltetzen dutela dio bere aldetik Biga Bai sare elebiduneko egiturak.


2020ko maiatzaren 09an - 15:07

Kezka nagusi bada ere, maiatzaren 11tik aitzina irekiko dituzte ikastetxeak Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak erabaki moduan, “nahi duenarentzat” eta "modu progresiboan". 11an izango da irakasleentzako sartzea eta biharamunetik aurrera ikasleentzat –lehen eta bigarren mailakoak datorren astetik goiti eta kolegiokoak maiatzaren 18tik goiti–. Ez denez behartua, hainbat haurrek hartuko dute berriro ikastetxeko bidea eta beste batzuk etxean segituko dute.

Dena dela, ez da orain arteko baldintzetan eginen: gelan gehienik 15 ikasle batuko dira. Ikasgelak bitan banatu beharko dituzte beraz eta irakasleek kurtsoa bi aldiz egiteaz gain, etxean gelditzen diren ikasleen jarraipena ere segurtatu beharko dute telelanaren bidez. "Beraz, hiru lanpostu bete beharko ditu irakasle bakoitzak", deitoratu dute Seaskako lau kolegioetako zuzendariek, gutun bidez. Berrantolaketa baldintza onetan egin ahal izateko baliabiderik ez dutela gehitzen dute: "Aitzinatuak izan diren neurriek ez dituzte egoeraren kudeaketa on baterako ezinbesteko beharrak kontuan hartzen eta bestetik, ez dute 15 ikasleko gelak antolatzeko baliabiderik ematen". Kezka nagusi beraz irakasleen artean, baita guraso eta umeen artean ere.

Euskararen kalterako

“Irakaskuntza elebidunaren kasuan, euskara/z urrundikako irakaspena ez da frantsesez egiten den molde berean egiten ahal. Izan ere, pedagogia elebiduna ahozko praktikan oinarritzen da nagusiki eta aterabide guti da horrelako jardueren luzatzeko konfinamendu egoera batean”. Horri gehiturik ikastetxeen irekitze berezi hau baita ondotik datozen udako oporrak, euskararen erabilpenean kalteak sentituko direla deitoratzen du Biga Bai hezkuntza elebidunaz arduratzen den egiturak. “Gehienetan haurrek beren ingurumenean ez dute euskararekin kontakturik. Eskolarik gabe, haur elebidunek ez dute euskararik, edo franko guti baizik”. Biga Baik salatzen duenez, hezkuntza akademiako ikuskari batzuek gomendatu dute hizkuntzaren erabilpenaren gaia baztertzea, antolaketa sanitarioa lehenesteko.

Gobernuaren planean ageri diren baldintzen artean, kutsatzeak ekiditeko neurri zorrotzak beharturik dituzte: haurrek ezingo dituzte jostailuak, margoak edo liburuak partekatu ezta elkar ukitu zein elkarrekin jolastu ere eta metro bateko distantzia errespetatu beharko dute haien artean. "Zein baldintza pedagogiko eta humanotan egongo dira bi eta hamaika urte bitarteko haurrak?" galdezka dabiltza Seaskako zuzendariek –funtsean, irakasle guztiek partekatzen duten kezka da hau–.

Hala eta guztiz ere, kezka nagusitu arren, maiatzaren 11an irekiko dituzte ateak ikastetxeek. Lehen eta bigarren mailako ikastetxeez gain, kolegioko seigarren eta bosgarren mailetako gelak irekiko dira maiatzean. Izurritearen bilakaeraren arabera egingo dira ala ez kolegioko laugarren eta hirugarreneko klaseen eta lizeoen irekitzeak ekainean. Alta, oroit gara koronabirusaren izurritea gainditzeko neurriak gomendatzen ari den Frantziako Kontseilu zientifikoak irailera arte ikastetxerik ez irekitzeko iritzia plazaratu ziola gobernuari. Gomendioaren gainetik pasa izanak kexua areagotu zuen hezkuntzaren arloan.

Grebarako aitzin-abisua

Baldintza sanitarioak ez badira errespetaturik eta lanera ez joateko eskubidea ez bazaie irakasleei aitortua, greba egiteko bidea irekitzen dabiltza geroz eta sindikatu gehiago. Hori horrela, maiatzaren 11tik goiti balioko duen grebarako aitzin-abisua pausatua dute hainbat sindikatuk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude