"Kalea izan da gure eragite esparru naturala; orain etxetik jakintzak eta konplizitateak ehuntzea dagokigu"

  • 2.500 laguntzailetik gora daude saretuta Batera Zaindu Gasteizko zaintza sare herritarrean, autoantolakuntza eta komunitatea oinarri. Larrialdi egoera ezarri aurretik hasi ziren sarea ehuntzen, eta hiriko 50 zonaldetan deszentralizatu dira dagoeneko. Eskatu duten pertsonei laguntza emateaz gain, zaintza egiteko irizpideak eta baliabideak ari dira sortzen eta sare sozialetatik zabaltzen.


2020ko martxoaren 23an - 12:04
Aitziber Romero, bere etxeko leihoan. Argazkia: Aitziber Romero Sánchez.

Nola sortu da Batera Zaindu ekimena?

Covid 19-aren krisiak eragin dituen zaintza beharrei erantzuteko sortu genuen sarea. Jakin badakigu behar hauetako asko osasun krisia hasi aurretik existitzen zirela eta, zoritxarrez, egoera honek areagotu besterik ez dituela egin. Beste asko, aldiz, testuinguruak eragindako beharrak dira: etxean dauden haurrak zaindu ezin dituzten gurasoen beharrak, isolamenduan egon behar diren eta bakarrik bizi diren bizilagunen beharrak, osasun arrisku egoeran daudenak… Instituzioek egoera eta behar hauei aurre egiten ez zietela ikusita, erantzukizuna gure egin eta ardura kolektibo horri Batera forma eman genion.

2.500 pertsona baino gehiagok eman dute izena laguntzeko. Zenbat zarete orain?

Sarea aurkeztu eta 48 ordutan lortu genuen 1.500 kide batzea, eta orduak pasa ahala boluntarioen kopuruak gora baino ez du egin. Modu honetan, 22 auzotan antolatu eta 50 zonaldetan deszentralizatu gara, lehenengo zaintza beharrei erantzun azkar eta segurua emanez. Orduz ordu, kopurua etengabe hazten ari da: sare sozialetan, auzoetako taldeetan… Gero eta gehiago gara eta egunek aurrera egin ahala gero eta gehiago izango garelakoan gaude: momentu zailak espero dira oraindik, eta horrek zaintza behar gehiago azaleratuko ditu.

Askotan errazagoa zaigu laguntza ematea eskatzea baino. Ari zarete jasotzen laguntza eskaerak? Zer pertsona motaren aldetik edo zertan laguntzeko?

Hori horrela da, zaurgarri garela onartzea kostatzen zaigu. Sistemak sinestarazi nahi digu bizirauteko ez dugula beste inoren beharrik. Eta horrek zaintza beharrak eta zaintza lanak, beste arrazoi askoren artean noski, esparru pribatuenean egotea dakar. Eta bada garaia zaintza pribatutik kolektibora jauzi egiteko. Emakumeon* esplotazioari esker zaintza lanak sistemari dohainik ateratzen zaizkio. Kapitalak ezin izango luke hainbesteko aberastasuna metatu horiek dohainik edota oso lan baldintza okerretan gauzatuko ez balira. Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza zaintzaren berrantolaketa soziala exijituz, eta horrek sistemaren haustura eskatzen du. Bizitzak erdigunera ekartzea dugu lehentasun, eta horrek bizitza kolektiboki nola sostengatu pentsatzera garamatza. Batera sarea berregituratze horretan pauso txiki-txiki bat da, egoerak behartua, baina irakaspen asko ekarriko dituena. Hau hasi baino ez baita egin. Eta pertsona guztiok bizitzaren momentu askotan jaso eta eman behar ditugu zaintzak.

Orain arte Batera sarean hainbat behar topatu ditugu: osasun zentrora joatea baja jasotzera, botiken bila joan, erosketak egin, zaborra jaitsi, hitz egiteko beharra…

Eskatu duten pertsonak laguntzeaz gain, beste lan batzuk ere ari zarete egiten.

Sareak bi helburu dituela esango genuke. Alde batetik, sortzen diren zaintza beharrei erantzuna eman. Horretarako, laguntza ematen zein jasotzen dutenentzat irizpideak, protokoloak edo tresnak sortzen ari gara, arreta ahalik eta gertukoena eta seguruena izan dadin. Kartelak, bideoak eta irakurketak zabaldu ditugu. Bestetik, komunitatea indartzea ere badugu helburu. Hori lortze aldera dinamika ugari jarri ditugu martxan, ikustarazteko bizilagun guztion parte-hartzea ezinbestekoa dela Baterak aurrera egin dezan.

Nola antolatzen ari zarete?

Atarietako antolakuntza sustatzea da gure lehentasuna. Atarietan jartzeko eskutitz eredu bat dugu, hainbat hizkuntzatan. Bizilagun bezala gure laguntza eskaintzen diegu gainontzekoei eskutitzean. Funtzionamendu hau lehenesten dugu, hurbilekoa, eraginkorrena, seguruena eta praktikoena delako. Baina baita ere komunitatea sortzeko oso baliagarria delako.

Harremanetarako jarri dugun telefonora heltzen diren beharrak dagokien auzoetara bideratzen dira eta tokiko taldeek kudeatzen dituzte. Bermatzen dugu zaintza lanak egingo dituzten pertsonek gure protokoloen berri izatea, eta zaintza eman zein jasoko dituztenei jarraipena egitea.

 

 

 

50 zonaldetan banatu da Batera, zaintza modu eraginkorrean banatzeko. Irudia: @BateraZaindu.

 

 

 

Komunitatea eta autoantolakuntza aldarrikatzen dituzue, besteak beste. Zer dira hitz horiek zuentzako?

Indarrean dauden joera eta balio indibidualistei erantzuteko sorkuntza kolektiboa da Batera, anitza eta irekia. Bizitzarako funtsezkoak diren elementuak etengabe ahultzen ari dira eta elkar zaintzarako ditugun beharrak asko dira. Koronabirusaren krisiak ageriago utzi ditu behar horiek. Aurre egiteko modu bakarra ikusten dugu: komunitatea eta autoantolakuntza indartzea.

Herri mugimenduak urteak daramatza hitz hauei zentzua ematen. Teoria inspiraziorako bai, baina praktika izan behar da definitzen gaituena. Erronka ikaragarria da esku artean duguna, eta espero dugu abiapuntu izatea sare hau. Sorkuntza ari da gure altxorra izaten: orain arte kalea izan da gure eragite esparru naturala; orain etxetik jakintzak eta konplizitateak ehundu eta ilusioz lan egitea dagokigu. Sarea oinarria eta helburua da aldi berean: bizilagun guztion parte hartzearekin hainbat balio praktikatu eta zentzua ematen diegu –elkartasuna, elkarlana, laguntza, trukea, konpromisoa...–.

Erakundeek eta zerbitzu publikoek zer paper izan behar dute zuen ustez? Harremanik izaten ari zarete norbaitekin?

Eusko Jaurlaritzak ezin ditu oinarrizko zaintza lanak soilik boluntarioen esku utzi. Baina Eusko Jaurlaritzak eta gainontzeko instituzio publikoek dagozkien erantzukizunak hartzen ez dituzten bitartean, guk arduraz jokatzen jarraituko dugu. Hala ere sumatu dugu instituzio batzuetatik badagoela lan hau oztopatu edo behintzat kontrolatzeko nahia. Alarma egoera ezarri aurretik jarri zen martxan Batera, etorriko zen egoera gogorrari aurre egiteko. Alarma egoera ezarri eta lehen orduetan, lehentasunezko zaintza lanak bermatzeko tresna bakarrenetarikoa izan zen sarea Gasteizen.

Argi utzi nahi dugu guk ez dugula inoren lana ordezkatzeko borondaterik, gure ustez egiten ari garena zerbitzu publikoen ardura da. Soldata duinarekin ordaindutako langile publikoek egin beharko luketena. Krisi egoera honek zaintza behar berriak sortu ditu eta jada lehendik existitzen zirenak areagotu, zerbitzu publikoek ez diete arreta eskaintzen eta gu behar hauek asetzeko antolatu gara, besterik ez. Herritar moduan dugun erantzukizuna da. Hala ere, urgentziazkoa da gai honen inguruan eztabaida publiko bat ematea.

Zenbait ordezkari politikok zaintza sare hauek kritikatu dituzte. Nola jaso dituzue komentario horiek?

Batera bezalako zaintza sare herritarrei aitortza egin behar dietela uste dugu. Ez da soilik kontu politikoa, eraginkortasun kontua ere bada, une honetan sarerik antolatuena eta jendetsuena dugu. Herritarrok instituzioak baino azkarrago antolatu gara, eta zaintza beharrei aurre egin diegu. Modu arduratsuan egin dugu: osasungintzako profesionalekin osatu ditugu protokoloak zein irizpideak, eta etengabe helarazi dizkiegu sareko partaideei. Kritikek haien jardun eza are ageriago uzten dute. Guri beste galdera bat datorkigu burura: zaintza nola bermatu zuten instituzioek alarma egoera ezarri eta lehenengo hiru egunetan? Batera, egoera hori ezarri aurretik jada martxan zegoen.

Beste zaintza sareren batekin harremanik baduzue?

Guk Gasteizen, oraingoz, ez dugu besterik ezagutzen. Hala ere pentsatzekoa da beste perspektiba duten sareak ere sortu direla eta sortuko direla. Gure iritziz, sareen arteko saretzea ere beharrezkoa da, beste esperientzietatik ikasi eta elikatzea ezinbestekoa da. Baita ere baliabide materialak konpartitzea.

Egoera asteetan luzatuko dela ematen du, egoerak larriagotuko direla. Ari zarete pentsatzen edo eztabaidatzen zer egin edo egoerak aurreikusten?

Momentuz nahiko lanpetuta gabiltza eguneroko kudeaketarekin. Azkenengo egunak baliatu ditugu aurrera begirako ibilbidea apur bat zehazten joateko, baina lehentasuna orain arte sarea sortu eta beharrak modu egokian erantzutea izan da. Bestalde, EHko Mugimendu Feministak proposatutako mahai tekniko-politikotik erantzun kolektibo eta sakonagoak garatuko direlakoan gaude. 

Baina berriz diogu: gure ustez kalitatezko zerbitzu publikoen ardura da egoera hauen kudeaketa egitea eta behar guztiei erantzuna ematea. Elkarlanerako eta lanak koordinatzeko deia egiten dugu.

Noizbait amaituko da larrialdi egoera. Agenda neoliberala estutu nahiko dute agian krisiari ‘konponbidea’ emateko... Zer egoera aurreikusten duzue? Zaintza sareak agertoki horretan ere baliagarriak izan daitezkeela uste duzu?

Covid-19a aitzaki bezala erabiliko dute krisia justifikatzeko. Baina argi dugu sistemaren krisi baten aurrean aurkitzen garela. Bizi eredu hau eutsiezina da: urtea hasi dugunetik asko dira eraildako langileak, indarkeria matxista hiru emakumeren bizitzarekin amaitu du, Zaldibarko sarraskia ezin ahaztu… Birusak sortutako egoerarekin agerian geratu da kalitatezko osasun sistema publiko baten beharra, pertsona guztiak kontutan hartuko dituzten zerbitzu sozialen beharra. Bizitzak lehenestea aukera bakarra da. Etorkizunean forma desberdina hartuko du agian, baina ziur nago egun hauetan egindako lanak arrastoa utziko duela. Baterak asko izango du esateko eta egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude