24. Korrika Atharratzetik Bilbora izango da, martxoaren 19tik 29ra

  • Euskara gara lelopean, AEK-k berretsiko du euskararen herria denontzako “aterpe irekia” dela. Aurkezpenean gogorarazi dute euskararen bidez eraikiko dela zapalkuntza orotatik babestutako “komunitate berdinzale eta zabala”. Instituzioei zuzenduta, arduradunek ohartarazi dute larrialdi linguistikoaren aurrean neurriak hartzeko presa dagoela. Oraingoan Errigora omenduko du Korrikak, Nafarroa euskalduntzen egiten duen lanagatik.

AEK-Korrika

2025eko azaroaren 13an - 12:15
Azken eguneraketa: 14:44
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Atharratzen (Zuberoa) hasiko da “euskararen aldeko mobilizaziorik handiena”, 2026ko martxoaren 19an, eta Bilbon amaituko da martxoaren 29an, 11 egunez eskuz esku lekukoa eta haren mezu ezkutua Euskal Herriko hamaika txokotatik pasatzen ibili ostean. Halaxe argitu dute AEK-ko eta Korrikako antolatzaileek ostegunean, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egindako aurkezpen ekitaldian.

24. edizio honetan Euskara gara leloa hautatu du AEK-k, herritar oro euskalduntzeko bidean azpimarratu nahi izan baitute euskara “aterpe ireki eta erosoa” dela, AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristainek eta Lurdes Etxezarretak azaldu dutenez: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”, zabaldu du gonbita Begiristainek.

Euren herrietatik Euskal Herrira migratu behar izan duten pertsonen aurkako mezu arrazista eta faxistak ugaritzen ari diren honetan, Ane Elordi Korrikako arduradunak adierazi du euskara ez dela muga bat, baizik eta zubia, “arnasa, justizia sozialaren hizkuntza, elkar zaintzaren hizkuntza”: “Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da. Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak zein kanpotik etorriak”. Bide beretik jo du Etxezarretak ere: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antirrazista eta goxoa izango delako gurea”, berretsi du. 

Gainera, Etxezarretak azpimarratu du orain dela ardura hartzeko unea, eta presazkoa dela larrialdi linguistikoaren aurrean neurriak hartzea: “Garaiak zeharo aldatu dira, eta orain ingurua babesteko presa dugu. Adi egon behar dugu euskara ahultzen duten eragileen mehatxuaren aurrean”. Eginkizun horretan, instituzioei gogorarazi die betebeharra dutela “hizkuntza-politika ausarta eta sendoa” ezartzeko.

Gasteizko euskalgintzaren lagin bat, Korrikaren bidelagunak eta AEK-Korrikako kideak izan dira aurkezpen ekitaldian. AEK-Korrika
Errigorari omenaldia

Nafarroan, esaterako, jarraitzen dute instituzioei galdegiten euskara ofizial egin dezaten lurralde osoan. Bada, bitartean, Errigora ekimen herritarra ari da hutsune hori betetzeko laguntzen. Euskararentzat eta euskaraz egiten duten lan horregatik egingo dio aitortza 24. Korrikak, eta aurrera jarraitzeko bultzada eman nahi izan diote, Elordik arrazoitu duenez: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.

Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu Korrikak. Beraz, Korrikaren aurkezpenarekin batera, ireki dute laguntzaile kanpainan eta Korrika dendetan diru ekarpena egiteko aukera ere. Ane Elordik eskerrak eman dizkie ekarpenak egiten dituztenei zein Korrika egiten laguntzen dutenei. Bestalde, Korrika-AEK Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuen Kaka antzezlana ere estreinatuko dute, eta ikusgai egongo da azaroaren 19tik aurrera. Gogorarazi dute Korrikaren doako aplikazio berrituan (Android eta IOS) eskuragarri daudela informazio eta berri guztiak.

Korrikaren Euskara gara mezua osorik:

Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Milioi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pausoa, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!...


Eguneraketa berriak daude