ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 17a
Itziar Arregi

"Jolasari garrantzia aitortzen zaio hitzez, baina gero beste alderdi batzuk lehenesteko joera dago"

  • Itziar Arregi Landa (Itziar, 1977), pedagogian lizentziatua eta Haur Hezkuntzan Diplomatua da. Hezkuntza Berrikuntzan masterra egin zuen eta tesia dagoeneko ezagutu duzue. Azken hamar urteetan Huhezin ari da lanean, Hezkuntza Graduetan irakasle eta ikerketan ere tartetxoak atera nahian.

Argazkia: Unibertsitatea.net
unibertsitatea.net @@uninet_ataria
2022ko uztailaren 15a
Albiste hau unibertsitatea.netek argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

Pedagogia ikasi zenuen eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren munduan murgildu zinen gero.

Bai, aurrez helduekin ere jardun izan dut lanean, baita eskolan ere. Aurrerago bizitzak Haur Hezkuntzara eta ikerketaren mundura hurbildu nau, amatasunarekin batera.

Jolasa izan duzu tesian ikergai.

Bai, umearen garapenean garrantzi handia du jolasak, asko dakigu jolasaren inguruan, denok gara arituak, eta aldi berean, denok dakigun hori ezberdina da, ez dugu berdin jolastu, eta ohartu nintzen benetan umearen garapenari jolasak egiten dion ekarpenaren inguruan gutxi dakigula. Eta horra bideratu nahi izan dut ikerketa, umearen prozesuak hobeto ezagutzera, horrela eskaintzen dioguna egokiagoa izan daitekeelakoan, eta garapena osasuntsuagoa bilatzeko helburuarekin.

Umeen garapenean jolasak paper garrantzitsua betetzen duela diozu.

Bai, eta ez umeengan bakarrik. Etologoek eta biologoek ere ikertu duten gaia da, animaliengan ere ikusten da kume aroan jolasa berez ateratzen den jokabidea dela, eta horri esker kumeak helduaroan beharko dituen trebeziak garatzen dituela. Katakumeen jolasean borroka eta ihesa ikusten dira, adibidez, gerora behar beharrezkoak izango dituen gaitasunak. Umeekin ere antzeko zerbait gertatzen da: jolasari erreparatzen badiogu, bertan helduen mundua islaturik ikusiko dugu, eta helduon egiteko moduak simulatzen ikusiko ditugu umeak.

Jolasaren bidez plazera biziaz, komunikazioan eta gorputz mugimenduarekin joango da umea harremanetarako gaitasuna garatzen, alderdi motorea garatzen, baita alderdi kognitibo zein afektiboa ere.

Zuk, Haur Hezkuntzan jarri duzu fokua. Zergatik Haur Hezkuntzan?

Egia da umeak ez diola jolasteari sei urterekin uzten. Baina eskola mailan jolaserako espazio, denbora eta materialik gehienak Haur Hezkuntzan eskaintzen dira. Hor hutsune bat ikusten genuen Hazitegi ikertaldetik, eta eskoletako eskaintza hori umearengana hobeto egokitu ahal izateko jolasa bera ikertzea beharrezkotzat jo genuen. Umeen jolasa aztertuaz ikusi baitaiteke nolakoa den jolas hori, zer behar duen umeak, eta nola hobetu daitekeen eskaintza.

Eskolan jolasak duen presentzia, ezaugarriak, hutsuneak... ikertzea izan da zure helburua. Nondik hasi zara?

Ikerketa paradigma interpretatibotik planteatu da, metodologia kualitatiboa aukeratu da, eta metodo bezala, kasu azterketa bat burutu da. Bi lerrotako euskal eskola publiko bat aukeratu da, eta bertako Haur Hezkuntzako ume guztien jolasa behatu da, bideokamarekin gelako espazio guztiak jasoaz. Bestalde, irakasleen ahotsa jasotzeko elkarrizketa erdi egituratuak ere burutu dira. Umeen jolasa behatuaz, eta irakasleen ahotsekin kontrastatuaz jolasaren ezaugarri ezberdinak ikusteko aukera egon da: ze espazio erabiltzen duten, ze material, nolako harremanak sortzen diren, mugimenduak ze presentzia duen, generoaren arabera ze aldaera dituen, adinean aurrera nola aldatzen den…

Jolasa testuinguruaren arabera aldatu egiten dela ikusi duzu.

Hori da. Eskainitako testuinguruaren arabera jolasa aldatu egiten da. Zentzu horretan elur maluta bezalakoa da: tenperatura edo presioa inoiz ez direnez berdinak, elur malutak ere ezberdinak ateratzen dira. Jolasarekin antzeko zerbait gertatzen da: inoiz ez da espazio bera, momentu bera edo ume bera, egunero errealitate ezberdin batekin aurkitzen da umea eskolara iristean, egunero jolasten dute eta jolasa beti ezberdina da.

Testuinguruak zuzenean baldintzatzen du jolasa, eta askotan, oharkabean, jolasa eten edo eragotzi egiten du gainera. Testuingurua zainduz, jolasaren kalitatea hobetu egiten da.

Zein litzateke testuinguru ideala?

Idealak ez du existitzen, erreala da balio duena eta egunero erreparatu behar duguna. Arreta jarri beharko litzateke espazio eta materialetan. Horraino erraz iristen gara. Baina denboretan ere arreta jarri behar da, eta hau zailagoa izan ohi da: zenbat denbora behar du umeak? Gutxi uzten bazaio, ez da jolas konplexurik ateratzen; edota oharkabean mozten badugu, gauza bera gertatzen da. Jolasa oso fenomeno delikatua da zentzu horretan, oso erraz eteten da. Aski da gelan beste irakasle bat sartzea, edota ordenagailua piztea edo umeren bati txizagura etortzea beste kideen jolasa mozteko.

Testuinguruaren baitan ulertzen da baita testuinguru erlazionala ere: eskaintzen diren harremanak alegia. Irakasleak zein espazio okupatuko du? Bere begirada nori edo zeri eskainiko dio? Esku artean zer izango du? Nolako mezuak bidaliko ditu? Beste umeak zertan arituko dira? Adin bereko umeak bakarrik egongo dira? Adin desberdinetakoak? Guzti horrek baldintzatuko du gelan sortzen den jolasa.

Jolas aberatsa edo konplexua sortu dadin, umeak harreman seguruak izan behar ditu, askatasuna, askotariko materialak eta irekiak (ez gai jakin bat proposatzen duten jostailu itxiak), denbora ere behar du, eta lasai mugitzeko aukera.

Ikastetxeetan jolasen alorra lantzeko protokoloak landu behar dira?

Ikastetxeak puntu ezberdinetan daude. Jolasari orokorrean garrantzia aitortzen zaio hitzez, baina gero, behatzeko eta esku hartzerako orduan beste alderdi batzuk lehenesteko joera dago. Behar bezala behatzeko zailtasunak egon ohi dira. Jolasaren prozesu naturalaz ezagutza gehiago izateak lagundu dezake eskolan merezi duen lekua eskaintzen.

Emaitzak parte hartzaileekin partekatzeko aukerarik izan duzu? Zer diote?

Bai. Hainbat alderdiz ohartzeko aukera eman du ikerketak, eta hobekuntza batzuk identifikatzekoa ere bai. Ni oso eskertuta geratu naiz erakutsitako eskuzabaltasunagatik, sukalderaino sartu nintzelako kamarekin, eta informazio oso baliagarria eskaini zidatelako.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Erronka nagusia da ikerketa honekin jolasaren inguruan ikasitakoa irakasleei helaraztea, eskolako testuingurua osasuntsuagoa izan dadin. Horretarako irakasle zein gurasoei hitzaldiren bat edo beste eskaini zaie. Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari diren ikasleei ere jolasaren inguruan begirada fina garatzen saiatzen gara Huhezitik. Bestalde, erronka handia daukat dibulgazio eta publikazio mailan.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Tesia laburtzea ez zen erraza izan. Aukeraketa bat egin beharra izan nuen, eta garrantzitsuak ziren ideiak kanpoan geratzen zirenaren sentsazioa izan nuen. Bestalde, beste ikerlarien tesien berri jakin nuen eta oso aberasgarria iruditu zitzaidan esperientzia.

Kanal honetan artxibatua: pedagogiak

pedagogiak kanaletik interesatuko zaizu...
LOMLOE
Aldaketa dator ikastetxeetara

LOMLOEk dakarren metodologia interdiziplinarra praktikara eramateko gakoak, ikasleek errepikatu ala ez erabakitzeko irizpide polemikoak, filosofiak azkenean curriculumean izango duen presentzia, edukietan ikuspegi feminista txertatzeko neurrien eraginkortasuna... aztertu ditugu,... [+]


Ikasgaiak eta diziplinak uztartuz landuko dituzte gaiak Hego Euskal Herriko ikastetxeek

Aldaketa pedagogiko handia dakar Espainiatik datorren LOMLOE legeak: hurrengo ikasturtetik aurrera, tailerka arituko dira eskolak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, alegia jarduna antolatu ordez elkarren arteko loturarik ez duten ikasgaika, ikuspegi globalarekin jorratuko dituzte... [+]


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


Euskadiko Eskola Txikien Sarea
"Ez gara ezeren alternatiba, kalitatezko hezkuntza publikoa gara herri txikietan"

Pandemia dela medio, inbidiaz begiratu du askok eskola txikietara, bertako talde txiki, kanpoko espazio zabal eta landa eremuetara. Ikastetxe hauetatik ikasteko daukagunaz eta dituzten erronkez aritu gara Euskadiko Eskola Txikiekin, gidaritzan aldaketa eman dela aitzakia... [+]


Nola eman klasea kanpoan?

Leku itxietan errazago kutsatzen garela jakitun, eskola asko klaseak aire zabalean ematera animatu dira pandemia garaiotan. Baina ikasgela kanpora ateratzea ez da ikasgelan egiten duguna errepikatzea edo naturan txango hutsa egitea. Behin kanpoaldea konkistatuta, nola atera... [+]


Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude