Hezkuntza politiken “noraeza” geldiaraztea helburu duen taldea sortu du hainbat irakaslek: “Burokrazia jasanezina da”

  • HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Hezkuntza politiken “noraeza” salatu nahi dute, politika horiek etengabeko metodologia berrietan, “burokrazia ikaragarrian” eta IKTen “erabilera zentzugabean” oinarritzen direla argudiatuta. Taldeko Tere Maldonado irakaslearekin hitz egin du ARGIAk.

Tere Maldonadok utzia

2025eko urtarrilaren 14an - 07:40
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zeintzuk zaudete HezkuntzArtearen atzean?

30 irakasle pasatxo gara, gehienak DBHkoak, baina HH, LH eta unibertsitateko baten batzuk ere badira. Gehienak publikoan ari gara, nahiz eta irakasle guztiei zuzentzen garen. EAEko irakasleak gara eta aurrerago ziurrenik Nafarroako irakasleekin harremana izaten saiatuko gara.

“Etengabe ebidentzia zientifikorik gabeko metodologia berrietan trebatzen gaituzte”, diozue. Iparrik gabeko berrikuntza bultzatzen ari dira administraziotik?

Erabat da iparrik gabea. Badirudi etengabe berritzea berez ona dela, horrela jokatzen dute Eusko Jaurlaritzatik; “berrikeria” hitza erabiltzen dut nik. Ikasleengan pentsamendu kritikoa bultzatu behar dela errepikatzen dute behin eta berriz, ikasgai berri bat sortu dute izen arranditsu horrekin, baina gero ez dira kapazak beren jarduera kritikoki aztertzeko. Alderantziz, hizkera berri bat sortu dute, dotrina hutsa dena eta modu akritikoan erabiltzen dutena. Guk dioguna da metodologia berriak onak zein txarrak izan daitezkeela, berdin metodologia zaharragoak. Eta metodologiak ez dira hezkuntzan gako inportante bakarra, edukien garrantzia baloratzera itzuli behar dugulakoan gaude, irakatsi behar dugun hori baloratzera. Metodologia berriekin gure ikasleak inoiz baino gutxiago ari dira ikasten, oso larria da eta aldatu beharra dago. Noraeza ikaragarria da: konpetentziak, proiektukako irakaskuntza (eremuka lan egitea ez delako ari bermatzen diziplinartekotasuna, ikusten ari garenez), gamifikazioa… Denbora guztian irudikatzea ikaskuntza eta bizitza jolasa direla akatsa da, batzuetan ikastea ere bada isilik, norbere lanean bilduta… egotea, eta zerbait ikastea eta ulertzea plazer handia da. Baina beti dago azken moda bat, gurpilak ezin diolako biratzeari utzi eta interes asko dagoelako tartean.

Zirkulazio libre eta autonomoaren izenean, esaterako, hormak botatzen hasi dira, baina bihar modaz pasatzen bada, zer? Gure galdera da: pedagogiaren barruan, zergatik ez zaio inolako garrantzirik ematen ikasgai bakoitzak berezkoa duen didaktikari? Lehen aipatu dudan edukien garrantzia eta urtetan irakasleek pilaturiko esperientzia eta eskarmentua lehenengo planora ekarriko lituzke. Baina berrikuntzaren harira sortu diren txiringito asko diru-iturririk gabe geldituko lirateke.

"Edukien garrantzia baloratzera itzuli behar dugulakoan gaude, irakatsi behar dugun hori baloratzera"

Berrikuntzaren gurpil horretan, teknologia berriek rol garrantzitsua dute. Kritikoak zarete IKTen erabilerarekin.

Ikasketa prozesuan gailu horiek guztiak sartzeak ekarri zuen promesa zoragarri hura iruzurra dela gero eta argiago geratzen ari da. Teknologia horiek sarri ez dute ikaskuntza prozesuan laguntzen eta ikaslearen arreta zentratzeko orduan trabak ekartzen dituzte. IKTak tresna bat gehiago dira, baina koadernoak berreskuratu behar ditugu, eskuz idazteko ohitura. Zorionez, familiak antolatzen ari dira gai honen bueltan eta Altxa Burua da horren adibide.

“Txostenak, galdetegiak, egingarriak ez diren programazio didaktiko ulertezinak…”, irakasleen artean erre-sindromea orokortuta dagoela diozue. Non jartzen dira indarrak eta non jarri beharko lirateke?

Gehiegikeria itzela da; irudi luke arduradun politikoen lana dela gure jarduna ahalik eta gehien oztopatzea. Gure lana da irakastea, horrek hartzen dituen jarduera guztiak barne: azaltzea, zalantzak argitzea, ikasleari laguntzea, pentsaraztea, arazo batean dauden alderdi ezberdinak ikusaraztea, zuzentzea, ebaluatzea… eta horretarako programazioa egitea eta txostenak idaztea gure zeregintzat dugu, baina azken boladan gertatzen ari dena jasanezina da, gure jardunaren parte handiena burokrazia erabat antzuari eskaini behar izatea. Zehaztasun milimetrikoz programatu behar dugu (baina programazioak gida bat dira, tresna bat, ez helburua), berdin ebaluatzerakoan… Are, ikasgaitik harago, elkarbizitzari edota diziplinari lotutako kontuekin arazoren bat baldin badago, administrazioan lasai geratuko dira Excelean edo PDF fitxategian txosten andana uzten badugu zintzilik, eta gure betebeharra ez da hori: gure betebeharra da arazoa konpontzea, eta gero bai, egin dugunaren berri ematea, baina modu arruntean, ez eskatzen duten gisan. Nori egiten dio horrek mesede? Ez du zentzurik. Guk denbora behar dugu klaseak prestatzeko, eguneratzeko, egokitzeko, behar bezala zuzentzeko… eta hainbeste formulario bete behar horrek oztopatu egiten du gure zeregina.

"Gure lana da irakastea, horrek hartzen dituen jarduera guztiak barne: azaltzea, zalantzak argitzea, ikasleari laguntzea, pentsaraztea, zuzentzea, klaseak prestatzea…  Hainbeste formulario bete beharrak oztopatu egiten du gure zeregina"

Manifestua aterako duzue laster. Ondoren, zer?

Gure azken helburua litzateke hezkuntza politiken noraeza geldiaraztea eta hezkuntza erakunde publikoek politika zentzudunak gauzatzea, gure lana erraztea. Hezkuntza publikoa eta guztiontzat kalitatezkoa bermatu dezatela, erretolika pedagogista eta publizitate munduko hizkera alboratuta. Hezkuntzaren merkantilizazio eta pribatizazioarekin lotzen ditugu salatzen ditugun arazo nagusiak. Momentuz, nahi dugu eztabaida plazaratu eta irakasleon nekearen berri eman. Badakigu irakasle asko dagoela guk bezala pentsatzen dutenak, eguneroko lanean zenbat oztopo aurkitzen dituzten ikusteaz nazkatuta, ahotsa altxatu nahi dutenak. Gurekin bat egitera animatzen ditugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Grebaren jarraipen zabala ikastetxeetan: "Hezkuntza komunitatea interpelatuta sentitzen gara"

Hezkuntzak egun osoko greba bizi du Hego Euskal Herrian eta jarraipen zabala izaten ari dela adierazi diote ARGIAri langileen eta ikasleen ordezkariek. Jarraipenaren datuak, elkarretaratzeak, zabaldu dituzten mezuak eta deialdi berezituaren arrazoiak jaso ditugu. “Beste... [+]


2025-10-10 | Irutxuloko Hitza
EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman ditu EHU-Palestinak

EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortzeko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak

Espainiako Estatuko presidente Pedro Sanchezek duela sei hilabete agindu zuen “txiringito pribatuei” muga jarri behar zitzaiela. Tamaina, irakasleak, ikerketa eta finantziazio kaudimena dira ezarri berri diren oinarrizko baldintzak.


2025-10-09 | ARGIA
2026an ARGIAn praktikak egiteko deialdia

ARGIAren komunikazio proiektua barrutik ezagutu eta kazetari gisa trebatzeko aukera zabalduko dugu. 2026an gure erredakzioan praktikak egin nahi badituzu, animatu eta aurkeztu zaitez azaroaren 6an egingo dugun azterketara. Kazetaritzako, Ikus-entzunezko Komunikazioko,... [+]


Hezkuntzan egun osoko grebara deitu dute urriaren 15erako, Hego Euskal Herrian

Haurreskoletatik unibertsitateraino, hezkuntza sistema osoan egun osoko grebara deitu dute sindikatuek Hego Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez. Urriaren 15erako lantokietan deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioak indartzera dator deialdia.


Ikasleen osasun emozionalak hartu du eskola

Eskolak gero eta arazo psiko-sozial eta emozional gehiago antzematen dituen garaiotan, zein dira ikasleek azaleratzen dituzten korapilo nagusiak? Nola kudeatzen dute hezitzaileek hori guztia eta noraino iristen da eskola? “Hainbat kasuk gainezka egiten digu, baina ezin... [+]


Jose Mari Rekarte. Gora gure ikastola
"Gure garaian inork ez zekien euskaraz eta orain, berriz, denek dakite"

Konplitu da Txirritaren esana: ‘Nire aipamenak izango dira / beste laurogei urtean’. 1936an hila, txitean-pitean dabiltza oraindik haren bertsoak. Horixe bera da Rekarteren kasua. 50 urte baino gehiago dira Arabako lautadan Aguraingo eta Araiako ikastolak sortu... [+]


Eskola, erreformatu ala eraldatu?

Heziketan egin beharreko aldaketak etengabe dira hizpide, gizarte-eraldaketari begira heziketak duen garrantziaz jakitun, horra begira jarri beharra duelako modu batean ala bestean bizitza-eredua aldatu nahi duen edozeinek. Eginkizun horretara jarritakoan, baina, curriculumaz... [+]


Eskolako patioa eraldatzeko bi proiektu hautatu eta finantzatuko ditu Iruñeko Udalak

Ikastetxean nolako jolastokia nahi duten gogoetatu eta proposatu dezakete Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoek. Horietako bi proiektu hautatu eta martxan jarriko ditu udalak datorren ikasturtean bertan, profesionalek lagunduta. Hainbat eskolak “ez du ez... [+]


Eskola-segregazioaren aurka, Eskola Publikoa lehenetsi

Eusko Jaurlaritzak "Eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai" berria osatu duten gizarte-eragileei Euskadiko eskola-segregazioaren hasierako diagnostikoa eta erantzuna izeneko txostena banatu die, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko. Debateak, beraz,... [+]


2025-10-03 | Gedar
Milaka ikaslek egin dute greba, Israelgo Estatuaren eta bere konplizeen aurka

"Ikasleok ez dugu genozidioa onartzen; ikasleok Flotilla babesten dugu; ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten, eta Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu", azaldu du IAk.


2025-10-02 | Gedar
Urriaren 2ko ikasle-greba: gaurko mobilizazio deialdiak

Hemeretzi herritan izango dira IAk antolatutako mobilizazioak, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko".


Innovamat, batzuek maitatzen eta besteek mesfidati begiratzen duten matematika metodologia

Batzuentzat, erakargarria, motibagarria, parte-hartzailea eta dinamikoa; besteentzat, nahasgarria, konplexua, zentzu pedagogiko argirik gabeko jolasa. Matematika ikasteko Euskal Herriko gero eta ikastetxe gehiagotan sartzen ari den Innovamat metodologiak iritzi kontrajarriak,... [+]


Ez, 3 urteko ikasgela guztietan ez dute egokitzapena egin

Oso orokortuta dagoen praktika apurtu duten kasu bakan batzuen berri izan du ARGIAk: 3 urteko ikasgeletako irakasleek eurek erabakita, aurten ez dute egokitzapenik egin gela horietan. Non da egokitzapena borondatezkoa, zer dio legeak eta zer adituek? "Beti eman behar da... [+]


3 urteko 24 haur tutore bakarrekin, Irurtzungo eskolako errealitatea

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 3 urteko geletako ratioa 20 umera jaistea hitzartu berri duenean, bestelako errealitatea salatu dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoek: tutore bakarrak behar ugari dituzten 24 umeren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egoki eta... [+]


Eguneraketa berriak daude