DBHn azterketa tradizionalen eskema apurtzea ez da utopia bat

  • Ikasgaia ba ote dakizun frogatzeko eta horren arabera nota jartzeko hiruhileko amaierako azterketarik ez dago Laskorain ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan. Baina orduan, nola ebaluatzen dituzte ikasleak? Nondik ateratzen da azken kalifikazioa? Batxilerrera ongi prestatuta iristen al dira?... “DBHn aldaketak egitea ez da ohikoa eta ez da erraza, baina ez da ezinezkoa”, kontatu digute.

Ainhoa Artolazabal Laskorain ikastolako zuzendaria eta Ion Ander Maiz pedagogia arduraduna. Argazkia: Mikel Garcia Idiakez / ARGIA-CC By SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hasieratik utzi digute garbi: azterketak egin egiten dituzte Tolosako Laskorain ikastolan, baina ez modu tradizionalean. Ez dira ikasgaia amaitutakoan kalifikazioa jartzeko balio duten etsaminak, dira prozesuan zehar egiten diren probak, askotan kalifikaziorik ez daramatenak, ikasleek jakiteko zer ari diren ongi egiten –zeren ikaslearen indarguneak azpimarratzea, motibatzeko aukera paregabea izateaz gain, ikasteko modu eraginkorra da– eta zer duten hobetzeko –indarrak non jarri seinalatzen diete, zerrendatu ordez ikaslea saturatuko duten akats eta hobetu beharreko pila bat–. Irakaslearen oharrek lagunduta, ikasleak aurrera egiten segitzeko tresna bat gehiago dira azterketak, baina oro har ez dira amaierako probak. Zazpi ikastola ari dira eredu horretan lanean, Laskorainen DBH1en ezarri zuten iaz, ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara inplementatu dute, eta pixkanaka maila guztietara zabaltzea da asmoa, Batxilerreko urteak barne. Bidean aurkituriko galdera, kezka eta ondorioetan murgildu aurretik, konta dezagun proiektua pausoz pauso.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eredua oso zaharkituta zegoela-eta, diziplina arteko proiektuei eman diete bide Laskorainen: gero eta eskola gehiagok egiten duten gisan, arlo eta ikasgai ezberdinetako jakintzak eta erronkak uztartzen dituzten proiektutan egiten dute lan ikasleek, eta horri lotuta ulertu behar da martxan jarri duten ebaluazio sistema. Hala azaldu digute Ainhoa Artolazabal Laskoraingo zuzendariak eta Ion Ander Maiz pedagogia arduradunak.

Ikasleak bi izar eta desio bat jasotzen ditu, ongi egindako bi gauza eta hobetu beharreko bat. "Ikerketek diote ongi egiten dugunetik ikasten dugula batez ere"

“Ikerketek diotenez, azterketa tradizionalek badute eragina ikas-prozesuaren hobekuntzan, baina ahanzturaren kurbak gero beherakada handia du; alegia, memorizatzen dugu, baina denbora gutxian jakintza horretako asko ahaztu egiten zaigu. Aldiz, ebaluazio hezigarriak bide bat erakusten digu, azterketa amaieran egin beharrean, hasieran eta prozesuan zehar eginda ikasleari esaten diolako momentuoro non dagoen, zer egiten duen ongi eta zer hobetu behar duen, eta guk hor kokatzen ditugu etsaminak, beste ebaluazio tresna batzuekin batera. Azterketa horrek ez dauka kalifikaziorik, irakasle gisa ez zaidalako interesatzen azterketa horretan zenbateraino demostratu didan, baizik eta ondoren eskatuko diodan integrazio jardueran, proiektuan, idazlanean edo dena delakoan erabiltzen jakitea. Konpetentziei jarraiki, ikasitakoa testuinguru errealean erabiltzea baita helburua”.

Bi izar eta desio bat

Azterketaren funtzioa erabat aldatzen da, eta horregatik da hain inportantea azterketa “ongi” irakurtzen jakitea, ondorio baliagarriak ateratzeko. Bide horretan, jakina, irakaslearen feedbacka funtsezkoa da. Azterketaren ostean, baina baita proiektuen, lan baten, aurkezpen edo idazlan baten ostean ere –ebaluatzeko erreminten artean, bat gehiago baino ez delako etsamina–, feedbacka antolatuta dute Laskorainen: ikasleak bi izar eta desio bat jasotzen ditu, ongi egindako bi gauza eta hobetu beharreko bat. “Ongi egin dituenak azpimarratuta, hurrengoetan ere errepikatzeko eraginkorragoa delako, ikerketek diote ongi egiten dugunetik ikasten dugula batez ere, eta gainera, zein inportantea den motibazioa eta ilusioa mantentzeko. Hobetu beharrekoari begira, berriz, ohitura dugu boligrafo gorria hartu eta akats guztiak identifikatzeko, baina ikasleari hori bakarrik ematen badiogu, arriskua dago ikaslea kolapsatzekoa, lehentasunak zein diren eta indarrak non jarri ez asmatzekoa. Aldiz, irakasle gisa pentsatzen badut zein den lanaren edo proiektuaren helburua, hori lortzeko zertan –edo zein alderditan– zentratu behar duen ikasleak, hori helarazita lagundu egingo diogu aurrera egiten”. Gauzak nola adierazi ere garrantzitsua da, ez baita berdina akatsa seinalatzea edo hobetu beharrekoa zer den azaltzea. “Ez dezagun ahaztu, denok dugu zer hobetu, beti dago zerbait hobetzeko, eta ikas-prozesuan eta bizitzan halaxe da, hori ez da akats bat, garatzen joatea da”.

Adibide adierazgarria jarri digu arduradun pedagogikoak: “Txipiroiak tintan egiteko ikastaroan izena eman eta sukaldariak esaten badigu gatzaren puntuarekin asmatu dugula, tipula oso ongi gorritu dugula, hurrengoan ere ederki asko gogoratuko dugu. Aldiz, denbora guztian esaten ari bazaigu tipula gutxi, gatz gehiegi, tinta ere gaizki… nahaspila ederra sor dakiguke buruan, ez dugu dena prozesatuko; hobe da zertan zentratu adieraztea. Ebaluazio hezigarrian, txipiroiak egin bitartean probatu eta probatu ari da sukaldaria, autoerregulatzen, apur bat gatz gutxiago eta ur gehiago, perrexila gutxiago… eta helburua da pixkanaka ikasleak berak jakitea kontrolatzen ea gatza ongi bota duen, ez dezan denbora guztian alboan irakaslea izan hori esaten”.

Hobetu eta hobetu, noiz arte, baina? Izango delako txipiroiak tintan primeran inoiz egingo ez dituen ikaslerik. “Irakasleak saiatu behar du ikaslea ahalik eta gehien gerturatu dadila arrakasta horretara, baina bakoitza bere neurrian: idazlanean justu ibili den ikasleari ez diogu esango Bikaina lortzeko egin behar duen guztia, joan beharko da eskalatzen, modelatzen, pixkanaka aldamioa egiten… eta feedback pertsonalizatua da eraginkorrena. Horretan saiatzen gara, ahal dugun neurrian, ditugun ratioak kontuan hartuta”.

"Ikasleek askoz hobeto egiten dute trantsizioa ebaluazio hezigarrirantz, irakasleek eta familiek baino. Azken finean, Lehen Hezkuntza gehiago gerturatzen da eredu berri honetara; aldatzen ginenak DBHko irakasleak ginen"

Azterketari gorazarre

Aurretik aipaturiko guztia aintzat hartzen badugu, gure solaskideek diote azterketak oso tresna egokia direla ikasleak bere ikasketa prozesuari buruz gogoetatzeko eta autoerregulatzeko. Proba horretarako gaiak lantzen eta prestatzen jarriko da ikaslea, une jakin batean egoera jakin bati erantzuten, bakarrik, talde kooperatiborik eta irakasleen laguntzarik gabe, “eta hori ere ikasketa da, baina hori probokatu nahi dugulako jarri behar da azterketa, eta ez alderantziz, azterketa ohituraz jarri, eta ondorioz hori guztia probokatu”. Zer probokatu nahi den ere giltza da: ez da berdin “etzi azterketa egingo dugu” botatzea ikasgelan, edo ikasleei esatea “etzi idazlan bat egingo dugu, eta bertan landuko ditugu aurreko asteetan ikasitako hau, hori eta bestea”.

Ebaluazio-aldiak eta azken kalifikazioa

Ikasturte hasieran, aurre-ebaluazio bat egiten dute Laskorainen, kokatzeko. Ondoren, nahiz eta esan bezala etengabeko ebaluazio sistema erabili, ebaluazio-aldi edo sasoiak beste bi dira: abendu-urtarrilean bata, eta maiatza-ekainean bestea. Ikastetxe gehienetan hiru dira ebaluazio-aldiak, baina ikasturtea hasi eta hiru hilabetera ondorioren bat ateratzeko goizegi dela eta ikasleak ez dituztela artean nahikoa ezagutzen iritzi diote Laskorainen. Ikasleak, bai probetan, bai bi ebaluazio aldietan, lau lorpen mailaren araberako feedbacka jasotzen du: Hobetzekoa, Oinarrizkoa, Aurreratua eta Aditua. Ebaluazio-aldi deituriko horietan, ordura arte jasotako entrega, lan, proiektu, azterketa eta ebidentzia horiekin guztiekin kalifikatzen dituzte helburuak, eta ondorioz, dekretuak eskatzen dituen konpetentzia zehatzak. “Lau-hileroko ebaluazio garaia mugarria da, ezin dugulako eduki berarekin etengabe egon, baina ezta ere ez du esan nahi ikasleak eskuraturiko lorpen maila ezingo duenik hobetu. Batetik, edukiak barneratu ez baditu, indartze neurriak ditugu, aste bat antolatzen da beharra dutenekin talde txikitan aritzeko eta errefortzua eskaintzeko, eta aukera dute errekuperatzeko. Bestetik, bigarren ebaluazioari begira –ikasturte amaierakoa–, eduki berriei heldu arren, prozedurak hobetzen bai jarraitu dezake ikasleak, konpetentziak hobetzen, eta dekretuak dio konpetentziak ebaluatu behar ditugula. Edukiak modu bat dira konpetentzia horiek lortzeko”. Aipaturiko lau lorpen mailak (Hobetzekoa, Oinarrizkoa, Aurreratua, Aditua) bosteko bihurtu behar ditu ikastetxe orok ikasturte bukaeran, Hezkuntza Sailak hala eskatuta: Gutxiegi, Nahikoa, Ongi, Oso ongi, Bikain.

Familiak ere jasotzen du feedbacka, ikasleak baino gutxiago, laburpen bat. Proiektu bakoitzaren bukaeran buletina bidaltzen da etxera, proiektuak bilatzen dituen helburuekin, helburu bakoitzaren lorpen mailarekin eta irakasleak egindako hiru iruzkinekin: bi indargune eta hobetzeko bat. Ebaluazio-aldi bakoitzaren bukaeran, ikasgai bakoitzaren laburpena iristen da etxera, helburuekin, lorpen mailarekin eta tutorearen iruzkinekin.

DBHn eredu berria ezartzeko hautatu dituzten irakasle gehienak Batxilerrean irakasle aritzen direnak dira, eta berme handia da beren iritzia, ikasleek Batxilerrean aurkituko dutena ongi dakitelako

Kezkak, beldurrak eta ondorioak

“Ikasleek askoz hobeto egiten dute trantsizioa ebaluazio hezigarrirantz, irakasleek eta familiek baino. Azken finean, Lehen Hezkuntza, etapa bezala eta dituen ezaugarriengatik, gehiago gerturatzen da eredu berri honetara; aldatzen ginenak DBHko irakasleak ginen, beraz, aldatu behar dugunak DBHko irakasleak eta familiak gara”. Baina halere, kezkak eta beldurrak sortzea guztiz naturala eta humanoa dela diote, eta horregatik horiek identifikatzen eta dena ongi azaltzen saiatu dira aurretik. Errepikatzen den mamua zera izan ohi da, “aldaketa hauekin, gero Batxilerrean ongi moldatuko dira ikasleak?”.

Batetik, mamu hori bestela ere beti hor egon dela aipatu digute solaskideek –saltoa beti izan da handia Batxilerrera, eta DBHn ere mailaz maila salto handiak nabari ohi dituzte ikasleek–. “Konpetentziak oinarri dituen Eki ikas-materiala sartu genuenean ere, kezka berdinak azaleratu ziren, eta datuak hor daude, emaitzek ez dute okerrera egin Batxilerrean”.

Bestetik, iaz DBHko lehenengo mailan eredu berria ezartzeko Laskorainen hautatu zituzten irakasle gehien-gehienak Batxilerreko 2. mailan irakasle aritu ohi direnak izan ziren, eta berme handia da beren iritzia, ikasleek Batxilerrean aurkituko dutena ongi dakiten irakasleak direlako. Bada, irakasle horiek aho batez esan dute ez liratekeela lehengo eredura itzuliko, bide zuzenean ikusten dutela aldaketa.

Ibilbidea iaz hasi zuten eta “ez zen erraza izan”, onartu dute, lana eskatzen duelako, sistema informatikoa aldatzea, material berria sortzea, irakasleak materialgintzarako eta formaziorako liberatzea… eta baliabideak eta dirua ere behar direlako. Gainera, aurreko etapetan baino zailagoa da DBHn aldaketak egitea, curriculumaren eskakizunak gero eta zehatzagoak direlako, egiturak berak ez duelako laguntzen –tutoreak ez du Lehen Hezkuntzan duen pisua, esaterako–, eta erreportaje honetan ebaluazio sisteman zentratu garen arren, hori aldatzeko eredua bera eraldatu behar delako. “Baina ez da ezinezkoa”, gogoratu dute. Hori bai, “gure esku dagoena egin dezakegu, hezkuntza sisteman dena ez baitago gure esku”.

Aldaketaren ikasturtea positiboa izan da, irakasleak gustura daude eta ikasleak ere bai –hori da haiengandik jaso dutena–, eta eredu berriarekin ikasi ikasten dutela diote Maizek eta Artolazabalek. Orain urtarrilean egingo dute balorazio sakonagoa, baina argi dute zer hobetua izango dutela, ikasleei eurei esaten dieten moduan, beti dagoelako zer hobetu. Beste esperientzietatik, proiektuetatik eta ikastetxeetatik elikatzen eta ikasten jarraitzea gustatuko litzaieke, gainera.

Horren isla, duela gutxi Neus Sanmartí unibertsitateko irakasle eta ikerlari kataluniarrarekin eta haren taldearekin izandako bilera. Sanmartí erreferente bat da ebaluazio hezigarriari dagokionean, urteak daramatza gaia ikertzen eta ikastetxeak laguntzen, Ebaluatu Ikasteko lantaldearen buru. “Zer egiten ari garen azaldu genien, gure kezka eta galderak partekatu genituen, eta ikusi genuen bide onetik ari garela”. Eta hori ere akuilu da, jakina, erronkari ilusioz eta indartsu eusteko.

Argazkia: Freepik

“KALIFIKAZIOAK EBALUAZIO OSOA BALDINTZATZEN DU”

Bestelako ebaluazio eredu baten aldeko borroka eta gogoeta ez dira berriak. Horren erakusgarri, LAB sindikatuak duela urte batzuk gidaturiko prozesua: ebaluazioaz hitz egiteko jardunaldiak antolatu zituen, eta bertan ezagutu genituen azterketarik gabe funtzionatzen zuten ikastetxeak; hori bai, Lehen Hezkuntzakoak. Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute erreportajean kontatu genuen.

Jardunaldien baitan, mahai-inguru baten bueltan ere jorratu zuten gaia. Ane Ablanedo irakaslearentzat, esaterako, hutsunea da egiten dena ez dela ebaluazioa, kalifikazioa baizik, eta horrek baldintzatzen duela ebaluazio osoa. “Kalifikatzen duzun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo duzun, zeren nota jarri eta ikasturtea pasako al duen esan behar duzu, eta hori zalantzan jarri gabe, alferrik da. Dena da ebaluagarria? Bai, baina ezin da dena kalifikatu. Batzuetan obsesionatzen gara ea ebaluazio objektiboa posible den, ohartu gabe objektibotasuna bilatzen dugula kalifikatu behar dugulako: kalifikatu behar badugu, izan dadila ahalik eta objektiboen. Kalifikatzen ez dugunean, behaketa ez da objektiboa, nola izango da objektiboa!”.

Auto-ebaluatzeaz ere kritiko aritu zen: “Ados nago irakasle eta ikasleen arteko asanbladekin, ikastetxeko bizitzaz edo ikasitakoaz eztabaidatu dezaten, baina ebaluazioari lotuta, azkenaldian bada joera bat haurrari bere prozesuan parte hartuarazteko, eta teorian ongi dago, baldin eta ulertzen badu haurrak nondik egiten den ebaluazio hori, zeren berak badaki zer egiten duen ongi eta zer gaizki, baina ez du modu txarrean bizi, harik eta helduarentzat gaizki dagoen hori hobetu behar duela esaten zaion arte. Ebaluazioa ikaslearekin adostearen arriskua da ikaslea bera bihurtzea bere buruaren polizia; irakasleak kalifikatu behar badu, irakasleak egin dezala, irakasleak jarri diezaiola 5 bat, ez diezaiola ikasleak bere buruari jarri 5 hori”.

Alexander Barandiaran irakasleak ere hausnarketa interesgarria utzi zuen, ikasleak ebaluatzetik harago irakasleen jarduna ebaluatzeko aukeraz: “Ez dakit ikasleari esaten ote diogun ebaluatu dezala baita ere irakasleak berarekin izan duen jarrera, bere nahiak eta erritmoak errespetatuak izan al diren, zerbaitetarako balio izan al dion ikasitakoak… Bestela betikora goaz, beste modu batean betikoa errepikatzera, fokua bakarrik ikasleetan jarriz, eta ez inguruan”.

Ebaluazio hezitzailearen dekalogoa

Hezitzaileentzat lagungarri, dekalogoa kaleratu zuen sindikatuak, prozesu haren guztiaren emaitza. Laburrean, hamar ideia nagusi barnebiltzen ditu: ebaluazio eredu propioa behar da (zer, nola, noiz, nork eta zertarako ebaluatu aztertuta); ebaluatzea ez da kalifikatzea, eta indarguneak eta ahulguneak identifikatzeaz gain, horien zergatiak aztertu eta hobetzeko neurriak ezartzeko balio behar du; kanpo ebaluazioak ez du lehentasun izan behar; ikasle bakoitzaren erritmo, gaitasun, testuinguru eta berezitasunak ulertuz eta errespetatuz garatu behar da ebaluazioa; konpetentzietan ebaluatzeko formazioa indartu, marko erreferentziala osatu eta tresnak nahiz ereduak beharrezkoak dira; curriculuma baldin bada bide-orria, etengabe ebaluatu beharreko atala da curriculuma bera; notak eta kalifikazio-txostenak alboratu eta konpetentzien gaineko balorazio-txostenak hobesten dira; eta hezitzaileen, ikastetxeen eta sistemaren ebaluazioa ere beharrezkoa da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarteak batu dira, deseskalatze digitala eskatzeko

Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria”... [+]


EIRE euskal unibertsitate-irakasleen elkartearen amaiera

Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.

Euskal Herrian ere... [+]


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


2025-07-09 | Hiruki Larroxa
Ikastetxean, taldearen jakituria

Ikastetxeetako ikasgelak, tamalez, espazio gatazkatsuak izaten dira askotan eta, gatazka gehienetan gertatzen den moduan, emozio intentsuak eta minak izaten dira. 2022an, ikastetxeetan aritzen diren beste eragile batzuekin batera, azken urteetan ikasgela askotan bizirik dagoen... [+]


Zergatik ez dago apenas ijitorik unibertsitatean?

Datu latza utzi du Ijito Idazkaritza Fundazioaren azken ikerketak: ijitoen %0,8ak baino ez du unibertsitate titulua lortzen. Espektatiba eta erreferentzia falta, eskola-segregazioa,  aurreiritziak, arrakala ekonomiko eta kulturala… faktore garrantzitsuak dira,... [+]


Etxeko langileen erdiak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileek uste dute “baldintza ezin hobeak” dituztela

EHUk eginiko ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen %43,10ak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileen %70ak uste du "baldintza ezin hobeak" ematen dizkietela beren etxeko langileei. Etxeko langileen %27,4 egoera... [+]


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Eguneraketa berriak daude