"Jokoaren arazoaren kontzientzia hartzeko zailtasunak daude. Irabaziak ikusarazten dira, baina ez galerak"

  • Ekainaren 23an joko aretoen aurkako manifestazioa deitu du Judimendik joko aretoari ez! Ekimenak Gasteizen. Bi urte dira Judimendiko Gazte Asanbladako gazteak auzoan zabaldu berri zuten joko aretoaren aurka lanean hasi zirela. Bidean gazteriaren esparrutik auzoarenera eraman dute borroka, eta manifestazioaren bidez Judimendi auzotik Gasteizera egin nahi dute jauzi, arazoa orokorra dela iritzita. Azkenaldian biderkatu egin dira Euskal Herrian joko areto eta apustu etxeen aurkako ekimen herritarrak.


2019ko ekainaren 17an - 22:00

Noiz hasi zineten joko aretoen aurkako borrokan?

Judimendiko Gazte Asanbladatik hasi genuen jokoaren kontrako dinamika duela bi urte, auzoan joko aretoa zabaldu zuten unetik bertatik. Denbora tarte oso txikian hedatze handia izan duen negozio mota da.

Zergatik egiten duzue negozio mota horien aurka?

Gazte ikuspegitik lan egiten dugu, eta ikusten genuen joko aretoak eragin zuzena duela gazteongan, oso zaurgarriak garelako areto horien aurrean. Gure egoera prekarizatuaren ondorioz, eta gure aisialdia baldintzatzen duen beste faktore bat delako. Tabernez gain, gure aisialdia sistemaren mekanismoen barruan garatzeko beste erreminta bat da. Horiek izan ziren oinarrizko hausnarketak arazoa lantzen hasi aurretik.

Eta lanari ekin zenioten. Nondik hasita?

Lehenengo gauza informazioa jasotzea izan zen. Jakin nahi genuen joko aretoak ze ondorio erreal zituen auzoan. Inkestak prestatu genituen lau sektoreri zuzenduak: bat auzotarrei oro har; beste bat inguruko tabernarientzako; hirugarren bat joko aretoko langile bati bideratua; azkena aretoaren bezeroentzako. Batutako informazioarekin ondorio batzuk atera genituen.

Inguruko taberna eta komertzioei negatiboki eragiten die aretoak, bezeroak kentzen dizkielako. Diru iturri nagusia jokoan du aretoak; taberna amu gisa erabiltzen du gainontzeko tabernak baino prezio baxuagoak eskainiz. Urtebeteko epean aretoa dagoen kaleko bi tabernek itxi egin zuten. Bezeroei dagokienez, profila 40 eta 60 urte arteko gizonezkoa da, oso espazio maskulinoa dira aretoak. Normalean modu indibidualean jokatzen dute, asko etorkinak dira. Bizilagunetako batzuk esan ziguten aretoaren irekieraz geroztik presentzia poliziala nabarmen igo zela inguruetan. Azkenik, aretoko langileen lan baldintzak oso eskasak dira. Oso lanaldi luzeak egiten dituzte.

Gazteen harremanak jokoarekiko ezaugarri bereziak ditu?

Ikusi dugu gazteongan zabalduenak kirol apustuak direla, eta joera taldean edo kuadrillan apustu egitearena dela. Mundu erabat maskulinoa gure artean ere. Dirua da motibo nagusia, baina zirrara puntu bat ere badago ea nork asmatu, kirolaz nork gehiago “jakin”. Arazoaren kontzientzia hartzeko zailtasunak daudela uste dugu: “Nik ez dut arazorik, egunean bi euro soilik gastatzen ditut”. Gertatzen da irabaziak ikusarazten direla, baina ez galerak: 60 euro irabazten dituen gaztearen kasua denei heltzen zaigu; kontrakoaz ez gara ohartzen. Diruaz gain, galtzen den denboraz eta sortzen dituen ohiturez ere ez dugu kontzientziarik. Apustua ez da apustua egiten ematen dituzun bost minutuak, ez da ekintza isolatua. Egunerokotasuneko arreta eta kezka kirolean eta apustu aukeretan jartzera ohitzen zara.

"Diruaz gain, galtzen den denboraz eta sortzen dituen ohiturez ere ez dugu kontzientziarik. Apustua ez da apustua egiten ematen dituzun bost minutuak, ez da ekintza isolatua. Egunerokotasuneko arreta eta kezka kirolean eta apustu aukeretan jartzera ohitzen zara".

Ondorioak jasota, zein izan zen hurrengo pausoa?

Txosten bat osatu eta aurkezteari ekin genion: auzoko ikastetxeetan edo Gasteizko Gazte Asanbladetan, besteak beste. Euskal Herriko gazte kolektibo eta gizarte hezitzaile askok deitu ziguten. Nabaritzen zen gaia landu duen lehendabiziko kolektiboetako bat izan ginela.

Gazte eremutik auzo osora zabaldu duzue begirada pixkanaka.

Bigarren ikasturtea hastean hausnartu genuen auzo guztiari eragiten dion gaia izanik ez genuela gazteok soilik landu behar, beste esparruetara zabaldu behar genuela. Auzoko saltoki eta taberna guztien ateak jo genituen, aretoaren itxieraren alde zeuden galdetzeko. Harritu gintuen aretoaren inguruan duten iritzi txar orokortua. Gero asanblada irekia deitu genuen iritzi horiek parte-hartze aktibora pasatu nahian, hura ez zen hain ondo atera. Hori beti da zailagoa. Hurrengo inflexio puntua “Judimendik joko aretoari ez!” dinamika izan zen. Auzo mailakoa eta gazteriaz gaindikoa. Aurkezpen prentsaurreko masiboak oihartzun oso handia izan zuen, Estatu mailako komunikabideak ere hurbildu ziren. Ondoren, aretoaren aurkako ikurrak banatu genituen balkoietan jartzeko, saltoki askok ere aretoaren aurkako kartelak jarri dituzte. Hurrengo ekimen garrantzitsua ekainaren 23an egingo dugun manifestazioa da.

"aretoaren aurkako ikurrak banatu genituen balkoietan jartzeko, saltoki askok aretoaren aurkako kartelak jarri dituzte ere. Hurrengo ekimen garrantzitsua ekainaren 23an egingo dugun manifestazioa da".

Manifestazioari Gasteiz mailako dimentsioa eman diozue. Zergatik auzotik hirirako jauzia?

Bi urte hauetan Judimendin baldintzak izan ditugu gai hau jorratzeko, modu antolatuan aretoari erantzuna emateko. Baina badakigu areto hauek Gasteizko gainontzeko auzo langile eta ez hain langileetara ere zabaldu direla. Agian ez dago gaitasunik auzo guztietan lantzeko, baina horregatik ezin dugu utzi bigarren plano batean. Deia egiten diegu gasteiztar guztiei, eta gasteiztarrak ez direnei ere, igandeko manifestaziora agertzeko.

Euskal Herrian joko areto eta apustu etxeen aurkako ekimenak ugaldu dira azkenaldian. Baduzue elkarren arteko loturarik?

Gu hasi eta berehala beste kolektibo batzuek ere heldu zioten gaiari. Gazte kolektiboak eta gazteenak ez direnak ere. Bilbon Eragin, Azpeitian Elkarrekin asanbladak, Andoainen ari dira... Gaztetxe askotatik deitu digute dinamika azaltzeko, badugu harreman sare bat, baina ez gara denera heltzen. Auzoaren kolektiboen arteko harremana dago, baita gaia lantzen ari diren beste profil batzuekin ere: komunikabideek interes handia erakutsi dute, Igor Meltxorrek lan handia egin du, eta beste.

Manifestazioaren ondoren lanean jarraituko duzue arlo honetan?

Ez dugu erabakita, hurrengo ikasturte hasieran eztabaidatu beharko dugu. Hor ikuspuntu ezberdinak egongo dira ziurrenik. Auzoan eragin negatiboa izaten jarraituko du aretoak, baina bestelako problematikak ere baditugu, etxebizitza edo aisialdia kasu. Ikusi beharko dugu bi urte hauetan eskaini diogun energia eskaintzen jarraitzea dugun. Orain, igandeko manifestazioa da garrantzitsuena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude