Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.
Egun guztietan egon da animazio handia Justizia Jauregiaren aurrean. 9:15ak gerturatzean direnean, auzipetuek irmo ekiten diote auzitegiranzko ibilbideari, Aroztegiko Elkartasun Komitekoen dozenaka lagunen oihu eta txalo artean. Amaieran harrera are beroago izaten da. Ostiralean, azken egunean, auzipetuen sartu-irtenak ohi baino beroagoak izan dira, eta egia esan, beharko zuten, Justizia Jauregiko korridoreetan barneratu ahala dena aldatzen delako, eta gaur bereziki: lau egunetako epaiketaren ondoren, aldeek euren ondorioak azaldu dituzte.
Ezpata bezain zorrotz hasi da fiskaltza eta hasierako akusazio guztiari eutsi dio: talde kriminala osatzeagatik urtebeteko kartzela zigorra auzipetu bakoitzarentzat, eta 22 hilabeteko espetxe zigorra derrigortze edo bortxa delituagatik. Ondoko lerroetan jasotakoa ez da hark hitzez hitz esan duena –gauza asko bai, hala ere–, baina bai eraikitako kontakizunaren laburpena. Honakoa da: “Talde kriminala osatzeko bi pertsona edo gehiago behar dira, eta hemen egunotan ikusi eta frogatu denez, akusatuek talde kriminala osatzen dute, argi eta garbi gainditu baitituzte desobedientzia zibilaren mugak”.
“Hasieran –jarraitu du fiskalak– saiatu ziren Aroztegiko proiektua geldiarazten bide juridikoetatik, instituzioetatik, mobilizazioekin..., baina hori ez zela nahikoa ikusita, ondoren mehatxua, iraina, sabotajea eta biolentziaren bidea hautatu dute. Hemen hasten da delitua. Bideoetan eta elkarrizketetan ikusi dugun bezala, argi erakusten dute bukaeraraino iristeko prest daudela Aroztegiko proiektua gelditzeko”.
“Horretarako bi talde dituzte, batzuek ekintza baketsuak egiten dituzte eta besteek bortitzak, baina talde bera da, helburu berarekin. Hemen horietako zazpi auzipetu ditugu, baina askoz gehiago dira. Epaiketan oso argi ikusi den bezala, haien liderra Garbiñe Elizegi da, aginduak ematen dizkie gainerakoei, hedabideetan eta bideoetan nola jokatu behar den eta zer egingo duten zehazten du. Aintzane eta Itziar haren albokoak dira eta Garazi, Eñaut, Eki, eta Gorka ekintzen egileak”.
“Langileen aurkako derrigortze delitua egin dute behin eta berriz, bortxa delako beste norbait derrigortzea nahi ez duen zerbait egitera. Langileek lan egin nahi zuten eta ez zieten utzi, mehatxuekin, irainekin, edota pintaketekin”. Eta jo du jurisprudentziara, zehazteko askotan isiltasunetik ere sor daitekeela derrigortze edo bortxa hori, “taldearen indarrarekin”.
Jarraitu du erraten Itziar Torresek apirilaren 21ean José Mari Martín lekaroztarrari eta Aroztegiko langileari mehatxu egin ziola, nahiz eta ostegunean argi gelditu zen egun horretan bera ez zegoela Lekarozen; eta beste noizbait, Salvador Urbistondo Palacio de Aroztegia SLko bazkideari zera ere esan ziotela, “oinak aurrean dituzula aterako zara hemendik”, hori bai, ez du zehaztu nork esan zion. Bere ustez, talde kriminalaren ezaugarriak biltzen dituzten gertaera horiek guztiak ikusi genituen asteazkenean erakutsi ziren elkarrizketa eta bideoetan. Eta froga gisa, bereziki aipatu du Aroztak taldeak dumper baten lapurretaz egindako bideo satirikoa: “Denez egiten dute barre, Nafarroako Gobernuaz, segurtasun indarrez, José Mari langileaz...”. Aipatu du bideoan azaltzen dela Jose Mari kalakari dioen kartel bat, eta asteazkenean itzultzaileak ez zuela jakin izan nola itzuli hori, baina berak uste duela “José Mari salatari dela”; aurreko egunetan aitortu du ez dakiela euskaraz.
“Beraz, auzipetu guztiak dira errudun, herritarrak mobilizatzen dituztelako, obrak geldiarazteko edozer onartzeko prest daudelako, mehatxuak, bortxa edo dena delakoa tartean. Akaso azken horiek ez dituzte beraiek egingo, baina planifikatzen dituzte, antolatu eta zuzendu”. Halaber, defentsaren lekukoen balioa gutxietsi du: “Ernesto Prat eta Joseba Otondo erabat partzialak dira eta ez dute eman obren ez-legezkotasunari buruzko inongo daturik. Kazetariek, bestalde, ez zuten inolako ekarpenik egin”.
“Jarraitzen dute mehatxatzen”
Akusazio partikularra askoz laburragoa izan da, esan duenez, ez zuelako errepikatu behar “fiskalak ongi errandakoa”. Eta tinko mintzatu da, akusazioari dagokion bezala: “Hemen ikusi ditugun lekuko gehienek argi utzi dute obretan izan direla mehatxuak, irainak, bortxa... eta guztia zegoela antolatua, argi dago talde bat dagoela. Aintzane Ariztegik argi utzi zuen elkarrizketa batean: kanpaldian antolatu egiten dira, txandekin, garbiketak egiteko, zerrendak egiten dituzte hainbat zereginetarako... Eta liderraz zer esan? Mundu guztiak daki burua Garbiñe Elizegi dela liderra. Aroztegia eta gero zer? taldea dagoeneko ez dela existitzen diote, baina ez da egia, hor kanpoan daude [kaleko sostengu taldeari erreferentzia eginez], eta jarraitzen dute lekukoak mehatxatzen”.
Akusatuek ustez egindako delituak kateatzen jarraitu du: “Egin dituzten delituen froga ugari ikusi ditugu egunotan, mehatxuak, irainak, makinen lapurreta eta apurketa, iltzeak zuhaitzetan... horietako asko oso dokumentatuak daude. Sergio Anibal eta José Mari langileek egiazko beldurra bizi izan zuten eta lana utzi behar izan zuten... hamarnaka pertsona ziren, eta taldearen suminaz baliatzen ziren langileak beldurtzeko”.
“Proiektua geldi dago”
“Ez, egindakoak ez dira umekeriak –azpimarratu du akusazio partikularraren bigarren abokatuak–. Nire bezeroek beren bizitzetako 18 urte inbertitu dituzte proiektu honetan eta milioika euro. Defentsak ondo zehaztu ditu kopuru horiek epaiketaren aurretik gertuko hedabideetan egindako kanpainarekin”. Eta sutsuki defenditu du proiektua, Baztanen egindako herri kontsultari balioa kenduta: “Proiektu honek lana eta etorkizuna dakartza eta ez da egia Baztan osoa proiektuaren aurka dagoela, herri kontsultan %30ak parte hartu zuela zehaztu zuten atzo akusatuek, eta horietatik %80 proiektuaren aurka zegoela. Zenbat da hori, biztanleria guztiaren %24?”.
“Argi ikusi dugu, haiek elkarrizketetan esaten dutelako, akusatuek proiektua gelditzeko duten irmotasuna: bai lehen, bai orain. Eta argi diote, beste norbait saiatzen bada han proiektuarekin aurrera jarraitzen, berdin jokatuko dutela”. Eta antolaketari dagokionez... “baina nola ustez duzue kontrolatu daitekeela 450.000 m2-ko lur eremu zabala ez bada talde antolatu baten bidez? Lekukoek argi berretsi dute: ‘talde antolatua zen’”.
“Zein da talde kriminala: Aroztegia eta gero zer? edo Aroztak?
Leire Martin defentsaren abokatuak hankaz gora bota ditu akusatuetako batzuei egindako akusazioak, gertaeren egun eta orduetan haiek ez zeudelako obren eremuan. Akusazio horiek hastapeneko txostena egin zuten guardia zibilek egin ei zituzten, “baina horiek ez dira epaiketa honetan egon”. Absoluzioa eskatu du bere defendatuentzat, “akusazioak ez baitzaizkie bizkarreratu egin dutenagatik, baizik eta hiru alditan molde desberdinez eremu hartan identifikatu zituztelako”.
Bere defendatuen kasuan, derrigortze deliturik ere ez zela egon zehaztu du. “Makina baten aurrean jartzea delitua da? Ez. Herritarrek jokatu izan balute langileen askatasunari eragiteko desberdina zatekeen, baina apirilaren 8an hori ez zen gertatu. Herritarrak makinak entzun, joan ziren hara informatzera eta makina gelditu zen. Zer gertatzen da? Bada, hori ez dela nahikoa pertsona hauek zigortzeko, eta akusazioei larritasuna emateko ezinbestean lotu behar dituztela apiril guztian gertatutakoekin. Hemen ez dago nahiko froga egiaztatzeko akusatuak elkartu direla zerbait deliktiboa egiteko. Zein da talde kriminala, Aroztak edo Aroztegia eta gero zer? Nire defendatuak lehen bi egunetan egon ziren obretan, 8an eta 9an, eta Aroztak 2021eko apirilaren 16an sortu zen”. Martinen esanetan, ezin da erakunde zibilen antolaketa txarretsi, eta gogoratu du lehen eguneko testigantzan guardia zibilak berak ere aitortu zuela “edozein oposizio zibil dagoela antolatuta”.
Beaumont: “Behar dute talde kriminala 43 milioi lortzeko”
Akusatuen abokatu Josu Beaumontek gogorarazi du obren hasiera ez zela legezkoa izan, “obren kontratazioa arautzen duen pliegoa baliogabetu egin zuten, eta nire defendatuak horrexegatik sartu ziren obretara, haiek behar bezalako baimenik gabe hasi zirelako. Enpresak nahikoa zuen pliegoa berriz egitea eta listo, baina ez, haren arduradunek jakingo dute zergatik, ez zuen egin. Geroxeago, maiatzaren hasieran, ezagutu zen enpresaren pliegoa baliorik gabe uzten zuen auzitegien ebazpena”.
Abokatuak azpimarratu du bere defendatuek beti onartu dituztela egindakoak, publikoki, adierazpenekin, bideoetan, eta norbait arriskuan jarri badute haien burua izan da, inongo biolentziarik gabe. Hori desobedientzia zibila da. Guardia Zibilaren lehen lekukoak argi esan zuen: ‘Akanpadan desobedientzia zibila izan zen, eta horregatik guk hura ikertu ere ez genuen egin’. Baina akusatuak ez dituzte epaitzen egin dutenagatik baizik eta direnagatik”.
Talde antolatuaz: “Bai, jakina, mugimendu sozial guztiek lan egiten dute eta horretarako euren burua antolatu behar dute”. Eta aretora ekarri ditu iaz Nafarroan eta Iruñean nekazariek traktoreekin egin zituzten mobilizazioak: “Nekazari batzuek Guardia Zibilaren autoak arrastaka ibili zituzten, trafikoa moztu zuten, eta Nafarroako Legebiltzarrera ere saiatu ziren sartzen foruzainen gainetik. Baina ez zuten nekazarien talde osoa talde kriminal gisa izendatu, delituak egin zituztenak zigortu zituzten”.
“Orduan, zergatik gaude hemen? –jarraitzen du abokatuak–. Argi dago Baztanen gehiengoa proiektuaren aurka dagoela. 2011z geroztik aurrera Baztango Udalean ez da egon proiektuarekin bat egiten duen gehiengorik, demokrazietan gehiengoak botoen bidez egituratzen direlako eta ez diruarekin. 2021eko apirilean ez zen proiektua gelditu, baizik eta obrak, eta gehienez hamar bat egunez. Proiektua, egiazki, hilda dago ez dutelako aurrera ateratzeko dirurik. Horregatik, Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 milioiko kalte-ordainak ordainarazteko prozedura administratiboan murgilduta dabil Aroztegiko enpresa. Hori lortzeko talde kriminal bat behar du. Zigorrik baldin badago, frogatu beharko da akusatuek egin dutena, beste batzuek egindakoak ez du horretarako balio".
“Desobedientzia zibilaz lortu daiteke obrak gelditzea”
Auzipetuak haien absoluzioa eskatzen duen kamisetekin jantzita atera dira kalera eta han besarkada artean galdu dira. Eta segidan, hedabideen aurrean agerraldia egin dute. Ozen esan dute, "Espainiako justiziak historian barna herritarrak zapaltzeko izan duen erabilera gaur egun ere mantentzen" dela. Enpresa eta fiskaltza eskutik hartuta ikusi dituztela, “herri mugimendua kriminalizatu nahian”. Gobernuetatik 43 milioi euro lortzeko “gezurretan oinarritutako kontakizun misogino, patriarkala eta klasista asmatu” dutela ere zehaztu dute.
“Ez dakigu zein izango den sententzia –jarraitu dute–, baina arras posible da talde kriminalaren kondena ezartzea, 43 milioi eurorako bidea errazteko asmoz”. Epaiketatik haratago begira ere jarri dira: “Azpimarratu nahi dugu herri bezala eraman dugun borrokagatik ospatzeko hamaika arrazoi ditugula. Bereziki garrantzitsua den lorpena izan da ikusaraztea herri mugimenduaren botereaz eta antolakuntzaz eta desobedientzia zibilaz lortu daitekeela makroproiektu espekulatzaileetako obrak gelditzea”.
Eta bukatzeko, adi jarraituko dutela ohartarazi dute: “Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditzen ez den bitartean makroproiektu espekulatzaile hau garatzeko arriskuak bere horretan segitzen du, eta honekin batera gure borrokak ere horrela eginen du”.
Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.
Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.
Bigarren ahozko saioan Aroztegiako obren eremuan izan ziren 11 guardia zibilek deklaratu dute asteartean, gehien-gehienak fiskaltzak deituta. Astelehenekoarekin konparatuta azkar joan da dena, eta arras lasaiago. Haien guztien testigantzan zerbait azpimarratu behar bada zera da:... [+]
Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi... [+]
Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]
Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon... [+]
Hilabeteak dira jada fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia SM– epaiketa ez egiteko negoziatzen ari direla. Bazegoen oinarrizko akordio bat, baina Aroztegiko Elkartasun Komiteak prentsa ohar bidez iragarri du bertan behera gelditu dela.
Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]
Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun... [+]
Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Epaiketaren bezperan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu du, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Askotariko egitaraua osatu dute egunotarako.
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]