AEB

Biden garaipenaren atarian dago eta errepublikanoek iruzurraren estrategiari eusten diote

Zuzeneko jarraipena
  • AEBetako hauteskunde presidentzialak tentsio handiz iritsi dira 2020 honetan. Donald Trump eta Joe Bidenen arteko lehiak eta ondoren sor daitezkeen egoerez zuzeneko jarraipena egingo dugu ARGIAn.


2020ko azaroaren 05an - 08:48
Gakoak
Biden eta Trump lehiatu dira presidente kargurako.
Georgian, Pennsylvanian eta Nevadan aurretik doa Biden

Hiru estatu gakoetan aurretik da Alderdi Demokrata. Aldeak oso estuak dira guztietan, baina boto gutxi falta da zenbatzeko eta joera Bidenen aldekoa da posta bidezko botoari esker. Pennsylvanian eta Georgian atzetik hasi du eguna hautagai demokratak, baina azken orduetan aurrea hartu du.

Bidenek presidente izateko hainbat aukera ditu. 264 konpromisario segurtatu ditu dagoeneko, eta 270 behar ditu: Pennsylvaniak 20 boto elektoral ematen ditu; Georgiak 16; eta Nevadak 6.

Zenbaketaren amaiera

Ez dago zehazterik oraindik noiz amaituko den zenbaketa ofiziala. Errepublikanoek presioa egiten jarraitzen dute kalean, epaitegietan, hedabidetan eta sare sozialetan, frogarik gabe iruzurra salatuz eta zenbaketa gelditzea eskatuz.

Georgian bi hautagaien arteko aldea 1.000 botoren inguran dago, eta Estatu Idazkari Brad Raffenspergerek zenbaketa berriz egingo dela adierazi du: "Hain tarte estuarekin, zenbaketa berria egingo da Georgian".

Ehunka atxilotu AEBetan Trumpen aurkako manifestazioek errepide nagusiak moztu ostean

Asteazken arratsean manifestazioak egin zituzten AEBetako hiri nagusietan Trumpen estrategiaren aurka. Minneapolis hirian, adibidez, poliziak ehunka pertsona atxilotu zituen, hauek autopista moztu ostean. Ikusi bideoa azpian.

New Yorkeko protestan poliziak 60 bat pertsona atxilotu zituela irakur dezakegu Democracy Now hedabidean.

 

Bidenek lasaitasuna eskatu du: "Ez dugu zalantzarik irabazle izango garela"

Iruzur salaketak sakon markatutako boto kontaketa honetan, Joe Biden ordezkari demokratak lasaitasuna eskatu die bere jarraitzaileei. Boto guztiak kontatu behar direla aldarrikatu du eta ez dutela onartuko kontaketa eteterik.

"Ez dugu zalantzarik, kontaketa amaitzen denean, Harris senataria eta biok irabazle izango garela", esan du. "Jende guztiari eskatzen diot lasaitasuna mantentzeko".

Trumpen estrategiari eutsi dio Alderdi Errepublikarrak, nahiz eta ahots kritikoak ere hasi diren

Donald Trumpen estrategia zeresan handia ematen ari da. Hauteskundeen iruzurra salatu ostean, tentsio nabarmena sortu du boto kontaketa luze honetan. Bitartean, bere alderdiko kideen artean ere posizio ezberdinak sorrarazten ari da.

New Jerseyko gobernadore Chris Christiek orain arteko presidentearen hitzei aurre egin die, frogak erakusteko esanez ABC kateko albistegietan. "Ez dugu frogei buruz ezer ere entzun".

Beste aldean, senatari errepublikar Lindsey Graham eta Ted Cruzek, adibidez, Fox telebista katean, presidentearen kontakizunari eutsi diote eta hauteskundeak lapurtzen ari dizkietela salatu dute. Texas estatuko politikari errepublikarra den Cruzek, frogarik gabe, esan du "hauteslekuetan botoak aurkitzen" ari direla, botoak kontatzen ari diren bitartean.

Euskal jatorriko Laxalt familiako Adam Laxalt, Nevada estatuko fiskal orokorrak ere Trumpekin bat egin du: "Irregultartasunen salaketa asko jasotzen ari gara. Uste dugu hilda dagoen pertsona ugariren botoak kontatzen ari direla", adierazi du.

Adam Laxalten prentsaurrekoa.

 

AEBetako telebista kate ugarik Trumpen prentsaurrekoa moztu dute

Donald Trumpek Etxe Zurian egindako prentsaurrekoan gezur ugari esan dituela nabarmentzen ari dira hedabide ugari. Faltsuki garaipena aldarrikatu ostean, AEBetako telebista kate ugarik –tartean ABC, CBS and NBC– zuzeneko seinalea moztu ziotela irakur dezakegu The Guardienen.

Adibidez, MSNBC kateak zuzenekoa gerarazi zuen, Brian Williams aurkezlearen ondorengo azalpenarekin: "Berriro ere ezohikoa den gauza bat egin behar dugu: ez soilik AEBetako presidentea moztu, baizik eta AEBetako presidentea zuzendu. Esaten ari dena ez dago errealitatean oinarrituta, eta herrialdea gaur egun dagoen unean, arriskutsua da hori".

Ikusi hemen unea:

 

Lehia estua da inork garaipena aldarrikatzeko, Bideni sei ordezkari bakarrik falta zaizkio
Joe Biden demokrata garaipenaz geroz eta hurbilago

Joe Biden hautagai demokratak Michigan eta Winsconsin Estatuak irabazirik, Donald Trump errepublikarrarekin daukan aldea handituz doa: 264 ordezkari ditu Bidenek eta Trumpek beti 214. 270 ordezkari lortu behar dira AEBetako presidente bihurtzeko.

Nevada (6 ordezkari), Ipar Karolina (15 ordezkari), Georgia (16 ordezkari), Pennsylvania (20 ordezkari) eta Alaska (3 ordezkari) estatuetako emaitzak eskas dira oraindik. Estatu hauei dagokienez, 2016an guztietan Trump atera zen garaile, Nevadan izan ezik. Oraingoz, botoen %75ak kontatuak direla, Biden aitzinean da Nevadan, baina tarte ttipiarekin –8.000 boto inguru–. Nevadan demokratak garaile ateraz geroz, Biden izango da AEBetako presidentea.

Trumpek ez ditu onartzen emaitzak eta auzitegira joko du: Michigan eta Wisconsineko emaitzen aurka jo behar zuen hasieran Donald Trum egungo presidenteak. Bidenek Arizona eta Nevadan ere aurrea harturik, emaitza hauen aurka ere joko dutela jakinarazi dute errepublikanoek.

Aurreikusiak ziren istiluak gertatzen ari dira. Alde batetik, bozketen kontaketak oztopatzen entseatu dira hainbat Trumpzale:

Trumpen aurkakoak ere kalera atera dira eta polizia kausitu dute parean:

 

 

Baliteke Pennsylvaniako zenbaketa gaur ez amaitzea

Euskal Herrian 16:00ak jotzetik gertu zirenean, Pennsylvaniako estatuko gobernadoreak prentsaren aurrean hitz egin du estatu horretako botoen zenbaketaren berri emateko. Posta bidezko milioika boto-paper zenbatu behar dituztela azaldu du eta zenbaketa hori ez dela hauteslekuetan emandako botoak bezain azkar zenbatzen. "Baliteke gaur emaitzarik ez izatea", gaineratu du. 

Pennsylvania da bi hautagaien arteko lehia ebazteko estatu gakoetako bat. Momentuz Trump doa buruan, baina 3.000.000 boto baino gehiago zenbatzeke daudela, aukera guztiak irekita daude.

Non irabazi behar du hautagai bakoitzak garaile izateko?

Zenbaketak aurrera egin ahala, garbiago geratzen ari da zer den AEBetako presidente izateko hautagai bakoitzak irabazi beharko lukeena, Etxe Zurira iritsi edo bertan jarraitu ahal izateko.

Trumpen kasuan erantzuna argia da: Pennsylvania eta gutxienez beste hiru estatu. Pennsylvanian irabaziko ez balu, 270eko zifra magikora iristeko Trumpek gainontzeko bost estatuetan garaile izan beharko luke.

Bidenen kasuan, Pennsylvania eta Michigan irabaztearekin aski luke zenbakiak osatzeko. Baina Pennsylvanian irabaziko ez balu, Michigan, Wisconsin eta Nevada lortuta ere garaipena berea litzateke eta une honetan zailagoak diruditen beste estatu batzuetan ere jokoa irekita eduki dezake.

Zazpi estatu gakoak

Lerro hauek idazten ari garen momentuan, AEBetako zazpi estatutan oraindik ez dago argi Trumpek edo Bidenek irabaziko duen. Horietako batzuetan hautagaietako batek tarte handia ateratzen dio besteari; beste batzuetan berriz, zenbatzeke dagoen boto-kopuruak garailearen izena alda lezake.

1) Michiganen botoen %4 oraindik zenbatzeke dago, 217.000 boz inguru eta Joe Bidenek 30.000 boto baino gehiagoko aldea ateratzen dio Trumpi.

2) Demokratarentzat izango litzateke une honetan Wisconsin ere, baina 173.000 boto zenbatzea falta da eta 20.000 inguruko tartea ateratzen dio Trumpi.

3) Nevadan lehia estuagoa izan daiteke: Biden dago une honetan lehiaren buru, Trumpi 7.647 botoko aldea ateraz, baina oraindik bozen herena zenbatzeke dago –589.000 boz, alegia–.

4) Txanponaren beste aldean, Donald Trump dago lehen postuan Georgian, %6 falta da zenbatzeko –302.000 boto– eta 100.000 inguruko aldea ateratzen dio Bideni.

5) Ipar Karolinan 76.000ko abantaila dauka, baina 348.000 geratzen dira zenbatzeko oraindik.

6) Pennsylvanian dauka momentuz abantailarik handiena, 482.000 bototik gora, baina zenbaketan atzeratuen doan estatuetako bat da, oraindik herena baino gehiago zenbatzeke baitaude –3.000.000 bototik gora, alegia–.

7) Alaskan ere, une honetan Trump da nagusi, 51.000 bozeko aldearekin, baina %55 zenbatzeke (210.000 boto inguru–.

Demokratek diote "garaipenerako bidean" direla

Boto-zenbaketa luze eta korapilatsua izaten ari dira AEBetako hauteskundeetan eta Donald Trumpek inkestek esaten zutena baino emaitza hobeak lortu ditu oraingoz. Hala eta guztiz ere, alderdi deomokratak mezu baikorra plazaratu nahi izan du: Jen O’Malley Dillonek, Joe Bidenen kanpaina buruak adierazi du "garaipenerako bidean" daudela. Boto-zenbaketa eteteari buruz Donald Trumpek emandako mezuari ere erantzun dio, esanez hori egingo balitz Biden litzatekeela une honetan AEBetako presidentea.

Bernie Sandersek zehaztasun handiz ohartarazi zuen Trump gaur erabiltzen ari den estrategia iruzurtia

Alderdi Demokratako hautagai aurrerakoiena izandako Bernie Sandersek hauteskundeen aurretik telebistan hitzez hitz asmatu zuen gaur gertatzen ari dena, eta bere kezka adierazi zuen.

Azaldu zuenez, Alderdi Errepublikarraren eta Demokrataren bozkatzaileek joera ezberdinak dituzte posta bidezko botoari dagokionez. Alderdi Errepublikarraren jarraitzaileak estatistikoki hauteskundeen egunean bozkatzera joan ohi dira eta Alderdi Demokratako jarraitzaileak askoz gehiago dira posta-bidezko botoa baliatzen dutenak.

Azpiko bideoan ikus daiteke nola Sandersek ohartarazi zuen aukera handiak zeudela, hainbat estatu gakotan, posta bidezko botoak kontatu gabe zeudela, lehenik bozkalekuetakoak kontatzen dituztenez, Alderdi Errepublikarra aurretik doanean Donald Trumpek baliatzea momentua esateko hauteskundeak irabazi dituela eta lehia faltsuki itxitzat eman.

Ondoren, posta bidezkoak kontatzean estatu horietan Joe Bidenek irabazi duelakontatuz gero, ordea, ez dituela emaitzak onartuko esatea litzateke bere estrategia.

Bernie Sandersek zehaztasunez ohartarazi zuen Trumpen estrategia iruzurtiaz from argia on Vimeo.

Zazpi estatutako emaitzak eskas direla, oraingoz Bidenek ordezkari gehiago

Joe Bidenek 238 ordezkari ditu oraingoz eta Donald Trumpek 213. Baina ezer ez da argi eta bi hautagaitzen arteko lehia biziki tinkoa izaten ari da. 270 beharrezko dituzte presidentetza irabazteko. Zazpi estatutako emaitzak eskas dituzte, 87 ordezkari dituzte oraindik argitu gabeak. Ipar Carolina (15 ordezkari) eta Georgia (16 ordezkari) dagokionez kontaketak ez dira bukatu eta bi hauek eragin handia ukanen dute.

2016ko emaitzen mapa errepikatzen ari da, hainbat aldaketekin hala ere, tartean Arizona errepublikanoek berriz berreskuratu izana. Arizonaren gisara, hainbat Estatu dira inportantzia handikoak eta horra nola doazen bozketak hauetan: 2016an bezala, berriz irabazi ditu Trumpek ezinbestekoak zituen Florida eta Texas. Ohio eta Iowa ere Trumpen alde agertu dira.

Nahiz eta Trumpek garaipena aldarrikatu, kontaketak ez dira oraindik bukatu eta garaipena zeinek ukanen duen ez da argi. Jen O'Malley Dillon Bidenen kanpainako zuzendariak gogorki kritikatu du Trumpen joera: "Eskandalagarria, aurrekaririk gabea eta okerra" izan dela salatu du.

 

AEBetako hauteskundeak oraingoz nola dauden

Zenbait ideia nagusi, hauteskundeen jarraipenerako, The Guardianek nabarmendu dituenez:

  • Lehia oso estu doa. Donal Trumpek irabazi du Floridan, Ohion eta Texasen, eta horrek bere berraukeraketa bizirik mantentzen du. Hala ere, Michigan, Pennsylvania eta Wisconsin estatuetan zer gertatzen den ikusi behar da eta oso gertu daude bi hautagaiak. Bere jarraitzaileei zuzendurik, Joe Bidenek esan du "uste dut hauteskunde hauek irabazteko bidean goazela".
  • Trumpek faltsuki aldarrikatu du hauteskunde lehia irabazi duela eta "iruzurra" salatu du. Trumpek garaipena aldarrikatu du oraindik behin behineko kontaketarik ez duten zenbait estatutan, adibidez, Georgian. Trumpek emaitza Auzitegi Gorenera eramateko mehatxu egin du.
  • Alderdi Errepublikarrak Senatuaren kontrola mantenduko duela dirudi. Nahiz eta Demokratek zenbait aulki bereganatu, gako diren Iowa, Montana eta Hego Carolinan irabazi dute errepublikarrek, ganbera eskuz aldatzeko aukerak ia ezereztatuz.
Trump: "Irabazi egin dugu eta boto kontaketa geratzea nahi dugu"

Donald Trump presidenteak ziurgabetasuna eta oraindik behin behineko emaitzarik ez dagoela baliatu du "iruzurra" gertatzen ari dela salatzeko eta hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatzeko. "Hau estatubatuarren herriari egindako iruzurra da, gure herriarentzat lotsagarria da. Hauteskundeak irabazi ditugu", aldarrikatu du Etxe Zuritik egindako adierazpenetan, elDiario-k jaso duenez.

Trumpek darabilen erretorikaren adibide, duela 2 ordu bidali duen txio hau. Hauteskundeak "lapurtzen saiatzen" ari direla salatu du.

Trumpek esan du Auzitegi Gorenera joko duela hauteskundeak galtzen baditu. "Gorenera joango gara. Boto kontaketa geratzea nahi dugu, ez dugu nahi inongo botopaperik aurkitzea goizaldeko 04:00etan eta zerrendan sartzerik", baieztatu du. "Dena irabazi dugu. Hau errekorra da, ez da antzekorik sekula gertatu", gehitu du, nahiz eta kontaketa betean egon estatu ugari. Batez ere, erabakiorrak izango dira Pensilvania, Michigan, Wisconsin, Arizona eta Georgia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Eguneraketa berriak daude