‘Jainkotiar komedia’-ren erakusketa bat zabaldu dute sarean Danteren heriotzaren 700. urteurrenean

  • 2020an bete dira 700 urte Dante Alighierik Jainkotiar komedia idazten bukatu zuenetik, eta aurten beteko dira 700 urte Alighieri zendu zela. Urteurrena dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Italian, horien artean obra ezagunean oinarrituta XVI. mendean egindako irudien erakusketa bat.

Infernuko atea / Uffizi galeria

2021eko urtarrilaren 15ean - 11:46
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Dante Alighieri (1265-1321) poeta italiarraren heriotzatik 700 urte beteko dira aurten eta bere omenezko ekitaldiak antolatzen ari dira Italian. Batez ere La Divina Commedia (Jainkotiar komedia) poema mistiko luzeagatik da ezaguna Dante, baina bestelako lanak ere idatzi zituen, politikari eta moralari buruzko tratatuak, esaterako.

Jainkotiar komedia garrantzitsua izan zen italiera batuaren finkatzeko, izan ere, latinez beharrean Toscanako dialektoan idatzi zuen, italiera idatziaren oinarriak jarriz. Italiaren beraren sinbolo gisa ere aldarrikatu du berriki Dario Franceschini ministroak: "Dante oroitzean ez dugu bere handitasuna soilik gogora ekartzen, identitate nazionalari bizia eman izana ere bada. Dante Italiaren sinboloa da”

Aldarrikapen horiek gorabehera, Mendebaldeko artean eragin sakona izan du Komediak. Izan ere, Danteren infernuaren, purgatorioaren eta zeruaren irudikapenak inspirazio iturri izan dira askorentzat, eta bere obra bera eredu. Euskarara ere hainbatetan ekarria izan da, zatika bada ere.

Poetaren heriotzaren urteurrenean hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, horien artean lehena izan da Florentziako Uffizi galeriak antolatu duen erakusketa. Federico Zuccarik XVI. mendean eginiko 88 irudi jarri dituzte sarean ikusgai, dohainik. 1586-1588 artean egin zituen irudiok Zuccarik, Madrilgo El Escorial dekoratzeko lanetan ari zen bitartean.

Orain arte bi aldiz baino ez dira jarri erakusgai: 1865ean, Danteren jaiotzaren 600. urteurrenaren omenez, eta 1993an Abruzzon eginiko erakusketa batean. Orain guztion eskura daude, oraingoz italieraz soilik irakur daitekeen azalpen didaktiko-zientifiko batez lagunduta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!