Izurria Italian, Espainian eta Euskal Herrian (3): astebeteko bilakaerak alderatuz

  • Covid-19 izurriak Euskal Herrian daraman bilakaera Espainia eta Italiakoekin alderatzen hasi ginen martxoaren 23ko datuekin, galdera honen erantzunera hurbiltzen saiatzeko: Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Bigarren kontrola 26ko datuei erreparatuz egin genuen. Hirugarrenez alderaketa bera gaur egingo dugu martxoaren 30eko datuei erreparatuz eta horrela osatzen dugu astebeteko zikloa.


2020ko martxoaren 31n - 09:20
1. grafikoa: Covid-19ak 100.000 biztanleko hildakoak otsailaren 24tik martxoaren 30era artean metatuta, Italian, Espainian eta Euskal Herrian.

Lehen grafikoari erreparatuta, izurriaren hasieratik metatutako hildakoen kurbaz osatutakoari (beti ere heriotza kopuruak 100.000 biztanleko), ohartuko gara martxoaren 23an Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako hilak biltzen zituzten kurbek oso itxura antzekoa zeukaten bezala, geroztik martxoaren 30era arte hiru herrialdeek joera ezberdinak jarraitu dituztela. Italiak goraka jarraitzen badu ere, bere erritmoa egonkortu egin du azken egunetan eta astelehen gaua arte 19,1 heriotza metatu ditu 100.000 biztanleko.

Espainiak heriotza kopuruen igoera azkartu du azken egunetan eta Italiaren zifretara inguratzen ari da nahiko azkar (15,7 heriotza 100.000 biztanleko).  Duela astebete Italiarekiko sei eguneko atzerapena bazeraman, martxoaren 28an hiru egunera hurbildu zitzaion eta Espainiak martxoaren 30ean bi egun eta erdikoa du atzerapena.

Bere aldetik, Euskal Herriak martxoaren 23tik aurrera Espainiak baino erritmo "motelagoa" segitu du. Espainiaren gorako abiadatik zertxobait aldenduz, badirudi Euskal Herriak eusten diola Italiarekiko atzerapenari, lau egun eta erdikoa da martxoaren 30ean (12,9 heriotza 100.000 biztanleko).

Izurriaren bilakaerak azken egunotako joerari eutsiko balio, aurreikusi genezake martxoaren 31 ilunabarrerako Espainian denetara hilak 8.072 izango direla Euskal Herrikoak 450 (orain arte hildako guztiak, ez egun bakarrekoak).

2. grafikoa: Covid-19 izurriak hilak egunez egun Italian, Espainian eta Euskal Herrian martxoaren 30era arte.

Egun bakoitzean hildakoen kopuruak biltzen dituen bigarren grafikoei begira jarrita, orduan esan genuenez, martxoaren 23an Euskal Herriak, Espainiak eta Italiak lehenengo aldiz puntu berdinean egin zuten topo, hau da, eguneko heriotza tasa berdinarekin (heriotza 1 egunean 100.000 biztanleko). Geroztik, Italiak zertxobait gora egin du eguneroko heriotza tasan baina badirudi mantentzea lortzen ari dela azken egunetan (eguneko 1,2 eta 1,5 artean). Hau izan daiteke bere maldaren puntu gorena.

Espainiak martxoaren 23tik gora eta gora jarraitu du, martxoaren 28ko puntu gorenera iritsi arte (1,9 heriotza 100.000 biztanleko egun bakarrean). Azken bi egunetan, berriz, behera egin du eta ikusi beharko da egunero hildakoen bere kurbak gailurra edo "pikoa" jo duen ala ez. Aldiz, Euskal Herria gora-beheraka dabil etengabe, baina orokorrean goraka jarraitzeko joera du. Martxoaren 30ean, nozitu du egun bakarreko heriotza gehiena, bere kurbaren orain arteko punturik altuena 1,6ko tasarekin: Italiak krisi osoan orain arte ez du eman hori bezainbesteko tasarik.

3. grafikoa: Covid-19ak hildakoak metatuta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta orotara Euskal Herrian martxoaren 30era arte.

Hirugarren grafikoak Euskal Herrian orain arte hildakoak biltzen ditu, lurraldeka kokatuta krisi hasieratik pilatu zaizkigun heriotzak, totalak. Esan dugunez, Euskal Herrian Covid-19aren eraginez 100.000 biztanleko 12,9 heriotza gertatu dira martxoaren 30era arte. Arabak jarraitzen du tasa akumulatu altuena jasaten eta, are gehiago, azken egunotan lurralde guztien artean heriotza kopuruen igoera handiena Arabak nozitu du (azken bost egunetan 100.000 biztanleko 28,9 heriotza izatetik 37,8 izatera pasa da, hau da 8,9 puntuko igoera).

Heriotza tasa handiena dutenetan Nafarroa dator bigarren eta, gainera, igoera handia jasan du azken egunetan, Arabaren erritmoan hazten ari da azken bizpahiru egunetan. Bizkaiak bere igoera gradualarekin jarraitzen du, oso erritmo konstantean eta berak markatzen du Euskal Herri mailako batez bestekoa (11,7ko tasa). Gipuzkoak, bere aldetik, bere tasa nahiko baxu mantentzen jarraitzen du, Hego Euskal Herriko tasa baxuenarekin.

Irakurlea ohartua izango denez, hemen Euskal Herria aipatzean nagusiki Hegoaldeaz ari gara, eguneroko datu ofizial garbiak EAEko eta Nafarroako administraziotik iristen direlako eta ez besterik. Ipar Euskal Herriko datuak izateko erreferentzia ofizial moduan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere baitan hartzen dituen Pirinio Atlantikoak departamendua besterik ez daukagu, zehazki, departamendu horretako heriotza tasa. Hego Euskal Herriko tasatik oso behera ikus daiteke Pirinio Atlantikoetakoa.

Aurreko kronikan aipatu genuen Lombardia, Italian koronabirus izurriak gehien kolpatu duen eskualdea, Covid-19a gogor nozitzen ari diren beste lurraldeentzako ere konparaketagai izan daitekeena. Lombardian heriotza tasa pasatu da martxoaren 26an 100.000 biztanleko 48,6 izatetik lau egun geroago 100.000ko 68,2koa izatera: hogei puntu egin du gora. Gure arteko lurralde zigortuena den Arabak 8,9 puntu egin du gora azken lau egunetan, Lombardiaren igoerarekin alderatuta erdia baino gutxiago (37,8 Arabak).

Bereziki larri dabiltzan eskualdeen beste erreferentzia bat izateko, Madrilgo Erkidego Autonomoan martxoaren 26an heriotza tasa 100.000 biztanleko 31,4koa zen (une hartan Araban 28,9koa) eta lau egun geroago, Lombardian bezala, tasak ia hogei puntu egin du gora 50,9 tasara iritsiz (Araban 37,8).

4. grafikoa: Covid-19k hilak egunero Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Iparraldean eta oro har Euskal Herrian , martxoaren 30era arte.

Laugarren grafikoak erakusten ditu izurriak lurralde bakoitzean eragindako heriotza tasak 100.000 biztanleko, kurbatan jarrita. Azken egunetan, pixkanaka baina etengabe gora egin du heriotza tasak Euskal Herrian (marra berdea), martxoaren 30ean lehen aldiz 1,5eko langa gainditu duelarik. Orain arte Arabak ematen zuen tasarik altuena egunero, baina azken egunetan Nafarroa gehitu zaio, oso antzeko bilakaerarekin. Ondoren ageri da Bizkaia, aurreko bietatik nahiko gertu azken egunetan. Bukatzeko, Gipuzkoak eta Ipar Euskal Herriak oraindik lortzen dute heriotza tasa 1,0ren azpitik mantentzea.

Aurreko bi alderaketak ikusteko:

Izurriaren garapena Italian, Espainian eta Euskal Herrian: alderaketa ahalegin bat (2020-03-24)
Izurria nola doa Italian, Espainian eta Euskal Herrian: martxoaren 26ko alderaketa (2020-03-27)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude