Iruñeko Udaleko UPNren bi zinegotzi PPren zerrendetan joango dira

  • María García-Barberena eta Fermín Alonso Iruñeko Udaleko Navarra Sumako zinegotziak ere PPren zerrendetan joango dira datozen udal hauteskundeetan. PPren Iruñeko Udaleko zerrendaren hirugarren eta bosgarren postuetan joango dira, hurrenez hurren. UPNren militantzia ere utzi dute.


2023ko apirilaren 13an - 11:41

Enrique Maya Iruñeko alkateak desleialtasuna egotzi die, udal Gobernu Batzordetik kanporatu ditu eta zinegotzi kargua utz dezaten eskatu die. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Iraunkortasun zinegotzia izan da, eta García-Barberenak Kultura eta Berdintasuna eraman ditu. García-Barberenak aski protagonismo izan du azken urte honetan, besteak beste berak gidatu duelako Iruñeko Sanferminetako Gazteluko Plazako barren proiektu polemikoa.

Bi zinegotziek adierazi dutenez, PPk UPNk baino hobeto ordezkatzen ditu Nafarroako zentro-eskuinaren baloreak eta egokiagoa da “askatasuna, konstituzionalismoa eta foru erregimena defendatzeko”, “espazio ilusionagarria, irekia eta integratzailea” izateaz gain, “lidergo argi eta indartsua” duelako. Horrez gain, ez zaie egoki iruditu UPNk bere kabuz erabaki izana Navarra Suma koalizioa desegitea.

Albisteak erakusten du ez dela bukatu UPNren kargu edo militanteen galera, eta pentsatzekoa da, PPk iragarri duen gisan, hauteskundeak hurbildu ahala gehiago ere izango direla. UPNren eta PPren arteko tirabirak biziki areagotu dira azken hilabeteetan, lehenik iaz Carlos García Adanero eta Sergio Sayas UPNko diputatuak UPNtik kanporatu zituztenean, eta ondoren, UPNk erabaki zuenean maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko zela.

García-Barberenak eta Alonsok Sayasi eman zioten sostengua 2020ko UPNren kongresuan, azken horrek alderdiaren lehendakaritza Javier Esparzari lehiatu zionean. Esparzak aise irabazi zuen orduan, baina bozka eman zuten 1.774 afiliatuetatik Sayasek lortu zituen botoen %41,71. Gaurtik ikusita bitxia bada ere, orduan García Adanero Esparzaren zuzendaritzako zerrendan joan zen; orain, PPko zerrenda burua izango da Iruñeko Udalean.

UPNko lehendakariak, hala ere, oraingo albisteak ez duela ezustean harrapatu adierazi du, “hemen denok ezagutzen dugu elkar”, eta lasai dagoela gehitu du: “Kezkatuta ikusten nauzue akaso?”. Baina badirudi kezkatua egoteko arrazoirik baduela, lehenago UPNrekin kargu esanguratsuak izan zituzten María Kutz, Luis Zarraluqui, Maribel García Malo eta Ruth Goñik ere PPrekin bat egin baitute. PPk asteazken honetan Baztanen egin duen ekitaldi batean, halaber, Begoña Sanzberro izan zen, UPNren sailburu eta parlamentari ohia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude