2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren eleberriarekin askatu da presio horretatik; askotariko maitasun harremanak ditu ardatz, erlijiosoa barne.
Psikiatriak patologizatzen dituen ondoezen jatorri sozialak aztertu zituen Aixa de la Cruzek (Bilbo, 1988) Las herederas (Oinordekoak) eleberrian. Halaber, Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere azken obran osasun mentalaren hauskortasuna presente dago, baina bilaketa intimo bati lotuta: behin eta berriro saiatuko da Violeta hutsune existentziala maitasunaren bidez asetzen, izan maitasun erromantikoa edo espirituala.
Mugimendu handiko eleberria bateratzen duen elementu sinbolikoa da odola: umetan lagunen arteko paktuetan elkartrukatzen dena, abortuetan galtzen dena eta banpiro nartzisistek xurgatzen dutena. Bere zortzigarren liburua da –bost eleberri, ipuin bilduma bat eta saiakera bat atera ditu aurretik–. Lehena 20 urterekin argitaratu zuen, eta oraindik ere kritika patriarkalak gaztetasunari lotutako klixeak darabiltza bere lana deskribatzeko.
Liluratuta zabiltza psikoanalisiarekin. Eraginik izan al du liburu honen idazketan?
Bai. Lehen aldia da pertsonaia bakar baten ibilbidea idazten dudana, eta lanari ekin diot ordena kausal batean, ez kronologikoan. Terapian zure bizitza kontatzen duzunean ere, orainetik hasi, orainak iraganera eraman, eta iraganetik orainera itzultzen zara. Bestetik, idazketa intentsua izan da niretzat, terapia saioen moduko nekea utzi didana. Violeta protagonistaren nerabezaroa irudikatzeak nire nerabezaroa gogoratzera ninderaman, eta umetan nire amarekin izandako dramak berrikusi ditut, ni ere ama naizen honetan. Gauza hauek komentatzen ditudan bakoitzean galdetzen didate ea autobiografikoa den, eta ez. Baina idaztea oso pertsonala da beti: barruak mugitzen ez badizkizu, ez du funtzionatuko.
Ane Labakak berriki idatzi zuen Berria-n emakume idazleei etengabe galdetzen zaiela ea haien eleberriak autobiografikoak diren.
Gizonei ez zaie galdetzen ez delako interesatzen. Gurekin morboa ematen du. Nahiko zitala da.
Badakit Evanescente izenburua ipini behar zeniola hasiera batean. Biki ebaneszente bat izan zuela jakiten du Violetak, eta Paulekiko duen obsesioarekin lotzen du.
Nobelarako mito klasikoekin lanean ari nintzela, lagun batek kontatu zidan bere esperientzia: helduaroan jakin zuen biki bat izan zuela, baina jaio aurretik hil zela. Platonen mitoaren korrelatu biologizista iruditu zitzaidan: bizirik iraungo duen bikia galera-sentsazioarekin jaioko da, dolurik egiteko aukera gabe, eta bizitza emango du hura osatuko duen norbaiten bila.
Violetak uste du hori izan daitekeela bere hutsune existentzialaren jatorria.
Sistema neoliberalak konbentzitu nahi gaitu gure ondoezek kausa jakin bat dutela, eta gure erronka dela gurekin bat datorren marko diskurtsiboa aurkitzea: dela karta astrala, dela bisexualitatea, dela diagnostiko psikiatrikoa... Aitzitik, ondoezaren azalpenak konplexuagoak dira: kausa ia guztiak sistemikoak dira, baina asko biografikoak ere bai. Adiera bakarreko azalpenak kapsulatzen dizkigute, produktuak eros ditzagun: "Ez al zaizu ondo iristen prana burmuinera? Egin ezazu gure kundalini yoga ikastaroa ".
Kritikak esan ohi du zure belaunaldiko idazlea zarela. Bat al zatoz?
Nazkatu samar nago. Ez dakit zenbat urte bete behar ditudan hori entzuteari uzteko. Mundu guztiari eragiten dioten egiturazko arazoak, hala nola etxebizitzaren alokairuaren arazoak, belaunaldi baten afera gisa aurkezteak sistemaren ardura lausotzen du. Modu horretan, unibertsaltasuna eta gizarte osoa interpelatzeko gaitasuna kentzen digute.
Bilboko Bidebarrieta liburutegian eleberriaren aurkezpenera hurbildu zen jendea ikusita –jende oso heldua eta asko gizonak– esan daiteke zuk bai lortu duzula gizarte osoa interpelatzea.
Oso polita da. Literatura gure enpatia eta identifikazio gaitasuna kolokan jartzeko dago. Suposatzen da gure oso antzekoa denarekin identifikatu behar garela, eta soilik gozatu behar dugula irakurri dugun egilearen ideologia gurearekin bat datorren literaturaz. Nire ustez, benetan estimulagarria da kontrakoa gertatzen denean. Hala ere, egiari zor, emakumeek irakurtzen naute gehien bat; gehiengoa dira irakurketa klubetan eta kultura espazioetan. Oraindik ere nolabaiteko lubakia sumatzen dut gizonezkoen publikoan.
Anagrama argitaletxe handian publikatzen duzu. Esango nuke zubigintza lana egiten duzula diskurtso aktibisten eta jendarte zabalaren artean.
Ez dut modu kontzientean egiten, baina idazkeraren xede bat bada jasota uztea batzuk ez garela bizi izan arauaren arabera. Egia esan, nire liburuetan beti erretratatzen dut nire bizitza bera baino, nire bizimodua egituratzen duen ehun diskurtsibo, afektibo eta ideologikoa.
"Ez naiz lorpenak ospatzeko gai, eta hutsegite txikiekin zapuztu egiten naiz. Banabil hori aldatzeko lanean"
Literatur kanon patriarkala kritikatu zenuen Cambiar de idea-n. Aipatzen zenuen argitaletxe askok emakumeen obrak argitaratzen dituztela soilik molde jakin batera egokitzen badira. Presio horretatik askatu al zara?
Oso presente dut pasarte hori. Umetan XIX. mendeko folletoiak maite nituen. Madame Bovary edo Tolstoi irakurtzen nituen eta trama erromantikoa bakarrik interesatzen zitzaidan. Gertatu zait maitasun nobela bat idatzi nahi izatea eta pentsatzea, emakume gaztea izanik, horrek prestigioa kenduko lidakeela.
Hala ere, nobela hau ez da batere kursia…
Ez? Nire erregistrorik kursiena da... [Barre egin du]. Konpentsazio-mekanismo moduko bat sumatzen dut neure baitan. Nire ilobak ondo deskribatzen du: "Zu kursia zara, baina beltzez jantzita".
Hitz egin dezagun maitasunaz. Salma eta Paul, Violetaren bikoteak, lanbide artistikoetan aritzen diren bitartean, gure protagonistak ez du halako bokaziorik. Agian gabezia horrek indartzen du bere dependentzia emozionala?
Eleberrian iradokitzen da sozialki onartutako bi modu daudela hutsune hori betetzeko: amatasuna bata eta lanbide artistikoa bestea. Berak erabaki du ez dela ama izango, eta artearen bidez ere ez da betikotzen ari. Geratzen zaiona da maitasun istorioen idealizazioa, Disney baino, banpirikoak direnak: horiek betikotze aldera, bere nortasuna galduko du.
Hainbat harreman-eredu esperimentatzen jarri duzu Violeta, eta denak desidealizatu dituzu.
Hori zen nire ideia: pertsonaiak, bere bilaketan, ikerketa ia enpirikoa egingo du, saiakuntza-erroreak, konturatu arte maitasun idealizatu posible bakarra Jainkoarenganakoa dela.
Spoiler: horrek ere ez dio funtzionatuko.
Beno, baina nire asmoa bazen iradokitzea soilik ez gorpuzdun izakiak idealiza daitezkeela horrenbeste. Uste dut gakoa ez dagoela harreman ereduan. Zure bikote sexualak esplotatzen badituzu, berdin dio bat edo bost izatea. Millenial belaunaldikook uste genuen maitasunaren inguruko teoria jakin batek, akordio jakin batzuek, emantzipatuko gintuztela. Aitzitik, konturatu gara ondo dagoela aukera desberdinak pentsatzea, baina praktikan ez dagoela errezeta magikorik: harreman bakoitzak bere ituna aurkitu behar du, gorputzarekin aurkitu gainera.
Berritzailea egin zait liburuko maitasun istorio iraunkorrena lesbiana baten eta gay baten artekoa izatea.
Arestian kargu hartu didate nire bisexualitatea publikoki ikusgai ez egiteagatik, eta horrek oso deseroso sentiarazi ninduen. Ez nengoen prest, denbora asko eman baitut harreman heterosexual batean, eta nirea ez zen borroka batez jabetzen nintzela iruditzen zitzaidan. Denborarekin konturatzen zara barneratutako bifobia dela hori, eta gizonekin nuen harremanean indarkeria espezifikoak pairatu ditudala bisexuala izateagatik. Horrekin jolastu nahi nuen.
Kanpotik interpreta daiteke Violetak bifobia barneratuta duela, baina bortitza iruditzen zait Violetari zer izan behar duen esatea. Bestetik, oso dibertigarria iruditzen zitzaidan kontatzea Violeta eta Paulen arteko maitasuna hain dela handia, ezen identitate politikoetatik harago doala.
Edonola ere, iruditzen zait zure liburua erreferentzia baliotsua dela komunitate bisexualarentzat. Ekarpen hori egin nahi zenuen?
Dudarik gabe. Gogoan dut niretzat zein preziatua izan zen eleberri kuttun batean bisexualitatearen normalizazioarekin topo egitea. Ildo horretatik, Sabina Urracaren El celo asko gustatzen zait, baina Alejandro Simon Partalen La Parcela-k bereziki liluratzen nau, orientazio sexualaren gaiari esplizituki heldu gabe, pertsonaia guztiek irekitasun hori dutelako. Kultura oso bat falta zaigu, erreferente positiboen tradizio bat, barneratutako bifobia hori gainditzeko.
Salmaren pertsonaiaren bidez desidealizatu dituzu harreman lesbikoak.
Emakume bisexualok pentsa dezakegu harreman heteroetan dauden arazo guztiek bestearen maskulinotasunarekin zerikusia dutela; hori ironizatu nahi nuen. Orduan, hurrengo bikotea emakumea denean, ohartuko gara nartzisistak bilatzeko joera baldin badugu, patroi hori mantenduko dugula, bikotekidearen generoa edozein dela ere. Hortaz, genero estereotipo bat erretratatzea baino, mundu artistikoan eta literarioan asko ikusten dudan nartzisismo modu bat erretratatzea interesatzen zitzaidan Salmaren bidez: dilema etikorik ez duen artista, inguruko pertsonei dena arpilatzen diena, baimenik eskatu gabe, artearen izenean.
"Millenialok uste genuen maitasun akordio batzuek emantzipatuko gintuztela, baina konturatu gara praktikan ez dagoela errezeta magikorik"
Ez duzu uste azkenaldian etengabe eta arinkeria handiz erabiltzen dugula nartzisista etiketa?
Instagramen etengabe aipatzen dena “nortasun nartzisistaren nahasmendua” da, eta diagnostiko horren itemek ia beti tratu txarrak ematen dituzten gizonak deskribatzen dituzte. Hortaz, iradokitzen dute gizon matxisten jokabidea arazo psikiatriko batek eragiten duela, eta ez patriarkatuak. Nik ez dut nartzisismoa horrela ulertzen, baizik eta nortasun-ezaugarri baten moduan, harremanetan bereziki aktibatzen dena. Uste dut denok izan dezakegula bestea bitarteko gisa erabiltzeko joera, gure helburuak betetzeko, sotilki bada ere. Hala nola zenbait tokitara iristeko edo hutsuneak betetzeko. Horregatik diot banpiroaren mitoa erromantizatu dugula, nahiz eta nartzisismoaren definizioa izan: ez zaitut maite izaki autonomo gisa, baizik eta nire jabegoa edo nire gorputzaren zati bat zaren neurrian. Banpiroek drainatu egiten zaituzte, zure odola ematen dizute, eta orduan elkarrekin egongo zarete betiko.
Hitz egin dezagun espiritualtasunaz. Bilaketa desesperatu honetan, Violeta budismora edo santeriara bihur zenezake, baina erlijio katolikoa aukeratu duzu.
Ez nuen erori nahi protagonista turismo espirituala egiten jartzeak dakarren exotizazio esparruan. Erronka bat iruditu zitzaidan arren, ikaskuntza-prozesu ederra bihurtu zen niretzat. Izan ere, Violetak bezala, nik ez dut inolako erlijio-prestakuntzarik. Testu kristauetara hutsetik hurbildu nintzen, eta argi ikusi nuen ebanjelioak ezkerreko manifestuak direla modu jakin batean irakurriz gero, eta balio ez duena ere alde batera utz dezakezula. Troiako zaldiak izan gaitezke: kuirrok katolizismoaz jabetzea inplosiboa izango litzateke Elizarentzat eta oso irakurketa interesgarriak egin ditzakegu.
Asko gara espiritualki umezurtz sentitzen garen agnostikoak...
Hutsune existentziala transkulturala eta transgenerazionala bada ere, egia da Jainkorik gabeko belaunaldi bat garela, eta eman dizkiguten alternatiba bakarrak kontsumoa eta lana izan direla. Hala, lana identitario bihurtu behar dugu jasan ahal izateko, edo gure denbora oparitu gustuko ez dugun jarduera bati, kontsumitzeko diruaren truke. Horregatik gabiltza terapia eta erretiro bila, nolabaiteko transzendentzia bila.
Violetak ezkerreko utopietako bat ere probatzen du: hiritik landa eremura joatea, lagunekin bizitzera.
Nork ez du horrekin amets egin? Nire lagun batek esan dit tristea iruditzen zaiola eleberrian bake eta maitasun perfektuko uneek hain gutxi irautea. Baina ez nituen idealizatu nahi oraingoz oso bideragarriak ez diren aukerak. Komunitate batek funtzionatzeko, ondo konektatutako sareak behar dira landa eremuan.
Ibilbide oparoa duzu. Nola sentitzen zara zure lehen obrekiko? Esango zenuke bibliografia koherentea sortu duzula?
Ez dut atzera begiratzen. Lotsa handia ematen dit idatzitakoak, dena zuzentzeko bultzakada eragiten didan hiperperfekzionismoagatik eta ez dakidalako zer aurkituko dudan iragana berrikusten badut. Esango nuke Cambiar de idea-tik hona oso ildo koherentea dagoela: errepikatzen da ondoez psikikoen inguruko obsesioa –ez zait gustatzen “gaixotasun mentalaz” hitz egitea– eta identitatearen ideiaren ingurukoa. Hori baino lehen... Ez dakit nor nintzen ere 20 urterekin! Oso gazte hasi nintzen argitaratzen, gazteegi nire ustez. Horregatik ia ez naiz sentitzen nire lan goiztiarrenen egile.
Nola sentitu zinen Euskadi Literatura Saria jaso zenuenean, 2020an?
Izugarri ondo, nire etxea erosi nuelako! Hori da sarien alderik garrantzitsuena: idazten jarraitzeko baldintza materialak ematen dizkigutela. Oso itota nengoen orduan, nire alaba txikiarekin aititaren herriko etxean bizitzen, eta joan egin behar genuen... Diru hori sartzen ez bazen, ez nuen aurrera egiteko modurik.
Zer moduz bizi duzu arrakasta?
Genero-markatzaile argi batekin: merezimendu-arazoak dituen emakume bat naiz. Ez naiz lorpenak ospatzeko gai, eta hutsegite txikiekin zapuztu egiten naiz. Banabil hori aldatzeko lanean. Bost urterekin galdetzen zidatenean ea zer izan nahi nuen handitan, idazle erantzuten nuen. Ametsa bizitzen ari naiz: pribilegio handia da dirua irabaztea nire esperientzia prozesatzeko modu bat den zerbait eginez. Halaber, primerakoa da bozgorailu bat izatea, zerbait esan nahi duzunean jendeak entzungo zaituela jakitea.
Katixa Agirreren Berriz zentauro itzuli duzu gaztelaniara. Gustatu zaizu itzultzaile lana?
Ederra izan da. Katixa oso lagun ona dut, eta pribilegioa da hain ondo ezagutzen duzun norbait itzultzea. Oso umore garratza du, une batzuetan pentsatzen nuen "hau nola esango zuen Katixak?", eta itzulpen apur bat desberdina egiten nuen bere esentzia mantentzeko.
Bilbotarra zaren arren, Laredon (Kantabria) bizi zara aspalditik. Hurbildu al zaitu esperientzia horrek euskarazko literaturara?
Lotura handia galdu dut Euskal Herriarekin eta hizkuntzarekin, eta horrek garai batean erru handia eragiten zidan. Euskaraz irakurtzen dut, Eider Rodriguez nire idazlerik gogokoenetakoa da, baina oso baldar sentitzen naiz hitz egiterakoan, lotsatu egiten naiz [elkarrizketa gaztelaniaz egin dugu]. Aitzitik, bitxia egin zait jabetzea jariotasun handiz itzultzen dudala euskaratik: Horrek frogatzen du, blokeoa hor badago ere, euskara ere nire hizkuntza dela.
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025
------------------------------------------------------------------
Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz... [+]
LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]
Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022
-----------------------------------------------------
Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]
Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025
------------------------------------------------------------------------
Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]
Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.
Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]
Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025
Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]