"Irakasleon ekarpena da faktore humano eta emozionala, eta jakitea bakoitzaren egoerara egokitzen"

  • Egun batetik bestera, internet bidezko i(ra)kaskuntza sistemara pasa gara Euskal Herriko eskoletan. Horrek sortu dituen zuloak, erronkak eta gogoetak azaldu dizkigu Iñigo Beristain Bastidako ikastetxe publikoko zuzendariak –Bastida izan zen eskolak itxi zituen lehen herria, martxoaren 9an–. Bere hitzetan, “dugun hezkuntza eredua ebaluatzeko eta birplanteatzeko balioko du” krisi honek.


2020ko martxoaren 22an - 08:20

Hezkuntza 2.0 omen da gurea. Benetan hala ote den frogatzea egokitu zaigu.

Bai, eta eskola 2.0 delakoa proban jarri du krisi honek, ez hori bakarrik, hezkuntza sistema osoa jarri du proban eta luze joko duela ikusita, dugun hezkuntza eredua ebaluatzeko eta birplanteatzeko balioko du. Horregatik da hain erronka handia, eta irakasleak behartzen gaitu sormena lantzera. Ikastetxe barruan baliabideak eta konektagarritasuna bermatuta daude (beste kontu bat da zer lantzen den baliabide horiekin), baina ekosistema horretatik atera eta ez ordenagailurik ez konektagarritasunik ez duten familiak aurkitu ditugu. Eta horri soluzioa emateak du lehentasuna. Etxean egon daitezkeen hutsuneak orekatzen lagundu ohi du ikastetxeak, baina egoera berri honetan hutsuneak areagotu egin daitezke, esaterako bi gurasoak lanera badoaz edo seme-alabari laguntzeko gaitasunik ez badute. Batik bat horietan jarri behar dugu fokua.

 

"Etxean egon daitezkeen hutsuneak orekatzen lagundu ohi du ikastetxeak, baina egoera berri honetan hutsuneak areagotu egin daitezke"

Hori baliabideei lotuta. Eta 2.0 mentalitateari lotuta?

Teknologia ikastetxeetan sartzen denean, egin ohi dena da lehenengo teknologia sartu eta gero pentsatzen hasi zer egin teknologia horrekin, alderantziz izan beharko lukeenean: diseinatu zer egin nahi dugun, eta horretarako teknologia baliatu. Bada, kasu honetan gauza bera gertatu da: ezustean harrapatu gaitu, teknologikoki jardutera pasa gara, baina ez da aurrediseinurik egin.

Adibidez, ez du zentzurik emailez fitxa pila bat bidaltzen aritzea edo irizpide handirik gabe testu-liburuetako orriak egin ditzatela eskatzea ikasleei. Testuinguru berri honek ahalbidetzen digu mezuak pertsonalizatzea, eta hori gauza handia da inklusioa lortzeko bidean. Teknologiak interaktuatzeko eta kooperatzeko eskaintzen dituen aukerak ere baliatu behar ditugu.

 

Nola daramazue jarduna irakasleek?

Gure ikastetxean, irakasleak topera ari dira. Klaustrokideok bideokonferentziaz biltzen gara noizbehinka, baina egunerokoan talde txikitan antolatu gara, materiala, proposamenak eta abar lantzeko, gure ikastetxean modu kooperatiboan funtzionatzen dugulako. Aldi berean, familiekin telefonoz ari gara kontaktatzen, batez ere ikasleekin eta familiekin alde emozionala lantzeko: “Nola zaudete? Zer behar duzue?”. Eta komunikazio hori funtsezkoa da, ikaskuntza pertsonalizatuan sinesten dugulako; ikasle bakoitzak bere erritmoa du.

Aste hauetan proposamen pila bat jaso ditugu, era guztietako gailuak eta aplikazioak saldu nahian, merkatua eta enpresa pribatuak gogor datoz eta ez dute aukera pasatzen utziko. Adi egon behar dugu hor, plataforma birtual hau eta bestea erabiltzea baino askoz gehiago delako eskola, ezin du izan jakintzaren transmisio hutsa, irakasleon ekarpena da ikasleei eta familiei eskaintzea faktore humano eta emozionala, eta jakitea bakoitzaren egoerara eta zirkunstantzietara egokitzen. Guraso guztiek ezingo dute seme-alaben ondoan laguntzen aritu, eta enpatikoak eta ulerkorrak izan behar dugu egoera guztiekin.

 

"Familiekin telefonoz ari gara kontaktatzen: 'Nola zaudete? Zer behar duzue?'. Komunikazio hori funtsezkoa da"

Guraso ugari kexu da, euren seme-alabei lan asko bidali dizkietelako irakasleek. Curriculum osoa eman nahi duten irakasleek ez al lukete curriculuma ere egoerara moldatu behar, ez al lukete erritmoa erlaxatu behar?

Curriculumarena krisi honetatik harago doan gaia da eta koronabirusak erakutsi digu sistema hau berdiseinatu behar dugula, curriculumean zer den inportantea bereizten hasi behar dugula, egungo curriculum amaigabeetan gai asko oso azaletik baino ezin baitira landu, denbora mugatua dugulako, eta aldiz ikasketetan sakondu egin beharko genuke, gaitegia murriztuz. Eskolak beste erritmo bat behar du, bestela badirudielako eskolara doazela haur eta gazteak gauza pila bat produzitzera (“zeinen ondo, zenbat gauza egin dituzten”), baina ikasketa sakonagoetara bideratu beharko genuke denbora.

 

"Curriculumean zer den inportantea bereizten hasi behar dugu. Eskolak beste erritmo bat behar du"

Zeintzuk dira gakoak, distantzira egindako i(ra)kaskuntza honek funtziona dezan?

Elkarrizketan zehar aipatu ditudanak: faktore humano eta afektiboa, ikasleari laguntzea, benetan inportanteak diren ikasketak bideratzea, inklusioa bermatzea... Teknologia hotza izan daiteke eta horregatik bilatu behar dugu elkar entzun eta ikusi ahal izatea, bideo-konferentzia bidez edo dena delakoa. Bestela, “norbera bere ordenagailu aurrean bakarrik ikasten” ereduak indibidualizazioan sakontzen du eta kontra egiten ez badiogu, inertziak horra garamatza.

 

Aspaldi hitz egiten da ebaluazio eredu ohikoa (alegia, gaitegia memorizatu eta etsamina egin) gainditu beharraz. Krisi honek luze jotzen badu, ezinbestean aldatu beharko da azterketa eredu hori.

Pertsona bati erronka bat jarri eta lortu dituen ezagutzekin, gai izan beharko luke erronka hori gainditzeko. Hori da hainbestetan aipatzen diren konpetentziak edo gaitasunak frogatzeko azterketa bat, eta hori egin daiteke panorama honetan. Kontuak kontu, ebaluazioa kalifikazioarekin lotzen dugu eta ebaluazioak beste zerbait izan behar du: ikaslea zein puntutan dagoen jakitea eta egingarriak zaizkion erronkak jartzea.

"Bilatu behar dugu elkar entzun eta ikusi ahal izatea. 'Norbera bere ordenagailu aurrean bakarrik ikasten' ereduak indibidualizazioan sakontzen du"

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude