Ipar Euskal Herria barne, Frantziako estatu osoa konfinatuta ostiraletik abenduaren 1a arte

  • Astearte ilunabarretik filtratua azkenean egia gertatu da: Emmanuel Macron presidenteak asteazkenean, urriak 28, telebistaz egindako agerraldian iragarri du ostiralean hasi eta abenduaren 1. arte Frantziako estatuko herritar guztiak konfinaturik geratuko direla nor bere etxean, nahiz eta jarduera normalen etena joan den martxoko konfinamendukoa baino zerbait arinagoa suertatuko den. Ipar Euskal Herriko biztanleak ere itxialdiak harrapatzen ditu.

Emmanuel Macron konfinamendua iragartzen telebistaz: "Gaina hartzen ari zaigu COVID-19aren bigarren uhina eta ongi dakigu hau hilgarriagoa suertatuko dela lehena baino".

2020ko urriaren 29an - 00:27

Asteazken ilunabarrean telebistaz egindako hitzaldian Frantziako estatuan pandemiak egin duen bilakaeraren panorama gordina azaldu die herritarrei Emmanuel Macron lehendakariak: "Orain arte egindako ahaleginak baliagarriak izan diren arren, onartu beharrean gaude ez direla aski izan. (...) COVID-19a gaur Frantzian hartzen ari da aurreikuspen ezkorrenek ere sumatzen ez zuten abiadura. Atzo bertan gure 527 herrikide hil dira. Atzo ZIUetan 3.000 pertsona inguru geneuzkan sartuta, hau da, hartu ditzakegun guztien erdia baino gehiago. (...) Udan zehaztu genuen gure estrategia, zeina baitzen birusarekin batera bizitzea eta haren hedapena kontrolatzea baliatuz testeatzeko, ohartarazteko eta babesteko dauzkagun ahalmenak. Hori da egin duguna abuztuaz geroztik. Ondo egin ote dugu dena? Ez. Baina ahal genuen guztia egin dugu. (...) Testen ugaltzean arinago joan behar genuen hasieratik. (...) Orain gaina hartu digu, inguruko beste herrialde guztiei bezala, bapatean epidemiak hartu duen abiadurak, negua hubildu ahala azkartzen ari dela dirudien birusak. Europan denok gaude harrituta birusaren bilakaerarekin".

Eta jarraitu du: "Gaina hartzen ari zaigu COVID-19aren bigarren uhina eta ongi dakigu hau hilgarriagoa suertatuko dela lehena baino". (…) Edozer egiten dugula ere, azaroaren erdialderako 9.000 jende egongo da ZIUetan eta kutsaduren hedatzea irmoki gerarazten ez baldin badugu gure ospitaleak fite egonen dira saturatuak. (...) Inoiz ez dugu onartuko gure herritarren arteko ehunka mila hiltzen uztea. Horiek ez dira gure baloreak. Eta ez goaz horretara. Bigarren aukera bat litzateke soilik arrisku taldeetako jendeak konfinatzea baina bide hau ere ez da une honetan egingarria. Adineko jendeak soilik konfinatzea ez da eraginkorra, birusa gero eta arinago mugituko litzatekeelako eta mota larriagoetan. (...) Bestalde, batzuek aipatzen ari dira gure ZIUen harrera ahalmena zabaltzea orain hartu beharreko neurri gogorrak saihesteko bezala, eta horretan ere ari gara, baina horrekin ere ez diogu larrialdiari erantzuten".

Argudio horien ostean, Emmanuel Macronek laburbildu ditu ostiral goizean hasi eta hilabetez abenduaren 1a artean indarrean egongo diren neurriak. Epe horretan –baldin eta lehenago ez bada egoera nabarmen lasaitzen, aukera hori ere aipatu baitu presidentak– herritarrak nor bere etxean egonen dira konfinatuta Frantziako estatu osoan. Martxoko konfinamenduan ez bezala, oraingoan eskolak zabalik egonen dira eta lantokiak ere bai eta zahar-etxeetako bisitak ez dira etengo. Gainerakoan, joan den udaberrian bezala herritarrak irten ahal izango dira lanera edo ikastera joateko, medikuarekiko hitzordura iristeko, familiako bati laguntzeko, erosketak egiteko edo etxe inguruetan "haizea hartzeko". Horiek guztiak egiteko, irteeraren helburua markatuta eramango duen paperez horniturik joan beharko da.

Aipatu epean ostatu eta jatetxeak itxita egongo dira. Gertuko familiakoez gain beste inorekin elkartzea debekatuta geratu da Frantziako estatuan eta bilkura publikorik egitea ere bai. Lantokietan telelana ezarriko da ahal den guztietan eta irakaskuntzan goi mailako ikasketak Internetez jarraituko dira. Aldiz, bulego publikoak zabalik egongo dira, hilerriak zabalik egongo diren bezala. Orobat Europar Batasunako gainerako herrialdeekiko mugak ere, zabalik.

Neurriok kaltetuko dituzten enpresa eta langileentzako laguntza lerroak agindu ditu Macron lehendakariak. Eta gainerako xehetasunak Jean Castex lehen ministroak ostegun arratsaldean emanen dituela iragarri du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude