Hotz egiten du


2014ko martxoaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Ez dakit glaziazio aro baten hotzikara ilunak bizi dituen Euskal Herriak, gehiegitxo esatea izango da beharbada, baina zer den pertzepzioa. Bingen Amadoz Euskadi Irratiko Iruñeko esatariak agur esan dio lanbideari, berrogei urteko ibilbidea Nafarroako aktualitateari jarraitzen, hasi Urralburu, segi Otano eta Allirekin, gero Sanzaldi guztia, ondoren Barcinaldia, tartean beste guztia, benetan inporta duen guztia, eta agurrean gauzak onerako nola aldatu diren nabarmendu du. “Lau hamarkada baino gehiago joan dira uhinetan hasi nintzenetik, eta inoiz ez dut gure hizkuntza eta gure kultura gaur bezain bizirik ezagutu. Gure ondoren etorriko direnek marka horiek hobetu egingo dituzte, urratsak egin ahala. Konfiantza daukat haiengan”.

Zer den pertzepzioa. Nafarroa gero eta okerrago egongo dela pentsa dezake lasai asko hogei urteko edonork, eta berrogei urteko perspektiba daukan kazetariak, aldiz, inoiz ez du euskal kultura gaur bezain bizkor sentitu.

Interneten ere, ondo omen gabiltza. “Trenean” goazela nabarmendu du Asier Sarasua filologoak. Proiektu zaharrak sendotzen ari direla, berriak jaiotzen, irudimena handitzen, esparru berriak jorratzen. Blog kolektibo arrakastatsuak jarri dira martxan, blog pertsonalak zabaldu dituzte hainbat lagunek. Umoreak egin du lekua hainbat euskarritan. Sare sozialetan bagabiltza, dio Sarasuak, zer esanik ez Twitterren. “1.000 euskal intelektual Twitterrera, aldarrikatzen zuen duela urte batzuk @luistxo-k. Ez, ez du lortu, baina panorama oso urruti dago basamortu izatetik” idatzi zuen urte hasieran, bere blogean. “Horren lekuko dira Twitter Euskaraz kanpainaren arrakasta, #hitzokei eta #hitzmoloia traolak, edo Trinkotzaindia (bere #daitort, #datsegit eta #daflipat guztiekin). Euskara Twitterren dago; ergo, euskara bizirik dago. Denek ezin dute berdina esan”. Halaber gogoratu du, Kike Amonarrizek gogoratu duen bezala, Wikipedian aurreneko 50 hizkuntzen artean dagoela euskara, eta Twitterren bertan 40. hizkuntza omen dela erabilerari dagokionez. Calvet barometroarena ekarri zuen gogora Amonarrizek: munduko 50. hizkuntza “bizienen” artean dago gurea.

Sarasuaren ondorioa: baietz, ondo gabiltzala. “Hobeto egon nahiko genukeela? Nork ez. Baina trena hartu dugu: euskara bizirik dago Interneten, eta ez da gutxi”.

Eta hala ere, arrazoia dauka Pako Aristik, glaziazioaren urdina sumatzen baita inguruan.

Urte honen hondarrean Berrian idatzi duen artikulu argigarrian, euskalgintza kiebran dagoela ohartarazi du. “Herri baten existentzia bermatzen duen lehen araua hautsia geratu da: bere buruarekiko maitasuna, bere sortzaileak babestera eta hauen profesionaltasuna erraztera daramana. Amodio horren formulazio ekonomikoak ere huts egin du, ez da kapitalizatu kontenido interesgarriak eskain ditzakeen jendearen lana. Euro apur batzuekin edo zuzenean 0 eurorekin ordaintzen diren lan eskaintzak anormalki ugaritu dira, normalizatzeraino. Euskara kapitalista bat nahi nuke, baina euskara komunista bat baino ez daukagu, komunitarioa, doakoa”.

Deskribapena hainbat zertzeladarekin jantzi zuen Aristik: Unai Elorriagak idazle profesionala izateari utzi dio aurten, nekatuta enkarguzko lanez eta irudia zaindu beharraz; Musika Industriaren Elkartearen arabera, euskal musikagintza hilzorian dago; Alberdania argitaletxearen desagerpena oso notizia txarra da, baina are kezkagarriagoa da pertsiana jaitsi izanak eragin duen erreakziorik eza.

Zantzu beltz horiei gehitu geniezaieke prentsak dituen arazoen kontzientzia, edo kultura alorrean administrazio ia guztietako aurrekontuetan izandako aizkorakada. Gehitu, antzerki eta dantza sareen desagerpena; gehitu, eragile askoren artean nabari den pesimismoa, gauzak aldatu ezean; gehitu, iaz jada antzematen zen ziklo aldaketaren aurrean jarrera batua hartzeko sumatzen den ezintasuna.

Bai, hotz egiten du.

Oskorri musika taldeko Natxo de Felipek elkarrizketa batean agertu zuen ikuspegi etsia azpimarratu zuen Aristik aipatutako artikuluan eta, egia esan, lupaz irakurtzeko modukoa da Iñigo Astiz kazetariak egindako elkarrizketa hori. Nola agertu zen kexu euskal kulturaren inguruan bizi direnen egoeraz, segurtasunik ezaz, desorekaz, miseriaz. Bai, zergatik ez esan: miseriaz.

“Ni intseguridade absolutuan bizi izan naiz, nire emaztearen soldatari esker”. “Ezin liteke onartu gure jende interesgarriena nola dabilen. Euskal kulturaren kontu hau gezur monumental ikaragarri bat da. Euskal mundua oso txikia da, hiperaktiboa bere txikitasunean, baina ez du gehiagorako ematen, eta badakigu zoritxarrez gure herrikide frantses eta espainiarrek ez dutela behar luketen solidaritaterik gurekiko. Ez dute izan sekula”. “Egoera latzenetan ere erantzuteko ahalmena asko txikitu da. Indarra galdu da. Lehen, auto-organizazio maila handi eta indartsua zegoen, baina dena prestatuta dago gu desmobilizatzeko. Aktore eta artista izateko baino, espektadore eta pasibo izateko”. “Gabriel bizi izan balitz, egongo zen hemen garrote ematen bazter guztietan”.

Utz ditzagun alboan de Felipek Euskaltzaindiaren kontra botatzen dituenak –“atzerakoia”, “funtzionariozalea”, “purista”…–, nahikoa dauka eta akademiak bere barneko orekak eta desorekak administratzen, eta begira diezaiogun Arestiri buruz dioen horri. “Hark zeukan ahala, gauzak inarrosteko”.

“Gabrielek eragin ikaragarria izan zuen bide berriak urratzen. Bera hilez geroztik, zoritxarrez, euskararen kontua gelditu da erdi funtzionario diren batzuen eskuetan”.

Izan zitekeen pasatako garaien mira; izan zitekeen egungo dinamika bizietatik aparte samar edo ezjakin bizi denaren arrangura. Izan zitekeen, baina kontua da beste bat dugula kexaka, ozen esanez euskal kulturaren egoera latza dela. Beste bat, eta ez edonor.

Eta beste bat Arestiren kemenaz, inarrosteko gaitasunaz, bultzatzeko ahalaz gogoratu dena.

Aurten 75 urte egingo zituen «Pentsatzen dut nire izena / nire izana dela, / eta ez naizela ezer ezpada / nire izena» idatzi zuenak, eta data hori gogoratu izan da han eta hemen, omenaldi eta ekitaldien bidez. Artikuluak idatzi dira, miresmenezko hitzak biderkatu. Hala Bilboko Poesia Astean nola Literaturaz Berbetan zikloan, dela Andoni Egañak, Oier Guillanek, Rafa Ruedak eta Alain Urrutiak ibili duten Gabrielen lekua sentikarian, denek poetaren indarra eta eragina nabarmendu dute.

Errealitateak dio ordea berrogei urte asko dela, eta belaunaldi gazteek urrun ikusten dutela Aresti; Lauaxeta edo Lizardiren garaikide ia; Jon Mirande bezain urrun. Horregatik ematen du de Feliperen oihu horrek apur bat demodé, apur bat beste garaikoa. Beste erreferentziarik ez ote dugu?

Jon Miranderi buruz ere entzun da gauza interesgarririk aurten. Txomin Peillenek haren poesiari buruzko liburua aurkeztu zuen udaberrian, eta garai bertsuan, oso mahai-inguru interesgarria egin zen Baionan, Elekatu Elikatu elkarteak antolatuta, Mirande bera helburu. Han elkartu ziren Ander Iturriotz, Luzien Etxezarreta eta Itxaro Borda. Eta han atera zen berriro Aresti.

Bordak berak egin zuen lotura bi egileen artean. Arestik, Lur argitaletxeko edizioaren gibelsolasean, idatzi zuen Miranderen Haur besoetakoa nobela, funtsean, sinbolo bat zela, “errebeldiazko azken garraisia zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat”. Ez zuen bat egiten liburua bera gordinegia zela ziotenen ustearekin, eta defenditu egin zuen paristarraren lana “libertateari eskainitako kantu bat” gisa. “Euskaldun prestu, ongi-pentsatzaile eta kristauari hain izugarri iruditzen bazaio ere, begirik miopeenak ikusi beharko du amodio horiek ez direla lizunak, haragiaren grina desordenatu eta desonestoak ez duela lekurik hartzen, libidoaren indarra absente dagoela bertatik, gure erromantikoen denbora zaharretan mendi-mendian Mirentxu eta Maitena baten amodioak ez zirela garbiagoak izan”.

Baionako hitzaldiaren osteko eztabaida lagun artekoak erakutsi zuen oraindik asko dagoela idazteko etxondo zaharreko jabe eta leinu ohoragarriko semearen eta bere haur besoetako Theresa hamaika urteko neskatilaren arteko harremanaz; asko lan horren sortzailearen pertsonalitateaz, ideologiaz eta bizitza ikuskerari buruz. Asko idazteko, eta asko adosteko.

Hegats aldizkarian bildu dute polemika, gutxi asko. Itxaro Bordak, bertan, bat egin du Emilio Lopez Adan Beltzaren iritziarekin, alegia, delirio faxisten gerizan zuberotarrak “literatura merkea” egiten duela dioenarekin. “Sexuaz mintzo zaigunean poemetan edo artikuluetan, industria pornografiko kapitalistaren behe-mailako elementuak aurkitzen ditugu” dio Bordak, “bera ere harrokeriaz dabilela. Emakumeak putak zaizkio bere ama sakratua salbu”. Haur besoetakoa bera, askoren ustean Miranderen lanik onena ez ezik, euskal literatura modernoaren mugarrietako bat, “adin txikiko neskatxaren bortxaketa psikologiko etengabea” da Bordarentzat. “Gaur egun zirika morala eta genero biolentzia deituko genukeen eta kartzelaz gaztigatuko litzatekeen gertakari larria”. “Pornografia hori iruditeria faxistaren mende dago dudarik gabe”.

Bordaren esanak ez dira berriak, asko izan dira gaitz horiek guztiak Miranderi leporatu dizkiotenak, baina Baionako aurtengo hitzaldiaren ondorioetako bat izan daiteke gerra osteko euskal asaldatzailerik nagusienaren gehiegikeria idatzizkoak barkatzeko modukotzat jotzen ditugula, oraindik, gure artean. Bigarren mailan geratu dela haren ideologia, literatur lanen berritasunaren dirdirak itsututa nonbait. Eta hara non Bordak esaten duen ezetz, haren lanik gorena ere, arbuiagarria dela!

Miranderen lana aztertu dutenen artean, Joxe Azurmendik idatzi zuen aspaldian haren garrantzia Euskal Herriko pentsamendu modernoaren historian “nekez” exajera litekeela, eta Koldo Mitxelenak ere “gustu seguru eta goi mailako” poetatzat jo zuen zuberotar paristarra. Miranderekiko miresmena, berez, hain zuzen ere Arestirekin hasi zela uste zuen Joseba Sarrionandiak, hark onartu zuenean Haur besoetakoa irakurri gabetanik beharbada ez zela inoiz euskaraz idazten hasiko. Sarrionandiak Miranderen kalitate literarioa eta pertsonalitatea miretsi zuen, “korrontearen kontra eusten frogatu zuen kemenagatik”, baina ez zuen bere ideologiagatik maite, esan gabe doa.  

Hori guztia eta gehiago gogoratu dute Hegats aldizkariaren azken zenbakian, azkenotako zenbakirik interesgarriena zalantzarik gabe. Azurmendiren beste aipu aspaldiko hau, esaterako. “Faxista hau ez da faxista. Inmoralista hau funtsean moraltasun radikal garbi bat esijitzen ari da. Pagano hau mistiku bat da. Izpiritualista hau, poeta sensual-sensuala. Sineste hau eszeptiko galdu bat azkenean”. Edo beste hau: “Miranderen arrazismoak eta faxismoak zentzu kulturala dute, ez politikoa. Hots, ez arrazismorik eta faxismorik daukagu egiaz. Gehienez ere ‘harrokeria viktorianoa’ genuke, axal-axaletik arrazista eta faxista koloreztaturik. Jestoak ditu faxistak, Mirandek”.

Hain zuzen ere esplikazio hori kritikatu du Emilio Lopez Adanek, propio Hegatseko zenbakirako Nora Arbelbide kazetariak egindako elkarrizketan. “Euskal idazleen artean bada jarrera oso hedatua, nonbait, Miranderen faxismoa, arrazismoa eta horrelako gauzak, lanbro baten gibelean emateko”. Eta bere aburuz ez dago horretarako arrazoirik, hain baita nabarmena idazlearen ideologia. “Erori da eskuin muturreko arrunkeria guztietan. Arrazismo merkean, antisemitismoan, negazionismoan. Ukatu egin zituen kontzentrazio zelaien existentzia eta hainbeste juduren hiltzea. Gero, Haur besoetakoan ikusten den misoginia lotzen baduzu esklabo eta nagusiaren arteko dialektikarekin, non esklaboak sufritu behar duen eta nagusia haizu den nahi duena egitera, ba hori eskuin muturreko filosofia komuna da, eta hori guztiak hark erreibindikatu egin du”.

Biziki inpresio latza jaso zuen Beltzak Baionako ekitaldi hartatik. “Handik jende gaztea ateratzen baita ideia batekin erranez ba gizon pertsekatua, marjinatua, miresgarria izan zela Mirande. Beharbada bazuela zerikusirik nazismoarekin, baina ez dela argia antisemita zenik, testu arrazista gordinik ez zaiola ezagutzen, haren lagun naziak ez zirela hain naziak, baizik eta bretoi abertzaleak. Informazio faltsuak ziren horiek”.

Mitoak desmuntatzen ibili omen dira batzuek, aurtengoari errepasoa emanda ikus daitekeenez. Begira zer bota zuen Juan Gorostidi musika kritikariak, Laboa katedrak antolatutako hitzaldi batean, urrian, Donostian: Laboak eskaini beharrekoa eskainia zuela 80ko hamarkadaren erdialderako, eta hortik aurrerako guztia halako revival bat izan zela. “Mito bihurtu genuen pertsona baten emaitza izan zen ondorengoa”.

Mausoleoak sortzeko gurariaz hitz egin zuen Gorostidik, zerbait mitifikatzen denean horri jartzen zaion estalkiak kritika ezabatzen duela. Eta berak intseguritateaz bizi zen pertsona gisa ikusi zuen kantaria, zutik, hanka bat aulkian jarrita, eta begiak zabalik, gora begira. “Haren barrura begiratzen ari zen, zorabio bat sentitzen zuelako” esplikatu zuen Gorostidik. Horregatik dantza urduriak, imintzioak, ahopeka kantatutako doinuak eta beste. “Ez zekielako zer egin amildegiaren aurrean”.

Aresti demodé, Mirande arbuiagarri, Laboa zalantzatia. Bota ditzagun mitoak, bada. Bila ditzagun eredu berriak, ahots kualifikatuak, gauden ataka honetan bide zuzena aurkitzen lagunduko digutenak! Ez ote da hori, norbere mitoak eraisteko gaitasuna alegia, kultura sendoen marka? Erraldoiak etengabe berraztertzea, diskurtso zaharretan zulo eske etengabe aritzea, ez ote da kritikotasun sanoaren ezaugarria? Hori ez ote da aurrera egiteko modu bakarra?

Ba, ez. Hortik ere eskas omen du euskal kulturak. Paralizatu samarturik omen dago egitura apal txiki osoa, hizkuntza politikarako ahaleginen izozteak –esan nahi baita diru aurrekontuen jaitsiera; politika berri ausartak abiatzeko borondaterik eza; adostasun zabalak lortzeko ezintasuna– eskatzen duen erantzun sendoa eman ezinik, ziklo aldaketak dakarren amildegiaren aurrean izututa nonbait; estrategia garbiak nork formulatuko aurkitzen ez duela.

Hori ondorioztatu daiteke, behintzat, Jon Sarasuak aurten kaleratutako Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak izeneko saiotik. Edo, beharbada, hiperkritikotasuna da arazoa.

Diagnostiko agonikoak ikusten ditu Sarasuak euskalgintzaren inguruan. Eta balorazio positiboak, behialako uste handien erresakak eta egindakoen legitimazioak. Dena, aurreko pozak eta frustrazioen oldarrekin nahasita. Baina nola goaz? Nora goaz?, horiexek bertsolari izan zenak bere buruari jarritako puntuak. Eta konstatazio bat: gure euskal mundu progresista nahiko itxita dago beste posibilitateetatik ikastera. “Bera ere ez dago ziur, eta aitortzen du galdu xamar egon litekeela, baina hori bai, besteenak –eskuindarragoen, arradikalagoen, erlijiosoagoen, bitxiagoen, kontserbadoreagoen, esperimentalagoen planteamenduak– ez du kontuan hartzerik ere merezi beretzat. Ukazioan eraikitzen du bere identitatea, neurri handi batean”.

Eztabaidarako material joria da Sarasuaren azken lana, eztabaida pizteko moduko zirikada asko daudelako testuan. Oinarrian, galdera bat: hiztun komunitate honek komunitate egiten duen hizkuntzaren jarraipena bermatu edo ez bermatuko ote duen. Eta galdera erantzuteko, autokritika egin beharra: azken hamarraldietan hizkuntza politikaren diskurtsoa gidatu duen elebitasun sozial orekatuaren utopiak hutsune asko ditu, “hizkuntzaren dinamikek erakusten baitigute ustezko elebitasun orekatuak desorekatzera jotzen duela etengabe, hizkuntzek hegemonia-guneak behar dituztela eta ez dagoela simetriarako tarterik funtzio gehienetan”.

Atxikimendua jotzen du, berak ere bai, giltzarri. Arlo horretan, ordea, lasaitze bat egon dela dio, eta, diskurtso ezjakin edo asmonekoegien arazoak begi-bistan jarrita, goizegi dela tentsio hori erlaxatzeko. Hortik behar duela, oraindik, euskarak. Sarasuak uste du zilegi dela orkestra sinfonikoak, zinemaldiak, hamabostaldiak, Tabakalerak, Alhondigak eta Baluarteak lehenesten dituen kultura politiko publikoa, baina hizkuntza minorizatu baten bizi-kinka bere politikaren muinean daukan herri batek kinka horretatik pentsatu behar duela, hasteko. “Eta orduan, euskal kulturgintza lehen planora dator”.

“Zer galduko luke herri honek bere funtsezko gaietan, kinketan, zuntzetan, Zinemaldia desagertuko balitz?” bota du galdera. “Irudika dezagun orain euskal literatura mapatik kentzen dugula, betirako desagertzen dela euskarazko literatura. Zer gertatuko litzateke herri honen funtsezko zuntzetan?”.

Sarasua ez dago bakarrik marmar kezkati honen atzean, edo ez dago gogoeta kritiko eta pausatua egin behar dela nabarmendu dutenen artean bakarrik. Hotz egiten duenean pausatu egin behar baita, etxera bildu, eta arnasa hartu.

Hor dago Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, bera ere esanez bultzatu egin beharra dagoela orain baino gehiago; orain arteko hizkuntza politikak honaino ekarri gaituela, baina zalantza dagoela askoz harantzago eramango ote gaituen. Eta horretarako, beste urrats bat egiteko, adostasuna aldarrikatu du hainbat artikulutan. “Ez dago bueltarik: ados ipini behar gara, euskarak etorkizun oparoa izan dezan, osterantzean ezina baita gurearen moduko hizkuntza gutxitu bat aurrera ateratzea”. Adostasuna dioen tokian, orekaren bila joatea esan nahi du soziologoak, adostasunerako bide horretan uneko irabazle eta galtzaileak izango direla jakinda. “Edozein interbentzio motak halako ondorioak dakartza eta, horregatik, lasaitasunean aritu behar da. Egungo baldintzak aspaldiko zabalenak dira elkarri begira lan egin dezagun. Une polita da alde horretatik eta garai batean ezinezkoak ziren planteamenduak aurkez litezke orain. Hortxe dago erronka”.

EHUko irakaslearentzat, ausardia beharko da, hizkuntzaren aldeko aldarrikapen aurrerakoiak deserosoak izan daitezkeelako. Halakoak dira genero ikuspegitik lantzen diren borrokak, edo etorkinen ingurukoak. Baina gaur egun, euskarak ezinbestekoa du jarrera hori, pixka bat bultzatu nahi badugu. “Uste dut garaia iritsi zaigula euskararekin ere kuotak ezartzeko. Eta kuota horiek izan beharko lirateke aurrerakoiak, hau da plus batekin sortuak, euskarak gizartean duen presentziarena baino altuagoak. Izan ere, gizarteko aitzindariek lidergoa duten neurrian markatu behar diote iparra gizarteari”.

Lorea Agirrek esan duen bera: deserosoa izan behar duela, batzuetan, hizkuntza politikak. Hiztun komunitate batek espazio berriak hartzeko, beharbada beste bati kendu beharko dizkiola. Hori egin ezean, jai duela hiztun komunitate honek. Beherantz hasi den kurbak beherantz jarraituko duela.

Sarasuak ez du aipatu, liburuan aipatu dituen egileen artean, Koldo Izagirre eta Autopsiarako frogak gogor hori. Bitxia da, Izagirre izan baita, inon bada, herriaren ardatz poetikoan hizkuntza jarri duen egile nabarmenetako bat. Berriki esan du sekula ez zuela uste Autopsiarako frogak bezalako liburu bat idatziko zuenik. “Ez neukan batere gogorik hizkuntzari buruz idazteko. Horretarako badaude beste batzuk, eta gainera aspergarria iruditzen zait. Ez ditut aguantatzen hizkuntzari buruzko artikuluak. Baina hain gauza grabeak ikusi nituen… Gero eta lotsagabeago ikusten nituen zenbait euskoeszeptiko edo euskokritiko edo, besterik gabe, euskararen etsai… Orduan hartaz idazten hasi nintzen, jo eta su, seguru asko barrenak hala eskatuta”.

Azken Durangoko Azokan harena izan da libururik aipatuenetako bat: Parisen bizi naiz. Poemak eta artikuluak biltzen dituen lan horren harira Argia honi emandako elkarrizketa batean hain zuzen ere lehen hona ekarri dugun Jon Sarasuaren galderari egin zion erreferentzia; alegia zer galduko lukeen Donostiak Zinemaldia desagertuko balitz. Eta lotura egin zuen Juan Karlos Izagirre alkateak Musika Hamabostaldiaren aurkezpenean esandako zerbaitekin, hots Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia zirela Donostiako kulturaren oinarriak. “Beraz, monarkikoa izaten jarraitzen du Donostiak, Bildurekin ere”, ondorioztatu zuen poetak. “Beren historiaren irakurketa kritiko bat, Donostiaren historia soziala, oraindik egiteko eta asumitzeko dago. Eta hori egiten ez den bitartean ez du nortasunik edukiko, beti izango da monarkikoa”.

“Hiriak hiri izaten dira / nortasun bat adostean” gaztigatzen digu Izagirreren poema batek. Hiria pertsonen eta pertsonaien topalekua dela, ezustekoen plaza. “Hiria, definizioz, elkar bizitzarako antolatu den lekua da, baina gezurra bihurtu da gure hiriburuen kasuan, baztertzaileak dira. Sekulako harresiak eraiki dituzte, auzoa hiri izan ez dadin. Harresi moderno hauek autobideak eta trenbideak dira batzuetan, bestetan hotel itxurako ospitale pribatuak, kultura pasiboaren jauregiak... Aldirietako zeruan nahi gaituzte, antza, barnean bizi ez garenok”.

“Perla polit biribila / dendarien hiri hila / ederrera iritsi ezin den / guztiaren faksimila”. Horra Donostiaren definizioa. Gogorra da bere horretan. “Donostia espezialista da suntsitzen” dio Izagirrek. “Ez bakarrik zentroan, baita estrarradioan ere. Badirudi zerbait egiteko, beti, suntsitu egin behar dela lehenik. Hori ez da horrela munduan. Beste hiri batzuetan ez da horrelakorik egiten. Eraikitzeko ez da preziso suntsitzea”.

Tabakalera dator ondoren, nola ez. Nola hautsi duten han zegoen guztiaren memoria, edo hango memoriaren guztia. Nahiz baldintzak begi bistakoak ziren eraikin horretan zerbait ezberdina egiteko. “Hor lan egiten zen, eta lan egiten zuten gehienak emakumezkoak ziren. Beraz, lana eta emakumea. Uste dut gai horrekin gauza eder bat egin litekeela, polo bat izan litekeela, ez turismorako, hiriaren motore kultural eta sozial bat izateko baizik, nazioarteko kongresuetarako… Eraikinak berak adierazten zuen zer potentzial zeukan. Langile ohiekin elkarrizketak egin zituzten, eta erakusketa bat, oso interesgarria, baina ez zuten bide horretatik aurrera egin”.

Lanaren kultura. Kulturaren lana. Hor badugu zerbait esplikatzeko, ala? Fagorren itxierak ekarri duen uholde informatiboaren barruan salabardoa sartu dugunean, informazio finantzario eta ekonomiko hutsen zurrunbiloan aurkitu ez dugun eta hain garrantzitsua den bizipen komunitario horri buruzko gogoeta, hausnarketa eta sentimenduen putzuan badago langileen esperientzia pilatua, benetako entziklopedia. Ez naiz bakarrik kooperatibismoaz ari, baina horretaz ere ari naiz.

Amets kolektibo horretan egon liteke oraintxe behar dugun bultzada berrirako langaia: hotz ari duenerako kontakizun beroa.

Alberto Barandiaranen artikulu hau 2013ko Urtekariko kronika da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude