“Donostiako Udalak eta BPX Sport enpresak hondartzetako sorosleoi zein baldintzetan lan eginarazten diguten jakinarazi nahi dugu”

  • Donostiako hondartzetako sorospen zerbitzuan urte luzez lan egin duten hainbat lagun lanik gabe utzi ditu BPX Sport enpresak aurten. Enpresa hori Donostiako Udalaren azpikontrata da, eta Udalaren menpeko zerbitzuan ibilitako sorosleek lan baldintza kaskar eta prekarioak salatu izan dituzte luzaroan. Hain zuzen, baldintza horiek salatzeagatik lanik gabe utzi dituztela nabarmendu dute Mikel Yanci (1991) eta Jon Ibargurenek (1989), eta protestan ari dira ekainean uda denboraldia hasi zenetik.

Zurriolan beren postua eraiki dute eta protesta bisibilizatzeko gune gisa baliatzen dute. (Lukas Barandiaran).

2020ko uztailaren 14an - 07:23
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zenbat langile geratu zarete aurten lanik gabe?

M. Yanci: Lan egin nahian sei lagun geratu gara, eta kontratatu ez dituzten beste batzuk ere jada beste lan batzuk aurkitu dituzte edo hemen jarraitzeko gogorik gabe geratu dira.

J. Ibarguren: Eta guri ere, ikusitakoak ikusita, hemen lan egiteko gogoak kentzen ari zaizkigu. Aurten, iaz bezala, BPX Sport enpresari esleitu dio urgentziaz Udalak hondartzetako sorospen zerbitzua, baina gu lanik gabe geratu gara Udalak ez duelako subrogazioa erantsi lan-esleipenean. Aurten ere jende berria jarri dute hondartzeko sorospen zerbitzuen arduradun, ez dira ari gauzak ondo kudeatzen, eta aurreko urteko arazoak konpondu gabe jarraitzen dute.

M. Yanci: Kide batzuei bezperan abisatu zieten lanean hastekoak zirela, eta jende beharra dutenez igerilekuetako sorosleak hartu dituzte.

Zergatik utzi zaituzte kalean BPX Sport enpresak?

M. Yanci: Lan gatazka honek urte asko ditu atzean. 2018an egindako grebaren ostean, esleipena zuen enpresak, Gurutze Gorriak, bazekien lan gatazka ez zegoela guztiz konponduta, eta ez zuen baldintza horietan zerbitzuaz arduratzen jarraitu nahi izan. Beraz, 2019an, udalak urgentziazko esleipenarekin sorosleen zerbitzua BPX Sport enpresari eman zion. Orduan BPX Sportekin bildu ginen, eta esan ziguten langile guztiak hartuko zituztela, adostutako soldatak errespetatuko zituztela, baita antzinatasuna ere. Baina enpresa hau berria zen hondartzetako sorospen zerbitzua kudeatzen, kiroldegi eta igerilekuetatik datoz, eta kudeaketa tamalgarria izan zen hasieratik. Hasierako froga gaizki atera zen, material falta geneukan, ontziarekin ere arazoak ditugu, ez daude matrikulatuta, gidariek ez dauzkate beharrezko tituluak… Gauza horiengatik kexatu egin ginen, eta haiek zioten enpresaren kontra ari ginela. Aurten, iaz arazoak eman zituzten langile horiek ez kontratatzea erabaki du enpresak.

Aurtengo ekainean, denboraldi hasieran hitz egin al zenuten enpresarekin?

M. Yanci: Bai, bilera batzuk eduki genituen enpresarekin, eta langileen artean hainbat aukera aztertu genituen. Zenbaitek esan genuen baldintza batzuk bete ezean ez geundela prest lan egiteko, baina jarraian pentsatu genuen hobe zela lan-baldintzak barnetik hobetzea. Baina ordurako erantzun ziguten lan-postu guztiak beteta zeudela. Baina gezurra zen, oraindik ere langile falta zuten, eta oraindik ere falta dira.

J. Ibarguren: Zurriolako arduradunari, esaterako, ekainaren 15ean, denboraldia hasten zen egunean, 09:00etan esan zioten hondartzako arduradun izango zela. Azken momentuan eta hala moduan bete dituzte lan postuak.

M. Yanci: Koordinatzailearekin tratua ere oso txarra da. Lankideei mehatxuka eta gaizki esaka dabil.

Zer protesta ari zarete egiten?

M. Yanci: Zurriolako hondartzan postu bat daukagu eta egunero egoten gara hemen 08:00etatik 20:00etara. Eta denboraldi hasieran egunero udaletxe aurrean kontzentrazioak egiten hasi ginen 20:15etatik 21:00k arte, eta orain kontzentrazioak astelehenetan eta ostegunetan egiten ditugu. Zurriolako postuan pankartak jarri ditugu, azken urteetako aldarrikapen nagusiak biltzeko, eta jendea gerturatzen zaigu galdetzera eta haien laguntza eskaintzera. Instagram kontu bat ere egin dugu, @Donostiako_sorosleak.

Zer eskatzen duzue?

J. Ibarguren: Lan gabe geratu garen kideok kontratatzea eta subrogazioa bermatzea, etorkizunean dagoen enpresa dagoela arazo hauek gerta ez daitezen.

M. Yanci: Horren faltan, gerta daiteke esaterako Tarragonako enpresa batek jasotzea esleipena, handik baldintza kaskarretan 50 sorosle ekartzea, hemengo hondartzak ezagutu gabe hemen lanean jartzea eta hemen urte luzeetan lan egin duten sorosleak lanik gabe uztea.

Egunero beren protesta jendarteratzen dute Zurriola hondartzan. (Lukas Barandiaran)

Zergatik da horren garrantzitsua subrogazioa?

J. Ibarguren: Guk kontratu finko ez-jarraitua nahi dugu. Bestela, ez dakigu ziur uda bakoitzean lana edukiko dugun ala ez. Eta adibidez Gurutze Gorriak, guri kontratu mota hori egiteko, subrogazioa lan-esleipenaren baldintzetan sartzeko eskatu zion udalari.

M. Yanci: Paradoxikoki, 2018ko greba aurretik Donostiako Udalaren lan-esleipenean subrogazioa agertzen zen nahiz eta ez bete, eta Gipuzkoako gainontzeko udalenetan ez. Baina greba ostean, Donostiako Udala da subrogazioa bermatzen ez duen bakarra. Gainontzeko udalek subrogazioa erantsi dute, eta Donostiakoak kendu egin du esleipenetik.

Noiz hasi zineten zuen lan baldintzengatik mobilizatzen?

M. Yanci: Duela hiru urte negoziaketa prozesu batean hasi ginen. Denbora generaman pentsatzen ez geneuzkala lan baldintza egokiak, eta 2017an mugimenduak egiten hasi ginen.

J. Ibarguren: Gu Gurutze Gorriaren lan-hitzarmenaren baitan geunden, hark baitzeukan Udalak emandako lan-esleipena. Baina uste genuen kirol instalazioetako beste gainontzeko langileen lan-hitzarmenean egon behar genuela, esaterako, igerilekutako sorosleekin lan-baldintzak parekatzeko. Beraz Gurutze Gorriarekin eta Udalarekin hitz egiten hasi ginen: lan egindako ordu kopurua, erabilitako materiala, atsedenak eta abar. Negoziazio zailak izan ziren, eta azkenean greba egitea erabaki genuen.

Hurrengo urtean, 2018an egin zenuten greba.

J. Ibarguren: Bai, uztail amaieran. Gipuzkoako beste hondartzetako sorosleekin batera, hiru eguneko greba egitea erabaki genuen. %80ko zerbitzu minimoak ezarri zizkiguten, baina oihartzuna eduki zuen komunikabideetan eta enpresak eta udalak gurekin hitz egin nahi izan zuten. Hala ere, greba mugagabea deitu behar izan genuen, eta greba hori hastekoa zen egunean adostasun batera iritsi ginen. Ez genituen lortu igerilekuetako sorosleen baldintzak, baina bai soldatarekin eta subrogazioarekin lotutako gutxieneko puntu batzuk, guretzat garrantzitsuenak.

Beraz, 2018ko uda amaieran akordioa sinatu genuen langileen, sindikatuaren, lan-ordezkaritzaren, enpresaren eta udalaren artean. Baina 2019ko denboraldi hasieran ikusi genuen udalak subrogazioa kendu zuela lan-esleipenetik. Haiekin biltzen eta hitz egiten saiatu ginen, baina ezezkoak jaso genituen.

Sorosleen protesta.

Aurtengo protesten ostean, jaso duzue enpresaren ala udalaren erantzunik?

M. Yanci: Udaleko oposizioa gerturatu zaigu, Elkarrekin Podemosetik eta EH Bildutik, eta ekainean udalbatza batean gaia lantzen saiatu ziren. Baina gaiak hiru aste lehenago programatu behar dira, eta orduan urgentziaz sartzea proposatu zuten, gu udalbatzara joan ginen goiz hartan, baina EAJk eta PSE-EEk atzera bota zuten gaia. Uztailaren 23ko udalbatzarako behar bezala proposatu dute gaia, eta egun horretan jardungo dute horri buruz.

J. Ibarguren: Marisol Garmendia zinegotziak dio aurreko urteko auzian argi geratu zela subrogazioaren gatazka, eta berak ez duela inongo arazorik ikusten hemen. Harritu egin gaitu udalbatzan eduki duen jarrerak, guregana ez gerturatzeagatik, jendea kaleratzeko erraztasunak emateagatik…

Zuen lan baldintza txarrez gain, zerbitzuaren egoera salatzen duzue.

J. Ibarguren: Jakinarazi nahi dugu zein baldintza kaskarretan lan eginarazten gaituzten. Joan den urtean mehatxuak jaso genituen ontzia erabiltzeko, ezin genuenean erabili, ez baitugu  titulu nahikorik. Bestela laguntza eman ez izana leporatuko zigutela esan ziguten. Gu prest gaude uretara sartu eta ahal duguna egiteko, baina guk ezin dugu uretako motorrik erabili. Jakinarazi nahi dugu hondartzak zein egoeratan dauden.

Joan den urtean, esaterako, ontzi pneumatiko bat geneukan baina zulatuta zegoen. Guardia Zibilak bazekien hori eta esana ziguten kontuz ibiltzeko edozein egunetan geldiarazi eta isuna gure gain eror zitekeelako. Halako egun batean, ontzia geldirik zegoela prezintatu egin zuten. Aurten, arazo hori ekiditeko udalak ontzirik ez erabiltzea erabaki du. Baina esaterako irlan zerbait gertatzen bada, ez daukagu handik pertsona bat garraiatzeko gaitasunik. Halako ideiak dituzte, zerbaitek ez badu ongi funtzionatzen zerbitzutik kendu, eta hala zerbitzua okertu egiten dute. Ez dakigu zergatik hartzen duten bide hori. Ez dute gurekin hitz egin nahi, soilik enpresarekin hitz egiten dute, eta aurpegiratzen digute enpresaren eta udalaren kontra egitea. Baina guk kalitatezko zerbitzua eman besterik ez dugu nahi.

M. Yanci: Donostiako Udalak hondartzako irudia saltzen du, turismoaren kontura eta surfaren kontura geroz eta jende gehiago dago hirian eta hondartzetan. Baina sorosle zerbitzua ez da hobetzen, soroslea kopurua mantendu egiten da. Duela 25 urte bezainbeste sorosle daude gaur egun, baina gaur egun hondartzetako egoerak eta jende kantitateak ez du zerikusirik duela 25 urte zegoenarekin.

Datorren urtean lan-hitzarmena amaitzen zaizue.

J. Ibarguren: Eta subrogaziorik ez badaukagu, ez daukagu lan-baldintzak bermatzeko inongo bermerik, zerotik hasi behar ditugu berriro negoziazioak. Beste enpresa batek har dezake zerbitzua eta bestelako baldintza batzuk ezarri. Horregatik da guretzako ezinbestekoa subrogazioa lortzea, etorkizunean baldintza duinak mantendu ahal izateko.

M. Yanci: Baita beste gauza batzuk hobetzen joan ahal izateko ere.

J. Ibarguren: Subrogazioa eduki ezean guk ez daukagu kontratu finko ez-jarraiturik, eta ondorioz ez daukagu enpresaren barnean indarrik: ez daukagu delegaturik, ez Gurutze Gorrian ez eta BPX Sporten ere ez. Aldi bateko kontratuekin material falta, lan baldintzak eta defendatzen jarri gara, eta horregatik kaleratu gaituzte. Denak subrogazioaren arazora eramaten gaitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2.000 lagun batu dira Baionan, austeritate politiken kontra

Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak. 


Gose grebari ekingo diote Gasteizko lorezainek, akordiorik ezean

Sei hilabete bete dituzte Gasteizko lorezainak greba mugagabean. Hamaika mobilizazio eta Enviser enpresarekin zein Udalarekin eginiko bilera batzuen ostean “epe laburrean” akordiorik lortu ezean borrokarako fase berri batean sartuko direla iragarri dute langileek... [+]


Greba orokorra Italian ostiralean, Palestinarekin elkartasunez

Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.


Beti Aingeru arrantzontziko tripulazioak tratu txarrak salatu ditu, eta matxinada gezurtatu

Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.


Garnica taldeko zuzendaritza ez da agertu Maderas de Llodion langileekin zuen bileran

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epe barruan zuten adostuta batzarra Langile Batzordearekin, baina enpresariak ez dira agertu.


Gasteizko lorezainak, sei hilabete greban eta borrokan lan baldintza duinen alde

Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]


2025-09-22 | ARGIA
Greba mugagabea hasi dute Maderas de Llodio enpresan, 39 kaleratzeen aurka

Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.


Greba mugagabea abiatuko dute Maderas de Llodioko langileek astelehenetik aurrera

Hala iragarri dute langileek ostegun arratsaldean Laudion eginiko mobilizazioaren amaieran.


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


5.000 lagun batu dira Baionan, Macronen austeritate politikak salatzeko

Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.


2025-09-11 | Gedar
Kaleratzeen kontra, lanuzteak egingo dituzte Maderas de Llodioko langileek

Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude