Gerentzia berriak lan-baldintzak okerragotu nahi dituela salatu dute, eta protesta bat egingo dute bihar goizean, Bilboko Urkixo Zumarkalean.
Ostiralean 11:30ean, Bilboko (Bizkaia) Urkixo Zumarkalean egingo dute protesta portuko amarradoreek. Izan ere, haien lan-baldintzak kaskartu nahi ditu gerentzia berriak: urtean 2.000 ordutik gorako lanaldia ezarri nahi die, beharginek gauez eta jaiegunetan lan gehiago egitea nahi du, soldatak jaitsi nahi dizkie, baja-eskubidea murriztu nahi die, aldi baterako kontratuak okerragotu nahi ditu, haien oporrak urtean hamabost egunekoak soilik izatea nahi du, eta abar. Horiek horrela, borrokan ari da plantilla, baldintzen prekarizazioaren kontra.
Langileek salatu dutenez, Javier Peñarredonda Ordoyo buru duen gerentzia berriak "alde bakarretik eten" du berez 2026ko abendura arte indarrean behar lukeen lan-hitzarmena, eta "langileen eta zuzendaritzaren artean 35 urtez egondako akordioak" hautsi ditu. Bilboko Amarradoreen Asanbladaren esanetan, mugimendu horiekin langileen "egonkortasuna arriskuan jarri" eta "lan-baldintzak prekarizatu" nahi ditu zuzendaritza berriak; "enpresa-irabazi handiek jarraitzen" duten bitartean, langileen "eskubideen eta ongizatearen kontra" eginez.
"Lan-baldintza justu eta duin batzuen alde borrokan segituko dugu, bai guretzat bai atzetik etorriko direnentzat", aldarrikatu du Amarradoreen Asanbladak: "Gurea defenda dezakegu baturik bagaude".