Balenciaga ontziola Abu Dhabi Ports inbertsio talde arabiarrari saltzeko aurreakordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzak. Eragiketak zorraren “zati handi bat estali eta enplegua bermatuko du”, EFEren arabera. Salmenta gauzatzeko enpresa batzordearen baiezkoa falta da. Langileen ordezkariek "zuhurtziaz" hartu dute iragarpena, eta akordioaren lan baldintzak aztertzen ari dira. Zumaiako alkateak kezka azaldu du salerosketaren baldintzak direla eta.
Eusko Jaurlaritzak igandean jakinarazi du salmenta protokoloa sinatu duela Abu Dhabi Ports inbertsio talde arabiarrarekin, 11,2 milioi euroren truke. Salmentak ontziolaren jarraipena eta “berehalako lan-karga” bermatuko ditu, EFEren arabera. Eragiketa itxi ahal izateko, baina, enpresa batzordearen baiezkoa falta da, eta urtea amaitu aurretik eman beharko dute erantzuna langileek. Azken horiek zuhurtzia eskatu dute, lan baldintzak aztertu behar dituztelako oraindik. Hala ere, akordioan jasotzen den bezala, enpleguari eta lan baldintzei eusten bazaie, batzordeak ez du "eragozpenik" jarriko.
Balenciaga ontziola hartzekodunen konkurtsoan dago 2024ko abendutik, eta akordioarekin beste urrats bat eman da enpresa historikoa salbatzeko prozesu luzean. EFEk jakinarazi duenez, eragiketak zorraren “zati handi bat” estali eta enplegua bermatuko du; 59 kontratu subrogatuko dira, eta zazpi bakarrik baztertuko dira, dagoeneko txandaka edo erretiratzeko adinean daudelako.
Pozik agertu da akordioarekin Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua. Nabarmendu du krisi egoeran dauden enpresei irtenbidea bilatzeko Jaurlaritzak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela Abu Dhabi Portsen proposamenak: "Enpresaren etorkizuna bermatzea, inbertsore industrial sendo bat izatea, kudeaketa gaitasun egiaztatua egotea, eta etorkizuneko plan bat aurkeztea, enpresaren jarduera bermatzeko eta kalitatezko enpleguari eusteko".
Bestalde, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea kezkatuta agertu da salerosketarako baldintzak direla eta. EITBri emandako elkarrizketan eskatu du lan baldintzak epaileak zehaztutakoak izatea. Ostolazaren arabera, erosleak aurreko lan-baldintzak berdindu behar ditu, baina gaur-gaurkoz mahai gainean jarritako eskaintza hitzarmenaren azpikoa da. Gaineratu du baldintzen pisua langileen gainean uzteak benetan kezkatzen duela.