"Hemengo askok kalamitate ugari pasa dugu, giltzapean eman dugu denbora asko, eta gai gara konfinamendua eramateko"

  • Buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonen hitzak dira erreportaje honen oinarria. Zehazkiago, Hogar Alavés erresidentzian bizi direnenak. Iragan astean erresidentziako langileei egin genien elkarrizketa, koronabirusaren krisia nola eragiten ari zaien ezagutu nahian. Orduan proposatu genien erresidentziako egoiliarrei ere egitea elkarrizketa, hainbestetan egin ohi duguna saihesteko: gutxitutako kolektibo baten inguruan hitz egitea kolektibo horren parte direnekin hitz egin gabe. Begi onez hartu zuten proposamena. ARGIAk gai batzuk proposatu, eta, langileek gidatuta, dozena bat lagunek parte hartu dute elkarrizketa saio laburretan, taldean edo banaka eta modu anonimoan.


2020ko apirilaren 17an - 05:44
Erresidentziako leiho batetik kalera begira. Argazkia: Aitor Korres Abaitua.

Gehienak urte asko direla hasi ziren erresidentzian bizitzen, hamarretik gora ia denak, hogei inguru nahikotxok. Proiektuaren helburua egoiliarren ahalduntzea, osatzea eta autonomia dira. Baina buruko gaixotasunei buelta ematea zaila bada, are zailagoa gure jendarte estigmatizatzaile eta baztertzailean. Biografia pertsonal gogorrak, sufrimendu biziak, horiekiko sentsibilitate handia, hauskortasuna: horien ondorio dira gehienetan buruko pairamendu eta gaixotasunak. Ustezko “normal osasuntsuenak” zein “gaixo ofizial diagnostikatuenak”.

“Zergatik hasi zinen erresidentzian bizitzen?”, lehenbiziko galdera. Azken eragilea muturreko krisi bat izan zen askoren kasuan: “Gehienok bezala, krisi baten ostean hasi nintzen hemen bizitzen”; “1998an sartu nintzen, brote psikotiko batengatik ingresatua izan ondoren. Oraindik buruko mina dut batzuetan”. Gehienetan, krisi horien aurretik bizipen eta sufrimendu ugari zituzten pilatuak. Sufrimenduaren forma zehatzak askotarikoak dira: “Nik paranoiak ditut, gauza txarrak gertatuko zaizkidala edo egingo dizkidatela -ez dut esango zer-”; “Nik ahotsak entzuten ditut. Koronabirusarekin ez zaizkit asko erasotzen ari”. Drogen kontsumoa atera da hizpidera pare bat aldiz, gaixotasunaren iturburu baino gehiago, horretan sakontzeko eragile bezala: “Hamasei urte direla etorri nintzen erresidentziara. Gaixotasun mentala nuen, toxikoen kontsumoarekin larriagotuta”.

Familiarekin elkarbizitza gatazkatsuak aipatu dituzte hainbatek, eta erresidentzian bizitzen hasteak harreman horiek hobetzen lagundu omen die: “Gurasoekin ez nuen harreman onik eta salaketa jarri zidaten gatazkengatik. Polizia etorri eta esan zuten etxetik kanpo joan behar zuela norbaitek. Bi hilabetez anai-arreben etxean egon nintzen, eta gero erresidentziara etorri nintzen”. Bigarrenak: “Hamahiru urte daramazkit erresidentzian, gaixotasun mental bat dudalako. Gurasoenean egoera oso txarra zen, orain distantzian askoz hobeto konpontzen gara”.

Biografia gogorrak, baina, askorenak izan daitezkeenak: “Nerabezaroa polita izan zen. Ikasten nuen, lan egin, gidatu... baina toxikoen kontsumoarekin arazoak izan nituen, eta nire amaren suizidioa eztanda bat izan zen, eta jada unibertsitate garaian jota nengoen, aurrera egiteko gogorik gabe. Psikiatrikoan egon nintzen, jateko lapurtu nuen eta atxilotu ninduten, espetxean sartu ninduten, Europatik alderrai ibili nintzen... Lauzpabost urte daramatzat erresidentzian. Nire familia den honekin egoteko ahal dudana egiten dut”.

“Lehen ez zegoen ezer, ez gizarte zerbitzurik ez ezagutzarik... Pixkana hasi behar izan zuten. Frankoren garaian ikastolak bezala, ez zegoen ezer eta nonbaitetik hasi behar"

Erresidentziaz eta bertako langileez aitortza eta kariño tonuan hitz egiten dute askok, tokiak eta jendeak on egin diela esanez (“peloteoan” [loxintxakeriatan] ez aritzeko esaten die umoretsu elkarrizketak gidatzen dituen langileak hainbat aldiz). Gaixo diagnostikatu bezala urte asko daraman egoiliarretako batek denboraren perspektibatik hitz egin du: “Lehen ez zegoen ezer, ez gizarte zerbitzurik ez ezagutzarik... Pixkana hasi behar izan zuten. Francoren garaian ikastolak bezala, ez zegoen ezer eta nonbaitetik hasi behar. Gaixotasun mentalarekin eta beldurrekin eta eskizofreniekin ahal duguna egin dugu. Nengoena baino dezentez hobeto nago”.

Covid-19a eta bizimodu berria

Errutinak bereziki garrantzitsuak dira buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako: ordutegiak, jarduerak, harremanak... Erresidentziako arduradunak ahalegintzen dira egoiliarrek bizitza aktiboa izan dezaten. Batzuek enplegua daukate, tailer okupazionalak dituzte, haien kabuz irten ohi dira kalera eta paseoak ematera. Orain egoera errotik aldatu da. Haiek ere itxita daude, ia 30 pertsonako etxebizitza berezi batean bada ere. Koronabirusaren krisiak eta konfinamenduak bizitzak nola aldatu dizkien jakin nahi dugu.

“Askatasun asko kendu dit”, laburbildu du egoiliarretako batek talde elkarrizketan. Erresidentziaren egunerokotasuna aldatu da: “Aktibitateak laburragoak dira, taldeetan banatuago gaude, baina aldi berean elkarrengandik gertuago, gehiago hitz egiten dugu... Txarra da, baina dena ez da txarra”. “Lehen arrarora egiten zitzaidan erresidentziako profesionalak maskarekin ikustea, orain arraroa egingo litzaidake aurkakoa”. “Uneoro okupatuta gaude. Eguraldi ona egoteak laguntzen du ere”. “Uste nuen okerragoa izango zela, kanpoan gauzak nola dauden ikusita , baina hemen nahiko kontrolatuta dugu. Neurri asko hartu dira, guztion artean lan ona egiten ari garela uste dut, hezitzaileak eta gu”. “Profesionalen artean beldur eta tentsio pixka bat nabaritu dut, bai, guztiongan oro har”.

Erresidentziari zuzenean loturiko jarduera eta espazioetatik harago, bizitzak oro har aldatu zaizkie bertan bizi diren pertsonei. Telefonoz hitz egiten denbora gehiago ematen badute ere, senide eta lagunen falta sumatzen dute, edo kalean aritze hutsa: “Ez dut ama ikusten, gurasoen etxera ez noa, anai-arrebak eta nire monitorea faltan botatzen ditut, Gamarrako txakurrak. Noizbait pintxo bat jan eta egunkariren bat irakurtzea”.

 

 

 

Erresidentziako patioan, zigarro bat egiten. Argazkia: Aitor Korres Abaitua.

 

 

Beldurraren eta lasaitasunaren artean

Egoerak beldurra sortu die egoiliarretako gehienei, modu batera edo bestera. Norbera edo maite direnak kutsatzeari beldurra, esaterako: “Nik kutsatzeko beldur pixka bat badut, batzuetan kideekin astuna naiz segurtasun neurriekin, baina niri ere ahaztu egiten zaizkit tarteka”. Lana galtzekoa, eta oro har egoera sozialaren aurrean beldurra: “Kalera irten eta dena itxita, jenderik gabe, eta esaten duzu, noiz amaituko da hau?”. “Hasieran txarto. Kaleak hutsik, amarekin kontakturik ezin izan nagusia delako, distantziak...”. “Lana galtzeari beldurra, senideak gaixotzekoa. Enpresan aldi baterako erregulazioan gaude”. Edonola ere, bizipenak ezin dira orokortu: “Batzuk oso ondo daramate, beste batzuk txarto, ni tartean nago”.

Gaixoetako batek COVID-19arenak izan zitezkeen sintomak agertu zituen, eta konfinatuta egon zen gela indibidual batean, erresidentzia barruan, prebentzio neurri gisa: “Luzea eta gogorra egin zait, buruari bueltaka eta pentsatzen, bai, nahiko gogorra. Hasieran sustoa ere, medikuak esan zidanean litekeena zela koronabirusa izatea”.

Haien hitzetan bilakaera bat antzematen da. Hasierako beldurrak eta errutinak hausteak sortutako antsietateak baretu egin dira denborarekin. Egoera berrira egokitzen joan dira, pertsonalki eta kolektiboki ahalegina eginez: “Nik kalean eta aktibitateak egiten denbora asko ematen nuen. Beste modu batean antolatu eta denbora betetzen ikasten ari naiz. Oso ondo daramat, harrituta nago, gizakiak indarra ateratzen du edonondik”. “Errutinak aldatzean lehen egunak zailak izan ziren, berriak ezartzean jada ondo, eta ondo ere badakigulako honek amaiera bat izango duela”. “Nahiko ondo daramat, patioa dugu, aktibitateak, jendearekin hitz egin dezakezu zigarro bat erretzen edo kafe bat hartzen. Jendea ondo erantzuten ari da, ez dut haserrerik edo gatazkarik ikusi...”. “Elkar laguntzen ari gara ahalik eta hobekien eramateko”. Denborak lagundu du aldaketetara egokitzen, bai, baina itxialdia luzatzeak, aldi berean, egoera gero eta eramangaitzagoa egitea dakar, pairamenduak pilatzen baitoaz.

"Beste modu batean antolatu eta denbora betetzen ikasten ari naiz. Oso ondo daramat, harrituta nago, gizakiak indarra ateratzen du edonondik”

Tabako, kafe, edo gozoki industrialen kontsumo handia ohikoak dira erresidentziako erabiltzaileen artean. Tabakoaren eta kafearen kontsumoa handitu egin da, antsietatea areagotzearekin batera: “Nabari da tabakoarekin antsietate handiagoa duela jendeak”. Gozokiak, ordea, ez dituzte eskuragai erresidentzia barruan. Umorez seinalatu dute aldaketa pare batek: “Argaltzen ari naiz. Ez dut pintxorik jaten, ez dut opilik erosten...”. “Ez dut opil industrialik jaten, pilulek loditzen gaituzte baina argaltzen ari naiz konfinamenduarekin!”.

Aipamen asko egin dituzte haiek baino okerrago daudenen inguruan, enpatiaz. Kezka adierazten dute eta, aldi berean, beren sufrimendua edo trabak erlatibizatzen laguntzen die: “Gogorra jende guztiarentzat da, eta guk jatekoa dugu, telebista ikusi dezakegu, aktibitateak eta jolasak ditugu, ondo zaintzen gaituzte...”. “Kanpoan jende asko oso txarto pasatzen ariko da. Eskaleak, defentsak baxu dituztenak... hemen de puta madre gaude, horren argi”. “Honek asko batu gaitu denok, kate baten parte garela ikusarazi da. Osasun arloko profesionalak jendea sendatzen, guk geurea egiten dugu etxean geratuta”. “Familia ondo dago, nire ama kimioterapia hartzen ari zen eta ez du koronabirusa hartu, gauza horiek lasaitu egin naute”.

Konfinamendu psikiatrikoa; konfinamendu pandemikoa

Buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonetako askok egonaldi luzeak egin dituzte unitate psikiatrikoetan, batzuetan oso baldintza gogorretan: ez-borondatezko ospitaleratzeak, irteteko aukerarik gabe, lotuta ere bai tarteka, oso medikatuak, gaitzaren muturreko adierazpenekin: haluzinazioak, ahotsak, desio autosuntzitzaileak...

Egungo konfinamenduak orduko haien akorduak dakarzkie zenbaiti. Batzuei, txarrerako: “Konfinamenduak niri ospitaleratzeak ekartzen dizkit gogora, eta une batzuetan txarto pasatzen dut”. “Hiru aldiz ingresatu naute nire bizitzan. Oraingoak ez dit onik egin”. Beste batzuek, orduan bizitakoak egungo krisiari aurre egiteko baliagarriak zaizkiela diote: “Ingresatuta hainbatetan egon naizenez, itxialdia hobeto daramat: eramangarriagoa zait, lasaiagoa, zenbait unetan isiltzen dakit...”. “Gutako gehienok ospitaleratze psikiatriko luzeak izan ditugu. Horrek orain laguntzen digu zenbait egoera hobeto eramaten: jendea maskarekin ikustea, ezin irtetea, jendartetik isolatuta egotea... Zeren eta jendea askatasunik gabe dago, eta guk hori bizi izan dugu”. “Hemengo askok kalamitate ugari pasa dugu, giltzapean eman dugu denbora asko, baita egoera gogorragoak ere, eta gai gara konfinamendua eramateko”.

“Gutako gehienok ospitaleratze psikiatriko luzeak izan ditugu. Horrek orain laguntzen digu zenbait egoera hobeto eramaten. Zeren eta jendea askatasunik gabe dago, eta guk hori bizi izan dugu”

Zer erakutsi diezagukete?

Beldurra, isolamendua, elkarbizitza testuinguru gogor ugari, ziurgabetasun ekonomiko, sozial, ekologiko eta politikoa. Oraingoan ez da “gaixo mentalen” errealitatea, herritarren gehiengoarena baizik. Aurreikustekoa da antsietateak, desoreka emozionalek, sufrimendu psikologikoek, eskizofreniek, psikosi edo neurosi mailek gora egin dutela asteotan jendartean, eta gora egiten jarraituko dutela konfinamendutik eta larrialdi egoeratik harago. Sentimendu, egoera eta sufrimendu horiekin bizi dira Hogar Alavés erresidentzian bizi diren pertsonak, aspalditik. Haien esperientziatik, zer irakatsi diezagukete? Zer gauza edo estrategia zaizkie baliagarriak? “Pastillarik hartu gabe, ezta?”, bota du batek taldean, zirtolari, eta denek egin dute barre.

Sufrimendua ahoskatzearen eta norbaitekin hitz egitearen garrantzia azpimarratu dute batzuk: “Bakoitzak modu batera bizi du, baina lehenbiziko gauza norbaitekin hitz egitea da. Kontziente izan gertatzen ari denaz”. “Ni antsietatearekin bizi naiz. Hitz egite hutsak asko laguntzen du, niretzako barrenak askatze bat da”. Lagunez ari dira oro har, baina beharrezkoa denean “profesional batengana” jotzea ere gomendatzen dute.

Sentitzen den sufrimendu eta beldurretatik zeintzuk diren errealak eta zeintzuk ez hainbeste, edo horien azpian zer dagoen identifikatzea oso garrantzitsutzat dute: “Nik beldurraren aurrean orri bat hartzen dut idazteko, eta horrela beldur horren azpian dagoenaz ohartzen naiz. Edo, onartu egiten dut bizitzen ari naizena eta joango naiz pixkana buelta ematen”. “Nik paranoiak ditut. Lasaitzeko, saiatzen naiz ezberdintzen zer den asmatua, zer den egiazkoa eta zeinetan nagoen erratua”.

Etorri daitekeena aukerarik latzenak irudikatuz aurreratzen dugu askotan. Hori ekiditeko gomendioa errepikatu da: “Ez izan hipokondriakoa, ez aurreratu oraindik gertatu ez diren sufrimenduzko gertaerak, erlaxatu pixka bat pelikula bat ikusiz, irakurriz. Arrisku handietako bat egoera honetan paranoiarena da, paranoia beldurraren ondorioa da”. “Larritasuna gertatuko denagatik bada (enplegua galtzea, amona ospitaleratzea, senide medikua gaixotzea...) ez aurreratu”.

“Nik beldurraren aurrean orri bat hartzen dut idazteko, eta horrela beldur horren azpian dagoenaz ohartzen naiz. Edo, onartu egiten dut bizitzen ari naizena eta joango naiz pixkana buelta ematen”

Koronabirusaren inguruko berriak uholde diren aste hauetan, uneoro telebistari eta informazioei adi ez egoteak antsietatea eta beldurrak mugatzen laguntzen duela diote. Lasaitzen gaituzten eta gozatzen ditugun jarduerak egitea proposatu dute hainbatek. Haiei musika entzuteak, irakurtzeak, lagun eta senideekin hitz egiteak, ariketa fisikoak, edo tai txiak laguntzen die, esaterako. Dimentsio kolektibotik erantzun dute beste batzuek: “Ulerkorra eta eskuzabala izan behar da, sufrimendu asko daudelako. Guztiok pasa dugu hasieran beldur gehiago eta egin dugu aurrera: arnasa hartu, lasaitu, eta aurrera”. “Ondo sentiarazten zaituzten gauzak egin, eta ondokoa lagundu”. Baikortasuna azpimarratu du beste batek: “Nire estrategia da egunero esnatu eta pertsiana altxatzean nire buruari esatea: egun bat gutxiago. Kirolak asko laguntzen dit, goizero erresidentziako jendea ikusteak poztu egiten nau”.

Hori guztia, eta, konfinamendua amaitzean, elkarrekin ospatzea. Handian: “Amaitzen denean, eraman gaitzatela denok sagardotegi batera. Txuleta on bat denok eskertuko genuke”. Edo txikian: “Arrautza pare bat patata frijituekin eta goxua bat, horrekin konformatuko nintzateke”. Kontziente izanik, bizitzen ari garena ez dela amaituko konfinamendua edo larrialdi egoera desagertzearekin batera: “Arraroa egingo zaigu, kalean topatu eta ‘ai, distantzia’". “Imajinatzen dut ez direla neurri guztiak amaituko egun batetik bestera, moldatzen joan beharko garela”.

Argazkia: Aitor Korres Abaitua

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude