ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 25a

Hego Euskal Herrian ere koronabirusak hildakoak askoz gehiago izan daitezke agintariek aitortuak baino

  • Frantzian eta Espainian gertatu bezala, Hego Euskal Herrian ere agintariek Covid-19 izurriak eragindako biktimez emandako kopuruak ez datoz ados eremu honetan hilkortasun osoaren estatistikak aztertuta aurki daitekeen gorakadarekin. Alegia, agintariek orain arte emandako kopuruak (apirilaren 8a arte 846) benetan askoz gehiago izan direla. Berria egunkarian Garikoitz Goikoetxeak argitaratu ditu alderaketaren xehetasunak.

ARGIA @argia
2020ko apirilaren 09a
San Martin zahar-etxea, Gasteizen. 75 urtetik gorakoen artean heriotza kopuruak askoz handiagoak izan daitezke orain arte aitortuak baino. (Argazkia: El Periodico)

Espainian osasun arloko azterketa estatistikoetan erreferentea den Carlos III.a institutuak hala erakutsi zuen martxoaren 28an: “Covid-19ak hildakoen kopuruak handiagoak dira bai Frantzian eta bai Espainian ofizialki kontabilizatuak baino”. Erakunde horrek orduan eta geroztik plazaratzen dituen estatistiken hariari jarraituz gero Euskal Herrian koronabirusak benetan hil dituen jende kopuruen bila, desfase handi batekin egiten dugu topo bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroan.

Alegia, aurreko hilabete eta urteetako dinamikaren arabera espero zitezkeenak baino askoz jende gehiago hil direla Hegoaldean eta Covid-19ari agintariek egotzi dizkioten hildakoekin bakarrik ezin dela desfase hori osatu. Beraz, esplikazioa behar duten gehiegizko beste heriotza asko egotzi behar zaizkio benetan koronabirusari.

Zehazki, martxoaren 22tik apirilaren 5era arteko epea hartuta, populazioaren hilkortasuna aurreikusteko eredu matematikoak erabiliz epe horretan 938 pertsonak hil behar zuten baina errealitatean 1.774 hil ziren… espero zitezkenen ia bi halako. Egun horietan, aldiz, agintariek denetara 567 heriotza kontabilizatu zituzten. “Oraingoz –dio Berria-k– ezin da jakin igoera horretatik zenbat dauden koronabirusarekin lotuta, baina erakundeek aitortu dute esan baino hildako gehiago direla. Bistakoa da zenbatu gabe daudela koronabirusarekin hildako ugari”.

Martxoaren 22tik apirilaren 5era Nafarroan 588 pertsona hil ziren, aurreko urteetako martxoekin alderatuta 229 espero zitezkeenean, %159 gehiago. EAEn 1.186 hil ziren, %67 gehiago espero zitezkeen 798 hilak baino.

Desfasea are nabarmenagoa da jende zaharraren hilkortasunari dagokionez. Proiekzio estatistikoen arabera 75 urtetik gorako 705 pertsona hiltzea espero zen arren, errealitatean kopuru bikoitzean hil ziren, 1.424. 65-74 urteko adin tartean azalpen zain dagoen desfasea %73koa da. 64 urtetik beherako jendearen hilkortasunean tartea txikiagoa da, baina %31koa hala ere.

Berria-k dioenez, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak aitortu du badagoela lotura bat: "Agerikoa da datu ofizialetan ageri diren baino heriotza gehiagok izan dezaketela lotura gaixotasun honekin. (...). Kontuan hartzeko aldea dago baieztatutako datuen eta ezohiko hilkortasunaren artean, eta argitu egin behar da hori". Aldiz, gaiaz galdetutakoan Eusko Jaurlaritzan Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria den Mikel Sanchezek oso bestela erantzun die kazetariei: datuekin gardenak direla eta koronabirusa atzemandako guztiak sartzen dituztela listan, beste gaixotasun batzuk izanda ere.

Kopuru ofizialen eta estatistikek aurrikusitakoen arteko zuloa argitzeko, epidemia batek bestelako gaixotasunak dauzkatenen artean eragin ditzakeen alboko kalteez gain, gakoetako bat egon daiteke Covid-19 test faltan: hildako askori ez zaiola testa egin. Hori gertatu ahal izan da zehazki zahar-etxeetan hildako hainbatekin.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Nafarroa  |  EAE

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude