Covid-19ak hildakoen kopuruak handiagoak dira bai Frantzian eta bai Espainian ofizialki kontabilizatuak baino

  • "Frantzian agintariek aitortuak baino jende gehiago hil du koronabirusak", zabaldu dute Espainian zenbait hedabidek. Arrazoi osoz, gainera. Baina martxoaren 28an El Pais egunkariak plazaratu duenez, gauza bera gertatu zaie Espainiako agintariei: "Espainian atzemandakoak baino heriotza gehiago eragin ditu koronabirusak".

Larrialdi zerbitzuak Segoviako (Gaztela Leon) ospitalean. (Argazkia: El Norte de Castilla)

2020ko martxoaren 28an - 12:10

Frantziako Estatuak orain arte eskainitako heriotza kopuruetan koronabirusak eragindako guztiak zenbatu ez dituela nabarmena da eta agintariek ere aitortu dute. AFP agentziak martxoaren 26an zabaldu zuenez, orain arte Frantzian aipatzen diren heriotza kopuruek ospitaleetan hildakoak biltzen dituzte baina ez zahar-etxeetan eta etxebizitza pribatuetan hildakoak. Errealitate gordin hori publikoki aitortu du martxoaren 24an Frantziako Osasun Ministeritzako zuzendari nagusi Jérôme Salomonek

Argi dago, beraz, afera Frantzian, zuzendari nagusiak berak aitorturik "ospitaletan hildakoen kopuruek ziurrenik erakusten dute hilkortasun guztiaren zati txiki bat". Salomonek agindu du datorren astetik aurrera zahar-etxeetako heriotzen jarraipen egunerokoa antolatuko dutela, egoitza horietako medikuen deklarazioetan oinarrituta.

Etxeetan hildakoen informazioari dagokionez, zuzendari nagusiak azaldu du horiek erregistro zibilean deklarazten direla eta erregistrotik estatistiketarako urratsean berandutu direla. Salomonen hitzetan, erregistroetako arduradunei eskatu diete udalerri, departamendu eta eskualdekako informazioak arinago pasatzea. Hain zuzen ere, erregistroak bildutako informazioak eragin omen du Altsazian eta oro har Grand Est (Ekialde Handia) eskualdean koronabirusa eragiten ari zen heriotza kopuru handia detektatzea.

Beraz, horiek horrela badira, martxo amaieratik aurrera orain baino fidagarriagoak beharko lukete Frantziak eskaintzen dituen hilkortasun kopuru eta kalkuluek. Ez da hein berean gertatuko kutsatuen informazioen fidagarritasunarekin, beste leku askotan bezala (tartean Espainian, eta ondorioz Euskal Herriaren osotasunean) ez zaizkielako Covid-19 testak egiten ez sintomak dauzkaten guztiei eta are gutxiago sintomak dauzkatenekin harremanetan egon diren herritar asintomatikoei.

Saint-Germain-la-Ville herriko zahar-etxeko zuzendaria: "Katastrofea ari da gertatzen zahar-etxeetan", salatu du Françoise Desimpelek. (Argazkia: Aurélien Laudy)

Espainiak ere kontabilitatea hobetu beharko du

"Frantziak ez du kontabilitatea ondo egiten" salatzen zuten espainiarrek larunbatean, 28, jaso dute ondo pentsatu izan balute espero behar zuten ezustekoa: "Osasun Sailaren txosten batek agerian utzi du Madrilen, Gaztela-Mantxan eta Gaztela-Leonen hildakoen erdiak baino gehiago zenbaketatik kanpo utzi dituztela hainbat egunez", informatu du egun honetan El Pais egunkariak "Espainian Koronabirusak atzemandakoak baino heriotza gehiago eragin ditu" kronikan.

Espainian goizero 11:00etan, Fernando Simon Osasun Ministerioko larrialdietako koordinatzaileak koronabirusak hildakoei buruz autonomia erkidegoek igorritako azken datuak azaltzen ditu. Ostiralean, martxoak 27, kontatu zuen ordura arte 4.858 pertsona hil zirela. "Errealitatea, hala ere –dio El Pais-ek– gogorragoa da, Carlos III.a Osasun Institutuak egindako txosten baten arabera. Dokumentuak agerian utzi du birusak ia bikoiztu egin duela ohiko heriotza tasa Espainiako zenbait eremutan. Simonek egunero ematen duen informazioak epidemiaren dimentsioen zati bat baino ez du erakusten, soilik kontatzen baititu Covid-19 probetan positibo eman ondoren hildako gaixoak". Institutuaren txostena oinarrita dago Espainiako Osasun eta Zientzia ministerioen artean 2008tik hilkortasunari buruzko informazioak biltzeko antolatuta daukaten Vigilancia de los excesos de mortalidad por todas las causas sareak dauzkan datuetatik.

Txostena azterturik, El Pais-ek nabarmendu du Gaztela-Leon autonomiaren kasu deigarria. Autonomia erkidego horretan martxoaren 17tik 24ra bitartean 885 pertsona hil ziren baina aurreko urteetan erregistratutako batez bestekoen arabera 500 izan behar zuten. Carlos III.a Osasun Institutuaren arabera gehiegizko 385 heriotza horietatik (% 77 gehiago), 112 baino ez zituzten jaso administrazioek Covid-19ak eragindakotzat, soberako hilen heren bat baino gutxiago. Heriotza horiek pneumonia bezalako eritasun ohikoen artean kontatu ziren eta koronabirusaren erregistroetan sartu barik geratu, sintoma susmagarriak eduki arren proba diagnostikorik ez zegoelako eskueran.

Beste erkidego batean, Gaztela-Mantxan, martxoaren 15etik 24ra bitartean 938 hildako identifikatu zituen Carlos III.ak, ohiko datuetan espero baino %75,5 gehiago. Erregistratutako gehiegizko hilkortasuna 404 heriotzakoa izan arren, horien erdiak baino ez zituen antzeman administrazioen eguneroko zenbaketak.

Madrilen, martxoaren 10etik 16ra bitartean, 1.318 heriotza gertatu ziren, aurreikusitako 794 heriotzak baino% 66 gehiago. Osasun Sailak jakinarazi zuen 192 hildako eragin zituela koronabirusak egun horietan, baina Carlos III.ak atzemandako gehiegizko hilkortasuna ia hirukoitza da.

Txostenaren arabera, Espainian ere atzerapenak daude Erregistro Zibilean lekuko informazioak data base zentraletara iristeko, tartean herri eta hirietako epaitegiak jende urriegiz eta lanez gainezka ari direlako. Horrek esplikatuko luke zenbait egunetan gaizki kontabilizatu izana gehiegizko hilkortasunaren oinarrian dauden heriotzak, Covid-19ari egotzi beharrekoak, bai estatu osoan eta baita aipatu erkidegoez gain Aragoi, Kantabria, Katalunia, Valentzia, Errioxa, Galizia eta Nafarroan Carlos III.ak detektatu dituenak.

Ororen buru, Daniel Lopez Acuñak, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Krisi Sanitarietarako Batzordean zuzendari izanak El Pais-i aitortu dionez, "datu horiek baieztatzen dute oraindik asko falta zaigula epidemiaren informazio osoa edukitzeko. Bagenekien kutsatuen benetako kopurua askoz handiagoa dela detektatutakoa baino. Orain jakin dugu hildakoak ere kontabilizatutakoak baino askoz gehiago direla. Ondorioa da birusaren eragina askoz ere garrantzitsuagoa izaten ari dela eskura ditugun datuek diotena baino".

Carlos III.a Institutuaren txostenak erakutsi du Covid-19aren biktima errealak askoz ugariagoak direla orain artean Fernando Simon Osasun Ministerioko larrialdietako koordinatzaileak azaldutakoak baino.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude